Edukira joan

Txikipedia:Intxisua

Wikipedia, Entziklopedia askea


Intxisua, Euskal Herriko mitologiako pertsonaia bat da. Batzuek diote iratxoa zela, jentila, eta beste batzuek sorgin gizon misteriotsu bat.

« Esaera herrikoia: Intxisua baino bihurriagoa zara »


Map

Jenderik bizi ez den tokietan edo leizeetan bizi den jeinua da. Tokiaren arabera hainbat sinesmen daude Intxisuen gainean, hala nola, Ataunen (Gipuzkoa) edo Oiartzunen (Gipuzkoa).

Ataun (Gipuzkoa) herrian, pertsonaia hau gizonezko sorgin bat zela diote. Intxixua, sorgina bezalakoa zen: (sor+egin), emakumea; intxixua, gizasemea. Hau da, sor eta egin. Hau dela eta, gure pertsonaiak sorginen antzera, zenbait kulturatan iragarpenak egin, espirituak aldarrikatu eta sendatzeko praktikak egiten zituena zen, ezkutuko ahalmenak eta produktu naturalak erabiliz; eta gainera, kontsultatzera joaten zitzaizkion pertsonak aholkatu eta gidatzen zituena. Gogoratu behar da gehienetan sorginak emakume generokoak zirela. Izan ere, sorginkeriarekin erlazionatutako lanbideak zegozkien, belagileak esate baterako. Haiek ziren jendea sendatzeko basa-belarrak eta fruituak biltzearen arduradunak. Sorginek akelarreak egiten zituzten gauez.

Oiartzun (Gipuzkoa) herrian berriz, Arditurriko kobazuloetan erraz ezkutatu edo ihes egiten zuen iratxoa omen zen. Oso zaila zen hura ikustea, ez bakarrik lotsatia zelako, baizik eta bere izakera basatiarengatik ere.

Sinesmenak dioten moduan, Intxisuak oso txikiak ziren, metro bat baino gutxiagokoak (1,20 m), argalak, azal ilunekoak, bizardunak eta gorputza ile ugariz  betetakoak. Mundu basatikoa izatea egotzita, zibilizaziotik at, mendiko kobazuloetan bizi omen ziren. Batzuek diote iratxo modukoak zirela eta indar handia zutela, baina badirudi indar hori gauetan bakarrik izaten zutela. Beste batzuek diote, emakumea sorgina zela eta bere senarra Intxisua. "Alde gaiztoa duen emakumeari sorgiña esaten zaion moduan, gizonezkoari intzizu edo intxizu esaten zaio Oiartzun aldean ere”. [1]

Herri-sinesmenen arabera, bertako mendietan dauden harrespiletan hilobiratuak izan ziren Intxisuak, sorginak ... Esan beharra dago, harrespilei mairubaratzak (mairuen hilerriak) esaten dietela, Aranon jentilbaratzak (jentilen hilerriak) esaten dietela eta, Ainhoan, berriz, mairularriak (mairuen hilerriak).

Esateko moduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intxisu, intxiso, intxixu, intxitxu, intxusi, itxiso …

Batzuen ustetan, Intxisu hitza gaztelerako “hechizo” hitzetik dator.  Zer intxixo edo enkantu da gurea?

Beste batzuen ustez, Intxixu izenak Leltxu edo Iratxo hitzen beste antroponimo batzuen antza du. Hortaz, euskal jatorria izan lezake eta  mitologiako fantasiazko iratxo mota hauekin erlazionatuta egon liteke.

Kultura herrikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esateko ohitura dago, gaur egun ere, gauean zehar inongo esplikaziorik gabe txakur bat zaunkaka hasten denean edo soinuak entzuten direnean, Intxisu hortik dabilela bereak egiten. Ohiturak dio Intxixu bereak egiten dabilela.

Haur batek barrabaskeria edo bihurrikeriaren bat egin badu, “Intxisua baino bihurriagoa zara” espresioa ere esaten da.

Kontatzen da behin, Oiartzungo basozain batek, iratxo hauetako bat aurkitu zuela kobazulo batean. Bertatik, korrika batean eta gelditu gabe abiatu zen udaletxerantz, ikusi zuena herritarrei kontatzera. Bere hitzetan, koban aurkitu zuen izakiaren deskribapena, erdi gizakia eta erdi betizua (Pirineotako behi espeziea) omen zen.

