Tarpan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Tarpan
Status iucn3.1 EX eu.svg

Iraute egoera: Galdua
Azken tarpan zaldia Moskuko zoologikoan, 1868. urtean.
Azken tarpan zaldia Moskuko zoologikoan, 1868. urtean.
Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Perissodactyla
Familia: Equidae
Generoa: Equus
Espeziea: Equus ferus
Trinomial izena
Equus ferus ferus'
Boddaert, 1785
Sinonimoak

Eurasiako basa zaldia,

equiferus Pallas, 1811
gmelini Antonius, 1912
sylvestris Brincken, 1826
silvaticus Vetulani, 1928.
tarpan Pidoplichko, 1951

Tarpana, (Equus ferus ferus) da bere izen zientifikoa, Eurasiako basa-zaldia bezala ezaguna baita ere, egun desagertutako zaldi arraza bat da. Ondo dokumentaturiko azken alea, Ukranian harrapatutakoa, 1876en urtean Moskuko Parke zoologikoan hil omen zen. Tamainagatik poniak ziren, eta gaur egungo poni arraza askoren jatorrian daude.

Sakontzeko, irakurri: Poni

Hainbat adituen arabera ordea, baliteke arrazak bizirik irautea Ukranian 1918 zein Polonian 1919.en urte arte. Halakoa baieztatzeko hainbat lekukotasun baitaude.

Egun, munduan irauten duen basa-zaldi bakarra przewalski zaldia da, antzinako tarpanekin zenbait antzekotasun duena.

Tarpana eta przewalski zaldiak antzinako Equus ferus Europako basa zaldiaren azpiespezietzat hartzen dira, baina dena den oraindik eztabaida handia dago zaldi hauen taxonomiaren inguruan.

Sakontzeko, irakurri: Przewalskii_zaldia#Taxonomia

Bi tarpan mota nagusi izan omen ziren:

Espezie hau, gaur egungo etxeko zaldi arraza ezberdinen arbasotzat jotzen da. Esate baterako, Iparraldeko zenbait pottoka zaleek Euskal Herriko poniari "Pirineoko tarpana" izena ematen diote[1], arrazaren "antzinakotasuna" azpimarratzeko. Orohar, desagertutako tarpana Europako zaldi arraza zahar ezberdinen ezaugarriekin konparatzeko joera handia dago. Era horretan, arraza bakoitzaren zaletuek, beraien abereen arkaikotasuna nabarmendu nahi dute.

1930.en urtean hasita, zenbait saiakera egin dira tarpan zaldia bersortzeko, zaldi arraza ezberdinen elkarren arteko gurutzaketen bidez. Haren ondorioz, esate baterako, Heck zaldia arraza sortu dute. Baita Hegart zaldia, Stroebel zaldia bezala ere ezaguna.

Konick zaldi arraza poloniarra, tarpana baino apur bat txikiago eta zabalagoa dena, arraza bersortzeko saiakeretan erabili dute ere. Aditu gehienen arabera, hau da desagertutako tarpanarekin antzik gehien gorde duen etxeko zaldien arraza. Haren zergatia zera da; garai historikoetan, bertako nekazariek beraien zaldiak azken tarpan basatiekin gurutzatu zituztela.

Beste zaldi arraza bat, azken tarpan basatiekin zuzenki lotuta, Sorraia zaldia da, Portugaleko hego-aldekoa. Oso esanguratsua da zaldi mota honek tarpan zaharren zebradurak edo arraiak mantendu izana hanka zein bizkarrean[2]. Zebradura hauek labar pinturetan marraztutako zaldietan ere ageri dira, esate baterako Ekaingo leizean.

Sorraia arrazako moxala zebradura nabarmenekin

Eduki-taula

[aldatu] Izena eta etimologia

Alemaniako Erlebnisparkeko "tarpan berriak" edo basazaldiak

Tarpan edo tarpani izena turkieraren familiako kirgizera hizkuntzatik dator, eta zaldi basatia esan nahi du.

Tartar eta kosakoek ondo bereizten zituzten basazaldiak etxeko zaldietatik. Azken zaldi basatiei Takja edo Muzin izena eman zieten[3].

Izen zientifikoari dagokienez, Johann Friedrich Gmelin ek deskribatu zuen lehendabiziko aldiz 1774en urtean. Gmelinek zaldi hauek aurrenekoz 1769ean Bobrovsk eskualdean ikusi zituen, Vorónezhtik hurbil. 1784ean Pieter Boddaert Equus ferus deitu zuen espezie, Gmelinek egindako deskribapenean oinarriturik. Boddaert izena ezagutu gabe, Otto Antoniusek argitaratu zuen Equus gmelini izena 1912ean, berriro Gmelinen deskribapenak oinarri hartuta.

