Lapurdiko itsasaldea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Donibane Lohizuneren ikuspegia Larrun menditik.

Lapurdiko itsasaldea Baiona, Angelu, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta, barrurago, Hiriburu, Uztaritze eta Ezpeletako kantonamenduek osatzen duten eskualdea da.

Hendaiako kantonamenduak 77 km² eta 32.900 biztanle (2011) ditu, hau da, 427 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Donibane Lohizuneko kantonamenduak, berriz, 51,87 km² eta 24.661 biztanle: 475 biztanle kilometro koadroko. Angelu herria bi kantonamendutan dago banatua: Angelu Hegoaldekoa eta Angelu Iparraldekoa. Azterlan honetarako, ordea, herri osoa hartuko da kontuan. Angeluk, beraz, 26,93 km² eta 38.581 biztanle ditu: 1.432 biztanle kilometro koadroko. Biarritz herria ere bi kantonamendutan dago banatua: Biarritz Ekialdekoa eta Biarritz Mendebaldekoa, baina azterlan honetan herri osoa hartuko da kontuan. Biarritzek, beraz, 11,66 km² eta 25.903 biztanle ditu, alegia, 2.221 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Baiona hiru kantonamendutan banatua dago: Baiona Ekialdekoa, Baiona Mendebaldekoa, eta Baiona Iparraldekoa. Azkeneko kantonamendu horrek Baionako iparraldea ez ezik Bokale herria ere hartzen du. Baionak, beraz, 27,50 km² eta 52.856 biztanle ditu bere osoan: alegia, 1.922 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Hiriburuko kantonamenduak 71 km² eta 15.725 biztanle ditu: 221 biztanle kilometro koadroko. Ezpeletako kantonamenduak, berriz, 180 km² eta 15.949 biztanle ditu, alegia, 89 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Eta Uztaritzeko kantonamenduak 173 km² eta 24.828 biztanle ditu, edo beste era batera esanda, 143,5 biztanle kilometro koadro bakoitzeko[1].

Ingurune fisikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herrian ez bezala, 50 metroko sakonera besterik ez duen plataforma kontinentala dago Ipar Euskal Herriko kostaldean, kostaz haraindi 8 kilometro zabaltzen dena itsasoan. Plataforma horrek sekulako garrantzia du inguruko arrantzan. Itsasotik lehorrera, erliebea poliki goratzen da Larrun (900 m) mendiraino. Gehienbat ordekez eta gehienez ere 500 m dituzten muinoez osatua dago eremu hori. Hegoaldean Urtzuia-Baigura eta Bortzirietako mendiak nabarmentzen dira, Paleozoikoak. Harkaitzen osagaiei dagokienez, Kretazikoko flyschak eta Kuaternarioko alubioiak dira nagusi Lapurdiko itsasaldean.

Kostaldean bi alderdi bereiz daitezke: Bidasoren bokaletik Biarritzerainokoa, eta Biarritzetik Aturri ibaiaren bokalerainokoa. Lehenengo zatia oso harritsua da, sartu-irten askorekin: 30-80 metro inguruko labarrak eta hondartza txikiak tartekatzen dira bitarte horretan guztian. Hondartza horietako harea kuartzoz eta inguruko harrien zatiez osatua dago. Biarritzetik iparraldera, berriz, zuzen-zuzena eta hareatsua da kostaldea: hondartzak eta dunak Landak bitartean.

Kostaldeaz barruragoko kantonamenduetan, berriz, era askotako materialak daude, hasi Aurrekanbriarretatik Ezpeletan, eta Kuaternarioetaraino Hiriburu aldean.

Lapurdik klima ozeanikoa du, hotz handirik gabe neguan eta bero handirik gabe udan. Batez beste, 1.000 mm euri izaten da urtean. Iraila-urtarrila bitartean izaten da euririk gehiena. Elurra eta txingorra ere izaten dira inoiz, baina gutxitan, eta izatekotan, Larrun inguruan izaten dira batez ere. Udan eta neguan haizeak ipar-mendebaldetik jotzen du batez ere, eta udaberri-udazkenetan, berriz, mendebaldetik.

Errobi ibaia Baionan.

