Eguraldi
Eguraldia |
---|
Eguraldia une batean eguratsak duen egoera da[1], hainbat aldagai meteorologikoz definitua[2], hala nola tenperatura, presioa, haizea, eguzki-erradiazioa, hezetasuna eta prezipitazioa[3]. Lur planetan, eguraldiaren fenomeno gehienak atmosferaren maila beherenean gertatzen dira, troposferan, estratosferaren azpian. Eguraldia, oro har, eguneko epean-edo adierazten da. Epea luzea bada, batez besteko ezaugarri multzoari klima deritzogu eta berau ikertzen duen zientzia klimatologia da.
Ohiko fenomeno meteorologikoen artean daude haizea, hodeiak, euria, elurra, lainoa eta hondar ekaitzak. Gertaera ez hain arrunten artean hondamen naturalak daude, hala nola tornadoak, zikloi tropikalak (urakan eta tifoiak) eta bisutsak. Meteorologia da eguraldia aztertzen duen zientzia.
Hitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguraldi da euskara batuan erabili beharrekoa[1] eta termino nagusia, nahiz eta euskalki eta eskualdearen arabera beste hitz batzuk ere erabili, hala nola aro[4] eta denbora[5].
Klima eta eguraldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguraldia, troposferaren egoeran, haren energia egoera eta egoera horrek sortzen dituen gertaerak zehaztuz, une jakin batean eragiten duten faktoreen ekintzaren emaitza da (lurraren azaletik gertuen dagoen egurats geruza da troposfera; han gertatzen dira eguraldia eta klima eragiten dituzten gorabehera guztiak). Horren arabera, meteorologia-aro jakin baten egoera jakin bat Lurreko hainbat tokitan gerta daiteke, hartarako behar diren baldintzak gertatzen baldin badira, betiere. Baina azken batean eguraldia ez da leku jakin batean (ohi ez bezala agian) gertatzen ari den zerbaiten une-uneko argazkia baizik, eta leku horretako historia naturalaren une hori ezagutaraztea da duen balio bakarra.
Izadia hobeto ezagutu nahian, gertaera jakin hori maiz gertatzen den ala ez (eta, orobat, denboran zehar zer bilakaera izan dezakeen) jakitea da zientzialariei interesatzen zaiena. Epe luzeko eguraldi-seriea da, egoera guztiak kontuan hartzen direla, bai adierazgarriak, bai ez ohikoak.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fenomeno meteorologiko ohikoak, meteoroez izenez ezagunak, (haizea, ekaitzak, euria, elurra eta txingorra) troposferan jazotzen dira, hau da, atmosferaren beheko partean.
Eguraldia nagusiki aire presioaren, tenperaturaren eta hezetasun desberdintasunen ondorioz gertatzen da. Desberdintasun hauek eguzkiak igorritako beroak eragindakoak dira batez ere, eguzki-izpien intzidentzia angeluak desberdinak baitira Lurraren puntu desberdinetan. Hau da, tropikoetatik zenbat eta urrunago egon, orduan eta beherago dago eguzki-angelua, eta horrek kokaleku horiek hozten ditu eguzki-izpi gutxiago jasotzen baititu azaleraren arabera[6][7]. Lurburuen eta ekuatorearen arteko tenperatura-kontraste indartsuak zirkulazio atmosferikoko zelulak eta jet stream haize-lasterrak sortzen ditu[8].
Bi faktore mota nagusiren arabera aldatzen da eguraldia denboran zehar. Urtearen iragaitzari lotua dagoen erregulartasun zikliko bat duten eragileek eragile multzo bat osatzen dute, eta multzo hori osatzen dutenen artean Eguzkitik datorren energia da eragile nagusia. Erregulartasunik gabeko kausa zorizkoek osatzen dute, berriz, bigarren multzoa. Hodeiak dira multzo horretako adibide bat; troposferara iristen den energia kopuruan eragina duen gertaera maiztasun jakinik gabeko bat dira, alegia.