Baita ere esaten da, pertsonaia misteriotsu bat topatu zutela Arditurrin; gehienetan gizona zela esaten zen baina emakumezkoa zela ere entzuna da. Meatzari batzuek topatu omen zuten zeharo motelduta: "ahaleginak egin genituen berarekin hitz egiteko, euskaraz, gaztelaniaz eta baita frantsesez ere, baina ez genuen lortu". Denborarekin argalduz joan omen eta azkenean hil egin zen.

Inguruko monumentu megalitikoen eraikuntzaren erantzule da (beste pertsonaia mitologiko askoren kasuan bezala).

Euskal Herriko folklorea era guztietako jeinu txikiz josita dago, asko Intxisu bezala bertakoak dira eta Barandiaranek jaso zituen ahaztuta egon aurretik. Gure jeinuaren izaera harrespilen eta inguruko beste elementu megalitiko batzuen eraikuntzarekin nahasten da (tradizionalki Jentilei egotzitakoak). Eta Intxisu da Oiartzungo eskualdean cronlech-ak eraikitzearen ardura egozten zaion jeinua.

Gainera, oiartzuar batzuen ustez, mairu-baratzeak intxisuen hilerriak ziren eta Arditurriko meategiak ere haiek eginak ziren. Hona Lekuonak eginiko deskribapena:

"Ezkutatzen dira, baina haien abestiak entzun daitezke. Harkaitz zuloetan bizi dira, aberastasunez inguratuak eta ez dituzte herritarrekin harremanak kultura desberdinekoak direlako." [2]

Intxixuaren jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da.

Oso aspalditik Oiartzungo iratxo misteriotsu hauek euskal kulturako pertsonaia handien arreta erakarri dute, hala nola: Pio Baroja, Manuel Lekuona, Florencio Portu, Joxe Migel Barandiaran, Luis de Uranzu, Santiago Aizarna, Carlos Claveria edo Pello Añorga, esaterako. Burututako ikerlanek agerian uzten dute izaki mitiko horiek gure mitologian duten balioa; alabaina, garrantzi hori ez da behar bezainbat islatzen zoritxarrez mitologiari buruz egun zertzen diren lanetan, ezta gai honen inguruko literaturan ere, eta nolabaiteko misterioa mantentzen dute intxixuen inguruan, baina badirudi ezjakintasunagatik dela neurri batean, eta haiei buruzko informazioa oso sakabanatua dagoelako beste neurri batean.

Jose Migel Barandiaranek esate baterako, Euskal Herriko ohiko mito, pertsonaia eta kondairak ikertu zituen[3]:

  • Jenioak eta jainkotasunak: hainbat animalia-espezieren figura hartzen dutenak.
  • Kobazuloetako biztanleak: kondairak eta uste paganoen istorioetako protagonistak.

Barandiaranek, esate baterako, Intxisu eta Jentilen arteko antzekotasunak azpimarratu zituen.

Dakigunez, Intxisuaren jatorria aztertzeko ahaleginak 1916an egin zituen orduko apaiza zen Florencio Portuk. Argitaratu gabeko eskuizkribuan dioenez, sorgina emakumea zen eta intxisua haren gizona, azti moduko bat.

Luis de Uranzu historiagilea izan zen Intxisuaren jatorriaz arduratu zena. Horretarako Arditurri inguruan baserriz baserri Intxisuari buruzko informazioa jasotzen ibili zen, baina zoritxarrez hizketaldi haiek ia ez zuten deus argitu.

Intxisu pertsonaiaren formarik ezagunena gizonezko sorgin edo sorginena dela baieztatzen du Juan Ignazio Uranga (1863-1934) gipuzkoar idazle eta antzerkigileak “Bakarrizketak” (1908-1917) obran, zehazki. Euskal Herrian 1915ean argitaratutako "Sorgiñak" kapituluak honako hauek bildu zituen: [4]

"Oraiñ ere emen datoz intxisuak, sorgiñ zitalen aurrelariyak, pake maitiaren ondatzalle petralak, nere odolak irakiñaz zorne pikortuaz arri biurtzera, ta osasunaren zañariyak uztelduaz maxutatzera."

