Michelin Gida

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
1929ko Gida

Michelin Gida Michelin Éditions du Voyage frantziar argitaletxeak egindako gida turistikoen izena da. Gehienetan Michelin gidaz aritzen denean Guide rougez aritzen da, non hotel eta jatetxe nagusienak agertzen diren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1900ean, Clermont-Ferranden (Okzitania), André eta Édouard Michelin anaiek Frantziako auto-gidari aitzindarientzako errepide gidaliburua prestatzea eta argitaratzea erabaki zuten. Hamaika urte lehenago Michelin gurpil fabrika abiarazi zuten, eta negozioak etorkizun handia izan arren, promozio pixka batek kalterik egingo ez ziela pentsatu zuten. Hala, bi urte lehenago, 1898an, Bibendum maskota sortu zuten, O’Galop diseinatzailearen laguntzaz. Nahiz haren izena oso ezaguna ez den, panpinaren irudia ikono bihurtu zen, zenbaitetan “michelin” hitza txitxien sinonimo bihurtzeraino[1].

1900ean argitaratutako lehen Michelin Gida hark errepide mapak biltzen zituen, jakina, eta garaiko gasolindegi eta tailer mekaniko urriak non zeuden jasotzen zuen. Badaezpada gurpilak norberak aldatzeko eta matxura errazak konpontzeko jarraibideak ere gehitu zituzten, eta larrialdietarako guardiako medikuen berri ere ematen zen[1].

Lehen urte hartan 35.000 ale banatu zituzten doan, kopuru ikaragarria orduan Frantziako Estatu osoan 2.400 auto inguru zeudela kontuan hartuta. Baina liburuaren helburua, aurrez zeudenen beharrei erantzuteaz gain, auto-gidari berriak sortzea zen; kotxe gehiago salduz gero, Michelin anaiek gurpil gehiago salduko zituzten. Eta ez soilik Frantzian. 1904an Belgikako gida atera zuten, 1907an Aljeria eta Tunisiakoa, eta 1909an ingelesezko bertsioa argitaratu zen lehenengoz[1].

Lehen Mundu Gerrako etenaldia eta gero, 1920ko hamarkadan, Michelin Gida Bibendum panpina bailitzan gizendu zen. Doakoa izateari utzi zion eta orri kopurua handituz joan zen, informazio atalekin batera. Gaua non eman, non bazkaldu edo afaldu... Hotelak agertzen hasi ziren eta, jakina, jatetxeak. 1926an Michelin anaiek pentsatu zuten jatetxeak gomendatzeko erraz ulertuko zen sistema sinbolikoa behar zutela eta horretarako izarrak erabiltzea erabaki zuten. Baina hiru izarren sistema ezaguna ez zuten 1931 arte finkatu. Azkenik, 1936an, izarren esanahia definitu zuten[1]:

  • Izar bat: oso jatetxe ona bere kategorian.
  • Bi izar: sukaldaritza bikaina, desbideratzea merezi du.
  • Hiru izar: sukaldaritza onenetakoa, bidaia horregatik bakarrik egitea merezi du.

Izarren itzalean, beste mito bat sortu zen: jatetxeen maila balioesteaz arduratzen diren ikaskariak. 2009an The New Yorker aldizkariak Michelin Gidaren ikuskariei buruzko erreportajea argitaratu zuen: “Michelinek ahalegin izugarria egin du ikuskarien anonimotasunari eusteko. Enpresaren goi kargu gehienek ez dute sekula ikuskaririk aurrez aurre ezagutu: ingurukoekin eta senitartekoekin lanbideaz ez hitz egiteko gomendatzen diete; eta Michelinek ez die sekula baimenik eman kazetariekin hitz egiteko”[1].

Euskal Herriko jatetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean Euskal Herriko hiru jatetxek hiru izarrak lortu zituzten: Donostiako Akelarre eta Arzak eta Lasarte-Oriako Martin Berasategi hain zuzen ere.

Hego Euskal Herrian, Araban izarra lortu duten jatetxe bi dituzte, biak Gasteizen. Bizkaian sei jatetxek dute izar bat edo gehiago, horietatik bi Bilbon. Gipuzkoan, berriz, bederatzi jatetxe daude, horietatik bost Donostian. Azkenekoz, Nafarroak hiru jatetxe ditu, bat Iruñean dagoena.

Donibane Garazin dagoen Les Pyrénées jatetxeak, Firmin Arranbidek zuzenduta, 1985ean bere bigarren izar lortu zuen, 2000. urtean galdu eta 2008an berreskuratu zuen. 2008an ere Michelin izar bakarra mantendu zuen Baionako Jean-Claude Telletxea sukaldariak, Cheval Blanc ostatuko nagusiak eta Miarritzeko bi ostatuk beren Michelin izarra galdu zuten[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Michelin Gida Aldatu lotura Wikidatan