Roberto I.a Eskoziakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Roberto I.a Eskoziakoa
Roberto I.a Eskoziakoa

1306 – 1329
Aurrekoa Joanes Balliol
Ondorengoa David II.a

Jaiotza 1274ko uztailaren 11a[1]
Turnberry, Ayrshire[2]
Heriotza 1329ko ekainaren 7a
Cardross
Ezkontidea i) Elisabet Markoa
ii) Elisabet Burghkoa

Roberto I.a Eskoziakoa (Turnberry, Ayrshire, 1274ko uztailaren 11 – Cardross, 1329ko ekainaren 7a), ingelesez Robert the Bruce izenaz ezaguna, (erdi aroko gaeleraz: Roibert a Briuis; egungo Eskoziako gaelera: Raibeart Bruis; anglo-normandieraz: Robert de Brus edo Robert de Bruys) Eskoziako erregea izan zen 1306tik 1329an hil arte.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robertok Robert de Brus, Annandaleko 6. Jauna (1243-1304) eta Marjorie, Carrickeko kondesa, (1256-1292) izan zituen gurasoak[3]. Amaren partez Carrickeko konderria eta aitaren partez erregeen leinua hartu zituen oinordetzan.

Beste zenbait klan entzutetsu bezalaxe, Bruce edo Brus leinua ez zen jatorriz eskoziarra, Flandriakoa baizik. Dirudienez, Karlomagnoren ondorengo ziren, horietako bat Brujasko agintari bilakatu zelarik, hortik leinuaren izena (Robert de Bruges).[4][5] Roberto jaio baina apenas ehun eta berrogeita hamar bat urte lehenago iritsi ziren leinu horretakoak Eskoziara Frantziako Normandia eskualdetik eta Ingalaterratik barrena, aipatu azken erreinu horretako familia aristokratikoetako bat izan eta gero. Robert izena oso ohikoa zen familia horretan.

Flandrian, Normandian eta Ingalaterran dexenteko boterea erdietsi baldin bazuten, Eskozian are gorago iritsiko ziren, bertako Errege Familiarekin senidetzea lortu baitzuten Robert de Brus, Annandaleko 4. jauna, Gilen Lehoia Eskoziako erregearen iloba zen Isabel Huntingdon-ekin ezkontzean 1219an.[6][7] Ahaidetasun horretan oinarritu zen honen seme eta Robertoren aitona izan zen Robert de Brus, Annandaleko 5. jauna, Eskoziako tronua eskatzeko 1290-1292 urteetan eta gerora Robertok berak ere halaxe egingo zuen, baita lortu ere.[8][9][10] Amaren leinua berriz bai zela izatez eskoziarra (gaela).

Bere jatorri anitzaren ondorioz, Robertok hiru hizkuntza ikasi eta menderatu zituen: Gaelikoa, Scots delakoa eta Anglo-normandiera (Frantsesaren antzekoa, Ingalaterrako handikiek erabiltzen zutena).[11]

1296ko abuztuan Berwick-upon-Tweedn, Roberto eta aitak Eduardo I.a Ingalaterrakoari leialtasuna zin egin bazioten ere, Robertok eskoziarren matxinada lagundu zuen hurrengo urtean. Hasieran bi bandoen artean egon zen: Stirlingeko zubiko guduan ez zegoen eskoziarrekin bat, baina William Wallace Falkirkeko guduan galdu ondoren Eskoziako zaindari edo erregoerde bihurtu zen.

1303an, Eduardo I.a Ingalaterrakoak Eskozia inbaditu zuen Edinburgo mendean hartuz. Eskoziako buruzagiek, William Wallace izan ezik, amore eman zuten. 1304an itun sekretua sinatu zuen William Lambertonekin elkar laguntzeko. 1305ean Glasgow inguruan, William Wallace harrapatu eta urkatu zuten.

Robert the Brucek, Carrickko dukea eta Annandaleko zazpigarren jauna izanik, Eskozian lur zabalak izan ez ezik Ingalaterran ere onibarrak eta lur txikiak zituen. Hala ere, orduko noblerik poteretsuena Joanes Comyn izan zen. Brucek Comyn hil zuen Dumfriesen[12] eta horrexegatik eskumikatu zuten[13]. Orduan aukera bi besterik ez zituen: erregea ala iheslaria izatea.

