Eiffel dorrea

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 48°51′30″N 2°17′40″E / 48.858296°N 2.294479°E / 48.858296; 2.294479
Wikipedia, Entziklopedia askea
Eiffel Dorre» orritik birbideratua)

Eiffel dorrea
Tour Eiffel
 Monumentu historikoa
Senaren ibaiertzak
Kokapena
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboa Metropolitar Frantzia
Eskualdea Île-de-France
DepartamenduaSeine
Territorial collectivity of France with special statusParis
Udalerri barrutiaParisko 7. barrutia
Koordenatuak48°51′30″N 2°17′40″E / 48.858296°N 2.294479°E / 48.858296; 2.294479
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1887ko urtarrilaren 28a
Inaugurazioa1889ko martxoaren 31
JabeaFrantziako Gobernua
Parisko Udala
KudeatzaileaSociété d'exploitation de la tour Eiffel
KomisarioaGustave Eiffel
Izenaren jatorriaGustave Eiffel
Erabileraturismo-atrakzioa
Tximistorratza
Transmisorea
itsasargia
Arkitektura
ArkitektoaStephen Sauvestre
EraikitzaileaGustave Eiffel
Egitura ingeniaritzaÉmile Nouguier (en) Itzuli
Maurice Koechlin (en) Itzuli
Materiala(k)burdina forjatua, altzairua eta puddled iron (en) Itzuli
Dimentsioakaltuera arkitektoniko: 300 (altuera) m
gehienezko altuera: 330 (altuera) × 324 (altuera) m
Solairuak3
8
Ondarea
Mérimée IDPA00088801
Bisitariak urtean6.207.303
Webgune ofiziala

Eiffel dorrea (frantsesez: Tour Eiffel) Parisen dagoen burnizko dorre garaia da (324 m), Gustave Eiffel ingeniariak 1889ko Nazioarteko Erakusketan eraikitakoa.[1] Marteren Zelaiaren muturrean kokatua, Sena ibaiaren ertzean, Parisko monumentu hau, Frantzia eta bere hiriburuaren ikur nagusia da,[2] eta hiriko egiturarik altuena. Sarrera ordainduak hartzen dituen munduko monumentu bisitatuena ere bada, urtero 7,1 milioi turista baititu.[3] Inauguratu zenetik, 300 milioi bisitari baino gehiago izan ditu.[4] 300 metroko garaierarekin, geroago antena batekin 324 metroraino luzatu zena, Eiffel dorrea munduko egiturarik garaiena izan zen 41 urtez. Hirugarren solairuko bigarren maila, batzuetan laugarren solairua deitzen dena, 279,11 m garai dagoena, Europar Batasuneko jendearentzat irekitako behatoki plataforma garaiena da eta Europako bigarrena, Moskuko Ostankino dorrearen ondoren.

Bi urte, bi hilabete eta hiru egunetan eraiki zen, eta berehala berebiziko eztabaida sortu zuen garaiko artisten artean, burdinazko munstro bat bezala ikusten baitzuten. 1889ko eta 1900eko Erakusketa Unibertsalen ondoren, Frantziako armadak erabili zuen komunikazio antenekin probak egiten, eta, gaur egun, erakarpen turistikoaz gain, irrati eta telebista igorle bezala balio du.

Aurkezpen orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eiffel dorrea eta Champ-de-Mars kokatzen dituen Parisko 7. barrutiko mapa.

Hasieran batzuek aurka atera baziren ere, Eiffel dorrea hastapenetik izan zen, 1889ko Nazioarteko Erakusketa zela eta, Frantziako jakintza teknikoaren erakusleihoa. Jendeak aho batez onartua erakusketan aurkeztu zenetik, 200 milioi bisitari baino gehiago izan ditu harrez gero. Bere tamaina apartekoak eta forma nahastezinak bihurrarazi dute Parisko ikur enblematikoa.

Dorrearen 3D modelatua.

Eiffel & Cie[5] enpresako Maurice Koechlin ikasketa bulegoko buruak eta Émile Nouguier metodo bulegoko buruak irudikatu zuten Eiffel dorrea, «Parisen egitekoa zen 1889ko erakusketaren gakoa izateko».Frantziako Iraultzaren mendeurrena ere ospatu nahi izan zuten dorrearekin. Lehen plana 1884ko ekainean egin zen eta Stephen Salvo enpresaren proiektuetako arkitekto buruak hobetu zuen, ezaugarri estetikoak gehituz.