2003, Nazioarteko Nomenklatura Zoologikoaren Kodeak, etxeko arrazen arbaso edo garai berekoak ziren 17 arraza basatien adiera espezifikoak mantendu zituen, tarpanarentzat E. ferus izena finkatuz.[4]

[aldatu] Ezaugarriak

  • Adituek uste dutenez, tarpanak ez ziren zaldi handiak, gehiago hurbiltzen ziren egungo ponien tamainara 1,30 eta 1,40 metro altura inguru soin-gurutzera.
  • Antza, tarpanek, edo zenbaitzuek behintzat, "zebradurak" edo marrak zeuzkaten hanketan eta soinean. Baita Przewalski zaldien antzeko marra zurdatik isatseraino. Kolore argiak zituzten, grisak generalki ("sagu-kolorea"), eta hanhak eta burua generalki ilunagoak.
  • Hortzak przewalskii zaldia baina txikiagoak zituzten.
  • Zurda latza, nahiko tentetua eta motza, aberearen kopetaren gainetik altzatzen zena. Hala ere przewalski zaldiarena baino luzeagoa zuten.
  • Oro har, przewalski zaldiak baino lirainagoak ziren.

[aldatu] Tarpanen historia

Konick zaldia da beraz, aditu gehienen arabera, antzinako tarpanekin antza gehien gorde duen egungo zaldi arraza

Tarpana, esan bezala, etxekoratutako zaldi arraza geheienen arbasotzat jotzen da. Hainbat adituentzat etxeko zaldia eta tarpana espezie berberaren aspi-espezieak baino ez dira. Aldiz zenbaitzuek nahiago dute espezie ezberdintzat hartzea galdutako tarpana eta etxeko zaldia.

Gaur arte dakigunaren arabera, Eszitak izan omen ziren tarpan basatiak etxekoratzen aurrenekoak. Hori duela 5.000 urte inguru gertatu omen zen. Eszitek sortu zituzten zaldi zela, aho-sokak eta zaldi gainean ibiltzeko hainbat apareju.

Historiaurreako garaietan, tarpan basatiak Europa guztian barrena Iberiar Penintsulatik Asiako Turkestaneraino bizi omen ziren.

Tarpan antzeko zaldiak marraztuta erruz azaltzen dira Europako labar-artean. Bereziki Euskal Herria hartzen duen zonalde Franko-kantabriarreko leizetan[5].

Sakontzeko, irakurri: Pottoka#Pottoka eta zaldia labar-artean, aztarnategi arkeologikoetan eta garai zaharretan. Euskal Herria eta bere ingurua

Tarpanen kopura murriztuz joan zen arrazoi ezberdinengatik. Aldaketa klimatikoek eragindako habitaten eraldaketak aipatzen dira, baina baita gizakiek burututako ekosistemen aldaketak, eta nola ez, ehiza zuzena. Borgoinan kokatutako Solutréko leizean delako aztarnategi arkeologikoan, garai paleolitikoan ehizatutako ehunka zaldien hondakinak agertu dira. Antza garai batean gizakiek zaldi samaldak amiltzen zituzten bertako amildegitik behera ehizatzeko. Dirudienez zaldi hauek egungo bertako hainbat poni arrazen ezaugarriak zituzten jada, tarpan eta equus ferus przewalskiren nahasketa[6].

Ez bakarrik garai paleolitikoetan, baizik eta aro modernoan ere etengabe ehizatu zituzten tarpan basatiak. Ukranian, esate baterako, ohikoa zen militar errusiarrek entretenimendu gisa tarpanak ehizatzea. Hondar tarpanak, beste aldetik, etxeko zaldiekin nahastuz joan ziren arraza bezala galdu arte. Egoera hau ohikoa izaten da espezie baten kopurua dramatikoki jeisten denean.

1814 urtean tarpan basati bat ikusi omen zuten Lituaniako, Konigsberg basoan[7], eta Latvia basoko populazioa 1814en urtean desagertu zen baita ere[8].

Ukrainako estepetako azken tarpanak XIX.en mendeko erdialdean akabatu zituzten.