Landarediari dagokionez, zakardia da nagusi. Gizakiak basoa botaz sortu duen paisajea da landa, itsas maila eta muinoak bitartean zabaltzen dena. Nagusiki ainarrak, oteak eta antzeko sastrakak hazten dira zakardietan. Kareharrizko lurretan, berriz, ezpela (Buxus sempevirens) hazten da, eta silizezkoetan garoa (Pteridium aquilium) eta txilarra (Erica arborea). Baina zakardiez gainera, bada oraindik baso ederrik ere, Senperen (1.352 ha), Saran (1.452 ha), Urruñan (638 ha), Ainhoan (514 ha) eta Uztaritzen (900 ha). Baso horietan guztietan gaztainondoa (Castanea sativa) da nagusi, eta harekin batera urkia (Betula pubescens), erramua (Laurus nobilis) eta beste mota batzuk hazten dira. Angelun aipagarria da Xibertako basoa (638 ha), itsas pinuez (Pinus pinaster) landatua, eta Mugerre aldean, berriz, Eguraldekoa (740 ha), batez ere haritzez osatua.

Lapurdiko ibai sarea ibai hauez osatua dago: Bidasoa, Hendaian itsasoratzen dena; Untxin, Zokoan; Urdazuri edo Ugarana, Donibane Lohizunen; Uhabia, Bidaxunen; Aturri, eta Aturrirrekin bat egiten duen Errobi, Baionan.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lapurdiko itsasaldeak 231.403 biztanle zituen 2011n, hau da, 373,8 biztanle metro koadro bakoitzeko. Batez besteko hori hipotetikoa da, jakina, ez baititu bene-benetako egoeraren gorabeherak argi adierazten: Baiona-Angelu-Biarritz barrutiak biztanle dentsitate handiagoa du: 1.777,9 biztanle metro koadro bakoitzeko.

1901-1990 bitartean biztanleriaren hazkundea orokorra eta etengabea izan zen Lapurdiko itsasalde guztian. Nolanahi ere, hazkunde hori bere benetako neurrian hartuko bada, kontuan izan behar dira tokian tokiko eta garaian garaiko ezaugarriak. 1921-1931 bitartean, eta Lehen Mundu Gerrak alde guztietan zabaldu zuen hondamendia gainditurik, hirietara jo zuen jende askok. Urte bitarte horretan Angeluk 4.634 biztanle hartu zituen (biztanleria %67,81 gehitu zen), Biarritzek 4.602 (%25), eta Hendaiak 4.285 (%38,4). Baiona ingurua beraz, Angelu eta Biarritzek izandako hazkundeari esker handitu zen.

Hendaiaren eta Lapurdiko itsas bazterraren ikuspegia.

1931-1954 bitartean Frantziako joera zabaldu zen Lapurdira, eta demografiak behera egin zuen: batetik, jaiotza tasak behera egin zuelako Bigarren Mundu Gerra garaian jaiotako belaunaldia (murritzagoa) ezkon adinera iristean, eta, bestetik, krisi ekonomikoa zela eta, jende gutxiago joan zelako baserritik kalera, hirietako bizimodua aski gogorra baitzen.

1954-1990 bitartean, batez ere itsasaldeko hirietan gehitu zen biztanleria. Dena den, kantonamendu guztiek ez zuten hazkunde tasa berdina izan. Angeluk izan zuen hazkunderik ikusgarriena: 2.015 biztanletan gehitu zuen biztanleria (%159ko hazkundea). Antza denez, 1975etik aurrera Baionak ez zuen hainbeste jenderik erakarri, eta Biarritzek ere hazkunde apala izan zuen harrezkero. Angeluko biztanleriaren gehikuntzaren mesedetan izan zen hori guztia. Donibane Lohizuneko biztanleria %45 gehitu zen, eta Hendaiakoa %50,64. Azkeneko kantonamendu hori da urtez urte hazkunderik orekatuena izan duena.

Itsasaldeaz barruragoko kantonamenduek bestelako bilakaera izan dute, bai beren artean bai itsasaldeko kantonamenduen aldean ere. Egia esan, kantonamendu horiek ez dituzte itsasaldekoen ezaugarri berberak. Aitzitik, kantonamendu horietako herri askok antzekotasun handiagoak dute Lapurdiko barnealdeko herriekin. Ezpeleta eta Uztaritzeko kantonamenduek biztanle kopuru bertsua zuten 1901ean (8.512 biztanle Ezpeletakoak, 9.817 Uztaritzekoak). 1990ean, berriz, aise gailentzen zitzaion Uztaritzekoa (15.936 biztanle) Ezpeletakoari (11.376 biztanle). Hiriburuko kantonamenduko biztanleria %128,48 gehitu zen (5.017 biztanle 1901ean, eta 11.415, berriz, 1990ean).