1886ko maiatzaren 1ean, Eduardo Lockroy Merkataritza eta Industria ministroak, proiektuaren defendatzaile sutsua zelarik, agindu bat sinatu zuen, «1889ko Erakusketa Unibertsalerako lehiaketa» bat zabaltzeko.[6] Gustave Eiffelek irabazi zuen lehiaketa, eta [./Https://fr.wikisource.org/wiki/Convention_du_8_janvier_1887 1887ko urtarrilaren 8ko hitzarmen] batek eraikina ustiatzeko modalitateak ezarri zituen. Bi urte, bi hilabete eta bost egunetan eraiki zuten, 1887tik 1889ra, 250 langilek. Gustave Eiffelek 1889ko martxoaren 31n antolatutako obra amaierako festa batean inauguratu zen.[7] Alabaina, bisitari kopurua berehala gutxitzen hasi zen; Eiffel dorreak 1960ko hamarkadatik aurrera lortuko du soilik arrakasta erreala eta etengabea, nazioarteko turismoaren gorakadarekin batera. Orain, urtean sei milioi bisitari baino gehiago hartzen ditu.[8]

Munduko egiturarik garaienaren titulua eduki zuen, 1930ean New Yorkeko Chrysler Building eraiki zuten arte. Champ-de-Marsen dago, Sena ibaiaren inguruan, Parisko 7. barrutian. Gaur egun, Eiffel Dorrearen Ustiapen Sozietateak (SETE) ustiatzen du. Zabalik dago urteko egun guztietan; 500 bat langile behar ditu (horietatik, 250 inguru SETErenak) eguneroko martxarako.[9]

Eiffel dorrea monumentu historiko gisa katalogatuta dago 1964ko ekainaren 24az geroztik,[10][11] eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 1991n, Parisko beste monumentu batzuekin batera.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1875etik, Hirugarren Errepublika sortu zenetik, ezegonkortasun politiko kronikoa zen nagusi. Gobernuan, alderdi politikoak erritmo konstantean aldatuz doaz. Léon Gambetta lehen ministroaren arabera (1881 eta 1882 artean), kabineteak ministro "oportunistek" osatzen zituzten, baina hauen legeek gaur egun oraindik indarrean dauden printzipioen oinarri dira: nahitaezko eskola, laikotasuna, prentsa askatasuna eta abar. Garai hartako gizarteak aurrerapen tekniko eta sozialean arreta handia jartzen zuen. Zientziaren onurekiko fede horrek sortu zituen erakusketa unibertsalak. Baina lehen erakusketatik (Nazio Guztien Industriako Lanen Erakusketa Handia, "Great Exhibition of the Works of Industry of All Nations", Londres, 1851), gobernariek azkar antzeman zuten apustu teknologikoaren atzean erakusleiho politiko eraginkorra zegoela, eta akatsa litzatekeela aukeraz ez baliatzea. Bere industriaren trebetasuna erakutsiz, herrialde ostatatzaileak bere aurrerapen eta nagusitasuna erakuts zezakeen garai hartan munduan nagusi ziren beste potentzia europarrekiko.

Ikuspegi honekin, Frantziak behin eta berriz ostatu zuen Erakusketa Unibertsala, 1855, 1867 eta 1878. urteetan. 1883tik 1885era Kontseiluko presidente izan zen Jules Ferryk Frantzian erakusketa unibertsal bat egiteko ideia berpiztea erabaki zuen. 1884ko azaroaren 8an dekretu bat sinatu zuen, 1889ko maiatzaren 5etik urriaren 31ra arte Parisen Erakusketa Unibertsal bat egitea ofizialki ezartzen zuena. Aukeratutako urtea ez zen ausaz izan, Frantziako Iraultzaren mendeurrena baitzen.

Proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen zirriborroa 1884ko ekainaren 6an Maurice Koechlin eta Émile Nouguier ingeniariek aurkeztua (ezkerra) eta Stephen Sauvestre arkitektoak berrikusia eta 1887an lehiaketara aurkeztua (eskuina).

1884ko ekainean, Eiffel enpresako bi ingeniari, Maurice Koechlin eta Émile Nouguier, proiektu bulegoko burua eta metodo bulegoko burua hurrenez hurren, 300 metroko metalezko dorre baten proiektua aztertzen ari ziren. 1889ko Erakusketako arreta gune bihurtzea espero zuten. Ekainaren 6an zehazki, Maurice Koechlinek eraikinaren lehen zirriborroa egin zuen. Marrazkiak 300 metroko garaiera zuen dorre bat irudikatzen zuen, non lau alde kurboak 50 metroan behin plataformaz elkartuta zeuden tontorrera iritsi arte. Gustave Eiffel ez zegoen proiektuan interesatuta, baina ikerketarekin jarraitzeko baimena eman zien bi diseinatzaileei. Stephen Sauvestre, Eiffel enpresako arkitekto burua, proiektuan laguntzeko deitu zuten, eta eraikina berriro marraztu zuen beste itxura bat emateko: harlangaitzezko oinarri astun bat gehitu zion, zutabeak lehen solairuraino arkuen bidez lotu zituen, plataforma kopurua bostetik bira murriztu eta dorrearen diseinua itsasargi baten antzeko zerbait bihurtu zuen, beste aldaketa batzuen artean.[12]

