Pentsamendu eboluzionistaren historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Gizakiak betitik jakin nahi izan du nondik datorren, besteak beste. Zergatik? Bada, zer garen eta norantz goazen jakiteko, funtsezkoa delako gure jatorria ezagutzea. Eboluzionismoa izan da kezka horren erantzunetako bat, eta jakina denez, eboluzionismoa eta fixismoa aurrez aurre egon ziren.

Fixismoa George Cuvier (1769.1832) naturalistak proposatu zuen. Teoria horren arabera, espezie guztiak independenteak dira, eta sortu zirenetik bere horretan iraun dute, inolako aldaketarik gabe.

Fixismoaren beste muturrean eboluzionismoa dugu. Teoria horrek dioenez, unibertsoa eta bizi mota guztiak nolabaiteko garapenaren emaitza dira, eta espezie-aniztasuna, berriz, aldaketaren eta egokitzapenaren ondorioa.

Eboluzionismoa XIX. mendean hedatu zen, baina teoria horren oinarriak XVIII. mendean hasi ziren finkatzen, transformismoaren bitartez. Buffongo konde Leclerc-ek (1707-1788) eman zituen lehen urratsak transformismoaren alde, baina Moreau de Maupertuis-ek (1698-1759) hedatu zuen benetan. Transformismoaren arabera, lehen espezieak transformatu egin ziren denboran zehar, eta horrela beste espezie batzuk sortu ziren.

Hona hemen teoria eboluzionista nagusiak:

Lamarckismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eboluzio biologikoaren lehenengo teoria globala da lamarckismoa. 1809an argitaratutako Filosofia zoologikoa lanean azaldu zuen Jean Baptiste de Monet (1744-1829) frantses naturalistak; hots, Lamarckeko zaldunak.

  Hauexek dira Lamarcken teoriaren oinarriak:

-Pixkanakako progresioa dago organismo sinpleetatik konplexuetaraino.
-Pixkanako aldaketa horiek ingurunera moldatzeko premiaren ondorio dira: espezieak organo batzuk erabiltzen hasten dira, eta beste batzuk erabiltzeari uzten diote.
-Erabiltzearen erabiltzeaz, organoak garatu eta perfekzionatu egiten dira. Hortik dator, hain zuzen, baieztapen ezagun hau:"zer funtzio bete behar duen, horrelakoa izango da horganoa"
-Prozesu horren bidez geureganatutako karaktereak heredatu egiten dira, ingurumena moldatzeko arazorik izan ez dezagun. Jirafek, adibidez, oso lepo luzea dute. Zergatik? Bada, belaundiz belaunaldi luzatzen joan delako, zuhaitzen hostoetara hobeto iristeko.

Lamarckek ezin izan zuen frogatu geureganatutako karaktereak heredatu egiten direnik. Baina, hala eta guztiz ere, haren tesiak interesgarriak izan ziren oso, eta proposamen eboluzionistari bidea ireki zioten.

Darwinismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1858an, Galapagos uharteetara eta Hego Amerikara bidaiatu ondoren, Charles Darwinek (1809-1882) eta Alfred Russel Wallace-k(1823-1913) eboluzioari buruzko beste teoria bat azaldu zuten Londresen. Bidaia hartan egindako behaketak oinarri hartuz sortu zuten teoria berria.

Darwinen arabera, bizirik irauteko borroka sortzen da espezieen artean, izaki bizidunak ugariagoak baitira baliabideak baino. Eta hautespen naturala da borroka horren ondorioa. Horrela, espezierik gogorrenek egiten dute beti aurrera; hau da, ingurinera moldatzeko gaitasunik handiena dutenek. Behar beste moldatzeko gai ez direnak hil egiten dira, eta gai direnen ezaugarriak, berriz, ondorengoarengana igarotzen dira.

Lamarcken teoria baztertuta geratu zen, horrela. Baina Darwinek ez zuen, haatik, eboluzioaren mekanimoa zehatz-mehatz azaltzerik lortu. Nola trasmititzen dira aldaketa horiek? Nola gertatzen da herentzia biologikoa? Horri buruzko teoria Gregor Mendel-ek(1822-1884) landu zuen, geroago, bere monasterioko lorategian ilarrekin hainbat esperimentu egin ondoren.

Mutazionismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendelen lanari esker, XIX. mendearen bigarren erdiko eta XX.mendearen hasierako azterketa genetikoek mutazionismoari eman zioten bidea. Teoria hark zioenez, eboluzio-prozesua mutazioen araberakoa izaten da.

1901 inguruan, Hugo de Vries-ek (1848-1935) bi aldaketa mora bereizi zituen: modifikazioak eta mutazioak. Modifikazioak ingurugiroko-aldaketek eragiten dituzte eta ez dira heredatzen. Mutazioak, berriz, izaki bizidunen geneetan sortutako aldaketak dira eta herentziaz jasotzen ditugu. Dena den, teoria haren arabera, mutazioak halabeharraren emaitza izan ohi dira eta, beraz, ez dira beti onerako izaten.

Teoria sintetikoa edo neodarwinismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautespen naturalaren aldekoak eta mutazioaren defendatzaileak aurrez aurre aritu ondoren, teoria sintetikoa sortu zen bi ikuspegi horietatik. Th. Dobzhansky-k eman zuen teoria sintetikoaren berri, Genetika eta espezieen jatorria lanean (1937). Hurrengo urteetan, teoria sintetikoa lantzeari ekin zitzaion, zoologiako, paleontologiako, botanikako eta biologia molekularreko datuen bidez. Azterlan horietan, bi ildoen oinarriak uztartzea zuten helburu, eboluzio-prozesuaren nondik norakoak argitzen saiatzeko: Darwinen hautespen naturalaren oinarriak eta mutazioaren oinarri genetikoak.

Teoria sintetikoaren arabera, mutazioak izaten dira organismoetan halabeharrez gertatu eta gero heredatu egiten diren aldaketen eragileak. Hautespen naturala, berrizm eboluzioaren oinarri dugu: baliagarriak ez diren aldaketak desagertu egiten dira, eta ongien moldatutako izakiek irauten dute bizirik.

Biologiaren ikuspegitik, beraz, espezieen eboluzioa errealitate dudaezina da, baina oraindik ez dago garbi zer mekanismoaren bidez gertatzen den