Viktor Emanuel II.a Italiakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
2.36.168.18 (eztabaida)(r)en berrikusketa, ordua: 02:39, 20 martxoa 2016

Txantiloi:Agintari infotaula Viktor Emanuel II.a Italiakoa (Vittorio Emanuele Maria Alberto Eugenio Ferdinando Tommaso; Turin, Sardiniako Erresuma, 1820ko martxoaren 14a - Erroma, Italiako Erresuma, 1878ko urtarrilaren 9a) Piemonteko printzea, Savoiako dukea, Sardiniako azken erregea (1849-1861) eta Italiako lehenbizikoa (1861-1878) izan zen. Italian aberriaren aitatzat (italieraz: Padre della Patria) daukate.

Biografia

Karlos Alberto Sardiniakoa eta Maria Teresa Habsburgo-Toskanakoaren seme zaharrena zen. Austriaren aurkako gerran (1848-1849) parte hartu zuen. Porrotaren ostean aitak koroari uko egin zion eta 1849ko martxoaren 23an Viktor Emanuel Piemonte-Sardiniako errege bihurtu zen. Monarkia konstituzionala atxiki zuen, 1848ko Statuto Albertinoa errespetatuz. 1852an Camillo Benso Lehen Ministro izendatu zuen. 1859an, Frantziako enperadore Napoleon III.arekin elkar harturik, Austriaren aurkako beste gerra bat hasi zuen. Magenta eta Solferinoko garaipenen ondoren, Napoleon III.ak gerra geldiarazi zuen, Prusiak esku hartuko zuen beldurrez. Beraz, Sardiniako Erresumak Lombardia eskuratu arren, Venetok austriarren eskuetan jarraitu zuen. Horrez gain, jasotako laguntzaren ordainetan, Savoia eta Niza Frantziari eman behar izan zizkion[1].

Herrialde osoan Italiaren bateratzea lortu nahi zuten matxinada liberal eta nazionalistak sortu ziren. Parma, Modena eta Toskanan antolatutako plebiszituetan Piemonte-Sardiniarekin batzea erabaki zuten. Gauza bera erabaki zuen Boloniak 1860an, Aita Santuen Lurraldetik bereizirik. Aldi berean Giuseppe Garibaldiren Milen espedizioak (italieraz: Spedizione dei Mille) Bi Sizilietako Erresuma konkistatu zuen. Viktor Emanuelen armadak Aita Santuarena Castelfidardon (1860ko irailaren 18an) garaitu ostean, Markak eta Umbriak Piemontekin bat egin zuten. Jarraian Viktor Emanuelek hegoalderantz jo zuen. Elkarrizketa baten ondoren (Teanoko bilera, 1860ko urriaren 26a), Garibaldik Sizilia eta Napoli eman zizkion[1]. 1861eko martxoaren 17an Italia batuaren parlamentuak Italiako errege izandatu zuen. Erroma eta Veneto gelditu ziren batu gabe.

Venetok Austriaren mende jarraitu zuen 1866 arte. Urte horretako Austria-Prusia Gerran Viktor Emanuelek Prusiarekin elkartu eta Veneto bereganatzea lortu zuen. Aita Santuaren eskuetan eta Frantziaren babespean zegoen Erroma konkistatzeko, berriz, Frantzia-Prusia Gerraz (1870-1871) baliatu zen. Gerran Frantziako Bigarren Inperioak behea jo zuen, Aita Santua babesgabe utziz, eta 1870eko irailaren 20an erregeren osteak hirian sartu ziren. Anexioak Pio IX.a Aita Santuaren etsaigoa ekarri zion: eskumikatu zuen eta Estatu berriari zilegitasuna ukatu zion[1].

Erroman hil zen, 1878ko urtarrilaren 9an, eta Agriparen Panteoian ehortzi zuten. Humberto I.a izan zen bere oinordekoa.

Erreferentziak

  1. a b c Víctor Manuel II Biografias y vidas


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Viktor Emanuel II.a Italiakoa Aldatu lotura Wikidatan