Proiektuaren bertsio berri hau, apaindurekin edertua, Gustave Eiffeli aurkeztu zitzaion berriro, eta oraingoan proiektuarekin gogotsu agertuz zen. Horrela, 1884ko irailaren 18an, bere izenean eta Koechlin eta Nouguierren izenean «300 metrotik gorako garaiera duten metalezko harroin eta zutabeak eraikitzea ahalbidetuko duen antolamendu berri baterako»[13] patentea jarri zuen. Handik gutxira, Koechlin eta Nouguierren eskubideak erosi zituen, dorrearen gaineko eskubide osoa lortzeko. Handik aurrera, bere izena hartu zuen.

Eiffelen jeinua ez zegoen hainbeste monumentuaren asmakuntzan, baizik eta gobernariei, administrazioko arduradunei eta publikoari oro har bere proiektuaren berri emateko erabili zuen energian; eta lortu zuenean, dorrea eraikitzeko behar zen dirua biltzea, ezen gehienentzat erronka arkitektoniko eta tekniko soila zelako edo objektu estetiko hutsa (edo antiestetikoa, beste batzuen arabera). Bere funts propioekin, Eiffel dorretik eta dorrean eginiko esperimentu zientifiko batzuk ere finantzatu zituen, dorrea bere betikotzea ahalbidetu zutenak.

Marteren Zelaia 1887an, Eiffel dorrea eraiki aitzin (Pierre Petiten argazkia, Orsay Museoa.

Lehenik, garai hartan Industria eta Merkataritza ministro zen Édouard Lockroy konbentzitzen saiatu zen, "Marteren Zelaian 125 metroko aldea eta 300 metroko garaiera duen burdinazko dorre bat altxatzeko aukera aztertzea" helburu zuen lehiaketa bat abiaraz zezan. Lehiaketa honen moldea, 1886ko maiatzean egina, Gustave Eiffelek defendatutako proiektuaren oso antzekoak ziren, eta ia uste izatekoa da bere eskuz idatzia izan zela. Jakina, Eiffelek ez zuen halakorik egin, baina bistan da bere proiektuak aukera handiak zituela aukeratua izateko hiru urte geroago egingo zen Erakusketa Unibertsalean eraikitzeko.[14]

Eiffelek ez zuen lehiaketaren emaitza aldez aurretik ezagutzen. Lehia gogorra izan zen. 107 proiektu aurkeztu ziren, baina, azkenean, Gustave Eiffelek irabazi zuen lehiaketa, eta, horri esker, 1889ko Erakusketa Unibertsalerako bere dorrea eraiki ahal izan zuen, Jules Bourdais arkitektoak bezala, Trocadéro jauregiarekin gauza bera egingo zuena (bertan, nahiago izan zuen granitoa erabili burdinaren ordez).

Proiektuak eskatu zuen 18.038 pieza metaliko definitzea eta 5.300 xehetasun plano dagozkien planoekin egitea. Horietan, Levallois-Perret fabrikako 50 ingeniarik eta 150 langilek esku hartu zuten.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eiffel dorreraren harlana 1887an.

Hasiera batean, Eiffelek hamabi hilabeteko lan-iraupena aurreikusi zuen, nahiz eta azkenean bikoitza behar izan. Eraikuntza fasea 1887ko urtarrilaren 28an hasi eta 1889ko martxoan amaitu zen, justu Erakusketa Unibertsala ofizialki ireki aurretik.

Obran, langileen kopurua ez zen inoiz 250 baino handiagoa izan. Hori, lanaren zati handi bat lehenago egiten zelako gertatu zen, Levallois-Perret aldirietako herrian kokatutako Eiffel enpresen fabriketan. Dorrean dauden 2.500.000 errematxeetatik, 1.050.846 baino ez ziren obran jarri, hau da, totalaren % 42. Elementu gehienak Levallois-Perret lantegietan muntatzen dira, lurrean, bost metroko zatietan, behin-behineko buloiekin, eta ondoren, behin betiko kokalekuan berotutako errematxeekin ordezkatzen.