Giza jarduera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lapurdiko itsasaldeko biztanleria laborari giro eta bizibidetik hiriko giro eta bizibidera aldatu da. Hiritartze hori dela eta, biztanleriaren parte handi bat zerbitzuetan dihardu. Biztanleriaren %33,66 lanean ari da, eta %21,57, berriz, lanetik erretiratua dago.

Lehen sektorea da jende gutxiena hartzen duena (%2,07), eta ez da harritzekoa hala izatea erabat hiritartua dagoen ingurune batean. Baserriak txiki samarrak dira gehienak (7,3 ha batez beste itsasaldean eta 12 ha itsasaldeaz barruragoko eskualdean). Lur sailak, beraz, txikiak izaten dira, eta era askotako landareak landatzen dira (egoskariak, barazkiak eta fruituak), hiri merkatuetan saltzeko. 1988ko nekazaritza zentsoaren arabera, 1.189 ustialeku ziren kostaldeaz barruragoko eskualdean, eta 775 itsasaldean. Lapurdiko itsasaldeko sailetan artoa lantzen da batez ere. Labore lurraren %91,72 artoa egiteko erabiltzen da, eta gainerakoa barazki, zuhain landare eta fruta arboletarako. Artoa eta zuhainak azienda —behiak eta zerriak gehienbat— bazkatzeko dira. Azienda ugariagoa da itsasaldeaz barruragoko eskualdean itsasaldean baino. Lapurdiko itsasaldeko ardien %67,89 eta zerrien %47,5 Ezpeletako kantonamenduan dira, eta behien %56,09 Uztaritzekoan.

Itsas arrantza batez ere Hendaiako eta Donibane Lohizuneko portuetan da garrantzitsua. Donibane Lohizune izan da antzinatik alturako arrantzaleku nagusia, baina berrikitan Hendaiak lehia gogorra jarri dio, instalazio modernoak eta hobeak baititu (Floridako portua). Bi portu horietako arrainik gehiena (%72) Hegoaldera saltzen da. Batez ere antxoa, berdela, hegaluzea, sardina eta legatza harrapatzen da.

Industria gehiena Euskal Kosta-Aturri (Biarritz-Angelu-Baiona) barrutian dago. Akitania eskualdeko bigarren industrialdea da hori, Bordelekoaren ondotik eta Pauekoaren aurretik. Bigarren sektoreak biztanleriaren %22,94 hartzen du. Lapurdiko itsasaldeko jarduera tradizionalen artean, hauek dira aipagarrienak: arrain kontserba (Ziburu, Donibane Lohizune eta Hendaia), altzariak (Donibane Lohizune), zapatagintza (Baiona, Urruña eta Hendaiako tailer ttipiak), eta metalgintza. Lantegi handiak Miarritze-Angelu-Baiona barrutian edo horren inguruan daude. Aipagarriak dira Marcel Dassault hegazkinak Angelu eta Miarritzen; Turbomeka industria aeronautikoa Tarnen, kimika eta elektronika industria Baionan. Aipagarria da ere Bidarteko Teknologia Parkea, industri informatika, softwarea, eta itsasoarekin eta ingurugiroarekin zerikusia duten jarduerak bultzatzeko sortua.

Baionako portuko arto-siloak.

Baionako portuaren ekonomi jarduera oso lotua dago industriarekin. Portuko instalazioek Aturri ibaiaren bokalea inguratzen dute. Oso leku onean dago portua, Paris-Madril eta Tolosa (Okzitania)-Bilbo autopisten bidegurutzean. Baionako portua, beraz, baliabide paregabea da Ipar Euskal Herria -eta Nafarroa Garaia eta Gipuzkoa, bide batez- nazio artera zabaltzeko. Hiru industrialde ditu: Blancpignon (10 ha, sufre, zementu eta labore merkataritza), Bokale-Tarn (70 ha, arto, ongarriak, erregaiak, findutako hidrokarburoak eta kimika gaiak), eta Saint-Bernard (5 ha). Portuak, gainera, oso lotura estua du beste bi industrialderekin, bata Tarnen (mekanika, ibilgailuak eta aeronautika) eta Mugerren bestea. Baionako portuaren xede nagusietako bat inguruko portuekin harremanak lotzea da, Hego Euskal Herriko portuekikoak ere bai, Hegoaldeko portuek zabalbide handirik ez dutela jakinik.

