Rada Miljković

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rada Miljković
Рада Миљковић.jpg
Bizitza
JaiotzaBelica, Jagodina (en) Itzuli1917ko urtarrila
Herrialdea Jugoslavia
Heriotza1942ko uztailaren 19a (25 urte)
Jarduerak
Jarduerakirakaslea
Jasotako sariak

Rada Miljković (serbieraz zirilikoz: Рада Миљковић) –Belica, Jagodina udalerria, Serbiako Erresuma (egun, Serbiako Errepublika); 1917ko otsailaren 4-Urija, Donji Vakuf udalerria, Kroaziako Estatu Independentea (egun, Bosnia-Herzegovinako Errepublika); 1942ko uztailaren 19- serbiar eta jugoslaviar partisano bat izan zen, Jugoslavia askatzeko borrokan hila izan zena. Gudaren ostean Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasle gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rada Miljković Belica izeneko herrixkan jaio zen 1917an, familia pobre batean[1]. Gurasoak, Živka eta Milan, baserritarrak zituen. Aita Milanek Kragujevacen margolari lana ere ikasi zuen, eta Kragujevacen eta Jagodinan egin zuen lan, hala 1925etik aurrera familia kaletartzea lortu zuen[2]. Familiak beste bi ume izan zituen, Radmila alaba eta Dušan semea. Lehen hezkuntza Belican hasi zuen, baina iturri baten arabera, 1925ean kaleratua izan zen eta Jagodinan jarraitu behar zuen[2]. Bigarren hezkuntza Jagodinan ikasi zuen, eta gero irakaskuntza-eskolan matrikulatu zen Kragujevacen[1], 1931n hasiz[2]. Kragujevacen ikasten ari zela, familiak laugarren ume bat izan zuen: Dobrila; honek, kontuan izanik familiaren egoera oso gogorra zela (aitak ez zuen lan finkorik), egoera okertu egin zuen. Garai honetan, Irakaskuntza-Eskolan zela hasi zen politikaren inguruan interesa izaten; garai horietan lehen idatziak idazten zituen “Nada proleterka” (Itxaropen proletarioa) izengoitia erabiliz[2]. 1936an Jagodinako Askatasunaren aldeko Herri-Frontearen kide egin zen, lehen manifestazio politikoan parte hartu zuelarik: serbiar sozialismoaren sortzaile Svetozar Markovićen hilobian bukatu zen manifestazio bat, bandera gorriak erabiliz eta Internazionala abestuz[2]. Bere gazte-aroan idatzi zuen: “niretzat lana gatazka da, gatazka, borroka. Hor topatzen du nire bizitzak zentzua. Gatazkarik ez badago, sortu egingo dut, eta hor aurkiten dut gozamena, ona den oro gatazkatik baitator”. Garai honetan Nikolai Txernixevskiren “Zer egin?”, Branimir Ćosićen “Ereindako lurra” eta FreudenPsikoanalisia” irakurri zituen[2]. 1936an bertan bukatu zituen Irakaskuntza-Eskolako ikasketak, eta bidai bat egin zuen Serbian zehar. Jagodinara itzuli zen bizitzera, non herriaren hezkuntza bultzatzeko Jagodinako Kultur- eta Hezkuntza-Klubaren kide gisa jardun zuen[1], iturri batzuen arabera erakunde honen sortzaile izan zen Slavka Djurdjević-Djuričićekin batera[2]. Erakunde honez gain “Prelo” deitutako abesbatzan ere barte hartu zuen Rada Miljkovićek[2]

Irakasle gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miljkovićek irakasle gisa egin zuen lan[3]: lehenik bere herrian, gero Šantanovac herrian[4][5], ondoren Balajnac herrian -Despotovac udalerrian-, eta azkenik Ivankovac herrian –Ćuprija udalerrian-. Rada Miljkovićek irakaskuntza-metodo berriak probatu zituen, adibidez geologia eta biologia klaseak naturgunean ematea, edo serbiera klaseetan ikasleei egunkari-muralak idatzi araziz. Garai honetan Serbia erdialdeko baserrigune pobrean lan eginez, umeez gain umeen gurasoekin ere egin zuen lana, batez ere emakumeekin, hauek hezkuntzara bultzatuz edo hauekin eztabaidak eta elkarrizketak antolatuz (eta halako topaketak propaganda politikoa egiteko aprobetxatzen zuen)[2].

