Musika eta emakumea Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gizonak izan dira nagusi musikaren eremuan, baita maskulinitate eredu jakin bat ere. Herrialde ezberdinetan eta sasoi historiko ezberdinetan gertatu da hau, patriarkatua munduaren luze eta zabalean nagusi izan baita. Euskal Herria ez da salbuespena izan, are gehiago, euskal musikagintza alternatiboaren eremua aztertuz gero, gutxi gora behera Euskal Rock Erradikaletik gaur arte luzatu den musika eszena hain zuzen ere, emakumearen zein feminismoaren esparrua bazterrekoa izan dela ikus dezakegu.

Euskal Rock Erradikala izenez ezagutzen den musika eszenan beti egon izan dira emakumeak, eta neurri batean edo bestean, baita feminismoa bera ere. Hasieran, emakumeak eta feminismoak, Euskal Rock Erradikalean, bigarren mailako presentzia zuen, eta polemikaz josita gainera. Pixkanaka, eta borroka zein gatazka askoren ondoren; emakumeak, eta baita feminismoak ere, bere bidea egin zuen Euskal Rock Erradikalean, eta honek hurrengo hamarkadetan zehar utzitako musika eszena aberatsean ere. 1980. urtean sortu zen Vulpes (Bilbo) jo izan da Euskal Rock Erradikaleko lehen emakume talde gisa (soilik emakumez osatuta zegoen), eta orduz geroztik, pixkanaka gora egin zuen emakumeen presentziak euskal rock musikan.

1980ko hamarkadan zehar emakumeen presentzia oso modu mailakatuan eta motelean hasi zen agertzen euskal rock musikan. 1990eko hamarkadaz geroztik gora egin zuten emakumeek, rock-az bestelako generoen presentzia dela eta sarritan. 2000ko hamarkadan emakume asko euskal musikako lehen planora heldu ziren; besteak beste, Ines Osinaga Urizar, Zuriñe Hidalgo eta Aiora Errenteria Agirre. 2010eko hamarkadatik aurrera emakume taldeak eta emakumeen presentzia areagotu egin da, eta gainera, feminismoaren presentzia ere areagotu.

1980. hamarkada: Euskal Rock Erradikala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fermin Muguruza, 1985ean Kortaturekin.

1977. urtetik aurrera sortu ziren lehenengo punk taldeak Euskal Herrian, eta 1980. hamarkadarekin batera egin zuen eztanda musika eszena honek. Punk, rock, Ska eta Reggae musika estiloak landu ziren besteak beste. Euskal Rock Erradikala etiketa 1983ko urriaren 16an agertu zen lehenengoz Egin egunkarian[1], Jose Mari Blascoren eskutik. Hala ere, etiketa hau hainbat taldek ez zuten onartu, abertzaletasunetik kanpo kokatu zirelako, Eskorbuto taldea da honen adibide argia. Azken eztabaida hau izan zen korapilatsuenetakoa, eta gai sozialek presentzia handia izan zuten. Gauzak horrela, feminismoa edo emakumea espazio hauetatik kanpo zeuden, oso maskulinizatutako espazioak baitziren Euskal Rock Erradikalaren ingurukoak.

Gainera, aipatzekoa da, Euskal Rock Erradikala gaur gaurkoz ere eztabaidagaia dela Euskal Herriko musika adituen inguruan. Musika eszena honen eragin positibo edo negatiboen inguruan asko hausnartu izan da, eta iritzi ezberdinak daude musikazale, musika aditu zein musikarien artean ere. Besteak beste, Iñaki Lasa kazetariak ondorengoa dio: Ukaezina da RRVk Euskal Herriko musikagintzan utzitako arrastoa. Hurrengo urteetan sortu diren talde askotan eragin zuzena izan du, eta talde garaikide ugarik ezin izan dute burua underground-atik harago atera, haien musika RRVren arauetatik aldentzen zelako.[2]

Emakumeak eta feminismoa Euskal Rock Erradikalean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen presentzia Euskal Rock Erradikalean oso urria izan zen, eta baita feminismoarena ere. Horrela, 1980 urtean Vulpes taldea jo izan da aitzindari gisa. Nahiz eta beste hainbat emakume ordurako oholtzan egon, Vulpes taldea soilik emakumez osatutako lehen euskal talde punk-a izan zen. Horrez gain, aipamen berezia merezi du, "Me gusta ser una Zorra" abestiak, zeinetan ordura arte hainbat muga gainditu eta hautsi egin ziren. Loles eta Lupe ahizpek gidatutako taldeak ordura arte onargarria zena gainditu, etxeko gizon buruaren aurrean matxinatu, hiritar arduratsua asaldatu eta gizartea degradatzeko gaitasuna izan zuen.[3]

Ipar Euskal Herrian ere emakumeek eta feminismoak presentzia izan zutela garaiko musika eszena alternatiboan, bereziki Patxa mugimenduaren baitako gazteen eskutik. Horrela, "Party & Borroka: jóvenes, músicas y conflictos en Euskal Herria" liburuan Ion Andoni del Amok 1984an kokatzen du Ipar Euskal Herrian rock erradikalaren hasiera, Baionako alde zaharrean Patxa mugimendu soziokulturalaren eskutik.[4] Era berean, mugimendu honek, antimilitarismoa, ekologismoa eta abertzaletasuna lantzeaz gain, feminismoa ere jorratuko duela azpimarratzen du.

