Jeronimo Estridongoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jeronimo Estridongoa
Jeronimo Estridongoa
Datu pertsonalak
Izen osoa Eusebius Sophronius Hieronymus Stridonensis
Ezizena San Jeronimo
Jaio c. 340
Estridon (Dalmazia)
Hil 420ko irailaren 30a
Betleem (Palestina)

Jeronimo Estridongoa, latinez Eusebius Sophronius Hieronymus Stridonensis (c. 340 - 420ko irailaren 30a) Bibliaren itzultzaile izan zen, greziera zaharretik eta hebreeratik latinera bihurtu baitzuen, geroztik Vulgata izenaz (latinezko «vulgata editio», herriarentzako edizioa) ezagutzen den bertsioa eginez. Eliza Katolikoak Elizaren Aitatzat jotzen du, eta ortodoxoekin batera santutzat gurtzen du. Bonifazio VIII.a aita santuak 1928an emandako erabakiaren ondotik, Elizaren doktore izendapena du.

Jeronimok latinera itzulitako Bibliaren bertsioa Eliza Katolikoaren testu ofiziala izan zen mende luzetan, 1979an Neovulgata onartu zen bitartean. Jeronimok sakonki aztertu zuen latina, baina garai hartan horrek nahitaez zekarren grezieraz ongi jakitea. Bere itzulpen lanari ekin zionerako, bazekien zerbait hebreeraz, baina Bibliaren muinaz jabetzeko hizkuntza hori askoz ere gehiago ikasi beharra zeukala oharturik, Betleemera aldatu zen bizi izatera. Itzulpen lanak 382an hasi zituen, Itun Berriaaz ordu arte latinez egindako bertsioak goitik behera zuzenduta, lehenik. Jarraian. 390. urtean Itun Zaharra hebreeratik itzultzeari heldu zion. Bibliaren latinezko itzulpen lana 405ean azkendu zuen.

Joanes Leizarragak Vulgatatik eta frantsesezko itzulpenetatik abiatuta egin zuen Bibliaren euskarazko itzulpena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estridon herrian jaio zen, Dalmazia (gaur egun Kroazia) eta Pannonia (gaur egun Eslovenia) eskualdeen arteko mugan, 331 eta 347 urteen artean. Jeronimok bizitza osoa eman zuen Eskritura Santuak aztertzen eta ikasten.

Latina ikasi zuen Erroman Donatorekin, garai hartan izan zitekeen irakasle prestatuena baitzen. Harekin sakondu zuen idazle klasikoen jakintza, ordu luzeak eman baitzituen irakurtzen, baita buruz ikasten ere, latinez Zizeron, Vergilius, Horazio, Tazito eta gisakoen lanak; grezieraz Homero eta Platonenak. Ikasketa aro hartan, ez zuen Bibliarako joerarik izan.

Basamortuan denbora batez penitentzia egin ostean, Erromara itzuli zelarik, Italiako gotzainek eta Aita Santuak San Anbrosio izendatu zuten idazkari, baina hura gaixotu zenean Jeronimo izendatu zuten eginkizun hartarako. Laster nabarmendu zen Jeronimoren jakinduria, eta Damaso I.a aita santuak bere idazkari izendatu zuen; hasieran, aita santuaren idazkiak izkiriatzeko zeregina izan zuen, baina hain zuen estilo landu eta dotorea latinez idazten, ezen berehala Bibliaren itzulpena egiteko agindua eman baitzion. Izan ere, ordu arteko latinezko itzulpenak akatsez eta itzulpen gaiztoz josirik zeudela ikusirik, Jeronimok oso-osorik itzuli zituen Bibliaren testu guztiak (Itun Berria lehenik, Itun Zaharra geroago). Jeronimoren itzulpena Eliza Katolikoaren Bibliaren bertsio ofiziala izan zen hamabost mendetan zehar.

Berrogei urte inguru zituela, Jeronimo apaiztu egin zen. Oso zorrotza zen eskritura santuen interpretazio zuzenari zegokionez, eta horrek Erromako handi-mandien etsaitasuna piztu zuen. Bere burua baztertua eta, are gehiago oraindik, arriskuan ikusirik, Lur Santura aldatzea erabaki zuen, bertan bizi izateko eta hebreera hobeki ikasteko.

Urte askotan, leize zulo batean bizi izan zen Betleem-en, baina Erromako emakume aberatsek emandako diruaz lau komentu eraiki zituen bertan, eta etxe handi bat ere bai, mundu osotik Jesus Nazaretekoa jaio zen herria ikustera iristen ziren erromesen harrera egiteko.

Eliza Katolikoak aintzat hartu izan du beti San Jeronimok Bibliari buruz egindako itzulpenak eta azalpenak. 420ko irailaren 30ean hil zen, 80 urte zituela.