Alderdiko kide[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rada Miljkovićek 1937an hasi zuen lehen aldiz harremana joera komunistako elkarte batekin, “Vuk Karadžićirakasle komunisten kooperatibaren kide egin zenean[2][6]. Kooperatiba honek lanak argitaratu, txangoak eta udalekuak antolatu –adibidez Ivanjican, 1938an, edo Mazedoniako Prespa Urmaelean 1939an-, aste pedagogikoak antolatu -1939ko urtarrilean Belgraden-, irakasle berriak prestatu eta borroka ideologikoan engaiatu egitea zen (garai horietan Jagodinan irakasle komunisten taldeaz gai, irakasle sozialdemokraten talde bat, eta Jugoslaviako Erresumaren aldeko irakasle “ofizialisten” beste talde bat ere bazeuden)[2]. 1938an Zagrebera joan zen Jugoslaviako Irakasleen Asanblada Nagusian parte hartzera, honek Kroaziako irakasle komunistekin harremana sendotzeko balio izan zion[2].

Miljković 1940an egin zen Jugoslaviako Alderdi Komunistaren kide oso. Irakaskuntza-lana, kasu honetan Vuk Karadžić irakaskuntza-kooperatibaren hirugarren topaketak izan ziren kidetzarako zubia. Topaketa horiek Sijarinska Banja herrian egin ziren eta Alderdiko zuzendaritzako kideek ere parte hartu zuten; adibidez gerora partisanoen buru militarra izan zen Svetozar Vukmanović Tempok edo Veselin Maslešak[2]. Iturri batzuen arabera, Ivankovac herrian irakasle zela, Alderdi Komunistako kide –Ćuprija hiriko Tokiko Komitean-, izan ere herri horretara mugitu behar izan zuen Jagodinan poliziak fitxatua baitzuen[1]. Beste iturri batzuen arabera, Petar Stambolić buruzagi komunista –orduan Jugoslaviako Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide zena- ezagutu zuen Balajnacen, eta horrek erraztu zuen Alderdiko kide izatea, Balajnecetik 1940ko abuztuan kanporatu zutelarik: hau da, Ivankovacerako aldaketa jada Alderdiko kide zenean gertatu zela -1940ko irailaren 1ean eman zioten Ivankovaceko lana-[2]. Ivankovacen eta Ćuprijan Živka Damjanovićekin aritzen zen batez ere lan politikoan[2].

Emakumeen artean propaganda zabaltzen zuen, Alderdiaren inguruan 1938an sortu zen Jagodinako Emakumeen Mugimenduaren kide gisa[1][2] (Slavka Djurdjević-Djuričić abokatuarekin, Dobrila Stambolić irakaslearekin, Ružica Milanović medikuntza-ikaslearekin eta Živka Damjanović zuzenbide-ikaslearekin[7], Milenija Milanović-Mladenovićekin[8], Dara Kovačevićekin, Ljubinka Uroševićekin eta Stana Miloradovićekin[2] batera adibidez). Talde honek irakurketa publikoak, txangoak, formazio politikoko ekitaldiak eta abar antolatzen zituen. 1939ko azaroan, erakunde honen zuzendaritza aukeratu zuten, Rada Miljković zuzendaritzako kide aukeratu zuten (Dara Kovačević lehendakari eta Slavka Djurdjević-Djuričić idazkari zirela)[2]. Talde horrek 1939-1940 aldean 40 kide zituela kalkulatzen da[2].

Partisanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lerro-atzeko lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941ko apirilean Alemaniak Jugoslavia inbaditu zuen, eta ekain-uztailean Serbian okupazioaren aurkako matxinada hasi zen[9][10]. Rada Miljković Jagodinara itzuli zen altxamenduaren aldeko propaganda politikoa egitera; bere etxean Alderdiaren lanetarako “tailer tekniko” bat ere jarri zuen[11], non beste lanen artean, medikuntza ikastaroak ematen zituzten, bilera politikoak egiten zituzten (Petar Stambolić bera agertu ohi zen), eskuorriak eta kartelak inprimatzen zituzten –adibidez altxamendurako deitzen zuen Alderdiaren lehen kartela- eta are tiro ikasketa batzuk egiten zituzten (Stambolićek kontatzen zuenez: “behin Rada Miljkovići tiro batek ihes egin zion eta etxea presaka utzi behar izan genuen, aurrean alemaniarrez betetako kafetegi bat zegoen eta”)[2].