Baina oro har, esan bezala, emakumea bigarren planoan zegoen, zokoratuta. Elena López Aguirre, Potato taldeko abeslariak kritika zorrotza egiten du: Gure punkiak, sarritan, neurotikoak, harroputzak, elokuenteak eta oso matxistak izan ziren (Herreros eta López, 2013)[4]. Ildo beretik, Sharryn Kasmirrek (2000)[4] sakonago landuko du gaia, eta garai hartarako emakumeak Euskal Rock Erradikalean mugitzeko askatasun nahikotxo izan arren, euskal punkak euskalduntasunaren eredu maskulinista plazaratuko duela salatzen du, berrikuntza kulturala eta espazio sozial eta politikoen agentzia gizonen gain utziz.

1990. hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Rock Erradikalaren eztandak urte eta hamarkada luzeetako eragina utzi du euskal musika eszena alternatiboan, horrela, 1990. hamarkadan euskal rock erradikalaren jarraipen gisa hartzen dute hainbat adituk, jakina, aldaketa batzuekin.

Horrela, 1990. hamarkadan musika eszena alternatiboaren egonkortzearen aroa izango da: txosnak, tabernen protagonismoa, gaztetxeak, jaialdi batzuk (Gazte Topagunea), Euskadi Gaztean rock alternatiboaren presentzia presentzia (orduan normala zen talde hauek entzutea Euskadi Gaztean, eta baita ETBn ere). Ion Andoni del Amoren arabera sasoi honetako musika kontra kulturalak hegemonia lehiatzen dio musika komertzialari. Gainera, “punk vs gizartea” eta “euskal herritar vs española” dikotomiei, “euskaldun vs beste hizkuntzak” dikotomia gehitzen zaiola nabarmentzen du (Ion Andoni del Amo, 2016)[4]. Esan Ozenki[5] izango da garai honetako adierazle argiena; Negu Gorriak musika taldeak sortutako diskoetxea izan zen, Euskal Herrian egondako ezagunena. 200 disko inguru argitaratu zituen diskoetxe honek, denak euskaraz. Talde hauen artean Betagarri, EH Sukarra, Su Ta Gar, Anestesia, Etsaiak, Delirium Tremens, e.a. ditugu ezagunen.

Emakumeak 1990. hamarkadako euskal musikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez aipatutako musika taldeetan ikusi ahal izan dugun moduan, eta 1980. hamarkadatik jarraitzen zuten taldeetan bezalaxe, punta-puntako taldeen artean emakumearen presentziak oso urria izaten jarraitzen zuen. Kasmirrek jakinarazten duen moduan, <<maskulinitate heteronormatiboa Euskal Rock Erradikalean egokitu zen, inolako problematizaziorik gabe>> (2000).[4] Horrela, 1990. hamarkada zentzu honetan ere aurrekoaren jarraipena eta egonkortzea izan zen.

Bestetik, Alaitz eta Maider, edo Maixa eta Ixiar bezalako bikoteen bidez, emakumeak presentzia irabazi zuten oholtza gainean, bereziki hamarkadaren amaierarako. Alta, hainbat adituk auzi hau problematizatu izan dute, emakumeen presentziak gora egin arren, esparru feminizatuetan izan zela soilik adieraziz, kasu honetan, euskal folklorearekin lotzen den musika estiloetan nabarmenduz emakumeak. Zentzu honetan, hurrengoa dio Leire Lopezek: Ahots fina duten emakumeak dira, edo triki-pop eta musika "atseginean" jarduten dutenak[4]

2000. hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko panorama musikalean beste formako eta estilodun musika bat gailentzen hasiko da. Horren adierazle izango dira sortuko diren talde berriak; hala nola, Exkixu taldetik eratorriko den Gatibu, Skalariak taldearen disoluzioarekin batera sortuko den Vendetta, elektro/bakalao musika euskararekin konbinatuko duem Hemendik At taldea eta publiko zehatz bati bideratuak dauden musika taldeak, Hesian adibidez. Hamarkada honetan Ken ZazpirenIlargia’ abestia kaleratuko da; Euskal Herriak inoiz ezagutu duen hit famatuena. Honekin batera, Gatiburen ‘Musturrek Sartunde’ eta antzeko abestiak kaleratuko dira. Ikusi daitekeenez, bai abestiaren forman eta letretan, bai abestiak eta taldeak ulertzeko eta miresteko eredua aldatu egingo da.

