Jano
(Latinez: Ianus) Erromako antzinako jainkoa, Erromatar Inperioaren urrezko garaikoa. Bi aurpegiko irudia du, aurrera begira dagoena bata eta atzera begira bestea. Janoren jatorria zein den ez dago argi, baina nolanahi ere Erromako jainkoetan zaharrenetakoa da. Ateen (latinez ianuae), arkuen (latinez jani) eta hasiera guztien jainkoa zen. Sartu-irtenetan gurtzen zuten, eta familia-burua izaten zen gurtza horretako flamen edo apaiza. Tenplu bat eraiki zioten Palatinoko erromatarrek eta Quirinalgo sabinotarrek. Bi herrien arteko bidean eraiki zuten, eta irekita uzten zuten gerra-garaietan sabinotarrak eta erromatarrak lasai pasa zitezen alde batetik bestera; eta ixten zuten bake-garaietan, herri bakoitzaren bakartasuna ondo gordetzeko. Jainko honi eskaintzen zizkioten Erroman urteko lehen hilabeteko lehen eguna, eguneko lehen ordua, eta hasiera guztiak. Urtarrileko hila eskaini zioten honenbestez erromatarrek Janori (latinez, ianuarius).
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.