Zazpi aste beranduago Sconen, Bruce Eskoziako errege izendatu zioten Robert Wishartek ingelesen eskuetatik at mantendutako jantziak eta ikurrekin. Hantxe zeuden St. Andrews, Moray eta Glasgoweko gotzainak eta baita Atholl, Menteith, Lennox eta Marreko kondeak[14].

1306an Eduardo I.a Ingalaterrakoak Methvengo guduan irabazi zuen Roberto eta honek ihes egin behar zuen uharteetara.[15]

Hurrengo urteko uztailaren 7an Ingalaterrako erregea hil eta Eduardo II.a bihurtu zen errege berri. Robertok gerrilla guda hasi zuen eta Glen Troolen eta Loudon muinoan guduak irabazi ez ezik Inverlochy, Urquhart, Inverness eta Nairn gazteluak ere lortu zituen. Comyn leinuaren aurka ere aritu zuen Argyllen[16].

Hurrengo urteetan garaipen ugari izan zituen: Linlithgow 1310ean, Dumbarton 1311an edo Perth 1312an. 1314ko udaberrian, Eduardo Brucek Stirlingeko gaztelua setiatu eta lortu zuen.

Azkenekoz, zortzi urte gerran egon ondoren, Ingalaterraren eskuetatik aske izatea lortu zuen 1314an Bannockburngo gudua irabazi ondoren. Segituan Yorkshire eta Lancashire eraso zuen espedizioa burutu zuen.

1315ean Irlanda inbaditu zuen, eta hangoek errege izendatu zuten 1316an. Robertok "Eskotia Handi pan-gaelikoa" proposatu zuen orduan. Irlandako buruzagiei nostra nacio (gure aberria) ideia proposatu zien, eskoziarrak eta irlandarrak elkartzen zituzten hizkuntza (gaelera), ohiturak eta kultura ondareak nabarmenduta. Ulsterren arrakasta izan arren, ideia berria ez zen irlandarren gogokoa izan, hegoaldekoentzat eskoziarrak beste inbaditzaile batzuk baizik ez zirelako.[17]

Ondorengoa David II.a izan zuen. Marjorie arrebak Walter Stewart ezkondu eta Roberto II.a izan zuten semea, Stewart leinuaren sortzailea eta Eskozia eta Erresuma Batuko errege guztien arbasoa[18].

Zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1995eko Braveheart filmean Angus Macfadyen eskoziarrak antzeztu zuen Roberto. Filmean Falkirken ingelesen alde agertzen bazen ere, ez zuen inoiz William Wallace saldu. Era berean, filmean Wallace Robertoren jarraitzailetzat hartu arren, Wallace benetan Balliolen aldekoa izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. King Robert the Bruce By A. F. Murison
  2. Robert The Bruce. Publisher: Heinemann. ISBN 0-431-05883-0
  3. Magna Carta Ancestry: A Study in Colonial and Medieval Families By Douglas Richardson, Kimball G. Everingham
  4. Robert the Bruce and His Flemish Antecedents By Dr. Paul Belien,The Flemish American
  5. The rise of the Flemish families in Scotland, The Seton Family Website
  6. Bruce Clan History. Scottish Clans, Tartans, Kilts, Crests and Gifts, Scotclans
  7. Bruce Clan History: Bruce family information, Scotweb Information Centre
  8. Bruce Clan History. Scottish Clans, Tartans, Kilts, Crests and Gifts, Scotclans
  9. Robert the Bruce, BBC History
  10. Robert the Bruce, BBC History. Scottish History
  11. Robert the Bruce, BBC History. Scottish History
  12. http://www.undiscoveredscotland.co.uk/dumfries/dumfries/
  13. "The History Channel" telebistaren dokumentala 2006ko maiatzaren 17a
  14. Scott, Robert the Bruce, 75. orr.
  15. Scott, Robert the Bruce, 84-85. orr.
  16.   Barrow, Geoffrey Wallis Stuart (2005), Robert Bruce : and the community of the realm of Scotland (4. argitaraldia), Edinburgh University Press, ISBN 0748620222 .
  17. Connachteko Urtekariak
  18. Lauder-Frost, Gregory, FSA Scot., Some Descendants of Robert the Bruce, The Scottish Genealogist, LI Liburukia, 2. zbk, 2004ko ekaina: 49-58, ISSN 0300-337X

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Roberto I.a Eskoziakoa


Aurrekoa
Joanes Eskoziakoa
Eskoziako erregea
13061329
Ondorengoa
David II.a Eskoziakoa