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jeronimo Estridongoa, Domenico Ghirlandaiok egindako margoa, 1480 - Santu Guztien Eliza (Chiesa di Ognissanti), Florentzia

Betleem-en bizi izatera joan eta Erromako emakume aristokrata batek emandako diruaz monasterio batean ekin zion Bibliaren itzulpenari. Hebreera sakontzearekin batera, juduen teknikak ere ikasi zituen, eskritura santuen iruzkinak egiteko. Lehenik, 382an Itun Berriaren itzulpena zuzendu eta aldatu zuen goitik behera, ordu arte erabiltzen zen «Vetus latina» izeneko bertsioa akatsez, okerrez eta asmakeriaz beterik aurkitu baitzuen. Lan hori amaiturik, 390tik aurrera Itun Zaharra hebreeratik latinera itzultzeko zeregina hartu zuen; oso kontuan izan zuen, bere bertsioa moldatzeko, grezieraz egina zegoen itzulpena, «Septuaginta» izenekoa. Itzulpena 405ean amaitu zuen.

Handik aurrea, hil bitarteko hamabost urteetan, eskritura santuen gaineko iruzkin eta ohar ugari idatzi zituen, askotan berak egindako itzulpenaren hautuak azaldu eta zuritzeko. Hebreera ongi menderatzera iritsi zenez, Jeronimoren exegesiak balio handikotzat hartzen dira, batik bat 386tik aurrera idatzitakoak. Nolanahi den ere, Bibliaren aditu askok xehetasun alegoriko eta mistikoetarako joera nabarmenegia leporatzen diete Jeronimoren exegesiei, Alexandriako Filon eta haren eskolako filosofoen gisara.

Jeronimoren exegesiak hiru sailetan banatzen ahal dira:

  • Itzulpen edo egokitzapenak, exegeta grekoek aurrez egindakoen gainean. Guztira 69 homilia dira 380 eta 389 urteen artean itzuli edo zuzendutakoak. Aipatu beharrekoa da idatzi horiek oso lagungarriak izan zirela, besteak beste, Palestinako topografia hobeki ezagutzeko, batik bat bere De situ et nominibus locorum Hebraeorum lana.
  • Itun Zaharrari buruzko iruzkinak. Betleem-era aldatu eta hurrengo bost urteetan, Itun Zaharrari buruzko obra sail bat idatzi zuen: De seraphim, De voce Osanna, De tribus quaestionibus veteris legis, Quaestiones hebraicae in Genesin, Commentarius in Ecclesiasten, Tractatus septem in Psalmos 10-16 (galdua), eta Explanationes in Michaeam, Sophoniam, Nahum, Habacuc, Aggaeum. 395 urte inguruan, iruzkin luzeagoak idatzi zituen, lehenik gainerako zazpi profeta txikien gainean, gero Isaias (395-400), Daniel (407), Ezekiel (410-415)eta Jeremias (415, amaitu gabea) profetei buruz.

Vulgata-ren gaineko ezbaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliaren ikerlari eta aditu askoren esanetan, Jeronimoren lanak asaldura handia sortu zuen bere garaian. Bere itzulpena auzitan ipinia izan zen, behin baino gehiagotan, garai haietan aho batez onartua zen itzulpengintza eredutik aldendu egin baitzen: ahal bezainbatean, itzulpena hitzez hitz egitea eskatzen zitzaion itzultzaileari; aldiz, Jeronimok alegorien jokoak eta sinbologia aldatu nahi izan zituen bere itzulpenetan, eta hori ez zen begi onez ikusia izan. Eskritura santuak berridatzi eta aizundu izana leporatu zioten, Jainkoaren izena profanatu eta Elizaren tradizio sakratuak hautsita, juduen jarraitzaile izatea.

Jeronimok bazekien, bere lanari ekin aurretik ere, nolako arriskuak hartzen zituen eskritura santuen itzulpena eginda. Damaso I.a aita santuari igorritako gutun batean, argi eta garbi azaltzen dio idatzi zahar haietatik abiatuta testu berri bat egin beharra zegoela, aurrez zeuden itzulpen oker guztiak zuzenduta, eta jendeak ohituraz ikasitako gauza asko auzitan ipinita. Testu berria faltsukeria edo sakrilegiotzat hartua izateko arriskuaz ohartarazten zion aita santuari.

Jeronimo eta itzultzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzultzaileen aitzindari eta patroitzat jotzen da Jeronimo Estridongoa, mundu osoan oinarrizko eragina duen Bibliaren itzultzailea izan zenez. Besteak beste, Nazioarteko Itzultzaileen Federazioak (FIT) irailaren 30a, Jeronimo hil zen data, hain zuzen, izendatu zuen 1953an Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna. Geroztik, mundu osoko itzultzaileek ospatzen dute egun hori.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jeronimo Estridongoa Aldatu lotura Wikidatan