Julio Cortázar
Julio Cortázar | |
---|---|
(1967) | |
Ahotsa | |
Bizitza | |
Jaiotza | Brusela, 1914ko abuztuaren 26a |
Herrialdea | Argentina Frantzia (1981 - |
Lehen hizkuntza | gaztelania |
Heriotza | Parisko 10. barrutia eta Paris, 1984ko otsailaren 12a (69 urte) |
Hobiratze lekua | Montparnasseko hilerria |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Ugné Karvelis Aurora Bernárdez Carol Dunlop |
Hezkuntza | |
Heziketa | Facultad de Filosofía y Letras de la Universidad de Buenos Aires (en) |
Hizkuntzak | frantsesa gaztelania ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, hizkuntzalaria, gidoilaria, eleberrigilea, saiakeragilea, itzultzailea, poeta, unibertsitateko irakaslea, antzerkigilea eta literatura-kritikaria |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Jean-Paul Sartre |
Mugimendua | surrealismoa |
Izengoitia(k) | Julio Denis |
Genero artistikoa | errealismo magikoa olerkigintza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
| |
Julio Florencio Cortázar Descotte (Ixelles, Brusela, Belgika, 1914ko abuztuaren 26an - Paris, 1984ko otsailaren 12a) argentinar idazlea izan zen, naziotasunari uko egin ziona diktadura militarra zela-eta. Amerikako gaztelaniazko idazlerik famatuenetakoa da. Grandísimo Cronopio ezizena eman zitzaion, bere pertsonaia baten izena zela eta. Istorio laburrak edo ipuinak landu zituen batez ere, hala nola Bestiario edo Final de juego. Bere libururik ezagunena Rayuela eleberria da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bruselan jaio zen, 1914ko abuztuaren 26an, haren aita, Julio José Cortázar, Argentinako Gobernuak Belgikan zuen enbaxadako funtzionarioa baitzen. Lehen Mundu Gerran familia Suitzan babestu zen, eta Bartzelonan geroago. 1918an Buenos Airesera itzuli ziren. Han egin zituen ikasketak, eta 1932an irakasle titulua lortu zuen. Ondoren, eskola maisua izan zen Buenos Airesko probintziako zenbait herritan, hala nola Bolívar eta Chivilcoyn. Poesia idazten hasi zen, Julio Denis izenordea hartuta, eta 1938an Presencias soneto bilduma argitaratu zuen.[1]
1944an Mendozara aldatu zen, eta literatura eskolak ematen hasi zen Cuyoko Unibertsitatean. Baina 1946an Juan Domingo Perónek presidentetzarako hauteskundeak irabazi ostean, irakasle postua utzi zuen. Garai hartan bere lehen ipuinak idazten hasi zen, Jorge Luis Borges maisutzat eta ardaztzat zuen Buenos Airesko literatura ingurunean. Izan ere, Borgesek, errealismo erromantikoa baztertuta, ateak zabaldu baitzizkion fikzio fantastikoari. 1949an prosan idatzitako poema bat ere argitaratu zuen, Los reyes, minotauroren mitoari buruzko aldaera. 1951n, berriz, bere lehenengo kontakizun liburua kaleratu zuen, Bestiario (1951), elementu irrazionalez betetako mundu bat aurkeztuz hizkuntza argi eta eutsi baten bidez.
Urte hartan bertan, Frantziako gobernuaren beka bati esker, Parisa joan zen, bai peronismoaren ezinikusiak bultzatuta, bai mugak gainditu beharrak akuilatua. Frantziako hiriburuan bizi izan zen aurrerantzean, eta UNESCOren itzultzaile lan egin zuen[2]. Edgar Allan Poe eta Marguerite Yourcenar-en lanak itzuli zituen, besteak beste, maisutasunez itzuli ere. Haren obraren parte bat argitaratuta bazegoen ere Buenos Airesen, Parisko aldian hasi zen haren ospea nazioartera zabaltzen.
