Aldude Mendia (kontserbazio bereziko eremua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aldude Mendia

1 eta 1A Baztan; 2, 2B eta 4 Erroibar; 3 Esteribar; 5 Auritz; 6 Luzaide; berde argiz Kintoa.
Aldude Mendia (kontserbazio bereziko eremua) is located in Euskal Herria
Aldude Mendia (kontserbazio bereziko eremua)
Aldude Mendia (kontserbazio bereziko eremua)
KokalekuaNafarroa Garaia
Azalera9.028 hektarea
IzendapenaKontserbazio bereziko eremua
Izendatzea2005

Aldude Mendia Nafarroa Garaiko naturagune babestu bat da, 2005ean kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatua izan zena. Nafarroako trantsizio atlantiko-piriniarreko eremuan kokatua, habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude bertan, herrialdeko dibertsitate biologikoaren erakusgarri.[1] Orreaga-Irati-Abodi hegaztien kontserbaziorako gune garrantzitsuaren parte da.[2]

Ekologiaren ikuspuntutik, interes komunitarioko zenbait habitat daude, hala nola, pagadi azidofiloak, larre azidofiloak eta txilardi atlantiarrak. Eremu txikikoak izan arren, garrantzi handia dute zohikaztegiek, Nafarroan oso urriak diren landare eta animalien bizileku. Pagadietan aipagarriak dira okilak, saguzarrak eta baso ornogabeak. Erreketan, Pirinioetako desmana eta amuarrain arrunta bizi dira, eta ugatza elikatzen da soilgune eta larreetan.[3]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldude Mendiak 9.028,6 hektarea ditu Baztan, Esteribar, Erroibar, Auritz eta Luzaideko udal mugapeetan,[1] Atlantiko-Mediterraneo uren banalerroan: ipar isurialdeko urak Errobi eta Bidaso ibaietara doaz, eta hegoaldekoak, berriz, Urrobi, Erro eta Argara. Beste bi kontserbazio bereziko eremuren arteko zubia da, mendebaldean Belate baitu, eta ekialdean, aldiz, Orreaga-Iratiko oihana.[4] Naturagunearen ekialdea eskualde alpinoan dago, eta mendebaldea atlantikoan.[1]

Mendirik garaiena Adi da (1.458 metro). Larrakarte (1.186 metro), Okoro (1.259 metro), Argintzu (1.208 metro), Iturrunburu (1.312 metro), Mendiaundi (1.213 metro), Menditxuri (1.194 metro) eta Lindus (1.220 metro) dira beste gailur nabarmen batzuk.[4]

Landaredia eta interes komunitarioko habitatak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako habitat hauek daude Aldude Mendian:[5][6]

Pagadia Kintoan
Erdizagako larreak

Flora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galanthus nivalis

Habitatei buruzko zuzentarauko (92/43/EEE) II. eranskineko bi espezie daude Aldude mendian: Narcissus asturiensis subsp. jacetanus eta Narcissus pseudonarcissus subsp. nobilis. Beste espezie bakan edo interes handiko batzuk ere hazten dira bertan, hala nola, Angelica razulii,[8] Arnica montana, Galanthus nivalis, Gentiana lutea subsp. lutea, Gentiana burseri subsp. burseri,[8] Huperzia selago, Leucanthemum maximum, Menyanthes trifoliata,[9] Orchis provincialis, Narcissus bulbocodium, Narcissus pallidiflorus eta Ruscus aculeatus.[3]

Onddoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

350 espezie baino gehiago katalogatu dira, denak garrantzi handikoak, zenbait prozesu biologikotan parte hartzen dutelako. Batzuk interes komertzialekoak dira: barrengorria, galanperna, gorringoa, udako onddozuria, udazkeneko onddozuria, belarri landua, ilarraka...[5]

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rosalia alpina, Cerambyx cerdo, Lucanus cervus,[3] Gnorimus variabilis,[10] eta Tetropium castaneum[11] kakalardoak pagadi zaharretan bizi dira. Coenagrion mercuriale[3] eta Cordulegaster bidentata[12] odonatuak, berriz, hezegune gutxi batzuetan behatu dira. Errekak dira amuarrain arruntaren (Salmo trutta fario), piriniotar uhandrearen (Calotriton asper), suge gorbatadunaren (Natrix natrix) bizilekua. Eskulapioren sugea (Zamenis longissima) oihan bazterretan ibili ohi da, eta hezeguneen inguruan sugandila bizierrulea (Zootoca vivipara).[5]

