Pio IX.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Pio IX.a[1] (latinez, Pius PP. IX), jaiotzez Giovanni Maria Mastai-Ferretti (Senigallia, Aita Santuen Lurraldea, gaur egungo Italia, 1793ko maiatzaren 13a - Erroma, 1878ko otsailaren 7a) Eliza Katolikoko Aita Santu izan zen 1846ko ekainaren 16tik bere heriotza egunera arte.

Pio IX.a

Haurtzaroa eta ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Girolamo Mastai-Ferretti kondearen eta Caterina Sollaziren bederatzigarren haurra izan zen. Gaztetan Aita Santuaren guardian sartu nahi izan zuen, baina epilepsia zeukanez ez zuen horretarako onarpena jaso. Horregatik, teologia ikasten hasi zen Erromako seminarioan. 1819ko apirilean apaiz izendatu zuten.

Hasieran, Erromako institutu bateko zuzendaritzan lan egin zuen, baina 1823-1825 bitartean Hego Amerikara bidali zuten Txile eta Peruko nuntzioaren laguntzaile. Garai hartan Eliza Hego Amerikako iraultzen aldaketetara egokitzen ari zen.

Erromara bueltan, San Michele ospitaleko zuzendari izendatu zuten, baita Santa Maria in Via Lata-ko kanonigo ere.

Gotzain eta Kardinal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

35 urte zituela Spoletoko artzapezpiku izendatu zuten. 1831ko iraultza saiakeran parte hartu zutenei amnistia eman zien, eta horrela herritarren artean liberal fama hartu zuen. Imolako gotzain izendatu zuten ondoren, eta 1839an kardinal.

Aita Santu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1846an Gregorio XIV.a hil zen; Italia osoa egoera ezegonkorrean zegoen. Kardinalak bi taldetan berizirik zeuden: kontserbadoreak eta liberalak. Lehenengoek Luigi Lambruschiniren alde egin zuten. Bigarrenak bereizirik zeuden Tommaso Pacuale Gizzi eta Mastai-Ferrattiren artean. Konklabearen bigarren egunean (ekainaren 16an) aukeratu zuten Mastai-Ferratti eta bere buruari Pio IX.a izena jarri zion. Izendapen hau bereziki txalotu zuten Europako talde liberalek.

Hasieran erabaki liberalak hartu zituen: preso politikoei amnistia eman zien eta sufragio zentsitarioz aukeratutako kontsulta ganbara bat jarri zuen. Kuriako talde batzuekin arazoak izan zituen bere erabaki berritzaileak zirela eta.

1848ko Iraultzan, Erromako herritarrek errepublika aldarrikatu zuten. Aita Santuak Gaetara ihes egin zuen monje mozorroturik, eta handik potentzia katolikoei (Austria, Espainia, Frantzia...) iraultzaileak geldiarazteko laguntza eskatu zien. Iraultza amaitu ondoren, hasierako asmo liberalak bertan behera utzi eta joera kontserbadoreagoa hartu zuen (juduak Getoan sarrarazi zituen berriz ere).

Italiako batasunaren aurkako jarrera agertu zuen behin eta berriz, Elizaren estatuen defentsa sutsua eginez. 1864an Quanta Cura entziklika eta Syllabus eranskina argitaratu zituen. Bertan, besteak beste, panteismoa, naturalismoa, nazionalismoa, sozialismoa, komunismoa, liberalismoa, biblismoa eta gizarte zibilaren autonomia gaitzetsi zituen. 1864an Andre Mariaren Sortze Garbia dogma aldarrikatu zuen. Horrez gain, 1869 eta 1870ean Vatikanoko I. Kontzilioa deitu zuen; bertan hartu zen erabaki garrantzitsuena Aita Santuaren okerrezintasuna izan zen. Eliza Katolikoaren antolaketa bertikala are sendoagoa bihurtu zen horrekin.

Italiak Elizaren estatuak bereganatu zituenean Saboyako Viktor Manuel erregea exkomikatu zuen, eta uko egin zion estatu berria onartzeari. Hori dela eta, bere bizitzako azken urteak Vatikanotik atera gabe igaro zituen, estatuak Elizaren lurrak nola konfiskatzen zituen ikusiz.

Liturjia alorrean, Eukaristia eta Penitentziaren garrantzia azpimarratu zituen, eta Jesusen Bihotzarekiko debozioa Eliza Katoliko osora zabaltzea lortu zuen.

Heriotza eta beatifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1878ko otsailaren 7an hil zen. Bere gorpua Vatikanotik San Lorentzoren basilikara zeramatela, antiklerikal talde batek hilotza Tiber ibaira botatzeko ahalegina egin zuen. Soldaduek eragotzi behar izan zuten ekintza hori.

Joan Paulo II.ak beatifikatu zuen 2000ko irailaren 3an. Bere ospakizuna otsailaren 7an egin ohi da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pio IX.a Aldatu lotura Wikidatan