Aktibismo politikoagatik ere nabarmendu zen Cortázar. Kuban iraultzaileak nagusitu zirenean, bidaia egin zuen Habanara, Fidel Castrok gonbidatuta, eta iraultzaren aldezle eta zabaltzaile izan zen harrezkero, iraultzaren aldeko saiakerak eta artikuluak idatziz eta hitzaldiak eginez. Nikaraguan ere izan zen, Fronte Sandinistak aginpidea lortu zuenean, eta han bizitakoaren berri emanez idatzi zuen Nicaragua tan violentamente dulce (1984).
Literatura ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cortázarren fantasiaren ikuspegian nabarmena da bere maisu handi Poeren eragina, baina haren literaturaren handitasuna hizkuntzaren erabileran datza; alegia, idazlea pertsonaien hizketa moduan eta esaldi eginen eta modismoen erabilera inoiz isekazkoan oinarritutako sedukzio estrategia batez baliatu zen. Cortázarrek Argentinako erdiko klaseko jendearen hizketa modua birsortu zuen, beste batzuek auzo pobreetakoa birsortu zuten bezala. Hori zuen fantasia egunerokotasunean tartekatzeko modua, bilbearen ifrentzuan dauden errealitateetara ihes egin nahiz bezala.[1]
Cortázarren lanek Frantziako surrealismoaren eragin handia dutela esan ohi da. Haren ipuinek bi espazio paralelo aurkezten dituzte: kontakizunean gertatzen diren gauzen bertsio errealista naturala erakusten du batean, eta gertakari horien berorien bertsio naturaz gaindikoa bestean. Ezaugarri horiek berak aurki daitezke haren ipuin liburuetan: Historias de Cronopios y de Famas (1962), Buenos Aires karikaturizatu bati buruzko oharren eta inprobisazioen bilduma umoretsu bezain samurra, Las armas secretas (1964) eta Octaedro (1974).
Baina behin betiko ospea eleberri batek eman zion, haren maisulantzat hartzen dena: 1963an argitaratutako Rayuela, esperimentala hizkuntzari dagokionez, eta Paris zein Buenos Airesen girotua. Liburu horretan, munduari buruzko ikuspegi zatikatua eta anbiguoa, batetik, eta argentinar emigranteen eta frantsesen arteko kontrapuntua, bestetik, halako friso polifazetiko batean elkartzen dira. Liburua abentura espiritual zoragarria da eta hitzaurrean idazleak irakurlea gonbidatzen du kontakizunaren prozesuan parte hartzera, kontakizunaren materia ordenatzeko modu desberdinak iradokiz. Errealitateari antz emateko eta gauzak adierazteko formula desberdinak proposatzen dituen liburua da eta, argitaratu zenean, kritikaren goraipamen eta laudoriozko hitzen artean, baina baita eztabaida handien artean ere, Carlos Fuentes mexikar idazleak liburua Pandoraren kutxarekin konparatu zuen. Rayuela, eztabaida handiak piztu bazituen ere Latinoamerikan, abangoardiaren eta modernotasunaren ordezkari nagusi bilakatu da.
Ahalegin berritzaile horren bidetik, 62, Modelo para armar (1968) idatzi zuen gero. La vuelta al dia en ochenta mundos (1967) eta Ultimo round (1969) lanetan collage teknikaz baliatu zen eta egunkari zatiak, iruzkinak, prosa eta poesia nahastuta erabili zituen, generoen muga ortodoxoak hausteko ahaleginean. Geroko lanen artean aipagarriak ditu, besteak beste, eleberri bat, Libro de Manuel (1973), ipuin bildumak, Octaedro (1974), Alguien que anda por ahi (1977), Un tal Lucas (1979) -denetan autobiografikoena- eta bidaia liburu berezi bat, Les Autonautes de la cosmoroute (1982). Azken hau Carol Dunlop, hirugarren emaztearekin batera idatzi zuen.
