Louisiana
Louisiana[1] (frantsesez eta koofizialki Louisiane) Ameriketako Estatu Batuetako estatu bat da. Estatu Batuetako mendebaldean dago kokatua. Hiriburua Baton Rouge da, baina hiri garrantzitsuena New Orleans da.
Mugakideak hauek dira: ekialdean, Mississippi; iparraldean, Arkansas; mendebaldean, Texas; eta hegoaldean, Mexikoko golkoa. Louisianan, de facto, hizkuntza ofizialak ingelesa eta frantsesa dira; haietaz gainera, Louisianako kreolera ere hitz egiten da.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi eskualde nagusi bereiz daitezke: batetik, itsaspeko jalkinez osaturiko behe-lautadak iparraldean (Red eta Ouachita ibaien artean) eta mendebaldean; eta, bestetik, Mississippi ibaiaren delta eta inguruak. Deltaren iparraldean, New Orleans hiritik iparraldera, Ponchartrain aintzira dago.
Klima subtropikala da, eta neguaren eta udaren arteko tenperaturen gorabeherak txikiak dira (17 °C neguan eta 21 °C udan). Euri asko egiten du, urteko 1.450 mm batez beste.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko estatuek baino arraza-aniztasun handiagoa du. Frantsesa erabiltzen da oraindik hego-mendebaldeko parish (konderriak Estatu Batuetako beste estatuetan) askotan. Denbora luzez europarren, hegoamerikarren eta, berriki, asiarren helmuga izan da Louisianako estatua. Biztanleen % 32 beltzak dira, eta estatuko biztanleriaren % 70 hirietan bizi da.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso oparoa da tropiko aldeko nekazaritza: arroza (Estatu Batuetako lehen ekoizlea), kotoia, azukre-kanabera (Floridako estatuarekin batera Estatu Batuetan ekoizten duen beste estatua), artoa, patata, lekadunak eta frutak. Irabazpide handia da arrantza ere.
Estatu Batuetako zorupeko aberastasunen % 10 ustiatzen da Louisianako estatuan: petrolioa (3. ekoizlea, Texas eta Kaliforniako estatuen ondotik), gas naturala (3. ekoizlea), sufrea eta gatz minerala. Industria petrolioan eta nekazaritzako produktuetan oinarritzen da (industria kimikoa, petrolio-findegiak, kautxua, janari-industria, larrugintza). Jarduera handikoak dira, bestalde, New Orleans eta Baton Rougeko portuak.
Turismoak gero eta eragin handiagoa du Louisianako ekonomian.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Louisianako lurraldea Hernando de Soto espainiar konkistatzaileak esploratu zuen lehenik. Robert Cavelier frantsesa 1682. urtean Mississippi ibaian behera zihoala iritsi zen eskualdera, eta Frantziarentzat konkistatu zuen. Pierre Le Moyne d'Iberville itsasgizon eta gobernadore frantsesak 1718an New Orleanseko hiria eta portua sortu zuen.
Louisiana 1731n frantses kolonia bihurtu zenean, 8.000 lagun baizik ez ziren bizi bertan, esklabo beltzak barne. 1760tik aurrera gora egin zuen nabarmenki, estatuko biztanle-kopuruak frantses mintzairako etorkinei esker. 1762tik 1800 arte, espainiarren mende egon zen, eta urte horretan itzuli zen frantsesen mendera. 1804an, New Orleanseko barrutia edo lurraldea eratu zen.
1812an, AEBek Napoleonen Frantziari erosi zioten Louisiana lurralde zabala, eta lurralde hori Missouri lurraldea bilakatu zen, Louisiana estatu berritik bereizteko (Mississippi ibai beherean), Estatu Batuetako 18. estatu bihurtua. XIX. mendearen hasieran, ekonomia-garapen izugarria izan zuen Louisianako estatuak, esklaboen merkataritzaren eta kotoiaren eta azukre-kanaberaren ekoizpenari esker. Esklabotasunaren aldeko estatua zen, eta 1861ean iparraldeko estatuetatik banatu eta, hegoaldeko beste estatuekin batera, Ameriketako Estatu Konfederatuak osatu zituen, baina New Orleans hiria iparraldekoek hartu zuten 1862an eta Vickburg urtebete geroago. 1868an, gerrak eragindako gorabeherak baretuta, berriz ere Estatu Batuetako estatu izani zen. Hala eta guztiz ere, esklabotasunaren aldeko jarrerak urte luzeetan iraun du biztanle zurien artean, eta istilu latzak izan dira zurien eta beltzen komunitateen artean, zuriek beltzekiko erakusten duten arrazakeria dela eta.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gobernuaren webgune ofiziala (Ingelesez)