Erreferentzia literario honi esker ondoriozta dezakegu Oiartzunen bertsio zoomorfikoa izan arren, Gipuzkoako mitologian nagusi dena sorginkeriarena dela.

(Oiartzungo Haur Hezkuntzan Ihoteen nondik norakoa Haur Hezkuntzko haurrei azaltzeko ipuina).

Aspaldian, euskaldunak intxisu, sorgin, basandre eta beste hamaika izakirekin batera bizi ziren. Eguzki, Euri, Elur, Laino eta Itsasorekin ere harreman ona zuten. Horrela, Euri eta Elurri esaten zioten noiz etorri eta noiz joan, Eguzkiri noiz berotu eta noiz ezkutatu. Horri esker, uda epelak eta negu hotzak izaten ziren. Udaberrian loreak sortu eta udan frutak umotu.

Tira, beti ez zen horrela izaten, batzuetan Eguzki, Euri eta Elur ados jarri eta Xanistebanetan elurra egiten zuen edo Olentzero eta Mari Domingi eguzki galgatan iristen ziren, galtza motzak eta eguzkitako betaurrekoak jantzita. Udan bezala. Gainera, beharrezkoa zen, Eguzkiren argia eta euriak ongi antolatzea lore eta landareak garaian ernetzeko. Izan ere, sorgiñek, sendabelarrak behar zituzten haur eta zaharren osasuna zaintzeko.

Behin euskaldunek pentsatu zuten haiek bizkorrenak zirela, ez zuela ezertarako garrantzirik Eguzki eta Eurirekin tratua egiten ibiltzeak, mendiko intxisu, basandre eta gainontzeko izakiak ezjakinak zirela, zakarrak, baldarrak. Hortaz, baztertu egin zituzten, haiekin hitz egiteari utz zioten. Geroztik, Intxisuak eta basandreak Kataxulon bizi dira gure artean zituzten etxe eta bordak utzita. Eguzki, Euri eta Elur, ordea, haserretu egin ziren, “zer uste dute gizaki hauek, gu gabe bizi daitezkeela? Orain ikusiko dute” –esan zuten. Eta horrela, udazkenean euria hasi zuen. Euria zarra-zarra, atertu gabe. Mari Domingi, Olentzero eta Astoa euritan ibili ziren. Eta ondorioz, opariak bustita iritsi ziren urte hartan gure etxeetara.

Oiartzungo Ihoteen nondik norakoa. Haur Hezkuntzako haurrei azaltzeko ipuina.

Baina hori ez zen gerta zitekeen okerrena. Euriari elurrak jarraitu zion,hezetasunari hotzak. Oiartzun eta Euskal Herri osoa lainopean egon zen hilabete luzez, eguzkirik ikusi gabe. Eta horrela, ezin ziren zelaiak loratu. Euri eta hotzarekin haurrak eta adinekoak gaixotu egin ziren. Sorginen botikak amaitu eta sendabelar zein lore berriak falta zituzten botika gehiago egiteko. Zer egin? Kataxulon bizi ziren intxisu eta basandreekin hitz egin beharra zegoen! Haiek bakarrik zekiten Eguzki, Elur eta Eurirekin hitz egiten. Baina gurasoek beldur zieten! Hain ziren basati eta zakarrak! Oiartzungo umeak, ordea, ez ziren inozoak eta zerbait egitea erabaki zuten. Denen artean hitz egin eta Kataxulora igotzea erabaki zuten. “Seguru ongi eskatuz gero lagunduko digutela”.

Horrela, esan eta egin. Arrasku eta Otsoko aukeratu zituzten lan hori egiteko. Tipi-tapa, tipi-tapa plazatik gurutzera igo eta gurutzetik Egiederrera, ondoren Arribeltzetik eta aurrerago Azketara eta hortik Aiako Harriraino. Azkenean Kataxulora iritsi ziren … Kataxulo barrutik aire epela eta gaztaina erreen usaina zetorren. Han ari ziren Intxisu eta basandreak gaztainak jan, kontuak esan eta dantzan suaren inguruan. Oiartzuar gehienak bustita, hoztuta eta triste zeuden bitartean. Lotsaz baino zerbait esatera ausartu ziren Arrasku eta otsoko. “Ejjem! Aizue!”