Julio Cortázarrentzat kontakizunaren legeak haustea ez zen lizentzia hutsa, idazteko modu bat baizik. Libro de Manuel-en muturreraino eraman zuen lege hauste hori, bere konpromiso politikoa eta ezkerreko ideologia agerian uzteaz gainera. Azken batean, Cortázarren kontakizun guztiak eguneroko errealitatearen islaren eta ikerketa metafisikoaren artean oreka lortu nahiaren inguruan mamitu ziren, eta horrek ateak zabalik uzten zituen liburuak era desberdinetan interpretatzeko.
1983ko bukaeran bidaia egin zuen Buenos Airesera, eta oso harrera beroa egin zioten. Handik gutxira, 1984ko otsailaren 12an, Parisen hil zen, leuzemiak jota.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idazlan nagusien zerrenda.[3]
Eleberriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1960: Los premios (1960)
- 1963: Rayuela (1963)
- 1968: 62 Modelo para armar (1968)
- 1973: Libro de Manuel (1973)
- 1986: Divertimento (1986, hilondokoa) 1949an idatzia
- 1986: El examen (1986, hilondokoa) 1950ean idatzia
Ipuinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bestiario (1951)
- Final de juego (1956)
- Las armas secretas (1959)
- Todos los fuegos el fuego (1966)
- Octaedro (1974)
- Alguien anda por ahí (1977)
- Hainbeste maite dugu Glenda! (Queremos tanto a Glenda,1980)
- Deshoras (1982)
- La otra orilla (1994) 1937 eta 1945 artean idatzia
Poesia laburrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Presencia (1938)
- La otra orilla (1945)
- La vuelta al día en ochenta mundos (1967)
- Último round (1969)
- Pameos y meopas (1971)
- Prosa del Observatorio (1972)
- Territorios (1978)
- Nicaragua tan violentamente dulce (1983)
- Los autonautas de la cosmopista (1983)
- Salvo el crepúsculo (1984)
- Imagen de John Keats (1996) (Hilondokoa)
- Papeles inesperados (2009) (Hilondokoa)
Euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hainbeste maite dugu Glenda! (Queremos tanto a Glenda). Kandela, 1984. Itzultzailea: Xabier Etxaniz.
- Oktaedroa (Octaedro). Euba: Ibaizabal, 1992: Itzultzailea: Gerardo Markuleta[4].
- Hegoaldeko autopista (La autopista del sur). Donostia: Erein, 1994. Itzultzailea: Gerardo Markuleta.
- Istorio hiperlaburrak [Antologia]. Donostia: Erein, 1994. Itzultzailea: Gerardo Markuleta.
- Antologia apetasua. Tafalla: Txalaparta, 2005. Itzultzailea: Jon Alonso.
- Kronopioen eta famen istorioak. [5] (Historias de cronopios y de famas ).Armiarma.eus, 2014. Itzultzailea:, Ibon Sarasola.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/9/18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b «Literatura unibertsala. Idazle hautatuak» www.euskara.euskadi.eus 2011-07-13 (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
- ↑ Julio Cortázar. Biografía Instituto Cervantes. Cervantes.es
- ↑ (Gaztelaniaz) Cervantes, Instituto. «Julio Cortázar. Departamento de Bibliotecas y Documentación del Instituto Cervantes» www.cervantes.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-13).
- ↑ Julio CORTÁZAR: Kronopioen eta famen istorioak euskaratzailea: Ibon Sarasola, 2014, Armiarma.com
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Julio Cortázar |
- Julio Cortazar Ekarriak.armiarma.eus
- 1914ko jaiotzak
- 1984ko heriotzak
- Gaztelaniazko idazleak
- Argentinako idazleak
- Buenosairestarrak
- Argentinako itzultzaileak
- Belgikako eleberrigileak
- Argentinako eleberrigileak
- 1976-1983ko Argentinako zerrenda beltza
- Argentinako ateoak
- Argentinako ipuingileak
- Beldurrezko idazleak
- Germano-argentinarrak
- Italiar argentinarrak
- Errealismo magikoa
- Montparnasse hilerrian lurperatutakoak
- Parisen hildakoak