Omeiatarren meskita

Koordenatuak: 33°30′41″N 36°18′24″E / 33.5114°N 36.3067°E / 33.5114; 36.3067
Wikipedia, Entziklopedia askea
Omeiatarren meskita
جامع بني أمية الكبير
Ancient City of Damascus
Kokapena
Herrialdea Siria
Siriako muhafazahDamasko eskualdea
HiriaDamasko
Koordenatuak33°30′41″N 36°18′24″E / 33.5114°N 36.3067°E / 33.5114; 36.3067
Map
Historia eta erabilera
Irekiera706
Erlijioaislama
IzenaJoanes Bataiatzailea
Erabilerameskita
Arkitektura
Materiala(k)haitzurdina eta harria
EstiloaUmayyad architecture (en) Itzuli
Dimentsioak50 (zabalera) × 125 (luzera) m
Ondarea

Omeiatarren meskita edo Damaskoko Meskita Handia (arabieraz: جامع بني أمية الكبير‎, Ğām' Banī 'Umayya al-Kabīr), lehen San Joan Bataiatzailearen basilika (grezieraz: Βασιλική του Αγίου Ιωάννη του Βαπτιστή, Vasilikí tou Agíou Ioánni tou Vaptistí), Damaskoko antzinako hiriko meskita da, munduko handienetariko eta zaharrenetariko bat dena. Islamaren laugarren lekurik sakratuena da[1].

634an arabiarrek hiria konkistatu zutenean, Konstantino I.a Handiaren garaian eraturiko basilika kristauaren lekuan meskita eraiki zuten. Meskitak oraindik Joan Bataiatzailearen burua mantentzen du, kristauek zein musulmanek profetatzat hartzen dutena, eta baita munduaren bukaeran Isa itzuliko den lekua ere. Saladinaren hilobia meskitako iparraldeko harresiaren ondoan dagoen lorategi batean dago.

Omeiatarren meskitan lehen aldiz erabili zuten mihraba, eta baita qibla markatzen duen nitxoa. Meskita hau eredu bihurtu zen gero eraiki ziren meskitentzat: qiblaren hormarekiko paraleloak diren hiru nabe estali eta kanpoan patioa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islamaren aurreko etapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eremu hau sakratua izan da Burdin Arotik. Damasko hiria Aram-Damasko estatu aramearraren hiriburua izan zen, eta Hadad jainkoari eskainitako tenplu bat zeukan gaur egun omeiatarren meskita dagoen lekuan. Garai honetako harri bat, Hazael erregearen garaikoa, Damaskoko Museo Nazionalean dago.[2]

Erromatarrek hiri konkistatzean, 64. urtean, tenplua berrantolatu eta handitzeko eskatu zioten Apolodoro arkitektoari. Hadaden tenplua Jupiterren tenplu bihurtu zuten. [2]

Hurrengo urteetan tenpluari hainbat elementu gehitu zitzaizkion, herriko aberatsek egindako dohaintzei esker. [2]

391an Jupiterren tenplua katedral bihurtu zen, Teodosio enperadorearen eraginez. VI. mendetik aurrera San Juan Bautistari dedikatu zitzaion katedrala. Izan ere, haren burua katedral hartan lurperatua zegoela esaten zuten.[3]

Omeiatar meskita[aldatu | aldatu iturburu kodea]

634an musulmanek Damasko konkistatu zuten, Jalid ibn al-Waliden gidaritzapean. 661. urtean omeiatarrek hartu zuten boterea, eta Damasko aukeratu zuten musulmanen hiriburu izateko. Omeiatarren seigarren kalifa, al-Walid Ia (705-711), meskita eraikitzen hasi zen aurretik katedral bizantziarra zegoen lekuan. Aipagarria da hau gertatu aurretik katedralaren barruan otoitzerako leku bat zegoela musulmanentzat.

