Auschwitz

Koordenatuak: 50°02′09″N 19°10′42″E / 50.0358°N 19.1783°E / 50.0358; 19.1783
Wikipedia, Entziklopedia askea
Auschwitz
Konzentrationslager Auschwitz
Obóz Koncentracyjny Auschwitz
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Auschwitz-Birkenau State Museum
Kokapena
Estatu burujabe Polonia
Voivoderria Polonia Txikiko voivoderria
PowiatOświęcim barrutia
Koordenatuak50°02′09″N 19°10′42″E / 50.0358°N 19.1783°E / 50.0358; 19.1783
Map
Historia eta erabilera
Liberation 1945eko urtarrilaren 27a
Inaugurazioa1940ko maiatzaren 20a
ZuzendariaRudolf Höß
Izenaren jatorriaOświęcim
Suntsipena1945eko urtarrilaren 27a
Arkitektura
Azalera192 ha
Gizateriaren ondarea
Irizpidea(vi)
Erreferentzia31
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-ematea1979 (III. bilkura)
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Auschwitz (alemanez: Konzentrationslager Auschwitz) Alemania naziko kontzentrazio- eta sarraski-esparru handiena izan zen. Egungo Poloniako hegoaldean kokatua, Oświęcim (alemanez: Auschwitz) hiritik hartu zuen izena.

Auschwitz hiru eremutan banaturik zegoen: Auschwitz I, administraziogunea; Auschwitz II (Birkenau), sarraski-esparrua edo Vernichtungslager alemanez; eta Auschwitz III (Monowitz), kontzentrazio-esparrua. Lehenengo biak UNESCOk 1979an Gizateriaren Ondare izendatu zituen. Auschwitzen menpean, gainera, beste 40 esparru zeuden.

Rudolf Höß esparruko buruak Nurenbergeko epaiketan Auschwitzen 2,5 milioi lagun hil zirela adierazi zuen. Auschwitz-Birkenau Museoak 1990ean kopuru hori berriz kalkulatu zuen, eta azken zenbatespenek diote 1,1 - 1,6 milioi bitartean hil zituztela. Horietako % 90 ia-ia Europako herrialde guztietako juduak izan ziren. Gehienak Zyklon B gasa erabiliz hil zituzten, baina gose sistematikoak, bortxazko lanak, osasun-zaintzarik ezak, banakako exekuzioek eta medikuntza-esperimentu izenekoek ere eragin zuten makina bat heriotza.

"Musulman" egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Waitz irakasle eta sendagile frantziarrak erresistentzia frantsesean jardun zuen. Auschwitzen preso egon zen eta honela deskribatu zuen esparru horretan egon ziren atxilotuen hondamena:

« Atxilotua, ahiturik, txarto elikatuta, hotzetik gaizki babestuta, apurka-apurka hamabost, hogei, hogeita hamar kilo argaltzen zen. Gizon normalaren pisua 40 kilora murrizten zen. 30 eta 28 kilokoak ere bazeuden. Gizakiak koipe erreserbak agortzen zituen, muskulu, kaltzio barik geratzen zen. Horrela, esparruetan esaten zieten modua, musulman bihurtzen zen (...).

Musulman egoeraren ezaugarria zen muskuluak urtzea; azal eta hezurra baino ez zuten. Hezurdura osoa garbi igartzen zitzaien (...), astiro ibiltzen ziren, begirada tinko, ezer adierazi gabe, sarritan irrikatsu. Ideiak ere oso geldo sortzen zitzaizkien. Gizajoa ez zen garbitzen, botoiak ez zituen lotzen. Lelotuta zegoen eta dena pasibotasunez hartzen zuen. Borroka utzia zuen. Ez zuen koilararekin (...); zabor ontzietan ibiltzen zen patata azal eta aza zurtoin bila eta zelan topatu, halaxe jaten zituen: gordinik eta zikin (...).

»


Kanpamentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auschwitzeko kontzentrazio- eta sarraskitze- esparrua hiru gune independente nagusietan banatuta zegoen: Auschwitz I —kontzentrazio-esparru nagusia—, Auschwitz II-Birkenau —kontzentrazio- eta sarraskitze-esparrua— eta Auschwitz III-Monowitz —IG Farben enpresarako lan-bortxatuak egiteko esparrua—. Hortaz gain, beste 40 satelite esparruz osatuta zegoen.