Musika bat batean gelditu zen, dantzak eten eta denek, isil-isilik atarira begiratu zuten. “Bi haur!” esan zuten harrituta. “Zer zabiltzate hemen? Eseri eta jan gaztainak, ederrak daude eta” esan zuen basandre zaharrenak. Eta horrela, Intxisu eta basandreek dantzan eta gaztainak jaten jarraitu zuten. Arrasku eta Otsokok, ordea, arazoa konpontzeko premia zuten eta zer gertatzen zen kontatu zieten, baita laguntza eskatu ere.”Negua amaitzea behar dugu, zelaiak esnatu eta loratzea!”

Intxisu eta basandreek laguntzeko asmoz plan bat asmatu zuten. Lainoteria Kataxuloren parean zegoen. Handik gora eguzkia, behean laino eta euria. Eguzki, Euri eta Lainorekin hitz egin, egoera azaldu eta baretzeko eskatuko zieten sorgin hizkuntzan. Horrez gain, koloretako zapiekin ortzadarraren koloreak zituen bufanda eder bat osatuko zuten, ortzadarra ikusi eta laino-euriak baretuko zirelakoan. Horretarako, Intxisu bakoitzak bere auzoko kolorea zuen zapia ekarri zuen, denak elkarrekin josiz osatu zuten ortzadarra.

Lainorekin hitz egin eta zer gertatzen zen kontatu ondoren, ortzadarraren itxura zuen bufanda eder hura oparitu zioten. Laino eta Eurik ulertu zuten ezin zutela ekaitzarekin jarraitu. Oparitan jasotako bufanda jantzi eta atertu egin zuten, lainoak bildu eta Eguzkiri berotzen utzi zioten. Eguzkiaren epelarekin hasi zen udaberria urte hartan. Haur eta zaharrak sendatu egin ziren, zelaiak loratzen hasi eta sorgiñek behar zituzten belarrak bilduta botikak egin zituzten.

Arrasku eta Otsoko herrira itzuli zirenean beste giro bat zegoen. Denen aurrean kontatu zuten zer gertatu zen. Horrela erabaki zuten Oiartzuarrek Intxisuak eta basandreak, Laino eta Euri, Euskal Herri zaharra eta berria beti gogoan izatea. Eta geroztik urtero gonbidatzen dituzte basandreak eta intxisuak Ihoteetan. Bakoitzak bere kolorea dakar, denen artean ortzadarra osatu eta laino-euriei esaten diete negua amaitzeko garaia dela. Horregatik egiten diegu ongi etorria Ihoteetan, horregatik jartzen ditugu koloretako zapiak han eta hemen. Amaitu da negua, betor udaberria! Eta hala bazan ta ez bazan, mintza gaitezan sorgin hizkuntzan.

Imanol Esnaola. Zamateta, 2017ko urtarrila.

Intxisuak azken urte hauetan ospe handia hartu dute Oiartzungo inauterietan, Ihote eta sorginekin batera menditik jeitsi eta herrira ateratzen diren pertsonaiak direlako Intxisuak.  

Frankismo garaian, Oiartzunen, beste hainbat tokitan bezala, inauteriak desagertzea ekarri zuen Francoren diktadurak. Baina 1989. urtean Ugaldetxo Kultur Taldeko kideak herriko auzoetan barrena ibili ziren nolako inauteriak ospatu nahi zituzten hausnartzen. Herriko zaharrenengana joan ziren, haiek nola ospatzen zituzten jakiteko. 1990. urtean, herriko gazteek Ihoteak antolatu zituzten. Ondoren, ilunabarrean, mozorrotuta atera ziren plazara. Ihote-baltsa ere dantzatu zuten, beste euskal doinu batzuekin, suaren inguruan. Lehenengo intxisuak ere orduan iritsi ziren Oiartzunera: intxisu beltzak. 1991, Intxisuen pertsonaia mitologikoa hobeto landu zuten, eta gaur egun ezagutzen ditugun intxisu buruak lehen aldiz agertu ziren plazan. Zehazki 8 intxisu izango zirela ere erabaki zuten, auzo bakoitzeko bana. 2006. urtean sorginek ere hartu zuten parte Ihoteetan intxisuekin batera. 2013. urtean, mendiko sorginak agertu ziren. Intxisuak eta sorginak herrira iritsi eta plaza hartzen dute, eta suaren inguruan dantzan eta jolasten aritzen dira.

