Baskonizazio berantiarra

Wikipedia(e)tik
Baskonizazio berantiar» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Baskonizazio berantiarra, baskoitze berantiarra edo beranduko baskonizazioa euskaldunen eta euskararen historiari buruzko hipotesi bat da, gaur egungo zientzia komunitatean bazterrekoa dena, onarpen handirik gabea. Hipotesi horrek gaur egun dioenez, euskara Hego Euskal Herrira Goi Erdi Aroan heldu zen, jatorria Akitanian —bereziki Bigorran edo Commingesen— izan zuen migrazio baten ondorioz.[1] Lehenago, baskonizazio berantiarraren hipotesiak zioen baskoiak gaur egungo Euskal Herriko ipar-mendebaldeko lurraldeetara Goi Erdi Aroan, bereziki V. eta VI. mendeetan, heldu zirela, eta haiekin batera euskara. Hipotesi hau aldezteko, aztarna arkeologikoen, toponimiaren eta onomastikaren interpretazio jakin bat egiten da.

Hipotesi hori agertu eta aldeztu dutenen artean, Claudio Sánchez Albornoz, Manuel Gómez Moreno, Jürgen Untermann, Francisco Villar, Joseba Abaitua eta Hector Iglesias historialari eta hizkuntzalariak daude. Aitzitik, aurka mintzatu dira Koldo Mitxelena,[2] Joakin Gorrotxategi eta abar.

Aldeko eta aurkako arrazoibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira gaur egun hipotesi honen alde eta aurka dabiltzan arrazoibide nagusiak:[1]

  1. Baskonizazio berantiarraren hipotesiak nabarmentzen du Goi Erdi Aroa baino lehenagoko Hego Euskal Herriko euskal itxurako lekukotasunak urriak eta zalantzazkoak direla; alabaina, Lapurdin, Bearnon edota Landetan ere urriak eta zalantzazkoak dira berdin-berdin, eta hala ere segurutzat jotzen da horietan guztietan euskaraz mintzo zirela.
  2. Aztarna arkeologikoei dagokienez, baskonizazio berantiarraren aldekoek diote Aldaietako (Araba) nekropoliko VI. eta VIII. mendeko aztarnek erakusten dutela garai hartan migrazio bat izan zela, Akitaniatik; izan ere, Frankoen Erresumako ehorzketa errituen kultura ezaugarri guztiak ageri dituzte. DNA analisiek, ordea, frogatu dute gizaki haiek bertakoak zirela, ez zirela urrunetik helduak.[3][4]
  3. Baskoitze berantiarrak dio Comminges (gutxi gorabehera gaur egungo Frantziako Saint-Gaudenseko barrutiarekin bat zetorren Pirinioetako eskualde bat) izan zela baskoitze haren sorburua, eta handik mendebaldera jo zuela migrazioak. Alabaina, ez da ulertzen zergatik ez zen mendebaldera baizik zabalduko migrazio hipotetiko hura, zergatik ez zuten ekialdera ere jo, edo noranahi; orobat, ez da ulertzen zergatik galdu zen euskal hizkuntza jatorrizko lurralde hartan.
  4. Onomastikari dagokionez, hala baskoien nola karistiarren lurretan badira baskoi-akitaniar deituren lekukotasunak; baita leku urrunetan ere, hala nola Soriako mendialdean.
  5. Euskal hizkuntzari dagokionez, euskara historikoak (hau da, Euskal Herrian lehen dokumentuetatik gaur arte ezagutzen dugunak) baztertu egiten du baskonizazio berantiarraren hipotesia, euskara historikoan ez baitira ageri Antzinateko baskoi-akitaniar aldiko testuetako ezaugarriak:
    1. Euskara historikoak deklinabidea eta determinatzailea ditu; baskoi-akitaniar idazkunetan ez da halakorik ageri.
    2. Euskara historikoak -i datibo marka du; baskoi-akitaniar idazkunetan -he eta -e ageri dira («Herauscorritsehe», «Larrahe»).
    3. Euskara historikoan toponimoak sortzeko atzizkiak -aga, -eta dira; Akitaniako idazkunetan, -oss.
    4. Eta abar.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Joakin Gorrotxategi: «Arabako (eta inguruko) hizkuntzak Antzinatean», Arabako hizkuntzak eta hiztunak mundu eleanitzean jardunaldiak, Artium Museoa, 2014-12-14.
  2. (Gaztelaniaz) «Será siempre ocioso el interrogar a los autores clásicos sobre la lengua de los várdulos y caristios, por no hablar de la de los autrigones: aunque éstos callen, todo el mundo parece estar de acuerdo en que los vascones, por aquello del nombre y también porque el euskara al fin y al cabo tuvo que hablarse ya entonces en alguna parte, no lejos de aquí, eran vascos de lengua, aunque con razonable seguridad esto no debía ya de ser cierto para todos ellos en el siglo I a.C. Por lo que ellos nos dicen, tanto se puede sostener que várdulos y caristios, al menos en la parte norte de su territorio, hablaban la misma lengua que los vascones septentrionales, como que la coincidencia se daba más bien hacia el oeste, con las hablas cántabras sin duda indoeuropeas, ya que a veces los textos parecen olvidarse de su existencia específica al incluirlos, por omisión o comisión, entre los cántabros. Somos bastantes los que pensamos que la primera hipótesis es la que tiene más probabilidad de ser correcta, aunque sólo sea por razones de economía: para pensar que una lengua que luego vemos firmemente implantada en un territorio hasta el día de hoy es ahí advenediza, tiene que haber razones de fuerza excepcional.»
    Koldo Mitxelena: «Sobre la lengua vasca en Álava durante la Edad Media», in Vitoria en la Edad Media, Gasteizko Udala, 1982; 303. orrialdea. ISBN 84-500-8052-5.
  3. (Gaztelaniaz)  «Investigadores de la UPV reconstruyen la historia de la necrópolis de Aldaieta», Gara, 2008-04-09, http://gara.naiz.eus/paperezkoa/20080409/71758/es/Investigadores-UPV-reconstruyen-historia-necropolis-Aldaieta .
  4. (Ingelesez)  Alzualde A, Izagirre N, Alonso S, Alonso A, Albarrán C, Azkarate A, de la Rúa C. (2006ko uztaila), «Insights into the "isolation" of the Basques: mtDNA lineages from the historical site of Aldaieta (6th-7th centuries AD)», Am J Phys Anthropol 130 (3): 394-404, PMID 16425179, http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/16425179 .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia Artikulu hau historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.