Errolan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Errolan
HB 2016-0607 photo03 Bremer Roland.jpg
Ezaugarriak
Sexua gizonezkoa

Errolan (frankoeraz: *Hrōþiland; latinez: Hruodlandus, Rotholandus; italieraz: Orlando, Rolando) VIII. mendeko buruzagi franko bat zen, Bretainiako markako zaindaria eta Karlomagnoren iloba. Annales Regni Francorum eta Vita Karoli Magni franko karolingiar kronikek ematen dute haren berri, 778ko Orreagako gudua dela eta. Hala ere, haren inguruan sortutako XII. mendeko Errolanen kantuagatik da ezaguna nazioartean; Euskal Herrian, Pirinioetan eta beste ahozko tradizio batzuetan, berriz, kantu hori oinarri hartuta sortutako pertsonaia mitologikoarengatik eta kondairengatik.

Xehetasun biografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Annales Regni Francorum eta hartatik edan zuten beste kronikak motzak dira haren biografiaren inguruko detaileetan. Bretainiako markako zaindaria zen, eta Karlomagnoren iloba.[1] 778an, Zaragozari jarri eta huts egindako setiotik itzuleran, karolingiar espedizioak Iruñeko harresiak suntsitu eta Pirinioetako bortuak zeharkatu zituen. Karlomagnok aise pasa zuen mendatea, segur aski Orreaga eta Astobizkarretik, baina atzeko zutabeko buru zihoala, euskaldunek Errolani eraso egin zioten mendietatik. Zutabea garaitua izan zen, eta Errolan hilik atera zen.[2]

Errolanen kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XII. mendean, lau mende lehenagoko kronika erreferentzia hartuta, Errolanen kantua (euskaraz 'Errolanen kantoria' ere deitua) ondu zen, kronikako detaile ugari aldatu eta narrazio berri bat asmatuta bada ere.[3] Kantuan, Errolan agertzen da, rol heroikoa hartuta: bere Durandal ezpataz mairuen kontra ausarki borrokatu ondoren, Olifante adarraz azken deiadar ozen bat eman zuen, beste karolingiar gerlariei ohartarazteko.

Herri tradizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal tradizioko kontakizunetan, Errolan indar handiko pertsonaia bihurtu zen. Jentilen ipuinei lotuta ageri zaigu, baita leku-izenei ere. Leku anitzetan aurki daitezke Errolan harriak, indar handiko jeinu batek jaurtirik han erori zirenak, gordetako ahozko tradizioak dioenez; esate baterako, Hendaiako Dunbarriak, eta Aralar inguruko Errolan Harriak ere gisa horretakoak dira. Atekagaitzeko zuloa eta goi Pirinioetako Errolanen Arraila ere Errolanek ebaki omen zituen Durandal ezpataz.

Euskal Herria ekialdeko Errolan jentil handiak badu funtzio narratibo berdinak betetzen dituen pertsonaia baliokide bat mendebaldeko euskal mitologian: Sanson. Koldo Mitxelenaren esanetan, erraldoi hitzaren jatorria izen honetan (Errol(d)an) omen dago.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Adriana Kremenjas-Danicic, ed. Roland's European Paths Dubrovnik: Europski dom Dubrovnik ISBN 953-95338-0-5.
  2. (Ingelesez) Dutton, Paul Edward, ed. Charlemagne's Courtier: The Complete Einhard Einhard at the Latin Library Peterborough, Ontario: Broadview Press 21-22 or..
  3. Millinger, Susan P. (2012) Jason Glenn ed. Epic Values: The Song of Roland The Middle Ages in Texts and Texture: Reflections on Medieval Sources Toronto: University of Toronto.
  4. «Mintzoaren memoria» El País 2004-09-13.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errolan Aldatu lotura Wikidatan