Okil beltza

Basoetako hegaztiei dagokienez, okil beltza (Dryocopus martius) eta okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos subsp. lilfordi) dira aipagarrienak. Baso bakanetako eta elordietako biztanleak dira antzandobi arrunta (Lanius collurio), pirripioa (Lullula arborea) eta zata arrunta (Caprimulgus europaeus). Zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), miru gorria (Milvus milvus), miru beltza (Milvus migrans), arrano beltza (Aquila chrysaetos) eta arrano sugezalea (Circaetus gallicus), habia oihanean egin arren, soilgune eta larreetan aritzen dira ehizean. Ugatzak (Gypaetus barbatus), sai zuriak (Neophron percnopterus) eta sai arreak (Gyps fulvus), kontserbazio bereziko eremutik hurbil ugaltzen baitira, bertako larreetara jotzen dute bazka bila. Erreketan martin arrantzalea (Alcedo athis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus) ikus daitezke.[5]

Nabarmentzekoa da Aldude mendiko saguzar espezie aberastasuna, besteak beste, baso-saguzarra (Barbastella barbastellus), Schreibers saguzarra (Miniopterus schreibersii), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros), Myotis alcathoe, gau-saguzar txikia (Nyctalus leisleri) eta gau-saguzar handia (Nyctalus lasiopterus). Pirinioetako desmana (Galemys pyrenaicus), kaltebera eta babestua, europar bisoia (Mustela lutreola), igaraba arrunta (Lutra lutra) eta basakatua (Felis silvestris) ere bizi dira bertan.[3]

Udazkenean iparraldetik datozen hegazti asko igarotzen dira Artesiaga eta Lindus arteko mendi-lepoetan barrena, ehunka mila pagauso (Columba palumbus) barne.[13] Ehizak garrantzi handia dauka, eta 150 usategi baino gehiago daude.[4] Saguzar mugimendua ere atzeman da lepo horietan, Artesiagan bereziki.[14]

Funtsezko elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldude Mendia kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko funtsezko elementuak hauek dira:[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c 105/2005 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Aldude mendia Zainketa Bereziko Eremu deklaratu eta Kudeaketa Plana onesten duena. Nafarroako Aldizkari Ofiziala 2005eko irailak 16, bon.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-12).
  2. Roncesvalles-Irati-Abodi mountain range. datazone.birdlife.org (Noiz kontsultatua: 2021-2-12).
  3. a b c d e f g h i ES2200019 Monte Alduide. Natura 2000 - Standard data form, natura2000.eea.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2021-2-14).
  4. a b c d Aldude Mendia. espaciosnaturales.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-12).
  5. a b c d e Bases técnicas para el plan de gestion del lugar ES2200019 Monte Alduide. Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, espaciosnaturales.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-14).
  6. Monte Alduide. nafarroa.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-14).
  7. Cárcamo, Susana; Schwendtner, Oscar. Las tejedas de Quinto Real,formaciones forestales relícticas. Gorosti 2000-2001, biomaforestal.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-14).
  8. a b Lorda López, Mikel. Afloramientos silíceos y flora en el macizo de Oroz-Betelu y territorios adyacentes (Pirineo navarro, Navarra). Munibe, 48. zenbakia, 1996, aranzadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-2-21).
  9. Argintzu. lifetremedal.eu (Noiz kontsultatua: 2021-2-21).
  10. Micó, Estefanía. Gnorimus variabilis. miteco.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-21).
  11. San Martín, Antonio F., Recalde, José I. eta Bregaña, Mario. Nuevos registros de Longicornios de Navarra, destacables a nivel Ibérico (Coleoptera: Cerambycidae). Zapateri: revista aragonesa de entomología, 9. zenbakia, 2001, cerambycoidea.com (Noiz kontsultatua: 2021-2-21).
  12. Miralles-Nuñez, Adriá; Cabana, Martiño; Tapia Arriada, Mikel. Primera cita y confirmación de la reproducción de Cordulegaster bidentata Selys, 1843 (Odonata: Cordulegastridae) en la Comunidad Foral de Navarra (España). Boletín de la Sociedad Entomológica Aragonesa 62, 2018ko uztaila, 287–289, researchgate.net (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  13. Aldaketak atzeman dira hegaztien migrazio-portaeran. lindus2.eu (Noiz kontsultatua: 2021-2-24).
  14. Saguzar mugimendu handia atzeman da Baztango mendi-lepoetan. lindus2.eu (Noiz kontsultatua: 2021-2-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]