Meskita eraikitzeko, aurreko katedralaren zati gehienak suntsitu zituzten. Arkitektoak elizaren zutabeak eta arkuak berrerabili zituen. Ordainetan, hiriko beste elizak kristauei itzuli zitzaizkien. Meskita berria Mekara begira eraiki zuten.[4][5]

Ibn al-Faqih historialari persiarrak X. mendean idatzi zuenez, meskita hau eraikitzeko 600.000 eta milioi bat dinar artean erabili zituzten. Eraikuntza lanetan hainbat jatorritako artisauak aritu ziren: koptoak, persiarrak, indiarrak, greziarrak eta marokoarrak. Guztira, 12.000 pertsonako lantaldea. Bizantziar artisauek mosaikoak egin zituzten, oraindik ikusgai daudenak. Hauetan, paisaiak eta antzinate berantiarreko eraikinak ageri dira, Ibn al-Faqihren esanetan, obrako langileek zulo-kapera bat aurkitu zuten, eta han omen zegoen Juan Bataiatzailearen burua. Al-Walidek agindu omen zuen marmolez egindako zutabe baten azpian lurperatzeko. [6][7]

Abbastar eta fatimatar kalifa-herriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

750ean omeiatarrek boterea galdu zuten eta abbastarrak heldu ziren agintera. Hauek hiriburua aldatu zuten, Damaskotik Bagdadera. Abastarrek omeiatarren sinbolo guztiak kendu zituzten Damaskon. 780an Erlojuaren Kupula eraiki zuten meskitako ekialdeko aldean, al-Fadl ibn Salih ibn Ali gobernadorearen aginduz. Bederatzi urte beranduago, Altxorraren Kupula eraiki zuten. IX. mendeko arabiar geografoa zen al-Muqaddasik idatzi zuenez, abastarrek iparraldeko minaretea eraiki zuten 831an, al-Mamun kalifaren agintaldian, eta hau izan omen zen omeiatarren inskripzioak meskitatik kendu zituena.[2]

X. mendearen hasieran erloju erraldoi bat ezarri zuten mendebaldeko horman. Itxura denez, XII. mendean kendu zuten.

970. urtean fatimatarrek konkistatu zuten hiria. Meskita sunien zentro intelektuala bihurtu zen, nahiz eta fatimatarrak xiiak ziren. 1069an meskitak su hartu zuen, han zeuden berbere ftimatarrek eragindako sute baten ondorioz.[2]

Seljuktarrak eta ayyubtarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seljuktarren inperioak 1078an eskuratu zuen hiria eta abbastarren boterea berrezarri zuen. Garai hartan hainbat konponketa egin ziren eraikinean. Nur ad-Din Zangiren agintaldian bigarren erloju monumental bat eraiki zuten, XIV. mendera arte iraun zuena. Saladino eta haren ondorengo asko meskita honetan lurperatu zituzten.[2]

Mamelukoen gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mongoliarrek, gurutzatuen laguntzaz, Damasko konkistatu zuten 1260an. Dena dela, mamelukoek urte hartan bertan kendu zieten hiria. 1270ean Baibars sultanak meskita konpontzea agindu zuen, batez ere hango marmolak, mosaikoak eta doratuak. Mamelukoen Bahri dinastiak behin eta berriz egin zituen konponketak eraikinean. Ibn al-Shatir astronomo arabiarrak meskita honetan lan egin zuen 1332tik 1376ra arte eta Eguzki erloju handi bat eraiki zuen iparraldeko minaretean.[8]

1400. urtean Tamerlan mongoliarrak Damasko sakeatu zuen eta hiria erre zuen. Meskita suntsitu egin zen: ekialdeko minaretea eta erdiko kupula apurtu egin ziren. 1488an beste minarete bat eraiki zuten hego-mendebaldean.[9][10]

Otomandarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1516an otomandarrek Damasko konkistatu zuten eta mamelukoak kanporatu zituzten. 1661etik aurrera Abd al-Ghani al-Nabusi jakintsuak meskita honetan irakatsi zuen. [11][12]

1893ko sutean mosaikoak eta marmolak erre ziren beste behin, eta erdiko kupula erori egin zen. Otomandarrek goitik behera eraberritu zuten meskita, nahiz eta jatorriko estruktura mantendu zuten.[3]

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meskita 1929an (Siriako Frantziar Agintean), 1954an eta 1963an errestauratu zuten.[3] 1980 eta 1990 hamarkadetan Hafez al-Assad presidenteak meskitaren eraberritze handi bat agindu zuen. Unescok errestaurazio metodoak kritikatu zituen.