XVIII.en mendeko erdialdean, basoko tarpanen samalda txiki batek irauten zuen Białowieża baso ospetsuan, baina azken hondarrak 1812an harrapatu zituzten. Ondoren, tarpan haiek, hainbat urte mantendu zituzten Bilgoraiko parke pribatu batean, baina zoritxarrez azkenean, XIX.en mendeko hastapenetan, inguruko baserritarren artean banatu zituzten, eta hauek etxeko zaldiekin nahastu zituzten Konick arrazaren tarpan ezaugarriak areagotuz. Batzuentzat ordea, Poloniako azken tarpan basatia 1918 edo 1919 urtean galdu zen[9] Aipatutako azken tarpan samalda asko ordea, berriro basatiak bilakatutako etxeko zaldiekin nahastutako tarpanak izango ziren seguraski. Hau dela eta, oso zaila da arrazari iraungitze data jartzea.

Madeleinealdiko zaldien marrazkiak Ekainberrin, Ekaingo leizearen erreplikan. Itxura ezberdinetako zaldiak dira. Hainbat przewalski zaldiaren motakoak, besteak tarpanetik hurbilagoak

Tarpana erruz azaltzen da labar-marrazkietan Europan zehar, baita Euskal Herrian ere [10]. Hala ere esan behar da tarpan basatiak deitutako askenetariko zaldietan, oso litekena zera da; etxeko zaldiekin nahastutako tarpanak izatea. Hauxe dela eta, zaila da espezieari iraungitze data zehatza ezartzea, eta aditu ezberdinak ez datoz bat puntu honetan.

Hau dela eta, ezbaian jartzen dira lehen aipatutako XX.en mendeko Ukraniako estepetako tarpan basatien buruzko lekukotasunak.

Beste aldetik, adostasunik ez dago ere azken tarpan hauei buruzko datu urriak aztertzerakoan. Argazki zein marrazkietako tarpanek itxura ezberdina azaltzen dute, eta hau dela eta, "tarpan mota ezberdinez" hitz egiten da. Esate baterako, artikulo buruan azaltzen den argazkiko tarpana 18 urteko zaldia zen (21 bat urterekin hil zen), hiru urtekin igendu zutena, eta bere kolorea gris iluna zen. Orbain zuriak zeuzkan aurreneko hanketan. Hankak beltzak zeuzkan eta isatsa zaintzaileek moztu zioten. Zurdaren ile txorta bat egungo Konick ponien edota poni zelten antzera, kopeta gainera etortzen zitzaion, ez zeukan tente. Beti pentsatu da tarpanek, przewalski zaldien antzera, zurda tente zeukatela. Gainera zurda bera naro samarra zeukan, poni "modernoen" antzera.

Zalantzak daude beraz ea nahastutako tarpana ote zen. Horregatik abere hau "Khersongo tarpana", deitua izan da, eskualde hartan harrapatu baitzuten. Bazeukan ere lerro bat bizkar aldean, przewalski zaldiak bezala.

Dena den, tarpan ezberdinen morfologiari dagokionez, kontutan hartu behar da posiblea liratekela tokiz-tokiko azpi-motak egotea, lehen aipatutako estepetako tarpana eta basoko tarpanez gaina. Ezberdintasun hauek ere zaldien koloreari eragingo liokete.

[aldatu] Tarpana berreskuratzeko saiakerak

[aldatu] Bialowieza

1936ean, eta lehen aipatutako konick zaldia eta tarpanaren arteko hurbiltaunaz baliaturik, hainabt saiakera egiten hasi zen tarpana berreskuratzeko. Poloniako gobernua, oro har, nahiko arduratu zen XX.en mendean zehar poni poloniar hauek babesten. Zenbait adituek Konick zaldiak "Poloniako antzinako ponia" deitzen dituzte.

Knonick poniak babesleku batean

Antzinako tarpanari hurbiltzeko saiakerarik tajuzkoena, lehen aipatutako Białowieżako konik poniak erabiliz burutu zen. Poni poloniar hauek tarpanen kolore urdinzka argia mantentzen dute("gris sagua" deitzen dute)udan, eta zurizkagoa neguan. Baita tarpanaren zenbait ezaugarri (gogoratu bertako azken tarpanak beraiekin gurutzatu zirela).

1955en urterako, ponien samaldak oso portaera basatia zeukan jada, eta Białowieżako babeslekuaren arduradunek jarraitzen zuten galdutako tarpanaren ezaugarriak berreskuratu nahian. Taldea gainera ez zeukan inolako problemik ugaltzeko, ezta basoaren baldintza gogorretara moldatzeko. Otsoen eta hartzen erasoak barne.

Heck zaldia Alemaniako Sababurgeko babesleku batean.

