Edukira joan

Metraila-kaxa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Metraila-kaxa
MotaMunizio
Zerbitzua
Produkzioa
Zehaztasunak

Metraila-kaxa (edo biscaïen, "bizkaitarra") napoleondar gerretan hedatu zen kanoi-jaurtigaia izan zen. Berunezko bolaz betetako zilindroa zen, tiro egitean metraila bezala bortizki barreiatzen zena, erasandako tropen ilaretan galera handiak eraginez.

Hasieran, biscaïen hitza suzko armen adjektiboa zen, kalibre handikoak bereizteko erabilia; gerora, biscaïen edo biscayen hitza arma hauek botatzen zituzten jaurtigaiak izendatzeko erabili zen.[1] Grande Armée garaian, berriz, fundiziozko metal-bolaz betetako metraila-kaxa osoari eman zioten izen hau.[2]

AEBetako Gerra Zibileko ontzi-hondar batetik errekuperatutako metraila-kaxa baten hondakina.

Napoleonen garaiko kanoiek 250 metroko irismena zuten jaurtigai mota horrekin.[3] 1859ko 12 Zm-tako kanoietan, 20 cm-ko altuerako eta 12 cm-ko diametroko zinkezko kaxa erabiltzen zen, barruan 98 burdinazko balekin. Bola hauen artean sufrea eta alkitrana ere gehitzen zen. Jaurtigaiak ia 11,2 kg-tako pisua izaten zuen.[4]

Metraila-kaxa metalezko zilindro itxi bat zen, berunezko edo burdinazko bolaz betea; normalean zerrautsez estalia egoten zen, sendotasun eta kohesio handiagoa emateko eta tiroan bolak elkarren artean ez zapaltzeko. Barruan egurrezko ardatz bat ere izaten zuela uste da. Aintzinan balak preziatuak zirenez, askotan iltzeak, kate mailak, kristalak, harriak, txatarra edo alanbrea kargatzen ziren.[5] Kaxa, berez, eztainuz egina zegoen eta sarritan argizari eta trementina bernizez estaltzen zen, metalaren korrosioa saihesteko. Kartutxo metalikoaren atzeko aldean oihalezko poltsa bat lotzen zen, bolbora propultsatzailearen kargarekin. Egurrezko, metalezko edo antzeko materialezko hagatxo bat ere erabiltzen zen, jaurtigaia hobeto zuzentzeko. Kasu batzuetan, kartutxo barruan ere bolbora pixka bat sartzen zen, bolak sakabanatu zitezen. Tiro egitean, eztainuzko kaxa deskonposatu egiten zen, eta zatiak konikoki sakabanatzen ziren. Batzuetan, distantzia oso laburra zenean, artilleroek bi metraila-kaxa botatzen zituzten tiro bakarrean, triskantza handitzeko.

XIX. mende hasierako carronade motako kainoia, itsas erasorako pentsatua, ondoan metraila-kaxa jaurtigaia duela.

Kanoien ohiko munizioa banakako bola handiak ziren, urruneko artilleria eta tropak jotzeko; baina metraila-kaxekin txandakatu zitekeen, tropa etsaien erasoari aurre egin behar zenean, edo norbere tropei laguntzeko. Itsas guduetan, berriz, helburua bestelakoa zen: marinelak babesean egoten zirenez (ontzi barruan, edo parapetoetan),[6] metraila-kaxekin ontziaren aparexuak, pertikak, mastak eta belak suntsitzen zituzten.[7]

Erabilpen historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleondar gerretan ezagun bihurtu bazen ere, badira metraila-kaxaren aurreko lekukotasun batzuk ere, betiere tropa handien aurrerakada geldiarazteko. Oro har, metraila-kaxa distantzia laburretan erabiltzen zenez, etsaiek kanoia harrapatzeko arriskua handia egoten zen. Jaurtigai mota honetako erabilpena gudu askotan dokumentatua dago:

Miserableak eleberrian (1862), Victor Hugo idazleak kontatu zuen 1832ko Ekaineko Matxinadan, Parisko barrikaden aurka, metraila-kaxak nola erabili ziren.

Shrapnel tipoko jaurtigai baten funtzionamenduaren animazioa.

Metraila-kaxen aldaera asko daude:

  • Shrapnel motako obusak Napoleonen garaiko metraila-kaxen garapena dira, efektu bera distantzia askoz handiagoetan emateko diseinatuak.
  • Metrailazko obusak, gaur egunean oraindik erabiliak, metraila-kaxaren aldaera modernoa dira. Bigarren Mundu Gerran, AEBetako kanoi antitankeek japoniarren aurka erabili zituzten. Koreako gerran, Nazio Batuen tankeek infanteriaren eraso masiboei aurre egiteko erabili zituzten. Erresuma Batuak ere metraila obusak erabili ohi ditu 76 / 120 mm arteko kanoietan. Eskopeta baten efektua bilatzen da, eskala handi batean: norbere aldeko tankeen artean dabilen infanteriako etsaien kontra erabil daiteke, blindajea zulatzen ez duenez. Baita eraikinetara sartzeko puntuak irekitzeko, arantzadun alanbreak edo landaredi trinkoa suntsitzeko, eta altuera txikian dabiltzan hegazkin eta helikopteroak jotzeko ere.
  • 2003an Iraken inbasioan, Estatu Batuetako armadak M1028 izeneko metrailazko obus bat garatu zuen, M1 Abrams tankeko 120 mm-ko kanoi lauean erabiltzeko.
  • Claymore motako minak, askotan, "metraila-kaxa" bezala izendatzen dira.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Frantsesez) Lecomte, Jules (1810-1864) Auteur du texte. (1835). Dictionnaire pittoresque de marine / par Jules Lecomte,.... (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).
  2. (Frantsesez) «L'artillerie de la Grande Armée de Napoléon» www.histoire-pour-tous.fr 2019-12-02 (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).
  3. Artillerie
  4. Projectiles 08
  5. (Ingelesez) «Langrage | Queen Anne's Revenge Project» www.qaronline.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).
  6. Davis, Charles Gerard (1984). American Sailing Ships: Their Plans and History. p. 109.
  7. Henry Burchstead Skinner (1853). The Book of Indian Battles from the Landing of the Pilgrims to King Philips War. p. 141.
  8. (Ingelesez) Stevens, Randall. (1999-01-15). «Claymore Mines: 60-Plus Years of Fronting Toward the Enemy» Coffee or Die Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]