Auschwitz I[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auschwitz I, gune osoko esparru nagusia izan zen hiru guneetatik lehena eraiki zelako 1940an. Bilakaera nabarmena izan zuen bere existentziaren ia 5 urteetan zehar. Hasiera batean, koarentena kanpamentu bat izatearen helburuarekin eraiki zen nahiz eta ez zen inoiz horretarako erabili. Horren ordez, kontzentrazio-esparru batean bilakatu zen eta denborarekin, sarraskitze-esparru bat izatera pasa zen Birkenauko eraiketarekin. Adreiluzko 22 eraikinez osatuta zegoen eta haien artean 11. bloke famatua aurkitzen zen, torturetarako erabiltzen zena. 1944ko abuztuan 16.000 preso inguru zeuden; haietatik 10.000 judu, 4.000 poloniar eta beste etnia batzuetako 3.000 preso.[1]

Auschwitz II - Birkenau[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birkenau Auschwitzeko gunea osatzen zuten 40 kanpalekuetatik handiena zen. Funtzio ugari izan zituen. Eraikuntza 1941eko urrian hasi zenean, gerrako 125.000 presoentzako kanpamendua izan zen; 1942an juduak suntsitzeko zentro gisa balio izan zuen eta azken fasean, 1944an, Alemania naziko industrian lan egingo zuten presoak biltzeko erabili zen.

Auschwitz kontzentrazio-esparruaren biktimen %90 inguru, hots, milioi bat pertsona inguru, Birkenaun hil ziren. Gehienak, hamarretik bederatzi baino gehiago, juduak ziren. Juduez gain, Europan zeuden 70.000 poloniar gehienak Birkenaun hil ziren eta gauza bera gertatu zen ijito, sobietar gerrako preso eta beste nazionalitate batzuetako presoekin ere.[1]

Auschwitz III - Monowitz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monowitzren sorrera IG Farben alemaniar konpainia kimikoaren ondorioz eman zen, kautxuzko eta erregai likidoz osatutako hirugarren planta handia eraiki nahi zuelako hor. Silesian kokatuta zegoen, garai hartan Aliatuen bonbardatzaileengatik urrun. Kontzentrazio-esparruko biztanleria pixkanaka handitu zen, 1942ko abenduan 3.500 preso baino gehiago izatetik hurrengo urtean 6.000 preso baino gehiago izatera eta 1944an 11.000 preso baino gehiago, gehienak juduak.[1]

Eguneroko bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auschwitzera heltzeko lehenengo pausua deportazioa zen. Europako deportatuek 30-50 kilogramo bitarteko ekipajea eramateko baimena zeukaten, normalean presoek; janaria, etxeko tresnak, arropa, sendagaiak, dirua edota bitxiak eramaten zituzten, pentsatuz Auschwitzen haien eguneroko bizitza jarraituko zutela baina Auschwitzera heldu bezain laster ondasunak konfiskatzen zizkieten. Birkenauko BIIG sektoreko (komunki “Kanada” izenez ezagututa) 30 barrakoi erabiltzen zituzten ondasun horiek gordetzeko. 2000 bat preso lan egiten zuten ondasun horiek taldekatzen eta klasifikatzen, ondoren, Reicheko Bankura eramaten zirelarik negozio egiteko. Ondasunak begi bistatik kendu ostean, presoak hautaketa-prozeduratik pasatu behar ziren. Primo Levik  kontatzen duen moduan, kontzentrazio-esparrura heldu bezain laster prozedura orokorra hasten zen. Lehenik eta behin, galdetzen zieten ea osasuntsuak edo gaixoak zeuden, eta horren arabera “gai” eta “ez gai” bezala definitzen zituzten; “gai”-ak zirenak lan bortxatuak egitera bidaltzen zituzten eta gainerakoak gas-kameretara bidaltzen zituzten zuzenean. Gai zirenek, dutxa bat hartzen zuten, burua larru-arras mozten zieten eta marradun-pijama famatua jartzen zieten zenbaki bat josita zeramana. 1942tik, Birkenaun presoei identifikazio zenbakia bularrean tatuatzen zizkieten [2]. Praktika hau Auschwitzen baino ez zen eman, gainerako esparruetan identifikazio zenbakia arropetara josita zeramaten.

Giza-talde ezberdinak zeuden Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan, eta koloreen bitartez ezberdintzen zituzten: triangelu gorria politikarientzako, triangelu berdea kriminalentzako, beltza prostituta eta erromanientzako, bioleta Jehovako testiguentzako, arrosa homosexualentzako, urdina emigranteentzako eta horia juduentzako, klase baxuena. Hortaz gain; bazeuden Kapo (barrakoi bakoitzeko burua), Lagerführer (“esparruko nagusia”) edota “bulego zerbitzuak” bezalako lanbideak betetzen zituzten presoek. Horrela, SS-k kontrolatutako hierarkia bat eratu zen Auschwitz-en barruan[2]. Sonderkommando-ek edota Komando bereziko kideek presoak gas kametara bidaltzen zituzten eta sarraskiaren ondoren paretan gelditzen ziren hondakinak garbitzeaz arduratzen ziren. Diario Gabbaik eta Morris Veneziak, Auschwitzeko bi Sonderkommando, presoen garrasiak eta paretan egiten zituzten harramazkadak entzun zezaketen [3]. Morrisek honela zioen: “Estos animales… Ningún cerebro humano puede pensar o entender que algo así pueda ocurrir. Es imposible de creer. Pero nosotros lo vimos” [4] eta jarraitzen du “nosotros también nos convertimos en animales… cada día estábamos quemando cadáveres, cada día, cada día, cada día. Y llegas a acostumbrarte a ello” [5].

Bizi baldintzak penagarriak ziren. Elikadurari dagokionez, goizean kafe ordezko bat ematen zieten, eguerdian sopa bat patatekin eta afaltzeko ogi zati bat, eta horrekin iraun behar zuten hurrengo egunerarte. Elikadura eskas honen ondorioz, presoek muturreko argaltasuna, nekea eta gaixotasunak pairatzen zituzten[2]. Birkenaun zituzten bizi baldintzak, Auschwitzeko esparru nagusian zituztenak baino kaxkarragoak ziren: barrakoiak ez zuten zementuzko zorurik, barrakoi asko egurrezkoak ziren eta nahiz eta 180 pertsonentzako pentsatuta egon, SSkoek 600 bat pertsona sartzen zituzten. Hortaz gain, ez zegoen ez berokuntza ezta argi elektrikorik. Hasiera batean, ez zeuden osasun-instalaziorik eta horren ondorioz, sukar tifoidea eta tifus bezalako izurriteak oso komunak ziren. Presoak ahuleziarengatik eta gosearengatik hiltzen ziren batez ere. Hortaz gain, presoen arteko bizirauteko lehia bat sortu zen baita, Darwinek defendatzen zuen indartsuenaren legea betetzen zen esparruaren barruan. Gutxinaka gutxinaka, presoek bizirauteko trikimailuak ikasten zituzten, hala nola; edozein gauza edo material baliagarria zela (papera jakaren edota zapaten barruan sartzeko, koilara bat jateko...), ezin zituztela zapatak galdu, kontu handiz ibili behar zirela lapurrekin...

Bortxazko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auschwitz II - Birkenau[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizargorri Operazioa hasi zenean, SS-ek kalkulatu zuten milaka preso errusiarrez arduratu behar zirela, izan ere, Armada Gorriko 4 milioi soldadu baino gehiago harrapatu zituzten eta erabaki zen Birkenau eraikitzea preso berriak sartzeko. 1941ko udazkenean hasi zen eraikuntza eta Auschwitzeko esparru nagusitik kilometro batuetara baino ez zen kokatzen. 10.000 preso sobietar Birkenauko eraikuntza egitera bidaliak izan ziren eta hilabete batzuen buruan, ehunka batzuk baino ez ziren bizirik geratzen. Paável Stenkinek, bizirik ateratako sobietar preso horietako batek, honela kontatzen du bere esperientzia:

El tiempo de vida media de un prisionero [soviético] en Birkenau era de dos semanas. Devorábamos todo lo que podíamos llevarnos a la boca: patatas crudas, por ejemplo, estuviesen limpias o sucias… Cuando llegaba la hora de levantarse por la mañana, los que seguían con vida comenzaban a moverse y descubrían a su alrededor dos o tres cadáveres. Te metes en la cama vivo… y por la mañana estás muerto. [3]

Auschwitz III - Monowitz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IG Farben koloratzaileko enpresan, “IG Auschwitz” ere deitua, mila bat preso erabiliak izan ziren hasiera batean fabrika eraikitzeko eta 11.000 izatera heldu ziren. Guztira 35.000 bat preso lan egin zuten fabrika horretan eta gutxienez 25.000 lan baldintzengatik hil egin ziren[6]. Lan bortxatuen bidezko sarraski bat izan zen. Presoek, egunero 7km ibili behar zituzten Auschwitzetik fabrikara heltzeko eta nekatuegi heltzen zirenez, lan eskasa egiten zuten. Arazo hori konpontzeko, erabaki zen Monowicen (fabrikatik 300 bat metrotara) kontzentrazio-esparru bat eraikitzea,  “Buna esparrua” deitu zena. Hala ere, gauza ez zen asko hobetu langileen bizi itxaropena hiru hilabetekoa zen ahultasunarengatik eta nerearengatik hiltzen zirelako. Hala ere, ez dugu ahaztu behar ahultasunaz aparte, beste hainbat era zeudela Auschwitz barruan hiltzeko, besteak beste; gosea, jipoiak, fusilamenduak, ahultasuna edota suizidioa.

Sarraskia, tortura eta esperimentuak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juduen hilketa sistematikoa 1942an hasi zen Auschwitz-Birkenaun eta ez zen 1943rarte izango Europako sarraskitzearen erdigunea bilakatu zen arte. Auschwitzen barruan, Birkenau bihurtu zen sarraskitze prozesuaren erdigunea; sobietarrak sarraskitu ondoren, juduak bilakatu ziren Birkenauko preso ohikoenak. Sarraskitze prozesua gauzatzeko, lehenik eta behin, presoek arropak kentzen zituzten dutxatzera zihoazela uste zutelako, horregatik askotan kamerek benetako dutxa baten itxura hartzen zuten. Behin kameran giltzapetu ostean, sabaitik zegoen zirrikitu batzuetatik “Zyklon B” deituriko gasa botatzen zuten eta 15-20 minutuen artean hiltzen ziren. Ondoren, gorpuak aztertzen zituzten balioa zeukaten objektuen bila, hala nola, urrezko hortzak edota ilea. Hortzekin urrezko lingoteak egiten ziren eta ilearekin, berriz, feltrozko haria gerra industriarako, sokak edo lastairak egiteko. Gorpuak erabilgaitz geratzen zirenean, errausketa-labeetan sartzen zituzten eta azkenik, errautsak, inguruan zeuden fosetara eta ibaietara botatzen zituzten edota ongarri bezala erabiltzen zituzten.[7]

Gas-kameren bidezko sarraskitzeaz gain, tortura ere oso ohikoa bilakatu zen Auschwitzen. Auschwitz I-ean 11. blokea bilakatu zen torturaren ikonoa. Gaizki portatu ziren presoak hara eramaten zituzten eta mota guztietariko torturak egiten zizkieten: zigorraz jo, urarekin torturatu, orratzak azazkalen artean jarri, burdin bero batekin markatu edota gasolinaz busti su eman baino lehen. Rees-ek honela definitzen du 11. blokea: “dicho edificio era una prisión dentro de otra prisión: un lugar dedicado a la tortura y al asesinato” [3]

Baina hiltzeko beste modu batzuk egon ziren, askoz beldurgarriagoak eta gogorragoak: esperimentuak. Auschwitz gizakiekin egindako esperimentuen erdigunea bilakatu zen, “garrantzia belikoko ikerketa” izenaren azpian ezkutatzen zuten eta zientzialari ospetsu asko Auschwitzera lekualdatu ziren presoekin esperimentuak egiteko. Zientzialari hauen artean Carl Clauberg ginekologoarekin aurkitzen gara, emakumeekin esterilizazioak eta intseminazio artifizialak gauzatu zituena, edota Horst Schumannekin, eutanasia planaren bidez desgaitu mentalak zein fisikoak sarraskitu zituena. Baina Auchwitzen aritu ziren zientzialarien artean Josef Mengele izan zen famatuenetarikoa. Bere espezialitatea genetika zen eta bereziki, bikiekin eta nanoekin zerikusia zuten ikerketak egiten zituen. Haren esperimentuak gauzatzeko umeak erabiltzen zituen askotan.