Emakumeak 2000. hamarkadako euskal musikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fran eta Zuriñe (Hesian taldea)

2000. hamarkadan gero eta emakume gehiago batuko dira euskal musikaren lehen lerrora. Horrela, besteak beste, aurrez aipatutako Alaitz eta Maiderrek urte arrakastatsuenak biziko dituzte hamarkada hasieran. Horrez gain, musika estilo berrien esperimentazioan ere emakumeek presentzia handia izango dute. Horrela, Hemendik at talde Iruindarrak ere hamarkada hasieran biziko ditu unerik gozoenak, eta nahiz eta eszenatokiak 2002. urtean utzi, hamarkada osoan zehar entzungo dira taldearen abestiak.

Gainera, emakumearen presentzia oso urria izan den rockaren eremuan ere gora egingo dute emakumeek. Horrela, Zea Mays Aiora Errenteria Agirrek gidatuta, Hesian; lehenengo Mireia eta gero Zuriñe Hidalgorekin (eta baita Ane Bastida baxuan), Gose Ines Osinaga Urizar buru izanda, euskal musikaren lehen lerroan jarri ziren. Aurrera pausu garrantzitsu honek, era berean, beste gabezia bat utzi izan du agerian, soilik emakumeez osatutako musika taldeen urritasuna. Hau da, lehen planoan hainbat emakume egon arren lehenengoz, gehienetan abeslariak izan ohi dira bakarrik, baina gainontzeko instrumentuetan gizonek jaun eta jabe izaten jarraitzen zuten.

Horrez gain, ezin daitezke aipatu gabe utzi euskal musikan pisu handia izan duten musika talde txikiak, Euskal Herrian Gaztetxeen, gune autogestionatuen, jai herrikoien eta taberna txikien eskutik talde txikiek garrantzia ikaragarria izan dute, baita egun ere. 1980. hamarkadan izan bazen ere eztanda, hainbat adituren iritziz 1990. hamarkada amaieran eta 2000. hamarkada hasieran emakumeek egingo dute salto eremu honetara. Horrela, eta gizonen eremua izan nagusiki, baita eremu maskulinizatua ere, pixkanaka-pixkanaka gero eta emakume gehiago igoko dira oholtza txikietara, eta emakumez bakarrik osatutako taldeek ere gora egingo dute.

2010. hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010. hamarkadaz geroztik Euskal musikagintzan aldaketa handiak gertatu dira, eta askoren iritziz Rock musikak izan zuen nagusitasunaren amaieraren garaia da hau. Horrela, beste hainbat musika estilok egin dute eztanda, eta hamarkada honetako musika inoiz baino anitzagoa dela esan daiteke. Horrela, ska edo reggae musikak jarraitzeaz gain, euskal musikan Reggaetoia edo Swinga bezalako generoen agerpena aipagarria da. Era berean, agortuak ziruditen euskal folklorearekin lotutako musika ereduak ere berrindartu dira, Huntza musika taldea da honen adibide argietako bat.

Bestetik, jai ereduan ere aldaketak gertatu direla esan daiteke; horrela, kontzertu txikien jaitsiera azpimarratzen dute hainbat adituk. Bestetik, musika jaialdi handi edo erraldoien aroa da, zeinetan egun bat edo egun gutxi batzuetan musika talde askoren emanaldiak egin ohi diren. gaur gaurkoz, BBK Live da Euskal Herrian ezagunena, baina Mundakan egiten den Bay of Biscay Festival, Armintzako Txapel Reggae eta Eibarko Ez Dok Rock ere nabarmendu dira, Gainera, herrigintzaren baitan ere inoiz baino festibal gehiago antolatzen dira, besteak beste: Hatortxu Rock, Euskal Herria Zuzenean, 40 Minutu Rock edo Gazte Topagunea. Nahiz eta hauetako batzuk hainbat urte lehenago hasi, hamarkada honetan sendotu dira.

Emakumeak 2010. hamarkadan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken hamarkada honetan, esan bezala, emakumeen presentziak gora egin du euskal musikagintza alternatiboan. Horrela, gero eta musikari emakume gehiago igo dira oholtzara. Aurreko hamarkadatik zetozen hainbat musikarik jarraitzeaz gain, beste emakume batzuk ere egin dute salto lehen planora: Huntza taldeko Josune Arakistain Salas eta Uxue Amonarriz Zubiondo adibidez. Gainera, taldearen arrakastak Euskal Herriko mugak ere zeharkatu ditu, zaila izan ohi dena euskaraz abestuz.[6] Lehenago aipatutako Koban taldea ere azpimarratzekoa da, partaide gehienak emakumeak baitira, eta 2017ko udan euskal talde arrakastatsuenetakoa izan zen. Nogen musika taldea ere aipagarria da, emakumeen presentziarekin eta ikaragarrizko arrakastaz. Bestetik, bakarlari lanetan Izaro Mallabitarra da arrakastatsuena azken urteotan.

