Mitokondrio

Wikipedia, Entziklopedia askea
85.87.175.218 (eztabaida)(r)en berrikusketa, ordua: 17:27, 27 urtarrila 2016
Animalia zelula tipikoaren eskema, osagai azpizelularrak erakusten. Organuluak:
(1) nukleoloa
(2) nukleoa
(3) erribosoma (puntu txikiak)
(4) besikula
(5) erretikulu endoplasmatiko latza
(6) Golgiren aparatua
(7) zitoeskeletoa
(8) erretikulu endoplasmatiko leuna
(9) mitokondrioak
(10) bakuoloa
(11) zitoplasma
(12) lisosoma
(13) zentrioloak zentrosoman
Bi mitokondrio mikroskopio elektronikoan ikusita

Mitokondrioak zelula eukariotoetan dauden organuluak dira, biribilduak ala baba itxurakoak, zelularen energia-beharrak asetzen dituztenak. Izan ere, mitokondrioetan ATP sintetizatzen da, energia-eramailea den molekularik garrantzitsuena. Prokariotoek ez dute mitokondriorik.

1-7 μ luze dira, eta 0,3-1 μ zabal. Mikroskopio optikoarekin ez dira ondo ikusten, eta beren egitura zehatza aztertzeko mikroskopio elektronikoa erabiltzen da. Haien kopurua oso aldakorra da zelularen arabera, baina animalia-zelula gehienek 500 inguru dituzte. Mitokondrio multzoari kondrioma deritzo.

Egitura

Mitokondrioaren egitura:
1) Barneko mintza
2) Kanpoko mintza
3) Mitokondrio-gandorrak
4) Matrizea

Mitokondrioek bi mintz dituzte: kanpokoa eta barnekoa. Kanpoko mintza, zelula mintza ez bezala, nahikoa iragazkorra da, eta ioi eta molekula organiko txikiei pasatzen uzten die (baita mitokondrio barnean ekoizten den ATPari ere). Barneko mintzak tolesturak ditu, gandor mitokondrialak izenekoak; hauetan daude ATParen sintesian parte hartzen duten entzimak.

Mitokondrioen matrizea barneko mintzaren barruan geratzen den espazioa da, egitura likidoa duena. DNA, RNA eta erribosomak dauzka, bakterioek dutenen oso antzekoak. Azido nukleiko horiei esker mitokondrioa gai da proteina batzuk bere kabuz sintetizatzeko, gaitasun hori duen zelula-organulu bakarra izanik.

Funtzioak

Mitokondrioak zelularen energia sortzaileak dira, zelulak behar duen ATPa ekoizten dutelako.

Mitokondrioek oxidazio aerobikoaren zenbait prozesu burutzen dute: Krebs zikloa eta arnas katea eta fosforilazio oxidatiboa (ATP sortzen duena). Krebs zikloa matrizean burutzen da eta fosforilazio oxidatiboa gandor mitokondrialetan.

Gantz azidoen beta oxidazioa mitokondrioetan ere burutzen da.

Mitokondrioen jatorria

Mitokondrioek berezko DNA edukitzeak (eta berezko proteinak sortzeak) zientzialariei pentsarazi zien organulu horiek garai batean autonomoak zirela. Teoria horren arabera, mitokondrioak eboluzioaren bitartez zelula eukarioto barnean bizitzera moldatutako bakterioak izango lirateke. Sinbiosi bat eratuko litzateke mitokondrioa eta zelularen artean, zeinean bakterio sartu berriak (mitokondrioak) energia (ATP) emango lioke zelulari, eta honek ingurugiro egonkorra eta elikagaiak mitokondrioari.

Teoria endosinbiotiko honen aldeko argudioak badaude:

  • mitokondrioek prokarioto handien tamaina dute
  • mitokondrioen erribosomak eta bakterioarenak ia berdinak dira
  • mitokondrioen DNA biribila da, bakterioen antzekoa
  • gandor mitokondrialek eta bakterioen mesosomek antzeko egitura dute
  • mitokondrioek autonomia genetikoa dute.

Ikus, gainera