Mendian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941ko abuztuan[2] edo irailean[1], Miljkovićek Šumadijako II Destakamendu Partisanoarekin bat egin zuen Belicako konpainia partisanoaren barruan, Alderdiak hara bidali ostean. Rada Miljković Šumadijako II Destakamendu Partisanoaren barruan Alderdiaren burua izan zen, eta Pomoravlje barrutiko Alderdiaren Komiteko kide aukeratu zuten[1] (iturriren baten arabera hasieran mesfidantzaz hartu zuten, eta borrokan erakutsi behar zuen horretarako balio zuela[2]). Postu honetan hainbat batailetan hartu zuen parte: Lapovo-Markovac trenbidearen aurkako sabotaian, Bagrdan-Markovac-Veliki Orašje trenbidearen aurkako sabotaian, Badnjevac-Gradačac trenbidearen aurekako sabotaian eta Lapovo eta Kragujevac herriak askatzeko saiakeretan[2].

Zenbait tokitan, adibidez Kragujevac ondoko Rača herrian, Gazteria Komunistaren taldeak sortu zituen[2] (Rača Šumadijako II Destakamendu Partisanoaren zentro politikoa zen 1941ko uda eta udazkenean). Hain ezaguna zen tokiko baserritarren eta partisanoen artean, ezen “Rada jenerala” deitzen zuten[1][2]. Emakumeen Fronte Antifaxistaren kide ere bazen Rada Miljković[12].

Konpainia horrekin Adžina Livada herrira egin zuen[3][5].  Geroago, partisanoek askatutako Užice hirian Užiceko Errepublika sortu zenean Miljkovićek Errepublika hauen lanetan bat egin zuen[3][5]. Užiceko Errepublika horretan, partisanoek alemaniarrak ohilteaz gain, euren aginterako entsegurako balio zukeen neurri batzuk ere ezarri zituzten, adibidez Banketxe Zentrala asaltatu zuten eta ekonomiaren kontrola lortu zuten, zergak eta soldatak birfinkatu zituzten, nazionalizazio batzuk egin zituzten, ondoko lurren birbanaketa ezarri zuten, eskola- zein trenbide-sistema berria ezarri zuten eta lurralde askatuen Gobernu gisa “Jugoslaviako Nazio-Askapenerako Kontseilu Nagusia” sortu zuten (honek Jugoslaviarentzat botere-iturri berri bat, zilegitasun berri bat ezartzen zuela, erbestean zegoen Gobernuak ordezkatutako Jugsolavia zaharrerakin puskatuz)[13][14][15][16]. Errepublika partisano honek, 1941ko abenduan alemaniarrek garaitu eta arte, “19.000 kilometro karraatu eta 300.000 biztanle” barnebiltzen zituen[16]. 1941ko abenduan alemaniarrek Užiceko Errepublikako lurrak berrokupatu zituztenean, Rada Miljkovićek partisanoekin batera Sandžakera, Montenegrora egin zuen atzera eta geroago Bosniara; Miljković atzeko zutabeetan zihoan, erretiratzea bermatzen[2].

Montenegron eta Bosnian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Momentu horretan partisano askok, batez ere alderdikideak ez zirenek edo kontzientzia politiko baxuagoa zutenek, armada partsanoa utzi nahi zuten, etxetik gehiegi lekutu nahi ez zirelako; Rada Miljković izan zen armada utzi ez zezaten konbentzimendu-lan politikoan gehien nabarmendu zenetako bat[2]. Jakin badakigu Sandžakeko herri batzuetan, Alderdiaren tokiko komiteekin lan egin zuela, adibidez Nova Varošen, Mileševon, Pljevljan eta Prijeplojen[17], Čeda Minderović, Dušan Nedeljković eta Zaga Stojilovićekin batera[2]. Momentu horretan okupatzaileek beste eraso bat egin zuten Montenegron zeuden komunisten aurka; Miljković Sandžakeko Hirugarren Brigadaren parte izan zen. Tara eta Piva errekak Bosniarantz zeharkatzeko borroka handiak egin zituen brigada horrek, Piva mendian, Durmitor mendian, Sinjajevina herrian, Žabljak hirian eta abar[2].

