Armañac

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Armagnac Okzitaniaren barruan.
Artikulu hau Gaskoiniako eskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Armagnac (argipena)».

Armañac[1] (frantsesez Armagnac, okzitanieraz Armanhac) Aturri eta Garona ibaien artean dagoen Gaskoiniako eskualde historikoa da, egungo Gers, Landak eta Lot-et-Garonne departamentuetako zatiak biltzen zituena. Erdi Aroan konderri bat osatu zuen, eta XIV. eta XV. mendeetan botere eta hedapen handia eskuratu zituen.

Eskualde honek nekazaritza du ekonomiaren ardatz, eta batik bat Armagnac brandyarengatik da ezaguna.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IX. mendearen amaieran gaur Fezensac bezala ezagutzen den zatia oinordetzako konderri bihurtu zen. 960an Armagnac Fezensacetik bereizi zen konderri gisa Bernart Luzearen aginpean. Bernart II.ak Gaskoinia osoa jarri zuen bere mendean (1040-1052). Meuxko hitzarmenaren bitartez (1229) Gaskoiniak Akitaniarekin bat egin zuenean, Armagnacekoa feudorik boteretsuena zen. Izan ere, hegoaldeko hiru jaun nagusiak Armagnaceko kondea, Foixkoa eta Albretekoa. Armagnacekoek lurraldea handitzeari ekin zioten ezkontza eta erosketaren bidez. Joan I.a Armagnacekoak (1319-1379) eta ondorengoek Rodez eta Carlat konderriak, eta Lomagne, Auvillars, Comminges, eta Charolais bizkonderriak eskuratu zituzten.

Ehun Urteko Gerran Frantziako hegoaldea, Armagnac barne, Ingalaterrak lortu zuen Bretignyko hitzarmenarekin (1360). Eduardo Printze Beltzak Eduardo III.a Ingalaterrakoa aitaren izenean gobernatu zuen lurraldea. Garai horretara arte, Armagnac independente zen ibilia, beharrezkoa zenean aliantzak aldatuz. Baina Printze Beltzaren gobernua hain zen gogorra non Armagnaceko kondeak Frantziako erregeari laguntza eskatu zion 1369an. Bere burua Karlos V.a Frantziakoaren menpean jarrita, Armagnac bezalako sendiek aurreko botereari eutsi eta babesa lortu ahal izan zuten.

1410ean Bernart VII.aren alaba Karlos I.a Orleansekoarekin ezkondu zen. Karlosen aita Borgoinako dukearen aldekoek erail zuten, hark erregearen gainean zeukan influentziagatik. Ezkontza zela eta, Armagnac etxea Frantziako erregearen alde eta Borgoinaren aurka lerrokatu zen, horrenbesteraino, non, erregearen aldekoei Armagnac deitzen zitzaien. Borgoina Ingalaterrarekin aliatu zenean, bi alderdiren arteko sumina areagotu zen, eta gerra odoltsua burutu zen 1435 arte. Nolanahi ere, Armagnaceko kondeek gerrarako hartutako hainbat mertzenario bidelapur bilakatu ziren, Armagnac bezala ezagunak, eta Frantziako iparraldea arpilatu egin zuten. 1444an Suitza aldera bidali zituzten, baina honek beste gatazka bat ekarri zuen, Armagnaceko Gerran, non bidelapur hauek suitzarren aurka borrokatu ziren. Abuztuaren 26an suitzarrak garaitu arren, galtzaileek erakutsitako kemenak garaileak Suitzatik alde eginarazi zituen. Handik gutxira, Armagnac armada honek Frantziako erregearen armadarekin bat egin zuen.

Nolanahi ere, XV. mendeak aurrera egin ahala, Armagnaceko kondeek boterea galdu zuten Frantziako hegoaldean. Joan V.ak Frantziako Luis XI.ari aurre egin zion, eta erregearen soldaduek bere lurraldeetatik atera eta hil egin zuten 1473an. 1497an, azken kondea hil ostean, Armagnac Frantziako koroarekin batu zuten. Nolanahi ere, erregeak azken konde horren ilobari eman zion, eta, azkenean, Nafarroako erregeen eskura igaro zen. Nafarroako Henrike Frantziako errege ere bihurtu ondoren, Armagnac Frantziako koroaren jabetzara pasa zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Armañac Aldatu lotura Wikidatan
  1.   Exonimoen zerrenda, Euskaltzandia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/eaeb/eoda/exonimoak.pdf. Noiz kontsultatua: 2011-2-13 .