Zohikatz

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zohikatza.
Zohikatz biltzaileak Westhayn (Somerset, Ingalaterra) 1905ean.
Falkland uharteetako biztanleak zohikatza ateratzen 1950eko hamarkadan.
Zohikatzez hornitutako sutegia.

Zohikatza landareen deskonposizio partzialaren emaitza den[1] gai arre iluna, harroa eta karbonoan aberatsa da. Jatorriaren arabera, ezaugarri fisiko eta kimiko aldakorrak izaten ditu. Landare desberdinek osa dezakete, baina ohikoenak Sphagnum familiako goroldio-espezieak dira[2]. Erregai eta ongarri organikoen ekoizpenean erabili ohi da, nahiz eta berez kalitate txikiko erregaia izan.

Banaketa geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko 175 herrialdetan aurki daitezke zohikaztegiak, tropikoetatik poloetaraino. 4 milioi km²ko azalera hartzen dute (515.000 km² Europan), hots, munduko lur-azaleraren %3a[3]. Munduko zohikatz-hobi zabalenak Ipar Amerika, Iparraldeko Asia, Ipar eta Erdialdeko Europa eta Indonesian daude[4].

Zohikatzaren eraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zohikatzaren eraketa landare-jatorriko materia hila harrikatz bihurtzeko prozesuaren lehen urratsa da. Zohikatz geruza trinkotu eta tenperatura handitzen bada, lignito bilakatuz joaten da. Denbora luzeago eta tenperatura handiagoetan, lignito ikatz azpibituminoso eta ikatz bituminoso bihurtzen da eta, zenbait baldintzetan, antrazita[5].

Prozesu hau ur ugaria eta oxigenazio urria duten hezeguneetan gertatzen da[1]. Lurzoruaren hezetasunak, pHak eta tenperaturak eragin zuzena dute zohikatzaren sorreran. Zohikaztegietan, uraren azidotasuna, tenperatura hotza eta oxigeno kontzentrazio txikia direla eta, mikrobioen jarduera oso murritza da, eta landare materialaren deskonposizioa oso geldoa. Urteak igaro hala, hainbat metrotako lodiera izan dezakeen metatze bat agertuz doa. Zenbait kalkuluen arabera, zohikatz geruza 0,5-1 mm loditzen da urtean[6].

Zohikaztegiak jatorri glaziarreko aintzira arroak dira, erabat deskonposatu gabeko landare materialez beteak. Klima hotzetan landare materiala oso geldiro usteltzen denez, zohikatza pilatu egiten da. Honi ur gezako zohikatza deitzen zaio. Baldintza hauetan histosol motako lurzorua sortzen da.


OSAKETA [7]
Karbonoa  %60
Hidrogenoa  %6
Oxigenoa  %31
Nitrogenoa  %2


Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zohikatzaren konposizio fisiko-kimikoa hainbat faktoreen mende dago, hala nola, landaredi mota, klima, lurzoruaren azidotasuna eta diagenesi maila. Zohikatz landugabea gai harroa, haritsua eta arina da. Kolorea, berriz, aldakorra du, marroi argitik beltzera, adina eta karbono edukiaren arabera. Zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta argiagoa da zohikatza, eta karbono edukiera txikiagoa. Eskuarki hiru mota nagusi bereizten dira[6]:

  • Zohikatz horiak, esfagnoen deskonposizio partzial eta berriaren emaitza dira. Oso haritsuak dira eta ur asko atxikitzen dute.
  • Zohikatz arreak horiak baino zaharragoak direnez gero, deskonposizioa aurreratuago dago. Zuntzekin batera zati xeheagoak dituzte. Ura atxikitzeko ahalmen txikiagoa dute.
  • Zohikatz beltzak zaharrenak eta mineralizatuenak dira. Ez dira haritsuak oretsuak baizik.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zohikatz gordina %98ko hezetasuna izatera iritsi daiteke. Behin idortuz gero, argindarra ekoizteko, etxeetako berokuntzan eta industrian, erregai gisa erabil daiteke. Munduan 17 milioi tona zohikatz kontsumitzen dira urtean energia ekoizteko. Ekoizle (eta kontsumitzaile) handienak Irlanda, Finlandia, Bielorrusia, Errusia, Suedia eta Ukraina dira[4].

Zohikatza lorategietan ere erabili ohi da, lurren ur atxikipen ahalmena hobetzeko. Gizakien azal tratamenduetan ere erabiltzen da. Eskoziako zenbait eskualdetan whiskyaren osagarrien idortze prozesuan erabili ohi da. Irlandan, berriz, betidanik etxola eta baserriak berotzeko erregai nagusi izan da.

Euskal Herriko zohikaztegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dira asko Euskal Herrian dauden zohikaztegiak. Izan ere, lurralde gehienean erliebea aldapatsua da eta zaila da habitat hauek sortzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak eremu berean biltzea. Dena dela, egon badira zohikaztegi batzuk, besteak beste, Saldropokoa Barazar haranean (Zeanurin), Zalamakoa Karrantza eta Mena haranen artean, Usabelartzakoa Adarra mendian (Urnietan), eta Belate, Atxuri, Gesaleta eta Baltsagorrietakoak Nafarroa Garaian[8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Zohikatz Euskalterm
  2. Lucía ALVAREZ BUSCA:Goroldioa, landareen senide gutxietsia Zientzia.net
  3. IUCN UK Commission of Inquiry on Peatlands Full Report, IUCN UK Peatland Programme
  4. a b 2007 Survey of Energy Resources Executive Summary World Energy Council, 2007
  5. Peat Encyclopædia Britannica. Encyclopædia Britannica Online. Encyclopædia Britannica Inc., 2012. Web. 2012ko ekainak 29
  6. a b La formation de la tourbe Tourbehorticole.com
  7. Vulcaireko turbaren osaketa Annales des mines. Commission des Annales des mines, France, 1837
  8. Sanzberro kontseilariak Belateko zohikaztegia bisitatu du berreskuratze prozesuaren ostean Navarra.es

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zohikatz Aldatu lotura Wikidatan