1942an partisanoen indar gehienak, geratzen ziren 2.000 soldaduk, Bosniara heltzea lortu zuten[18], 1942ko urtarrilean partisanoen Estatu Nagusia Bosniako Ivančići herrian bildu zelarik[19][20]. Honekin batera, armada ulertzeko modua aldatu zuten, adibidez armadaren zentru gisa brigada proletarioak antolatu zituzten, alderdikidez soilik osatutakoa, non masa-errekrutamendua ez zen onartzen –brigada proletarioen eta “arrunten” artean bereiziz; bai ideologi kontzientziaren, bai hierarkiaren eta bai diziplinaren aldetik[21][22]-. Bestetik, kontuan hartu beharra dugu brigada proletario berri hauek askoz ere mugikorragoak eta “lurrarekiko lotura txikikoak” zirela, hau da, Jugoslaviako edozein aldetan borrokatzeko gai izango zirenak, ez soilik euren eskualdean edo tokiko motibazioen menpe[23].

Partisanoen berregituraketa honen ostean, Rada Miljković II Brigada Proletarioaren parte izan zen, III Batailoiaren parte[1]. Brigada horrek Bosniako Mendebaldean eta Hegoaldean egin behar izan zuen borroka, partisanoen indargune zen Krajinatik (Bosnia Ipar eta Ipar-Ekialdean) urrun. Brigada Proletario hori oso mugikorra izan zen, martxa handiak eginez; hori dela eta, etsai ezberdinekin talka handiak ziren zituen, bataila handiak bizi izan zituelarik. Miljkovićen III Batailoiak Kalinoviken, Prelacen eta Treskavican borrokatu zuen, baita ere Konjić eta Sarajevo arteko trenbidea kontrolatzeko borrokan[2]. Aldi berean lan politikoa eta heziketa politikoa ere landu behar zuten (Brigada Proletarioak armada partisanoaren muin politikoa baitziren), III Batailoian, Miljkovićekin batera Boško Djuričić eta Vitomir Cvetković izan ziren lan horren arduradunak[2].

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1942ko udan, Gornji Vakufetik Bugojnora zihoazen komunikabideak moztu behar zituen bere batailoiak, baina trenbide hori ustashek zoli zaindua zegoen[2]. Urija herrixkan, Bugojnoko batailan hil zen ustashen aurka borrokan ari zela. Berarekin batera Boško Djuričić eta Živadin Janković, bera bezala jagodinarrak eta Herriaren Heroi izendatuak, hil ziren borroka horretan[3][5]. Petar Gračanin borrokalariaren arabera, baso batetatik argi-gune batetara pasatzerakoan hil zituzten Miljković eta kideak, ametrailagailuz; guztira 17 borrokalari hil ziren[2].

Oro har, guda tragedia handia izan zen miljkovićtarrentzat. Aita Milan 1941ko apirilean Jugoslaviako Armadak mobilizatu zuen eta alemaniarrek preso egin eta Alemaniara eraman zuten. Alemaniarrek Rada Miljkovićek Jagodina eta Kragujevac inguruan izan zuen sonaz jabetuta, 1943an haren ama Živka, neba Dušan eta ahizpa Dobrila atxilotu zituen. Azken biak laster aske utzi zituzten, baina Živka interrogatu eta torturatu egin zuten denboraldi bat kartzelan eman zuen[2].

Beste ahizpa, Radmila Miljković-Rajković, Belgradera joan zen bizitzera eta oihalgintza fabrika batean lan egitera; han mugimendu sindikalaren parte eta Alderdi Komunistaren kide izan zelarik. Alemaniar inbasioaren ostean klandestinitatera jo zuen, baina ez zuen matxinadarekin bat egin, baizik eta lerroen atzeko lana egin zuen. Uztailaren 16an Ford fabrikaren kontrako sabotaia arrakastatsuan parte hartu zuen, zeregin militarretarako erabiliko ziren 80 bat ibilgailu errez. Irailaren 5ean Serbiako administrazio kolaborazionistaren Polizia Bereziak atxilotu zuen eta bertako Boško Bećarević ezagunak berrogei egunez torturatu zuen. Ez zuen deus esan, eta urriaren 15ean Banjicako kontzentrazio-eremura eraman zuten, non alaba bat, DušicaJugoslavia Sozialistaren garaian Svetozarevo herrian irakasle gisa egin zuen lan-, izan zuen. Alaba kontzentrazio-eremutik famili-etxera ateratzea izan zuen, baina berak ez zuen ateratzerik izan: 1944ko irailaren 11n hil zuten beste emakumen preso batzuekin batera –baina ez dago argi exekuzio-gunean afusilatu bazuten, edo bidean, ihes egiteko azken saiakeraren ostean gertatutako borroka baten ostean hil ote bazuten eremuko zaindariek-[2].