Merkataritzan bi alde bereiz daitezke: batetik, Baiona inguruko saltoki handiak, eta, bestetik, batez ere Biarritze eta Donibane Lohizune ingurun barreiatuta dauden saltoki tipiak. Zernahi gisaz, merkataritza arloan hipermerkatuak dira jaun eta jabe. Baionako Merkataritza Ganbarak 1990ean egin zuen azterlan baten arabera, Baionako barrutiko hipermerkatu eremua Frantziako batez bestekoa (80 m² mila biztanleko) baino askoz handiagoa zen (103 m² mila biztanleko). Supermerkatu eremua ere, handixeagoa zen Baionan (126 m²) Frantzian (114 m²) baino. Izan ere, turismoa dela eta -Hego Euskal Herriko bisitariak tartean—, oso bezeria handia baitute Baionako saltoki handiek. Hiru merkataritza gune handi daude Lapurdin: Baiona (barne eta kanpo merkataritzarako gune nagusia), Mugerre (nazioarteko zamaketa gunea) eta Hendaiako muga hiria.

Zerbitzuena da, sektore horretan zenbat jendek lan egiten duen kontuan hartuta behintzat, Lapurdiko itsasaldeko ekonomia sektore nagusia. Euskal Kosta-Aturri barrutia da zerbitzugune nagusia. Hori horrela da barruti horretan bizi delako Ipar Euskal Herriko biztanleriaren zati handiena eta Baiona suprefetura-hiria delako. Administrazio arloko zerbitzuak ez ezik, jendearentzako beste zerbitzu asko ditu Euskal Kosta-Aturri barrutiak: aseguru etxeak, etxeen salerosketarako bulegoak, eta abar. Enpresentzako zerbitzuak, berriz, urriak dira. Osasun sektoreak ere garrantzi handiko lekua du. Bertako biztanleen premiez arduratzeaz gainera, itsasaldearen kokalekuak eta klimak erakarrita kanpotik etortzen diren jubilatu, urzale eta abarri, osasun eta aisia instalazio egokiak eskaintzen dizkie.

Garraiobideetan Baiona da errepideen eta burdinbideen elkargune nagusia. RN-10 (iparralde-hegoalde) eta RN-117 (ekialde-mendebalde) dira errepide ardatzak. Paristik datorren RN-10 errepidea Espainiako N-1 errepidearekin lotzen da Hendaian barrena. Euskal Herriaren nazioarterako irtenbide nagusietako bat da, eta Lapurdiko hiri nagusietatik igarotzen da. RN-117 errepideak, berriz, Baiona Pauerekin eta Tolosarekin lotzen du, eta Pirinioaz iparraldeko ekonomi guneen lokarri nagusietako bat ere bada. Bi autobide ere badira, RN-10 eta RN-117 errepideen osagarri: A-63 eta A-64, hurrenez hurren. Garrantzizkoak dira ere D-932 eta D-918 errepideak. Bata Baionatik eta bestea Donibane Lohizunetik abiatzen dira, eta Kanbon bat egiten dute, Donibane Garazirantz.

Trenbide nagusiak, berriz, hauek dira: Baiona-Hendaia, Baiona-Tolosa eta Baiona-Donibane Garazi. Biarritzeko aireportua da Ipar Euskal Herriko aireko garraiorako aireportu zibil bakarra. Izenak bestelakorik adierazten badu ere, Angelun dago (113 ha herri horretan eta 19 ha besterik ez Biarritzen), RN-10 errepidearen ondoan, Baionatik 6 bat kilometrora. Ipar Euskal Herriko, Landetako eta Gipuzkoako jendeak erabiltzen du. Donostiatik hurbil dagoenez, eta Hondarribiko aireportua txikia izanik, Gipuzkoatik gero eta jende gehiago joaten da Biarritzekora, Parisen bitartez eskumenera jartzen baitu Europa osoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]