Atari:Hezkuntza/Bigarren Hezkuntza/Herriko ekosistemak Txikipedian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lantzeko laguntza eskatu
Lehen hezkuntza
+
Bigarren hezkuntza
+
Unibertsitatea
+
Tresna interesgarriak
+

Ekosistema ingurune jakin bateko osagai fisiko eta bizidunek eta elkarren arteko harremanek osatzen duten sistema biologikoa da. Osagai fisikoak faktore abiotikoak dira eta tenperatura, hezetasuna, lurzorua eta ura hartzen ditu bere baitan, besteak beste, eta honen ingurunea biotopoa da. Izaki bizidunak, ordea, faktore biotikoa (landareak eta animaliak) eta honen ingurunea, biozenosia.

Proposamen didaktiko honen bidez ikasleek herriko ekosistema desberdinak (ibaiak, mendiak, parkeak, lorategiak, hondartzak, baratzeak...) aztertuko dituzte taldeetan banatuta. Lana errazte aldera, talde bakoitza ekosistema batean espezializatuko da, eta beraz, herriko ekosistema bat aztertzeaz arduratuko da. Horretarako, txangoak egingo dira egokitutako ekosistema aztertu eta argazkiak atera edota bideoak grabatzeko. Behin ikus-entzunezko materiala izanda, talde bakoitzak ekosisteman aztertutakoaren lan idatzi bat egingo du, atal minimo batzuk izanez. Talde lan horiek Txikipediara igoko dira eta sortuta badaude, Txikipediako lana osatuko da (Txikipedia, 8-13 urte bitarteko haurrentzako entziklopedia digitala da, Euskarazko Wikipediaren barne dagoena).

Herri curriculumaren garapenaren barnean kokaturiko proiektua da, proiektu honek, lehendik ere eskolan dauden programazio zein unitate didaktikoak abiapuntutzat hartuta, herriko jakintzak modu didaktiko batean txertatzeko helburua du. Hau hala izanik ere, ikastetxe edo herri guztietara egokitu daitekeen jarduera da, ez baita inguru jakin batetara mugatzen.

Kokapen orientagarria[aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza etapa: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. maila

Ikasgaia: Biologia eta Geologia

Ikasle-profila: ikasle-profila ikaskuntza prozesuan zehar ikasleak eskuratu behar dituen gaitasun eta balioen multzoa bezala ulertuta, unitate didaktiko honekin lortu nahi den ikasle-profila honakoa da:

  • Ingurumenari buruzko kontzientzia duena eta bere ekosistema zaintzen duen pertsona.
  • Hausnarketa kritikoa eginez eta ikerketan oinarrituz, errealitateari behatuz informazioa arakatzeko eta proiektu bat gauzatzeko gai den pertsona.
  • Analitikoa, kritikoa eta sortzailea izatea, ekimenerako joera erakusten delarik.
  • Elkarbizitzarako prest dagoen pertsona.
  • Konpetentzia digitala menperatzen duen eta gailu elektronikoekin trebetasuna erakusten duen ikaslea.

Modalitatea: muinean aurrez-aurreko hezkuntza modalitatearekin egiteko proposamena da. Ikasleek ekosistemak aztertzeko ekosistemetara txangoak egin behar dituztelako eta talde lanean aritu. Hala ere, modalitate digitala ere erabiliko da, izan ere, ikasleek online baliabideak erabili beharko dituzte (Txikipediako lan idatzia).

Denbora: proposamenak hiru asteko iraupena izango du, bi fasetan banatuta: lehenengo fasea informazioa biltzeko erabiliko da (landa-lana eta informazio-iturri desberdinetan informazioa bilatzea, biltzea eta laburtzea), eta bigarren fasean txikipediarako artikulua prestatuko dute, aurretik bilatutako informazio guztia zein ateratako argazkiak eta grabatutako bideoak erabiliz.