Azkenik, neba Dušan, 1943an alemaniarrek atxilotu eta aske utzi ondoren, komunisten aldeko lan klandestinoan sartu zen. Hala ere, 1944ko otsailaren 1eko gauean txetnikek atxilotu egin zuten, eta Bresanjsko Poljen exekutatu zuten[2].

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1953eko uztailaren 6an, Jugoslaviako Herri-Errepublika Federaleko lehendakari Titoren dekretuz Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten Miljkovići[3][5].

Svetozarevo herrian bere bustoarekin eginiko monumentu bat dago, Jovan Gostović eskultoreak egina[24], eta beste bi busto daude Belican eta Ivankovacen, bere izena daramaten eskoletan[2]. Jagodina, Svetozarevo, Despotovac eta Ćuprija hirietan kale banak bere izena daramate. Jagodinan eskola batek ere bere izena darama; eta baita ere Svetozarevo, Belica, Balajnac eta Ivankovac herrietakoek[2]. Belican bere izena darama bertako liburutegiak[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 285 or..
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af ag ah ai aj ak al am (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. «“Rada Miljković”» Savez Boraca-Jagodina (Jagodinako Borrokalarien Batasuna) (Noiz kontsultatua: 2021-III-10).
  3. a b c d e (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 48 eta 285 or..
  4. (Serbokroazieraz) BIJELIĆ, Krste. (1980). Heroine Jugoslavije (Jugoslaviako Emakumezko Heroiak). Zagreb: Spektar.
  5. a b c d e (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1982). Народни хероји Југославије (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). 1 Belgrad: Народна књига (Herriaren Liburua), 559 or..
  6. Vuk Karadžić serbiar idazle eta pedagogoa zen, serbiera (serbokroaziera) modernizatzearen eta estandarizatzearen arduradun nagusia. Hizkuntza herriari hurbiltzearren, herrian egin zuen alfabetizazio lanagaik eta 1937an bere jaiotzaren 150 urteurrena zelako jarri zion irakasle talde honek Vuk Karadžić iena bere kooperatibari.
  7. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 283 or..
  8. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 287 or..
  9. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 70 or..
  10. (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 76 or..
  11. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 285 eta 299 or..
  12. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 300 or..
  13. (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 83-84 or..
  14. (Ingelesez) GLENNY, Misha. (2012). The Balkans. Nationalism, War and the Great Powers. 1804-2012. Toronto: Anansi Press, 487 or..
  15. (Ingelesez) RAMET, Sabrina; LISTHAUG, Ola. (2011). «HOARE, Marko Attila: “The Partisans and the Serbs” (201-221 orr.)» Serbia and the Serbs in World War Two.. New York: Palgrave Macmillan, 208 or..
  16. a b (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 75 or..
  17. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 531 or..
  18. (Ingelesez) RAMET, Sabrina; LISTHAUG, Ola. (2011). «HOARE, Marko Attila: “The Partisans and the Serbs” (201-221 orr.)» Serbia and the Serbs in World War Two.. New York: Palgrave Macmillan, 209 or..
  19. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 82 or..
  20. (Ingelesez) REDŽIĆ, Enver. (2005). Bosnia and Herzegovina in the Second World War.. AEB/Kanada: Frank Cass, 223 or..
  21. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 81 or..
  22. (Ingelesez) RAMET, Sabrina; LISTHAUG, Ola. (2011). «HOARE, Marko Attila: “The Partisans and the Serbs” (201-221 orr.)» Serbia and the Serbs in World War Two. New York: Palgrave Macmillan, 211 or..
  23. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 81-82 or..
  24. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 281 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]