2001ean Juan Pablo II.a aita santuak meskita bisitatu zuen Juan Bataiatzailearen erlikiak ikusteko. Hori egin zuen lehen aita santua izan zen.[13]

2011an hasi zen gerra zibileko lehen protestak meskita honen kanpoaldean izan ziren.[14]

Omeiatar meskitako patioa
Omeiatar meskitako patioa

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jupiterren tenplu zaharraren aztarnak

Kanpoko hormek aramear eta erromatar garaiko tenpluan dute jatorria. Horma horietan greziar jatorriko apaingarriak ikus daitezke. Mendebaldeko zutabe batzuk ere ondo gorde dira.

Meskitaren neurriak 157 x 97 metro dira. Bere formak basilika katoliko bat gogora arazten du. Antzinako arkitektura islamikoaren adibide nagusienetako bat da. Harriz egina dago, lau ate ditu, kupula bat eta hiru minarete, bakoitza estilo batekoa.

Otoitzerako gela zabal bat dauka, arkuz apaindua. Nabe zentralak mihrabera eramaten du. Albo batean Juan Bataiatzailearen santutegia dago. Patioan hiru eraikin txiki daude: altxorrarena, erlojuena eta iturriarena. Zutabe asko erromatar garaikoak dira eta berrerabilita daude.

Meskita mosaikoz apainduta dago. Hauek bizantziar maisuek egin zituzten.

Areto batean Huseinen burua gordetzen duen hilkutxa bat dago. Hau Mahomaren biloba zen, eta bere mausoleoa xiiten erromesaldi leku garrantzitsua da.

Meskitaren alboan, iparraldeko horman, lorategi batek inguratuta, Saladinoren mausoleoa dago.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hitti, Phillip K.. (2002ko urria). History of Syria: Including Lebanon and Palestine. Piscataway, NJ: Gorgias Press LLC, 514 or. ISBN 9781931956604..[Betiko hautsitako esteka]
  2. a b c d e f Burns, Ross. (2005). Damascus : a history. Routledge. ISBN 0-415-27105-3. OCLC 55067557.
  3. a b c Darke, Diana. (2010). Syria (2nd ed edición). Bradt Travel Guides. ISBN 978-1-84162-314-6. OCLC 501398372. Consultado el 16 de agosto de 2020.
  4. Flood, Finbarr Barry. (2001). The Great Mosque of Damascus : studies on the makings of an Umayyad visual culture. Brill. ISBN 90-04-11638-9. OCLC 44172869.
  5. «UMAYYAD MOSQUE in Damascus, Syria» www.ne.jp (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  6. Le Strange, G. (Guy) (1890). Palestine under the Moslems; a description of Syria and the Holy Land from A.D. 650 to 1500. Translated from the works of the mediaeval Arab geographers. London A.P. Watt.
  7. Wolff, Richard, 1927- (2007). The popular encyclopedia of world religions. Harvest House Publishers. ISBN 978-0-7369-2007-0. OCLC 81860604.
  8. Winter, Michael, 1934-; Levanoni, Amalia. (2004). The Mamluks in Egyptian and Syrian politics and society. Brill. ISBN 1-4237-1183-1. OCLC 191934771.
  9. Selin, Helaine, 1946- (1997). Encyclopaedia of the history of science, technology, and medicine in non-western cultures. Kluwer Academic. ISBN 0-7923-4066-3. OCLC 35627522.
  10. Ring, Trudy.; Salkin, Robert M., 1965-; La Boda, Sharon. (1994-1996). International dictionary of historic places. Fitzroy Dearborn Publishers. ISBN 1-884964-05-2. OCLC 31045650.
  11. Leeuwen, Richard van. (1999). Waqfs and urban structures : the case of Ottoman Damascus. Brill. ISBN 90-04-11299-5. OCLC 40979936.
  12. Dumper, Michael.; Stanley, Bruce E. (2007). Cities of the Middle East and North Africa : a historical encyclopedia. ABC-CLIO. ISBN 978-1-57607-920-1. OCLC 80014324.
  13. (Ingelesez) Inside the Umayyad mosque. 2001-05-06 (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  14. (Ingelesez) «Syria unrest: New protests erupt across country» BBC News 2011-04-01 (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]