Edukira joan

Amaiurko monolitoa

Koordenatuak: 43°12′14″N 1°28′52″W / 43.20385°N 1.48122°W / 43.20385; -1.48122
Wikipedia, Entziklopedia askea
Amaiurko monolitoa
Kokapena
Koordenatuak43°12′14″N 1°28′52″W / 43.20385°N 1.48122°W / 43.20385; -1.48122
Map
Inaugurazioa1922ko ekainaren 30a
Arkitektura
Materiala(k)haitzurdina

Amaiurko monolitoa edo oroitarria da 1522ko Amaiurko gazteluaren setioan nafar askatasunak defendatu zituzten nafarren omenezko monumentu bat, izen bereko herrian kokatua. 1922ko ekainaren 30ean inauguratu zen, Amaiurko gaztelua zegoen tokian. Serapio Esparza arkitektoa izan zuen egile.[1]

Nafar euskaltzaleek eta euskal abertzaleek bultzatu zuten haren eraikuntza, aurrean zutela Nafarroako fakzio baten kontrako jarrera gogorra. Hain zuzen, egungo monolitoa ez da inaugurazioaren unekoa, 1982an eraikia baizik; izan ere, jatorrizkoa dinamitazko lehergailu batek zartarazi zuen 1931ko uztailean, Euskal Herriarentzako Sortarauari buruzko eztabaidaren erdian.

Amaiurko monolitoa

Joan Iturralde Suit historialari nafarrak Amaiurko guduaren oroitzapena berreskuratu zuen, eta esanahi historikoz bete, haren bitartez Nafarroaren burujabetza eta askatasunak nabarmenduz. Euskal Pizkundearen erdian, Eusko Ikaskuntzan Amaiurko guduaren oroimena berreskuratzeko talde bat eratu zen. Bultzatzaileen artean zituen Arturo Kanpion eta Ignazio Baleztena, besteak beste. Karlismoaren zati handi batek babestu egin zuen hura eraikitzea.

Aldiz, Victor Pradera sutsuki mintzatu zen monolitoaren kontra, eta Fernando el Católico y los falsarios de la historia idazlana izkiriatu (1922). Diario de Navarra egunkaria ere nabarmenki baliatu zuen bere iritziak haizatzeko. Luze gabe monolitoko ikurrei buruzko polemika piztu zen. Hego Euskal Herriko lurraldeen armarriak jartzeko ahaleginak Nafarroako Monumentu Historikoen Komisioko kide batzuen etsaigoa kausitu zuen.

Gainera, bertako Francisco Javier Arraiza gogor lehiatu zen Espainiako bandera eta Karlos V.a enperadorearen armarria jartzeko. Ideia horren kontrako Arturo Kanpionek eta haren irizkideek dimisioa eman zuten Komisiotik, eztabaida gogorren ondoren. Bada, Arraiza buru zuela, Komisioak agindu zuen Karlos V.aren metalezko armarria jartzea iparraldeko aldean, Plus Ultra inskripzioa zuela, 1927an egin zena.

Ordurako monolitoak askotariko etsaiak zituen. Tentsio politiko handiaren erdian, ezezagunek monumentua suntsitu zuten dinamitaz 1931ko uztailaren 26tik 27rako gauean. Garai hartan, Nafarroa Garaiko udalak Lizarrako estatutua eztabaidatzen ari ziren. Damnatio memoriae ekintza horretan, oroitarriaren hondarrak baizik ez ziren gelditu lekuan. Halaxe geratu zen Espainiako Bigarren Errepublikaren eta Francoren diktadurako hurrengo 50 urtean.

1982an, mendi mazelan zeuden zatiak berreskuratu eta Erriberrin egin zuten monolito berria. Monumentua berriz inauguratu zen 1982ko urriaren 10ean. Amaiurko udalaren ekimen horrek, Gaztelu elkartearen bitartez, Nafarroa Garaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen. Egun, Amaiurko gaztelua sinbolo bat da euskal abertzaleentzat eta nafar askorentzat.


1922ko inaugurazioko hiru irudi
Harroineko euskarazko inskripzioa
Harroineko gaztelaniazko inskripzioa
Oroitarria muinoaren gainean

Monolitoaren harroinean inskripzio bana ditu bi aldetan, euskaraz eta gaztelaniaz:

« Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai. Betiko argia. 1522. »
« A los hombres que en el castillo de Maya pelearon en pro de la independencia de Navarra, luz perpetua. 1522. »

Bigarrena gaztelaniaz baino ez dago eta honela dio:

« 1522 Juan de Orbara, abad de Urdax. Jaime Vélaz de Medrano, alcalde del castillo de Maya. Miguel de Jasso, señor de Xavier. Luis Vélaz de Medrano. Juan de Jasso. Víctor de Mauleón. Juan de Aguerre, de Echalar. 1922. »


« Navarra agradecida a los postreros defensores de la independencia de Navarra. 1522-1922. »


Lau aldeetan armarri bana ditu: Amaiurkoa, Arabakoa, Gipuzkoakoa (kanoiak kendu baino lehen) eta Bizkaikoa. Aurrealdean eta ate aldean, beste armarri bi ditu: Nafarroakoa bata, eta sei merindadeek osatua bestea (Iruñekoa, Erriberrikoa, Lizarrakoa, Zangozakoa, Tuterakoa eta Nafarroa Beherekoa), Almandozko haitzurdin zuriz eginak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]