Namibiar zaldi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Namibiar zaldia
Zaldi arraza
EspezieaEquus ferus caballus
Jatorria Namibia

Namibiar zaldia (afrikaansez: Namib Woestyn Perd) Namibiako Namib basamortuan bizi den zaldi populazio bat da[1]. Ez dira arraza zehatz batekoak, nahiz eta hainbat ikerlarirentzat egun aparteko arraza osatu. Afrikan dauden basazaldi urrietakoak dira. Gaur egungo populazioa 90-150 artean kokatzen da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namibiako zaldien artean kolore ohikoena gaztaina kolorea da, baina badira beilegiak eta marroiak ere. Gris kolorearen generik ez dago zaldi hauetan. Gutxi batzuek atzealdean marra batzuk azaltzen dituzte[2].

Gorpuzkeraz gihartsuak eta hezur sendokoak dira, eta oso atletikoak. Europako lasterketa zaldien itxura dute. Azterketa genetikoek ere baieztatu egin dute zaldiok lasterketa zaldien edo zaldi militarren ondorengoak direla, eta ez lanerako zaldien ondorengoak. Kasu batzuetan apatsak barnerantz okertuta dituztela ikusi da, baina distantzia luzeak ibili behar izanak sorturiko kaltea dela uste da[3].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namibiar zaldiak, abandonaturiko tren geltoki batean.
Zaldi taldea eraikitako ur putzuetan.

Haien jatorria ez dago bat ere garbi, baina argi dago ez direla eskualde hartako berezko abereak. Hegoaldeko Afrikako aurreneko zaldiak XVII. mendean eraman zituzten Europatik[4].

Hainbat hipotesi plazaratu dira Naminiako zaldi hauen jatorriaren inguruan. Hipotesietako batek dio Australiara bidean zihoan itsasontzi batek zaldiak zeramatzala eta istripu bat izan eta hondoratu egin zela Orange ibaiaren inguruan. Zaldi batzuek igerian kostaldera iristea lortu zuten eta Garub lautada zeharkatuz Namib basamortura iritsi ziren. Beste hipotesia baten arabera, Lehen Mundu Gerran Schutztruppe tropa alemaniarren kanpainetan zaldiak erabili ziren eta batzuek ihes egingo zuten edo askatu egingo zituzten.

Azkenik Von Wolf baroi alemaniarrak Duwisib gaztelua eraiki zuen Namib basamortuaren ertzean eta 300 zaldi inguru zituen bertan. Lehen Mundu Gerran Europan borrokan ari zela hil zen baroia eta gaztelua abandonaturik gelditu zen. Bertan zeuden zaldiek orduan beren kabuz bizitzen ikasi behar izan zuten. Gaur egun aurkitzen diren zaldiek Von Wolf baroiaren zaldien antz handia dutela ikusi da eta baliteke hau izatea benetako jatorria[2].

Zaldiek hasiera batean rantxoetan zeuden zaldi etxekotuekin lehiatu behar izaten zuten belardietan eta populazioak beherantz egin zuen, ia iraungi arte. Consolidated Diamond Mine meategi enpresak trenbidea eraiki zuen eta lurrinezko lokomotorak asetzeko ur putzuak ezarri zituen. Zaldiek putzu haietan edaten zuten. Lurrun makinak 1977. urtean diesel makinek ordezkatu zituztenean Jan Coetzer meategiko langileak putzuak manten zitzaten eskatu zuen, zaldiek edan ahal izan zezaten.

Namibiak 1992an independentzia lortu zuenean 276 zaldi zenbatu ziren. Eremu hartarako gehiegi zela iritzita harrapaketa eta ehiza selektiboa egin ziren. Izan ere bertako belarjale handiekin lehian sartzen baitziren eta sasoi lehorrean galzorira eraman zitzaketen. Ordutik aurrera 150 zaldiren inguruan mantendu da kopurua[3].

Habitata eta ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiena pikartak moxalak erasotzen ditu.

Zaldi hauek Namib basamortuan bizi dira. Koicahb ibaiaren (normalean lehorra dagoen ibaia) eta Eskarpa Handiaren (Hegoafrikako goiordokia) artean ibiltzen dira taldeka. 1993 eta 2003 artean egindako ikerketek sei eta hamaika zaldi talde artean identifikatu zituzten. Zaldiek distantzia luzeak egiten dituzte janari eta ur bila eta aterpea bilatzen dute eguzkitik eta intsektuetatik ihesi. Egunero 15 eta 20 kilometro artean ibiltzen dira. Horrek hautespen natural handia eragiten du eta taldeko ahulenak galdu egiten dira[5].

Basamortuan ur eskasia handia dagoenez zaldi hauek moldatu beharra izan dute eta gai dira udan 30 ordu edan gabe bizirauteko eta neguan 72 ordu[6].

Zaldi helduek ez dute harraparirik eta elikagaiarekiko lehia da populazioa mugatzen duena, bai eta aipaturiko ehiza selektiboa ere. Moxalak zaurgarriagoak dira, hiena pikartek aldiro harrapatzen baitituzte. Leopardoek eta txakalek ere eraso ditzakete, baina ez da hain ohikoa izaten[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Namibiar zaldiari buruzko artikuloa "The equinest" entziklopedian. http://www.theequinest.com/breeds/namib/
  2. a b Hendricks, Bonnie L.. (2007). International encyclopedia of horse breeds. (Pbk. ed. argitaraldia) University of Oklahoma Press ISBN 978-0-8061-3884-8. PMC 154690199. (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  3. a b (Ingelesez) Greyling, T.. (2005). «Factors affecting possible management strategies for the Namib feral horses» undefined (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  4. CNN, From Errol Barnett, CNN and Tim Hume for. «Ghost towns and wild horses in world's oldest desert» CNN (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  5. «Horse Junction - South Africa's no. 1 horse site | View Thread» web.archive.org 2012-02-18 (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  6. The domestic horse : the origins, developments, and management of its behaviour. Cambridge University Press 2005 ISBN 0-521-81414-6. PMC 55887511. (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  7. «Brown Hyena Research Project - The Spotted Hyena» web.archive.org 2013-08-08 (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]