Bi faktore mota horien elkar eragin bateratutik konbinazio jakin bat gertatzen da une bakoitzean, eta hori da, hain zuzen, eguraldia deitzen dena. Lehenengo faktoreak besterik izango ez balitz, egoera erregularki aldatuko litzateke denboran zehar, eta horrek argi eta garbi aurre ikus daitezkeen gorabehera batzuk mugatuko lituzke, bilakaera grafikoak marrazten eta aldaketa formulak ondorioztatzen lagundu beharko liguketen gorabehera batzuk, hain zuzen. Bigarren faktore taldeak, berriz, zera eragiten du: alegia, une jakin bakoitzari balio bat egokitu ordez egoera multzo bat egokitzen zaiola, eta egoera multzo horretatik bakar bat gauzatzen dela, aldiko. Eta hala, zenbait urtetako irailaren 10eko egunen multzoan, adibidez, energia egoerak guztietan egoera bera zehaztuko lukeen arren, nekez aurkituko dira bi egoera berdin.
Energia iturria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esan bezala, eguratsaren aldaketa guztiak sortzen dituen energia ia osoa eguzki-erradiaziotik dator, hau da, intsolaziotik. Baina eguzki-izpiek ez dute zuzenean eguratsa berotzen, aireak duen ezaugarri batengatik: diatermantzia. Honek izpiak zeharkatzen uzten ditu ia berotu gabe. Horrela, eguratsaren berotzea zeharkakoa da: eguzki izpiek lehenik litosfera (laster) eta hidrosfera (motelago) berotzen dituzte. Litosfera eta hidrosfera berotu direnean, bero hori eguratsari lagatzen diote, hartu bezala lehenak laster eta bigarrena motelago.
Eguzki-erradiazioaz gain, eguratsa berotu dezaketen energia termikoko hiru iturri txikiago daude:
- Hondo ozeanikoetako puntu beroen energia geotermikoa. Energia hori ur ozeanikora pasatzen da (berotuz edo irakinez) eta gero uretatik airera, zuzenean edo lurrunaren bidez.
- Sumendi-erupzioek ere eguratsa berotu dezakete zuzenean, eguzkiaren erradiazioak esku hartu gabe.
- Animalia eta landareen transpirazioa eta izaki bizidunen arnasketa energia-iturri handia da, landaredi-eremuetako argazki infragorriek erakusten dutenez.
Hala ere, hiru bero iturri hauek hutsalak dira lurrazalean jasotako eguzki energiarekin alderatzen direnean.
Iragarpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguraldi iragarpena, zientzia eta teknologia erabiliz leku eta denbora jakin bateko egurats-baldintzak iragartzean (aurreikustean) datza. Gizadia betidanik saiatu izan da eguraldia nolakoa izango zen aurreikusten, milurtekotan modu informalean eta XIX. mendetik modu zientifikoagoan[9][10]. Eguraldi iragarpenak egiten dira leku jakin batean datuak bilduz eta meteorologia erabiliz atmosfera nola aldatuko den iragartzeko.
Eguraldi iragarpenak eskualde-mailan eta, bereziki, toki-mailan egitea oso jarduera garrantzitsua da gaur egun, eta oso hedatuta dago ia mundu osoan eta jarduera askotan. Hegazkintza zibilaren antolaketa (ordutegiak, aurreikuspenak, hegaldien alternatibak, etab.) iragarpen oso zehatzen mende dago, eta gero eta gehiago. Gauza bera gertatzen da beste jarduera-mota batzuekin (nekazaritza, garraioa, merkataritza, mota guztietako zerbitzuak, etab.). Jarduera hau estazio meteorologikoek emandako datuetan oinarritzen da. Estazio meteorologiko horiek estrategikoki kokatuta daude eta elkarren artean komunikatuta, eta uneoro satelite meteorologiko askotatik lortutako informazioan oinarritzen da, batez ere satelite geoegonkorretatik, droneetatik eta datu atmosferikoak lortzeko beste bitarteko batzuetatik.
Munduko leku batzuetan, eguraldi iragarpena erabiltzen da egun jakin batean nola jantzi erabakitzeko. Kanpoko jarduerak euri, elur eta haize hotzaren eraginpean daudenez, iragarpenak erabilgarriak dira oso ekitaldiak antolatzeko.
Euskal Herrian, Tenporak erabili izan dira epe luzeko iragarpenak egiteko, baina egungo adituek ez diote oinarri zientifikorik ematen.
Errekorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurrean, 40 °C bitarteko tenperatura gora-behera du urtean zehar, baina klimaren eta kokapenaren arabera askoz txikiagoa edo handiagoa izan daiteke. Munduko aire tenperaturarik hotzena -89,2 °C izan zen, Vostok estazioan, Antartikan, 1983ko uztailaren 21ean neurtua. Inoiz erregistratu den aire tenperaturarik beroena 57,7 °C izan zen Aziziyan, Libian, 1922ko irailaren 13an[11]. Urteko batez besteko tenperatura handiena 34,4 °C da Dallolen, Etiopian[12], eta hotzena 55,1 °C Vostok estazioan, Antartikan.
Bizileku iraunkor batean urteko batez besteko tenperatura hotzena Eurekan dago, Nunavut lurraldean, Kanadan, non urteko batez besteko tenperatura 19,7 °C den[13].
Inoiz neurtu den tokirik haizetsuena Antartikan dago, Commonwealth Bay delakoan. Hemen, haize-boladak 320 km/h-ra iristen dira. Elurte handiena 12 hilabeteko aldi batean, Rainier mendian (AEB) gertatu zen, non 31.102 mm (31m) elur egin zuen[14].
Eragina gizakiengan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguraldia, ikuspegi antropologikotik, gizaki guztiek zentzumenen bidez etengabe sumatzen duten zerbait da, kanpoan daudenean behintzat, eta zuzeneko eragina du gizakiengan. Hori dela-eta, eguraldia ohiko hizketa gaia da.
Eguraldiak parte handia eta batzuetan zuzena izan du munduko historian. Aldaketa klimatikoak alde batera utzita, populazioen mugimendu handiak eragin dituztenak (adibidez, Ekialde Hurbileko desertifikazioa edo glaziazioetako lur-zubien sorrerak), gertaera meteorologiko larriek populazio mugimendu txikiagoak eragin dituzte eta zuzenean sartu dira gertaera historikoetan. Horrelako gertaera bat 1281ean izan zen, non Kublai Khanen ontzidiak ezin izan baitzuen Japonia inbaditu kamikaze haizeengatik[15].
Eguraldi estralurtarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste planeta batzuetan eguraldiak nola funtzionatzen duen aztertzea lagungarria izan da Lurrean nola funtzionatzen duen ulertzeko[17]. Beste planeta batzuetan, eguraldiak lurreko eguraldiaren printzipio fisiko berberak jarraitzen ditu, baina eskala ezberdinetan eta konposatu kimiko ezberdinak dituzten atmosferetan gertatzen da. Cassini-Huygens misioak, Titan satelitean metanozko edo etanozko hodeiak aurkitu zituen, metano likidoz eta beste konposatu organikozko euria eragiten zutena[18]. Lurrean sei zirkulazio-eremu latitudinal daude, hiru hemisferio bakoitzean. Aitzitik, Jupiterren itxura bandadunak halako eremu ugari erakusten ditu[19] , Titanek jet stream bakar bat du ipar-hemisferioko 50° paralelotik gertu[20] eta Artizarrak jet stream bakarra ere bai baina ekuatoretik gertu[21].
Eguzki sistemako mugarri bat, Jupiterren Orban Gorri Handia, gutxienez 300 urtez dirauen ekaitz antizikloniko bat da[16]. Beste gasezko erraldoietan, gainazalik ez dagoenez, haizeak izugarrizko abiadura har dezake: adibidez 600m/s arteko haize-boladak (2.100 km/h inguru) neurtu dira Neptunon[22]. Honek asko harritu ditu planetologoak, azken batean, eguzki energiak sortzen du eguraldia eta Neptunoren energia kopurua Lurrak hartutakoen 1/900 baino ez da, eta hala ere, Neptunoren fenomeno meteorologikoen intentsitatea Lurrean baino askoz bortitzagoa da[23]. Orain arte aurkitutako haize planetario indartsuenak HD 189733 b exoplanetan daude, ekialdetik 9.600 km/h abiaduran mugitzen diren haizeak dituena[24].
Eguraldia ez da planetetara mugatzen. Izar guztietan bezala, Eguzkiaren koroa espazioan galtzen ari da etengabe, funtsean Eguzki-sisteman zehar atmosfera mehe-mehe bat sortuz. Eguzkitik kanporatutako masa mugimendua eguzki haizea deitzen da. Haize honen sendotasun ezak eta izarrazaleko gertaera handiagoek, hala nola, koroa-masaren eiekzioek, sistema bat osatzen dute, ohiko eguraldiaren antzeko ezaugarriak dituena (hala nola presioa eta haizea) eta, horregatik, espazio-eguraldia deritzo. Koroa-masaren eiekzioak gutxienez Saturnoraino iristen direla neurtu da.[25]. Eguzki-haizeak Lurreko eguratsarekin duen elkarrekintzak aurora polar ikusgarriak sor ditzake[6], eta sistema elektriko sentikorrak nahaspilatu, hala nola, elektrizitate-sareak eta irrati-seinaleak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Eguraldi Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-2-17)
- ↑ Harluxet hiztegiaren definizioa
- ↑ (Gaztelaniaz) Rodríguez Jiménez, Rosa María; Benito Capa, Águeda; Portela Lozano, Adelaida. (2004). Meteorología y Climatología. , 12-33 or..[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Aro] (2. adieran) Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-02-18)
- ↑ Denbora] (6. adieran), batez ere Ipar. eta Naf. Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-02-18)
- ↑ a b (pdf) [http://www.unescoetxea.org/dokumentuak/Klimari_buruz.pdf Hitz egin dezagun klimari buruz. ] Unesco etxea (Noiz kontsultatua: 2021-2-27).
- ↑ (Ingelesez) NASA. World Book at NASA: Weather. Kopia artxibatua. Kontsulta: 2008-3-10.
- ↑ (Ingelesez) John P. Stimac. Air pressure and wind. Kontsulta: 2008-5-8
- ↑ Rementeria Argote, Nagore. (2006/01/01). Ehun urte eguraldiari begira. Elhuyar (Noiz kontsultatua: 2021-02-24).
- ↑ (Ingelesez)Eric D. Craft. An Economic History of Weather Forecasting.
- ↑ (Ingelesez) Global Measured Extremes of Temperature and Precipitation. National Climatic Data Center. (kontsulta: 2007-6-21)
- ↑ (Ingelesez) Glenn Elert. Hottest Temperature on Earth. (kontsulta: 2008-6-28)
- ↑ (Ingelesez) Canadian Climate Normals 1971–2000 – Eureka. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007-11-11) (Noiz kontsultatua: 2008-6-28).
- ↑ (Ingelesez) Greatest snowfall in 12 months. (Noiz kontsultatua: 2021-02-11).
- ↑ (Ingelesez) James P. Delgado. Relics of the Kamikaze. Kontsulta: 2008-6-28.
- ↑ a b (Ingelesez) Ellen Cohen. Jupiter's Great Red Spot. Hayden Planetarium jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007-8-8) (Noiz kontsultatua: 2007-11-16).
- ↑ (Ingelesez) Britt, Robert Roy. (2001-5-6). The Worst Weather in the Solar System. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2001-5-2).
- ↑ (Ingelesez) M. Fulchignoni; F. Ferri; F. Angrilli. (2002). «The Characterisation of Titan's Atmospheric Physical Properties by the Huygens Atmospheric Structure Instrument (Hasi)» Space Science Reviews (1): 395–431. doi: . Bibcode: 2002SSRv..104..395F..
- ↑ (Ingelesez) Anne Minard. Jupiter's "Jet Stream" Heated by Surface, Not Sun. Kontsulta: 2008-6-28.
- ↑ (Ingelesez) ESA: Cassini–Huygens. The jet stream of Titan. Kontsulta: 2008-6-28.
- ↑ (Ingelesez)Georgia State University. The Environment of Venus. Kontsulta: 2008-6-28.
- ↑ (Ingelesez) Suomi, V.E.; Limaye, S.S.; Johnson, D.R.. (1991). «High Winds of Neptune: A possible mechanism» Science 251 (4996): 929–932. doi: . PMID 17847386. Bibcode: 1991Sci...251..929S..
- ↑ (Ingelesez) Sromovsky, Lawrence A.. (1998-10-14). Hubble Provides a Moving Look at Neptune's Stormy Disposition. HubbleSite.
- ↑ (Ingelesez) Knutson, Heather A.; David Charbonneau; Lori E. Allen. (2007-5-10). A map of the day–night contrast of the extrasolar planet HD 189733b. , 183–186 or. doi: . PMID 17495920. Bibcode: 2007Natur.447..183K..
- ↑ (Ingelesez) Bill Christensen. Shock to the (Solar) System: Coronal Mass Ejection Tracked to Saturn. (Kontsulta: 2008-6-28).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikiztegian orri bat dago honi buruz: eguraldi . |