Horrez gain, musika estiloen aniztasunak emakumeen sarbideari mesede egin diola ere esan daiteke; horrela hainbat emakume rap musikaren bidetik hasi dira. Besteak beste: IRA rap, Nizuri Tazuneri, Anita Parker edo La Basu esate baterako. Gainera, adostasun zabala dago feminismoak ere presentzia irabazi duela abestien letretan, estatikan eta beste esparru batzuetan ere; eta aurrez aipatutako abeslari asko eta askok bere burua feministatzat dute, lehenago gertatzen ez zen fenomenoa.

Horrez gain, eta aurreko hamarkadetan bezalaxe, ehundaka talde txiki daude Euskal Herrian, eta oraingoan hauetan emakumeen presentzia inoiz baino handiagoa dela adierazten dute musika adituek. Gutxi batzuk aipatzearren, ondorengoak nabarmendu daitezke: Gora Etorri, Hexen, Liher, Enetaran, The Godoys, Cecilia Payne, Humus, Gaur ez, Endemaño, Las Tuerkas, La Txirla Records, Street girls, Izaro, Sorkun, Anari, Afu, Ingo al Deu, Lorratzak, Izaki Gardenak, Perlata e.a.

Musika: oholtza baino askoz gehiago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuloak musika talde eta dokumentala.

Beste alde batetik, emakumearen auzia musikan ez da soilik oholtza gaineko presentziara mugatzen. Ildo honetatik, zera dio Danele Sarriugartek: Bertsolaritzan, literaturan eta beste arte-adierazpen batzuetan gertatu bezala, musikagintzara ere ari dira iristen, pixkana-pixkana, feminismoaren aldarriak, berdintasunaren aldeko ekimenak. Oro har, emakume musikarien jarduna ipini du erdigunean azken urteotako mugimenduak: dela horien funtzioa taula gainean, dela horien ikusgarritasuna hedabideetan… Musika, ordea, agertokian gertatzen dena baino askoz gehiago da, eta oholtzako haragietatik harago joan beharra azpimarratu dute zenbaitek.[7]

Horrela, emakume musikarien presentziak gora egiteaz gain, azken hamarkada honetako adierazgarri nabarmenena musikaren baitan egin diren ekimen feminista edo parekideak izan daitezke. Lehenengo eta behin, eta nahiz eta ez den erraza jakitea zein neurritan, txosna edo jai herrikoien esparrutik hainbat ekimen eraman dira aurrera, musika zein jai eredua sexismotik kanpo antolatzeko. Horrela, <<hainbat jai batzordetan musikaren inguruko eztabaidak egiten hasi dira>> (Lopez)[4]

Horrez gain, ekimen edo proiektu handiagoak ere atera dira aurrera. Bi aipatzearren, Zuloak[4] dokumentala edo EmaRock festibala dira aipagarrienak. Lehenengoaren kasuan, eztabaida bizia izan zen feminismoaren barruan, gizon batek gidatutako proiektua izanik (Fermin Muguruzak), autonomia feminista desagertzen baitzen[4]. Bestetik, Emarock ekimenak emakumeak eta feminismoa musika eremuan ikustarazteko jaio zen. Helburu hori erdiesteko asmoz, 2015. urtean festibal gisa aurkeztu zen lehenengoz. [8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1986-06-01). «El 'rock' es más duro en el Norte» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-04-04).
  2. (Ingelesez) Berria.eus. «Mugimendu berri baten eztanda» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  3. (Gaztelaniaz) «Las Vulpes: Desacato feminista a la hora de los ‘dibus’» www.pikaramagazine.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-04).
  4. a b c d e f g h i Amo Castro, Ion Andoni del, 1974-..... (2017). Party & borroka : jóvenes, musica(s) y conflicto(s) en Euskal Herria. Txalaparta ISBN 9788416350650. PMC 1027777796. (Noiz kontsultatua: 2019-04-04).
  5. (Gaztelaniaz) «Esan Ozenki, punta de lanza de la independencia musical» El Diario Vasco 2011-12-01 (Noiz kontsultatua: 2019-04-04).
  6. (Gaztelaniaz) Burgos, El Correo de. «El Tablero prende con Huntza» El Correo de Burgos (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  7. «Oholtzako haragietatik harago» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  8. «EMAROCK. IRAGANA, ORAINA ETA GEROA. Fotografias de bandas femeninas» DDT Banaketak (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]