Landuko diren konpetentzia nagusiak[aldatu iturburu kodea]

EAEko 236/2015 Curriculum dekretuari begira eta Nafarroako 60/2014 dekretu forala aztertuz (8. artikulua), honako oinarrizko konpetentziak landuko dira:

Oinarrizko zehar konpetentziak:

  • Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia
  • Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia
  • Elkarbizitzarako konpetentzia
  • Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

Oinarrizko disziplinako konpetentziak:

  • Zientzietarako konpetentzia
  • Arterako konpetentzia
  • Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

Proiektuaren garapena[aldatu iturburu kodea]

Proiektua martxan jartzeko, lehenik eta behin, proiektuaren aurkezpena egingo da. Irakasleak proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu, taldeka herriko ekosistemak aztertuko direla aipatuz eta ondoren, ekosistema horien inguruan artikulu bat Txikipedian sortu beharko dutela argituz. Aurkezpen honetan ere, irakasleak ebaluazioaren nondik norakoak azalduko ditu, ikasleek hasieratik ebaluazio prozesuaren berri izan dezaten.

Proiekturako, ikasleak taldeka banatuko dira (gelaren arabera, taldeak irakasleak egindakoak edota ikasleek egindakoak izango dira,  gehienez 4-5 ikaslez osatuak). Behin taldeak osatuta, ikasleek taldeka ekosistemak zer diren, zeintzuk diren hauen atalak eta hauen analisia nola egiten den zehaztuko dute. Atal hauek lantzeko, ikasgaiko testuliburua, Internet eta liburutegia erabili ahal izango dituzte. Saio honetan garrantzitsua da ikasleek herriko ekosistemetan zer nolako faktore abiotiko eta biotiko aurki ditzaketen aurreikustea eta horien inguruko informazioa biltzeko beharrezkoak dituzten material eta baliabideen zerrenda egitea. iNaturalist eta Seek by iNaturalist bezalako aplikazioen azalpena eman beharko zaie, aurkituko dituzten espezieak identifikatu ahal izateko.

Ekosistemen inguruko hasierako lanketa egin ostean, ikasleek haien herriko ekosistema desberdinen zerrenda egingo dute, ahal bada ideia zaparrada baten bidez, eta gero, talde bakoitzak zerrendako ekosistema bat aukeratuko du ondorengo lanketa egiteko.

Landa-lana burutu baino lehen, Txikipedia zer den eta nola funtzionatzen duen azalduko zaie ikasleei. Ondoren, bertan artikulu bat idazteko argibideak emango zaizkie, kontuan izanda Txikipediako artikuluek 8-13 urte bitarteko umeek ulertzeko moduan egon behar dutela idatzita, hau da, testuek errazak, ulergarriak, laburrak eta haien eskola-beharretara egokituak egon behar dute. Horrez gain, artikuluek izan behar dituzten atal minimoak aurkeztuko zaizkie: ekosistemaren zehaztapena (sarrera, kokapena…), ekosistemaren atalen bereizketa (atal bakoitzeko 4 elementu adieraztea) eta argazkien eta baliabideen txertaketa. Horrek, landa-lana egin bitartean zein informazio eta baliabide bilatu beharko dituzten jakiten lagunduko die ikasleei.

Landu behar diren elementuak zehaztu ondoren, landa-lana burutuko da. Talde bakoitzak aukeratutako herriko ekosistemara egingo du txangoa, artikulua idazteko behar dituzten elementuak bilduz. Eskuratutako informazio guztiarekin, Txikipediako artikulua sortuko dute taldeka. Herriko ekosistema horren inguruan testu bat jada egina egongo balitz, artikulu hori osatu eta hobetu beharko lukete.

