Galaxia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
NGC 1300 Galaxia Hubble teleskopio bereziaz ikuskatua

Galaxia (grezierazko galakt- errotik, "esne", Esne Bidea dela-eta) izarrez, gasezko eta hautsezko lainoz eta materia ilunez osaturiko grabitate-multzoa da. Izarren kopurua 107 eta 1012 bitartean izaten da. Hainbat galaxia motatan osagai garrantzitsuena materia iluna da, zuzenki aztertua izan ez den materia, bere efektu grabitatorioengandik baizik. Galaxia baten barruan aurki daitezkeen azpi-egiturak honako hauek dira: nebulosak, izar multzoak eta izar sistemak.

Galaxien sorreraren teoriaren arabera, materia iluna da aurrenik pilatzen dena, materia normala erakarriz, izarrak sortuz eta hala galaxiak ikusgai bihurtuz.

Lehenengo aurkitu zen galaxia Esne Bidea da, gu bizi garena.

Galaxiak urrundu egiten dira bata bestearengandik, eta hedapen abiadura distantziarekiko proportzionala da, gertaera honek Hubble legearen izena hartzen du, Edwin Hubble izan baitzen gertaera honetaz konturatu zena. Unibertsoan milioika Galaxia daudelako froga besterik ez da.

Galaxien tartean, hutsune ikaragarriak daude, eta gaur egungo teleskopioak 10 mila milioi argi urtera dauden galaxiak bereizteko gai dira.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galaxia motak Hubble sailkapenaren arabera:
E - eliptikoa
S - kiribila

Galaxia bat gas, hauts eta izar multzo nahasia da, 100.000 argi urteko diametrokoa batez beste, ehun mila milioi inguru izar dituena, eta gas kontzentrazioak masa guztiaren %0-tik 30-era hartzen duena. Behaketa optikoz eta irratiastronomikoz analizatu ahal izan da galaxien edukia: kolore desberdineko izarrak, nebulosa distiratsuak edo izar beroenetatik hurbil dauden hidrogeno ioituzko eskualdeak, izar bero haietatik urrun dauden gas hotzeko eskualdeak eta argi ikusgaia xurgatzen duen hauts askoko alde ilunak. Osagai horien kopurua ez da berdina galaxia guztietan, galaxien tankeraren araberakoa izaten da: morfologikoki eliptikoak, espiralak ala irregularrak baitira galaxiak.

Estatu Batuetako Wilson Mendiko teleskopio ahaltsuen bidez egindako ikerketetan oinarriturik, sailkapen bat proposatu zuen Hubblek 1928an, gaur ere onartzen dena eta galaxiak hiru multzo handitan banatzen dituena: eliptikoak, kiribila (lentikularra barne) eta irregularra).

Kiribilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espiralak dira gehienak (Hubblek aztertuen %80) eta elkarren antzik badute.

Osagai hauek dituzte beti: erraboila bat, beso bihurrituak eta mulko globularrak ugari diren argi koroa bat. Ehunka mila milioi izarrek osatuak dira, eta 100.000 argi urte inguru dute luze-zabalean. Galaxia batzuetan besoak ez dira erraboil esferikotik ateratzen, zilindro moduko barra handi batetik baizik: espiral barradunak dira. Espiral klasikoak baino argitasun gutxiago dute, masa gutxiago baitute, edo izar dentsitate apalagoa; eta teoria batzuen arabera, masa txikiago horrek galarazi du erraboil homogeneo bat eratzea.

Bada beste mota bat, gutxiago dagoena baina egungo ikerketen arabera interes handikoa dena, galaxia lentikularrena; galaxia horiek, espiralak bezala, badute erraboila eta diskoa, baina egitura espirala dute eskas.

Ustez, ez dute beste galaxietan azkenean besoak osatu dituzten egiturazko irregularitateak sortzeko behar beste gas eta hauts.

Eliptikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galaxia eliptikoak dira, espiralekin batera, gehien aurkitzen direnak. Ez dute egiturarik, eta izarrak oso erregular daude banatuta galaxiaren barnean. Elipse forma dute ia beti, eta eszentrikotasunaren arabera sailkatzen dira; Hubbleren sailkapena E0tik (galaxia zirkularretatik), E7-ra (eszentrikoenetara) doa. Galaxia eliptikoek masa handia dute eskuarki; are gehiago, galaxia eliptikoak dira Unibertsoko gorputz diskretukomasa handieneko batzuk. Astronomo batzuentzat, galaxia baten bizitzaren azken fasea dira, gas eta hauts hondar guztiak ezabaturik, besoak erraboilarekin nahasten direnekoa alegia. Beste batzuek uste dutenez, aldiz, galaxia eliptikoak, masa gehiagokoak baitira, lehenagoko galaxia bi edo gehiagok bat egitetik eratuak dira.

Irregularrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galaxia irregularrak dira, definizioz, sailkatzen zailenak. Egitura zehatz jakinik ez dute, ez batira ez espiralak, ez lentikularrak, ez eliptikoak. Hauts kosmiko kopuru ikaragarria edukitzea da horien ezaugarrietako bat; hori dela eta, desitxuratuak ikusten ditu askotan behatzaileak. Gure galaxian gertatzen ez den erritmo batez ari dira sortzen izarrak haien barnean. Horiekin badute zerikusia, beharbada, teknologia espazialari esker Unibertsoaren mugetan aurkitzen ari diren galaxia infragorriek, funtsean gas eta hautsez eratuak diruditenak.

Nanoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Astronomoek ez dituzte oso kontuan hartu, gaur arte, galaxia nanoak, haien txikitasuna zela-eta hain zuzen. Baina gaur egun kopuru harrigarrian ari dira aurkitzen, eta, hortaz, gauza ziurra dirudi galaxia nanoak erraldoiak baino askoz ere gehiago direla.

Galaxia multzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Galaxia multzo»
ACO 3341 galaxia multzoa

Egia esan, galaxia baino «banako» handiagorik ez da ezagutzen; baina, zalantzarik gabe, badute galaxiek taldeetan biltzeko joera; gerta daiteke, agian, talde horiek Unibertsoaren egituraren maila berri bat bihurtzea.

Gugandik hurbil badira beste galaxia espiralak, Andromedak M31 edo Magallanesen Hodeiak, esaterako, gurearen satelite hutsak direnak. Horiek guztiak, 30 gutxienez, ez daude 6 milioi argi urte baino urrunago, eta talde lokala esaten zaiona osatzen dute. Galaxietan, ordea, ez da gertatzen izarren arteko beste maila batzuetan gertatu ohi den tamainen eta distantzien arteko orekarik eza. Adibidez, planeten arteko distantzia milaka aldiz handiagoa da beren diametroa baino; izarren arteko distantzia beren diametroa baino milioika aldiz handiagoa da. Galaxien arteko distantzia, aldiz, ez da beren diametroa baino askoz handiagoa: Andromeda galaxia, esaterako, 20ren bat galaxia diametrotara dago gure galaxiatik.

Nolanahi ere, espazio guztia ez dago «taldez» betea. Ezagutzen dira gureagandik hurbil dauden zenbait «talde lokal», maila goragoko den «Virgoko multzoa» izeneko multzoko parte direnak. Multzo honek mila galaxia baino gehiago biltzen ditu, eta erraldoi eliptiko ugari dauzkan gune oso ahaltsu batean elkarturik daude horietako gehienak.

Gugandik 40 eta 60 milioi argi urte arteko distantziara dago Virgoko multzoaren gune nagusia. Are gehiago, egiaztatu da multzo hori ez dela multzo are handiago baten zati bat besterik, Komako super multzoarena hain zuzen. Horren milaka galaxia 300 bat milioi argi urtetara ikus daitezke.

Horiekin guztiekin, bata bestearen gaineko hiru maila daude unibertso anagalaktikoan: taldeena, multzoena eta supermultzoena.

Gorago esan dugunez, elkarrengandik aski hurbil daude galaxiak. Baina espazioaren zatirik handienean ez dago galaxiarik.

Multzoen eta supermultzoen artean berealdiko hutsarteak daude, halako eran non egungo ustearen arabera, Unibertsoaren ehuneko bostetik hamarrera soilik baitago galaxia elkarteez betea. Gainerakoan, hots, espazioaren ehuneko 90 edo 95ean, ez dago inongo galaxiarik, eta ziur aski ezta inongo beste gauzarik ere.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hubblek bere sailkapena gauzatu zuen unean bertan hasi ziren galaxien etorkiari eta bilakaerari buruzko gorabeherak. Teoria klasikoaren arabera, gasezko hodei protogalaktiko bat, biratuz ari zena, bere biratze ardatzari buruz perpendikular zapalduz uzkurturik eratuak bide dira galaxiak. Prozesu horretan, galaxiaren gas edukiaren apaltze bat gertatzen da izarrak eratu ahala.

Hortaz, galaxiaren bilakaerak bi ezaugarri ditu: gas edukiaren urritzea izarren mesedetan, eta denbora berean, bilakaera prozesu horrek guztiak eraginik, izarrarteko gai bakun astunen ugaltzea.

Horrela bada, hodeiaren biratzea geldia bada, sistemaren uzkurtze osoa gertatu baino lehen erabat aldatuko da haren edukia gasetik izarretara; horrela sorturiko galaxiak elipsoide forma izango du, eta galaxia eliptiko bat izango da, izarrarteko materia gutxikoa eta izar zaharrez osaturikoa. Uzkurtzea lasterra bada, aldiz, galaxia disko oso zapaldua sortuko da, izar oraindik gazteak, eta gerora izarrak eratzeko gauza den gasa edukiko dituena.

Hubblek izarren tipologia morfologikoan oinarrituta egin zuen sailkapen horrek berorrek iradokitzen zuen bazela halako galaxia moten segida bat: haren arabera, galaxia irregularrak, gas eta izar gazte askokoak, orain dela gutxi sortuak izango ziren; eta umotze edo heltze prozesu baten ondorioz, galaxia eliptiko bihurtuko ziren (ia gasik eta izar gazterik gabeak).

Galaxien edukiaz gaur egun egin diren behaketa zehatzek erakutsi dutenez, bilakaera eredu horrek ez du balio. Izan ere, etapa berean sortu bide ziren galaxia mota guztiak, Lehertze Handia edo Big Bang-a gertatzetik mila milioi urte inguru geroago. Sortze egoeraren arabera mota morfologiko desberdinak osatu dira, zeinek bere bilakaera erritmo berezia duena. Horren arabera, galaxia eliptikoek hasieratik bertatik bihurtu dute beren gas guztia izar; galaxia espiralak, ordea, geldiro egiten dute bihurtze hori bilakaera osoaren harian; bihurtze erritmoa are geldiagoa da galaxia irregularretan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Galaxia Aldatu lotura Wikidatan