Piezen eraikuntza eta muntaketa ez ziren ausazkoak. Berrogeita hamar ingeniarik muntaketa osoaren edo xehetasun batzuen 5.300 marrazki egin zituzten bi urtez, eta burdinazko 18.038 piezetako bakoitzak bere eskema deskribatzailea zuen. Eraikuntza lanean, lehenik eta behin, eraikinaren lau zutabeei eutsiko zieten hormigoizko harroin erraldoiak egin zituzten langileek. Horrek, lurraren gaineko presioa gutxitzen lagundu zuen, oro har 4,5 kg/cm² presioa egiten baitute zimenduen mailan.

Metalezko zatien muntaketa 1887ko uztailaren 1ean hasi zen. Muntaketaz arduratzen diren gizonei voltigeur zeritzen (frantsesezko "akrobata" edo) eta Jean Companion zurginak zuzendu zituen. Piezak 30 metroko garairaino igotzen ziren, igogailuei finkatutako pibote garabien laguntzarekin. 30 eta 45 metroko garaieran, zurezko 12 aldamio eraiki ziren. 45 metroko garaiera gainditu ondoren, aldamio berriak eraiki behar izan ziren, lehenengo solairurako erabili ziren 70 tonako habeei egokituak. Gero habe itzel horiek eta lau ertzak lehen solairuaren mailan elkartu ziren. Lotura hau, ustekaberik gabe egin zen 1887ko abenduaren 7an, eta alferreko bihurtu zituen aldamioak, lehenengo plataformagatik ordezkatuak (57 m garaian) eta, ondoren, 1888ko abuztutik aurrera, bigarren plataformagatik (115 m garaian).

Igogailu bat mendebaldeko eta ekialdeko harroinetan.

1888ko irailean, lanak oso aurreratuta eta bigarren solairua eraikita zeuden bitartean, langileek greban zeudela adierazi zuten. Lan-ordutegiei buruz eztabaidatzen zuten (9 ordu neguan eta 12 ordu udan), bai eta soldatari buruz ere. Soldata murriztutzat jotzen zuten, beren gain hartutako arriskuak kontuan hartuta. Gustave Eiffelek argudiatzen zuen arriskua ez zela ezberdina 200 metrora edo 50 metrora lan eginez gero. Nahiz eta batez besteko soldata baino soldata hobea zuten sektoreko langileentzat, soldata igo zien, baina ez kalte-ordainik eman "arriskua garaieraren arabera aldatzen zelako" faktoreari buruz (langileek eskatzen zutena). Hiru hilabete geroago, beste greba bat lehertuko zen, baina oraingoan langileen aurrez aurre egongo da, eta negoziazio oro ukatu.[15]

1889ko martxoan, monumentua garaiz amaitu zen, eta langileen artean ez zen istripu hilgarririk erregistratu (langile bat hil zen, baina igandean zen, ez zegoen lanean eta oreka galdu zuen bere emaztegaiari egindako erakustaldi batean). Lanak 7.799.401,31 libera[16] kostatu zuten, aurreikusitakoa baino 1,5 milioi gehiago, eta denbora bikoitza behar izan zen eraikia izateko, hasieran 1887ko urtarrilean sinatutako kontratuan aurreikusitakoa baino.[17]

Erakusketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1889ko erakusketaren iragarki afixa

1889ko maiatzaren 6an, Erakusketa Unibertsalak bere ateak ireki zizkion jendeari, baina 9 egun gerora arte ezin izan zen bisitatu «300 metroko dorrea» (Tour de 300 mètres), maiatzaren 15ean. Bere eraikuntzan zehar, bereziki 1887ko otsailean, garaiko artista ospetsuenetako batzuek gaitzetsi zuten bitartean, Erakusketan berehalako arrakasta herrikoia lortu zuen, bisitarien andana erakarriz. Lehen astetik, igogailuak maiatzaren 26ra arte martxan hasi ez ziren arren, 28.922 bisitari igo ziren oinez eraikinera,[18] eta horietatik 1.710 tontorreraino.[19]

Azkenean, Erakusketako 32 milioi sarreretatik, bi milioi turista inguruk bisitatu zuten dorrea. Monumentuak, garai hartan munduko garaiena zenak (1930era arte, New Yorken Chrysler Building eraiki arte), ospetsu batzuk eta Gustave Eiffelen lagunak ere erakarri zituen. Horien artean zeuden Galesko printzea, Sarah Bernhardt aktorea, "Buffalo Bill" Cody (Mendebalde Urruneko erakustaldia zuena) eta Thomas Edison.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

324 metroko garaiera du eta 10.000 bat tonako pisua. Berez dorreak 350 metro eduki behar zituen, baina bizilagunak beldur ziren harri bakar bat ez zuen eraikin berri hura ez ote zitzaien gainera etorriko, eta azkenean garaiera gutxitu egin zen 300 metrora (azkeneko 24 metroak geroago gehitu ziren telebistako antena bat bertan kokatu zenean).