Bialowiezako saiakera hauek tarpana berreskuratzeko beste zenbait saiakera baino arrakastatsuagoak suertatu dira. Saiakera hauen egileak saiatu ziren ere "tarpanak" lortzen arraza ezberdinetako poni irlandarrak przewalski zaldi batekin gurutzatuz, arrakasta handirik gabe ordea.

[aldatu] Hecck zaldia

Beste saiakera aipagarri bat tarpana berreskuratzeko Europako eta bereziki Alemaniako zenbait zoologikoek egindakoa da. Haren ondorioa Heck zaldia izeneko aberea da. Zaldi mota hau eskuratzeko Europako hainbat Poni zelta arraza elkarrekin gurutzatu zituzten. Dena den Heck zaldi hauek, gehien bat, zoologiko animaliak dira, nahiz eta "tarpan" izena jarri bisitariak erakartzeko.

Sakontzeko, irakurri: Heck zaldia

[aldatu] Euskal Herria

Konick zaldiak Poloniako baso batean
Pottoka gaztea Euskal Herrian
Pottokak Pagoetan. Esan behar da poni zelta arraza gehienek neguan ile ugari dutela, eta itxura "antzinakoago" eta trinkoagoa. Udan lirainagoak azaltzen dira, hainbeste ilerik gabe. Kolorea ere aldatzen zaie aro batetik bestera. Gutxiago edo gehiago arraza eta abere bakoitzaren arabera

Euskal Herriaren kasuan, gogoratu behar da lehen aipatutako Pirineoetako tarpana adiera pottoka izendatzeko. Bereziki Bidarrai ko Pottoka Etxekoek erabiltzen dute. Beraientzat euskal pottoka arraza "antzinakoa" berreskuratu eta gure mendietan ahal den baldintza basatienetan mantentzea, nolabait, Bialowieza basoko konick zaldiekin egiten ari den antzeko lana da[11].

Dena den ez du ematen sekula pottoka erabili denik tarpanak berreskuratzeko lehen aipatutako saiakeretan.

Beste aldetik, pottokak libre bizi baldin badira gure hainbat mendietan, aspalditik ez dira animalia basatiak zentzu zehatz batean.

Behi betizuen kasuan, Nafarroako Zarikieta mendian ia baldintza basatietan bizi diren hamarnaka buru daude, Nafarroako Gobernuaren esku. Pottoken kasuan ez dago halako samalda "basatirik" Euskal Herrian.

Berriki saiakera bat egiten ari da Kataluniako Pirineoetan Euskal Herritik eramandako pottokekin arraza baldintza nahiko basatietan mantenduz "basatze" prozezua aztertzeko.

Sakontzeko, irakurri: Pottoka

[aldatu] Amerikako Estatu Batuak

Amerikako Estatu Batuei dagokienez, 1960.en hamarkadaren erdialdean, Harry Hegard egitasmo bat hasi zen zaldi mustang basatiak bertako errantxoetako zaldiekin nahastuz. Egitasmoaren bultzatzileen arabera, hango mustang zaldiek Portugaleko Sorraia arrazako ezaugarri asko dute, kolonizatzaile espainarrek halako ugari hara eraman zutelako. Haren ondorioz Stroebel zaldia sortu zuen. Egitasmoak jarraipena izan du, eta ondorioz antzinako tarpanekin antza handia duten zaldiak lortu dituzte[12].

[aldatu] Erreferentziak

  1. "Pirineoko Tarpana"ri buruzko informazioa. Bidarraiko Pottokaren etxea
  2. http://www.sorraia.org/
  3. ^ Boyd, Lee; Houpt, Katherine A. (1994). Przewalski's Horse: The History and Biology of an Endangered Species. SUNY Series in Endangered Species. Albany State University of New York Press. ISBN 0-7914-1890-1.
  4. Opinion 2027, published in Volume 60, Part 1 of the Bulletin of Zoological Nomenclature, 31 March 2003.
  5. Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d´aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  6. Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.
  7. Groves, 1974; Levine 2006
  8. Bennett & Hoffmann 1999
  9. Kavar and Dovč 2008
  10. Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d´aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  11. http://www.maisondupottok.com/origines.htm Bidarraiko Pottoka Etxeko informazioa Europako "tarpanei" eta pottokari buruz
  12. American "tarpan" Amerikako Estatu Batuetako zenbait "tarpan berriei" buruzko artikuloa
Tarpan moxal baten marrazki zaharra

[aldatu] Bibliografia

  • Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.
  • Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d´aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  • L. Harrison Matthews, The life of mammals. Bretaña Handia, 1971.


[aldatu] Kanpoko loturak

(Ingelesez) Tarpanari buruzko web orrialdea


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Tarpan
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak