Diego Velázquez

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Diego Velázquez
Diego Velázquez
Diego Velazquezen autoerretratua
Datu pertsonalak
Izen osoa Diego Rodríguez da Silva y Velázquez
Jaio 1599ko ekainaren 6a
Sevilla (Espainia)
Hil 1660ko abuztuaren 6a
Sevilla (Espainia)

Diego Rodríguez da Silva y Velázquez (Sevilla, 1599ko ekainaren 6a - 1660ko abuztuaren 6a) margolaritza barrokoaren adierazle nagusi izateaz gain espainiar artearena izan zen baita ere.

Izan ere gaur egun Gizadiak edestian zehar eduki duen margolari handienekotzat hartzen da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1599ko ekainaren 6ean jaio zen Diego Sevillako hirian, eta San Pedro elizan izan zen bataiatua (gertaera gogorarazten duen plaka bat dago gaur egun bertan). Bere ama sevillarra eta agian kapare odolduna zen; aita, berriz, jatorri portugesekoa. Bere aparteko gaitasunak oso gazte zelarik azaleratu ziren eta hamar urte eskas zituelarik Francisco Herrera Zaharraren (XVII. mendeko margolari ezaguna) mintegian hasi zituen bere margo-ikasketak.

El arte de la pintura-ren (1649) idazle izan zen Francisco Pacheco artista manieristaren ikasle bihurtu zen, bere aurreko maisuarekin bere ikasketak bertan behera utzi ondoren ikasle eta irakasle arteko liskarrak zirela eta.

Zazpi urteren ondoren (1617), bere hiriko Margolarien Elkartearen azterketa gainditu zuen, eta hemezortzi urterekin margolari aske gisa kokatu zen. Pacheco maisuaren eragina ez zen maila piktorikora mugatu; garai hartako beste jakintsuak bezalaxe, literatura klasikoan aditua zen, eta hori Velázquezen maila kultural eta literarioan nabarmenki ikus omen daiteke, kritikoen ustez.

1618an, margolari ezaguna zelarik, Velázquez bere maisuaren alabarekin, Pachecoko Juana, ezkondu zen, eta bi seme eduki zituen. Hemeretzi urte zituelarik, Velázquez margolari ezkondu garrantzitsu bat zen eta hurrengo sei urteetan enkargu erlijiosoak bakarrik jaso zituen. Estilo tenebrista bat garatu zuen, Caravaggio bezalako margolari ezagunen eragin argiaren pean. Garai horretako bere lehen obra garrantzitsua El aguador de Sevilla (1620) izenekoa izan zen, non nahitazko argilun baten bidez Velázquezek bere maisutasuna adierazi zuen. La comida (1619), garai horretakoa ere, aipatzekoa da, bere estilo naturalista dela eta. Bere lehen obrek izan zuten harrera zela eta, Sevillako klase altuetan arrakasta eta bere txokoa egitea lortu zuen. Melgareko Diego izeneko ikaslea izan zuen, baita ere.

Madrilen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sebastian de Morra nanoa

Urte horietan gertaturiko erregetza aldaketa zela eta Filipe IV.a, bere aitaren (Filipe III.a) lekukoa hartu zuen eta errege-gorteak berritu zituen, aurretik egon ziren aitonen seme gaztelarren ordez Olivareseko Konde-Dukea jarriz, On Gaspar Guzmanekoa izenekoa. Andaluziako semea zelarik Konde-Dukeak gortea gehienbat bere herritarrez, hau da, andaluziarrez, osaturik egon behar zela erabaki zuen. Diego, hau ikusirik, Madrila joan zen errege-gorte madrildarrean margolari postu bat lortuko zuelakoan, baina lehen saiakera baten ondoren esku hutsik itzuli behar izan zuen. Bidaia horretan Luis de Góngora ezagutuko zuen eta urteak geroago horren erretratua ere egingo zuen.

Erregeren margolariaren postua nahi zuen Pacheco maisuak Velázquezentzat, honek artistari eta bere bizitza artistiko aberatsari heldutasuna ekarriko ziela baitzekien. Azkenean Diegok Madrilen aurkezteko mandatua jaso zuen, Juan Fonsecak, Filipe IV.aren gorteko andaluziarretako bat, lagundurik. Hain bikaina izan zen erregeari eginiko erretratua, non Diegok errege-gortean nahi zuen postua lortu baitzuen. Bere emaztea eta alaba (bata aurreko urtean hil baitzitzaion), bere zerbitzariekin batera hiriburura eraman zituen, egokitze-aste batzuen ondoren. Konkretuki, Concepción Jerónima izeneko kalean zuen etxera. Filipe IV.ak ganbarako giltzazain izendatu zuen lau urteren buruan, eta hartara esleipen handiago bat eskuratu zuen.

Rubens eta Italia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bizitza markatuko zuen gertakaririk garrantzitsuena iristear zegoen, ordea. Pieter Paul Rubens, Eskola Flandestarreko margolaria, Madrilera joan zen 1628an eta Diegok lagundurik El Escorialeko monasterioa bisitatu zuen. Rubensek Italia bisitatzea gomendatu zion bertan Pizkundeko estilo piktorikoan sakontzeko eta bere karrera bira oso bat eman ahal izateko. Velázquezen norabide-aldaketa markatuko zuen obra nagusia, Los Borrachos deiturikoa, Rubensen gomendioak jarraituz egin zuela uste da. Italiara bidaia egiteko baimena lortzen Rubens-ek lagundu ziola ere uste dute batzuek.