Franceska Mann[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertaera ugari eman ziren esparruan eta ziur aski ezagunetariko bat Franceska Mann dantzari ospetsuak protagonizatu zuena izan zen. 1943ko urriaren 23an, Auschwitzeko gas ganberetara zeramatela, Franceska Mann juduak SSetako ofizial nazi bat hil zuen. Soldadu naziak eranzteko agindu ostean, eta honek arropa gainera jaurti, pistola kendu eta tiro egin zion urdailean. Bere tiroak seinale gisa balio izan zien gainerako emakumeek SS-etako gizonei eraso egiteko. Bertsio ezberdinak daude gero gertatu zenari buruz, baina guztietan frogatutzat ematen da egun horretan ofizial nazia hil zela, beste bat zauritu eta emakume judu guztiak erail zituztela.[8]

Liberazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1944ko uztailean tropa errusiarrek Galitzia eta Polonia hegoaldeko alemaniar lurraldeetan sartzea lortu zuten. Hilabete batzuen buruan, azaroan, Himmlerrek agindu zuen sarraskitzearekin gelditzea, errusiarrak gero eta hurbilago zeuden eta haien lehentasuna Auschwitzen gauzatutako krimenaren arrastoak lehenbailehen desagerraraztea zen. Horretarako, gorpuentzako fosak bete zituzten, errausketa labeak lehertu, Zyklon B-a botatzeko zirrikituak itxi, idatzizko testigantzak erre, “Kanada” erre… Hurrengo pausua Auschwitz ebakuatzea izan zen. Presoak Reichera bidali nahi zituzten bortxazko-lanak egiten jarraitzeko baina 15.000 bat preso lekualdaketan hil ziren, oso ahul baitzeuden. 1945eko urtarrilaren 27an, 60. ukraniar fronteak Auschwitz askatu zuen. Oraindik gelditzen ziren “Kanada”-ko ondasun ugari eta 7.000 preso bizirik, gehienak juduak. Bizirik irten ziren preso horietako asko hurrengo asteetan hil egin ziren eta gainerakoak arazo psikologiko askorekin atera ziren.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «Auschwitz-Birkenau» auschwitz.org (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  2. a b c Steinbacher, Sybille, 1966-. (2016). Auschwitz : historia y posteridad. Melusina ISBN 978-84-15373-26-1. PMC 955734636. (Noiz kontsultatua: 2020-02-19).
  3. a b c Rees, Laurence. (2004). Auschwitz : Los nazis y la "solución final". Crítica., 116 or. ISBN 9788498926156..
  4. Rees, Laurence. (2004). Auschwitz : Los nazis y la "solución final". Critica, 322 or..
  5. Rees, Laurence. (2004). Auschwitz : Los nazis y la "solución final". Critica, 324 or..
  6. a b Steinbacher, Sybille, 1966-. (2016). Auschwitz : historia y posteridad. Melusina ISBN 978-84-15373-26-1. PMC 955734636. (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  7. Steinbacher, Sybille. (2016). Auschwitz. Melusina, 137 or..
  8. https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/auschwitzeko-gas-ganberetara-zeramatela-franceska-mann-juduak-ssetako-ofizial-nazi-bat-hil-zuen

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Rees, L. (2004). Auschwitz : Los nazis y la "solución final". Bartzelona: Crítica.
  • Steinbacher, S. (2016). Auschwitz. Espainia: Editorial Melusina.

Bibliografia gehigarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Levi, P. (2001). Si esto es un hombre (5. ed.). Bartzelona: Muchnik.
  • Lozano, A., & Pecharromán, J. G. (2008). La Alemania nazi 1933-1945. Madril: Marcial Pons Ediciones de Historia.
  • Mazower, M. (2008). El imperio de hitler ascenso y caída del nuevo orden europeo. Bartzelona: Crítica.
  • Moradiellos, E. (2009). La semilla de la barbarie: Antisemitismo y holocausto. Bartzelona: Ediciones Península.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]