Jupiter (mitologia)
- Jupiter planeta ikusteko, klikatu Jupiter (planeta).
Jupiter[1] (latinez, Iuppiter) erromatarren jainko gorena da, Saturnoren eta Rearen semea. Erromatarrentzat eta Italiako beste herrientzat eguargiaren eta zeruaren jainkoa zen. Gero, greziarren Zeus jainkoarekin elkartu zuten, eta haren genealogia eta gertaerak erantsi zizkioten.
Jupiter Optimus Maximus deitzen zioten, Erromako Estatuaren patroia zelako: legea eta ordena sozialaz arduratzen zen. Etimologikoki, Jupiter Jove eta pater («aita», latinez) hitzetatik dator.
Zetro bat eskuan duela irudikatzen da; batzuetan, hala ere, lau zaldi zurik daramaten zalgurdi batean ageri da. Zeruaren jainkoa zenez, tximistaren eta trumoiaren jabe zela uste zuten antzinako erromatarrek eta Kapitolio tenplua eraiki zuten haren ohoretan.
Artea [aldatu]
Artean oso sarritan agertzen da Jupiterren irudia, bai eskulturan bai margolanetan. Aipagarriak dira eskulturan: Vatikanoko Iupiter Verospi, Napoliko eta Louvre museoko eskulturak, Kapitolioko museoko irudia (Jupiter zutik, tximista eskuan duela), edota Juan Boloniaren Iupiter Pluvius ospetsua. Pinturan aipatzekoak dira: Rafaelen Jupiter eta Antiope (Vatikanoan) Tizianorena (Louvre museoan), Bronzinorena (Munichen), eta abar.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
|
||||||||||||||||||||||