Hemen bideo bat ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=yFF2HZeGrw4

Oiartzungo Ihotetan ateratzen diren pertsonaiak hauek dira: Poxpolinak eta Artzainak, Basandria, Intxisua, Otegizona, Sorgiña, Zomorroa, Zomorrozinko eta Suzko akerra.


Intxisuak (Oiartzungo inauterien arabera):

Nola janzten dira: Oiartzungo Ihoteetako pertsonaia basatiak dira. Zakuz eta larruz egindako arropa basatiarekin janzten dira. Buru haundi bat izaten dute, ile, hortz, begi, sudur eta adar haundiz osatua. Arropan apaingarri moduan, hezurrak, oilo hanka…eramaten dituzte. Gomazko abarkak izaten dituzte. Baita makil edo goraizeak ere jendea zirikatzeko. Intxisu bakoitza auzo bateko ordezkaria izanda, bertako kolorezko zapia eramaten du.

Noiz ateratzen dira: Ostiralean Aiako Harritik herrira jaitsi eta aste buru osoa pasatzen dute bertan. Igandea arratsaldean mendira bueltatzen dira urte osoa hantxe igarotzeko. Udala hartzen dute, hau da, udaletxera igotzen dira eta bertan beraien bandera zintzilikatzen dute.

Zenbat intxisu dira: 8 intxisu izaten dira, auzo bakoitzeko bat.

Zer egiten dute: Jendea beldurtu, zirikatu, jendearekin jolastu … bereziki haurrekin. Plazan egoten dira haiekin batera jolasean, korrika eta zirikan.

Abestia: "Intxixu dantza intzazu"

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Intxixu dantza intzazu abestia

Mitologia, misterioa,

herri usarioa...

Kataxulon bertan bizi omen,

inork ez du ikusi, dena den.

Bi adar ditu, janzten da larruz,

elkar ulertu keinuz ta orruz.

Erdi pizti, erdi humano,

ez dago ero, ez dago sano.

Urtean behin, jeistean herrira,

Udaletxera igotzen dira

ta ozen kantuan hasi ohi gera

DENAK BATERA

INTXIXU, DANTZA INTZAZU,

INTZAZU DANTZA, INTXIXU,

INTXIXU, DANTZA INTZAZU,

GUREKIN DANTZA, INTXIXU

Aiako Harrian nahi dugu bizi,

Basandriekin batera hezi,

Sorginen sekretuak ikasi,

ama lurraren eskutik hazi,

humano izatetik ihesi,

ta piztiago bihurtzen hasi,

pozez dantzan hasi ohi gera,

DENAK BATERA

Hemen abestia entzungai: https://www.youtube.com/watch?v=OHeg_VPdOH0&feature=youtu.be

Kopla edo hitz jolasa: Zomorrozinko (Haurtzaro Ikastola)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intxisuarekin batera doan Zomorrozinko pertsonaiaren hitz jolasa erabiltzen da Oiartzun aldean.

Zomorrozinko abestia

Zomorro zinko

pipiritako

zazpi arraultza

afaritako

beste horren beste

gosaritako.

Hemen abestia entzungai: http://www.oiartzungoihotik.eus/Zomorrozinko-Haurtzaro-Ikastola.mp3

  • Diccionario de Mitología Vasca. José Miguel de Barandiarán. [1]
  • Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Juan Inazio HARTSUAGA URANGA: «Intxixua», Auñamendi Eusko Entziklopedia. [2]
  • Antonio Zavala. (1992). Txirrita (bizitza eta bertsoak). Tolosa: Auspoa argitaletxea.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Zabala, Antonio. (1992). Txirrita (bizitza eta bertsoak). Auspoa.
  2. www.oiartzungoihotik.eus. .
  3. Barandiaran, Jose Migel. (1984). Diccionario de Mitología Vasca.. Txertoa argitaletxea.
  4. Hartsuaga Uranga, Juan Inazio. «Intxixua». Auñamendi Eusko Entziklopedia..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]