Hau da prozesuaren egituraren laburpen-taula, hezkuntza-programaren faseak eta hiru asteen denboralizazioa zehaztuz:

1-2. saioa Hasierako fasea Irakasleak gaia aurkeztu eta taldeak egin 30 minutu
Taldeka ekosistemei buruzko informazioa bildu 80 minutu
3. saioa Garapen fasea Herriko ekosistemen adibideen zerrenda eta talde bakoitzaren esleipena egin 20 minutu
Hasierako fasea Txikipediako azalpena eta artikuluaren atalen zehaztapena 35 minutu
4-7. saioak Garapen fasea Landa-lana burutu 4 ordu
8. saioa Aplikazio fasea Txikipediako artikulua garatu 1,5 ordu
9. saioa Ebaluazio fasea Taldekideen ebaluazioa eta autoebaluazioa 55 minutu

Ebaluazioa[aldatu iturburu kodea]

Ebaluazioan irakasleak kalifikazio numeriko bat emango die (ebaluazio sumatiboa) errubrika bat jarraituz (behean dagoena, zehazki). Horrez gain, nota justifikatzen duen feedback orokorra ere emango zaie, landa-lanaren zein lan idatziaren indarguneak eta ahultasunak zehaztuz. Errubrikaren bitartez, notaren %90-a zehaztuko da. Gainera, azkeneko saioan ikasle bakoitzak autoebaluazio bat burutuko du, proiektuaren %5eko pisua izango duena, eta horrekin batera, taldekideak ere ebaluatuko dituzte, proiektuaren notaren %5a izanik, irakasleak ikusi ez dituen zehaztasunak bildu ahal izateko. Beraz, azkeneko notan hiru ebaluazioek izango dute eragina, heteroebaluazioak (%90), koebaluazioak (%5) eta autoebaluazioak (%5).

Heteroebaluazioa[aldatu iturburu kodea]

Ebaluatuko diren alderdiak

Alderdi bakoitza ebaluatzeko irizpideak

Irizpideen deskribapena

Bikain (4 puntu) Oso ondo (3 puntu) Nahiko (2 puntu) Gutxi (1 puntu)

Artikuluaren egokitasuna

%10

Artikulua betetzeko eskatzen ziren ezaugarri guztiak jasotzea (%10) Artikuluak bere osotasunean jasotzen ditu eskatzen diren ezaugarriak eta informazioa. Atalen arteko oreka bikaina da. Artikuluak bere osotasunean jasotzen ditu eskatzen diren ezaugarriak eta informazioa. Atalen arteko oreka egokia da. Artikuluan informazioa biltzea falta da, baina eskatzen diren ezaugarriak egoki biltzen ditu. Atalen arteko oreka nahiko egokia da. Artikuluak ez ditu betetzen ezaugarriak eta jasotako informazioa ez dago osatuta. Desoreka handia dago atal batzuen eta besteen garapenaren artean.

Artikuluaren koherentzia eta kohesioa

%50

Informazioaren egokitasuna

(%20)

Artikuluan azaltzen den informazio guztiaren arteko lotura argia dago. Ideiak guztiak argi azaltzen dira, eta hauen  arteko koherentzia bikaina da. Artikuluan azaltzen den informazio ia guztiaren arteko lotura argia dago. Ideia gehienak argi azaltzen dira, eta hauen  arteko koherentzia aproposa da. Artikuluan azaltzen den informazioaren arteko lotura dago hainbat zatitan. Ideia batzuk argi azaltzen dira, eta hauen  arteko koherentzia nahikoa da testua ulertzeko. Artikuluan azaltzen den informazioaren arteko loturik ez dago. Ez dira ideiak argi azaltzen, eta hauen  arteko koherentziarik ez dago.

Artikuluaren txukuntasuna

(%10)

Bisualki artikulua oso erakargarria da eta primerako kalitateko irudiak erabiltzen dira. Txukuntasuna eta argitasuna bikainak dira. Bisualki artikulua erakargarria da eta argia ematen du. Irakurtzeko erreza da eta erabilitako irudiak egokiak dira. Nahiko txukuna da. Artikulua ez da oso erakargarria eta antolaketa hobetu daiteke. Itxuraz, txukuna ematen du. Artikulua ez da erakargarria, ez dago ondo antolatuta eta ez ditu txukuntasun arauak betetzen.
Material grafikoaren erabilera eta kalitatea

(%20)

Artikuluan zehar irudi/bideo/audio nahiko erabiltzen dira, ulergarriagoa egiteko. Materialaren kalitatea bikaina da. Artikuluan zehar irudi/bideo/audio batzuk erabiltzen dira, ulergarriagoa egiteko. Materialaren kalitatea oso ona da. Multimedia elementu gutxi erabiltzen dira eta kalitatea nahiko egokia da. Ez da material grafikorik erabiltzen. Erabiltzekotan, kalitate baxukoa da.