Bere bi hurrengo urteen lansaria aurreratu ziotelarik, 1629ko abuztuaren 10ean Bartzelonako Portutik irten zen. Honek bere bizitza markatu zuen, XVII. mendean margolari bat Italiara bere ikasketak bukatzeko ez joatea pentsaezina baitzen.

1629ko abuztuaren 23an Genovara iritsi zen eta bertan hasi zuen estatu italiar ezberdinen arteko bidaia, Erromara iritsi zen arte. Vatikanoko Jauregian hartu zuen ostatu Barberini Kardinalaren babespean, geroago ikuspegi ezin hobeak eta erromatar muinoetako batean zegoen Villa Medicisera lekualdatu nahi izan bazuen ere. Inpresionistek "au plen air" pinturaren lehen bi adibidetzat hartzen dituzte bertan margotu zituen "Vistas de la Villa Medicis" izeneko obra. "La Ariadna Dormida"-ren berregintza bat ikus daiteke horietako koadro batean.

Garai horretako eta baita iraganeko Arte Italiarraren Teoria eta Praktikarekin kontaktu zuzena izan zuen. "La Fragua de Vulcano" bezalako obretan ikus daiteke margolariak bere anatomia ezagupenak hobetu eta testatu egin ahal zituela. Napolira joan zen gaixo jarri ondoren eta bertan, 1630ean erretratatuko zuen, Austriako Hundria Maria eta espainiar margogintzaren adierazle nagusia Italian, José de Ribera, ezagutuko zituen. Aipatu beharra dago Austriako Mariaren erretratuarekin 1623an hasi eta 1631an bukatu zen garai artistikoak amaiera izan zuela, eta denboraldi hura dotoretasunak eta bakuntasunak markatu zutela.

Espainiara berriz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoan zegoela, jaiotako Carlos Baltasar printzea margotzeko eskatu zioten Espainiara itzuli zenean, hau da, 1631. urtean. Enkargu honek erakutsiko zion garaiko mundu artistikoari aurreko etapa bukatua zela; bere estilo ainubetsu (tenebrista) eta besteen eraginpean jaioak bestelako bati lekua utziko ziola, alegia. Honetan giroa argitsuagoa, eszenak aro berrikoak eta askatasun artistikoa nabarmenagoak dira. Kolorea biziberritu, berpiztu eta indartsu azaleratuko da. Garai honetakoak dira Palacio del Buen Retiroko zaldi-eskulturak, Bredako errenditzea (1635), Paradako Dorrearentzako eginiko ehiza erretratuak, Felipe infantearenak eta Frantziako Elisabet erregina tronukidea.

1633an Francisca, Velázquezen alaba, Mazoko Juan Bautista Martínezekin ezkondu zen, margolaria hori ere. Ganberako giltzari lanpostua honi utziko zion Velázquezek, bere alabaren etorkizuna ziurtatzeko asmoz. Hurrengo bederatzi urteetan ganbarako laguntzaile izango da, errege babesa lortuz honekiko zuen gertutasuna zela eta. Beste aldetik, gorte eta erregeren inguruan ezbehar ugari gertatuko dira: Olivareseko Konde-Dukearen jauspena (bere babesle izandakoa), Elisabet erreginaren heriotza 1644an, Frantzisko Pachecoren heriotza (bere maisua), eta, 17 urte besterik ez zuela, Baltasar Carlos printzearen heriotza.

Hori guztia ikusirik, 1648an Italiara itzultzea erabakitzen du, atsekabeturik. Oraingoan ez da ikasle moduan joango, Espainiako enbaxadore eta artista bezala baizik, bere eskutan misio ofizial ugari izango dituela. 1649ko urtarrilaren 21ean Genovara iritsiko da, Malagatik abiatuta. Italiar estatu eta printzerrietatik igaroko da bere bidaian, Veronese eta Tintorettoren obrak erosiko dituelarik Venezian. Inocencio X.a erretratatuko du Erroman, adierazkortasunez betez margolana argi kontran joko ezin hobearekin. Hain ezaguna den Ispiluko Venusa garai honetan kokatzen duten hainbat teoria dago. Autore batzuek haren amorantea zela defendatzen dute; eduki zuen sasikumearen ama, alegia. Maisutasunez erretratatzen du emakume hau, bere izaera ezkutatuz eta bere estiloan hain ohikoa den elementu bat erabiliz: ispilua.

Bere lehenengo bidaian gertatu zen bezalaxe, Genovan lehorreratu zenetik bere estilo piktorikoa guztiz aldatu zen: argitasuna itzuli egin zen berriro ere, horrela perspektiba gehitu eta airetiko ikuspegia lortu arte. Estiloan jasandako aldaketa horiek bere heriotzaraino mantenduko zituen.

1651. urtean Espainiara itzuliko zen Velázquez, eta 1656an Las Meninas eta Las Hilanderas margotu zituen. Berak hainbeste desiratzen zuen Santiagoko Ordena jaso zuen 1659an, eta hurrengo urteko abuztuaren 6ean, gaixotasun luze baten ondorioz, hil egin zen. Hurrengo egunean San Juan Bautistako elizan lurperatu zuten, Santiagoko Ordenaren ohore guztiekin. Bere emaztea zazpi egun igaro ondoren hil zen.

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Diego Velázquez