Edukira joan

Sápmi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sapmi» orritik birbideratua)
Artikulu hau samien jatorrizko lurraldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Laponia (argipena)».
Laponia
Sameland
Lappland
Lappi
Лапланди

LocationSapmi.png
Geografia
HiriburuaKarasjok, Kiruna, Inari
67°54′0″N 18°31′12″E
Azalera388.350
KontinenteaEuropa
Administrazioa
Demografia
Biztanleria2.000.000
Dentsitatea5,15 bizt/km²
Bestelako informazioa

Sápmi (baita Lappia, Laponia eta Saamilandia ere) samiak tradizionalki bizi diren lurraldeari ematen zaion izena da.

Zirkulu polar artikoaren barnean dago Laponia. Norvegiako (Finnmark, Troms eta Norland), Suediako (Norrbotten eta Västerbotten), eta Finlandiako (Lappi) iparraldean eta Errusiako ipar-mendebaldean (Murmansk, Kolako penintsula) dago, Norvegiako itsasoaren (mendebaldean), Barents itsasoaren (iparraldean) eta Itsaso Zuriaren (ekialdean) artean. Hegoaldetik Laponiak ez du muga zehatzik, baina ipar latitudeko 66°-ko marraren inguruan jarri ohi da. 388.000 km2 inguru. Hirigune nagusiak: Kemi, Rovaniemi eta Törnio Finlandian; Gällivare, Jokkmokk, Karesuando eta Jukkasjärvi Suedian, eta Karasjok Norvegian. 40.000 laponiar inguru bizi dira gaur egun lurralde horretan, 24.000 mila Norvegia aldean, 10.000 Suedia aldean, 3.000 Finlandia aldean eta 2.000 Kola penintsulan.

Eskandinaviako mendiak zabaltzen dira mendebaldean eta fiordo eta uharte txiki ugari daude itsasertzean. Lur beheragoak, aintzirak (Inari aintzira, 1.085 km2) eta uharte txiki asko daude ekialdean. Tundrako landaredia da nagusi, eta ler edo pinudiak daude hegoaldean.

Tenperatura hotza da oso (-21,1 °C neguan eta 10,8 °C udan, Karesuandon) eta ur-biltegi guztiak izozten dira azaroaren eta maiatzaren artean. Neguko sei-zazpi astetan ez du eguzkirik ateratzen batere.

Elur-oreinen ustiakuntza da egun ere laponiar erdinomaden ekonomia-jarduera nagusia (500.000 buru inguru). Laborantza pobrea da (patata). Basoak Finlandia aldean ustiatzen dira batez ere (pinua) eta burdin hobi guztiz garrantzitsuak daude Kirkenes (Norvegia), Kiruna (Suedia) eta Porkonen (Finlandia) aldean. Arrantzak badu garrantzia, baina molde tradizionaletara atxikia dago egun ere.

K.a. I. mendetik daude gutxienez laponiarrak gaur dauden lurraldean. IX. mendean areagotu zen merkatari finlandiarren aldetik laponiarrekiko tratua, larru-salerosketa zela medio, eta XVI. mendean Suediako erresumaren eraginpean geratu zen lurraldea, Gustavo Vasak Laponiako kolonizazioa bultzatu ondoren. 1595. eta 1613. urteetako hitzarmenen arabera banatu zen lehenengoz Laponia, Danimarka, Suedia eta Errusiako erresumen artean; 1751n zehaztu zen Suediako eta Finlandiako Laponien arteko muga, eta 1826an Norvegiako eta Errusiako Laponien artekoa. 1940-1945. urteetan, alemaniar naziak jabetu ziren Laponiaz, eta herrigune gehienak erre zituzten finlandiar eta errusiar armadak lurraldea askatzeko zeudenean (1945). Berreraikitze-lanak berehala egin ziren, eta hiri berri ederrak sortu ziren Laponian, hala nola Rovaniemi.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]