Artikuluaren zuzentasuna

%30

Idatzizko adierazpenaren zuzentasuna

(%20)

Artikuluan azaltzen diren datu guztiak errealak dira, kontrastagarriak eta artikulu zientifiko baterako aproposak. Artikuluan azaltzen diren datu gehienak errealak dira, kontrastagarriak eta artikulu zientifiko baterako aproposak. Artikuluan azaltzen diren datu batzuk errealak dira, kontrastagarriak eta artikulu zientifiko baterako aproposak. Artikuluan azaltzen diren datuak ez dira errealak, ez kontrastagarriak eta ez dira artikulu zientifiko baterako aproposak.
Hiztegi zientifikoaren zuzentasuna

(%10)

Hitzezko komunikazioa bikaina da, erabiltzen den hiztegia zientifikoa da eta egokitasunez erabiltzen da. Hitzezko komunikazioa oso ona da eta orokorrean hiztegi zientifikoa erabiltzen da era zuzen batean. Erabiltzen den hiztegia ez da oso zientifikoa. Erabiltzen diren termino zientifikoak gutxi dira. Hizkera ez da bat ere zientifikoa, eta kontzeptu zientifikoren bat erabiltzekotan, ez da zuzena.

Koebaluazioa[aldatu iturburu kodea]

Taldekideen balorazioa egiteko, ikasle bakoitzak hurrengo taula bete beharko du, 4 adierazpen baloratuz. Adierazpen bakoitzari 1-5 bitarteko kalifikazioa jarri beharko zaio, 1 nota baxuena delarik eta 5, ordea, altuena. Azken %5ean adierazpen bakoitzak puntu bateko balioa dauka (%1).

Baloraziorako adierazpenak Taldekide 1 Taldekide 2 Taldekide 3 Taldekide 4
Aktiboki hartu du parte lanean.
Arazoei konponbidea ateratzen saiatu da.
Taldean egin du lan.
Beste taldekideak lagundu ditu.
Beste taldekideen ideiak errespetatu eta kontuan hartu ditu.
GUZTIRA

Autoebaluazioa[aldatu iturburu kodea]

Koebaluazioan bezala, ikasle bakoitzak bere buruari buruzko bost adierazpen baloratu beharko ditu, 1-5 bitarteko kalifikazioa jarriz (1 baxuena eta 5 altuena). Azken %5ean adierazpen bakoitzak puntu bateko balioa dauka (%1).

BALORAZIORAKO ADIERAZPENAK Puntuazioa
Lankideak errespetuz tratatu ditut eta botatako ideiak kontuan hartu ditut.
Taldean lan egin dut eta taldekideak lagundu ditut.
Komunikazio egokia izan dut taldekideekin.
Erantzukizunez jokatu dut.
Aktiboki hartu dut parte.
GUZTIRA

Material osagarria[aldatu iturburu kodea]

  1. Ekosistemen inguruan ikasteko testuliburua: “Biologia eta geologia. Ekosistemen oreka babestea denon helburu!”. 4. maila, 3. unitatea. IKASELKAR argitaletxea, EKI proiektua. ISBN: 978-84-16438-90-7.
  2. Eusko Jaurlaritzak bere web orrian Euskadiko ingurumenari buruzko informazioa eskaintzen du: estrategiak eta planak, araudiak eta arlo desberdinak (dibertsitatea, ura, ingurumen-hezkuntza, airea, lurzorua, garapen iraunkorra…), besteak beste.
  3. Txikipedia ezagutzeko orria.
  4. Txikipedian artikulu bat sortzeko informazioa.
  5. iNaturalist weborria.
  6. Seek by iNaturalist aplikazioa.