200 langilek hartu zuten parte eraikuntzan eta 18.038 burdin atal elkartu behar izan zituzten 2,5 milioi iltze zapal (errematxe) erabiliz.

Garaiko artisten iritziaren kontra eraiki zen, hauek burdinazko munstrotzat hartu baitzuten. Baina gaur egun dudarik gabe Frantzia eta Parisko ikur nagusia da. Munduko monumenturik ikustatuena da.

Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neurri nagusiak.

Eiffel dorrearen neurri nagusiak:[20][21]

  • Zimenduak
    • Oinarriaren garaiera (itsas mailaren gainean): 33,5 m
    • Bi zutaberen arteko barne-zabalera: 74,24 m
    • Bi zutaberen arteko kanpo-zabalera: 124,9 m
  • 1. solairua
    • Solairuaren garaiera oinarriaren gainean: 57,63 m
    • Solairuaren garaiera itsas mailaren gainean: 91,13 m
    • Kanpoaldea (solairuaren mailan): 70,69 m
    • Azalera (solairuaren mailan): 4200 m²
  • 2. solairua
    • Solairuaren garaiera oinarriaren gainean: 115,73 m
    • Solairuaren garaiera itsas mailaren gainean: 149,23 m
    • Kanpoaldea (solairuaren mailan): 40,96 m
    • Azalera (solairuaren mailan): 1650 m²
  • 3. solairua
    • Solairuaren garaiera oinarriaren gainean: 276,13 m
    • Solairuaren garaiera itsas mailaren gainean: 309,63 m
    • Kanpoaldea (solairuaren mailan): 18,65 m
    • Azalera (solairuaren mailan): 350 m²
  • 4. solairua (3. solairuko bigarren maila)
    • Solairuaren garaiera oinarriaren gainean: 279,11 m
    • Solairuaren garaiera itsas mailaren gainean: 312,61 m
    • Kanpoaldea (solairuaren mailan): 18,65 m
    • Azalera (solairuaren mailan): 350 m²
  • Orratza:
    • Garaiera guztira antenarekin (2000an neurtua): 324 m
    • Garaiera guztira antenarekin (1994an neurtua): 318,70 m
    • Garaiera guztira antenarekin (1991ean neurtua): 317,96 m
    • Garaiera guztira banderarekin (1889an neurtua): 312,27 m
    • Garaiera guztira bandera gabe (1889an neurtua): 300 m

Ezaugarri teknikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Osaera: 18.038 atal metaliko et 2.500.000 iltze zapal (errematxe)
  • Pisua:
    • Egitura metalikoaren pisua: 7.300 tona[2]
    • Pisua guztira: 10.100 tona[2]
  • Kostua: 7.800.000 libera (1889koak)

Burdina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdin xaflen fabrikatzailearen plaka. Alboetan iltze zapalak ikusgai.

Eiffel dorrea egiteko material nagusia burdin pudelatua erabili zen, burdin forjatu mota bat, Dupont et Fould burdinola eta altzairutegietan ekoitzia Pompey herrian (Meurthe eta Mosela). Gustave Eiffelek bereziki bere ezaugarri mekanikoengatik aukeratu zuen.

Egituraren burdinak 7.300 tona pisatzen du,[22] eta igogailuak, dendak eta antenak gehituta, eraikuntzaren pisu osoa 10.100 tona inguru da. Erakusgarri gisa, egituraren metalaren 7.300 tona urtuz gero, oinarri karratua bakarrik 6,25 cm-ko sakoneran beteko litzateke soilik, kontuan hartuta metalaren dentsitatea 7,8 tn/m3 dela. Giroko tenperaturaren arabera, dorrearen tontorra eguzkitik 18 cm inguru urrundu daiteke, eguzkipean dagoen egitura zatiaren dilatazio termikoaren eraginez.

Margoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar erabilitako koloreak

Egun, dorrearen kolorea «Eiffel-dorre-marroia» da ofizialki, brontze marroikara. Ikuspegi kromatikotik, dorrea hiru tonutan margotuta dago, argiena goialdean duela eta, pixkanaka, beherantz ilunago bihurtuz..[23]

Kolorea hainbat aldiz aldatu da historian zehar. Veneziar gorri bat gailendu zen dorrea eraikitzen ari zen bitartean, baina 1889ko inaugurazioan konpainiak marroi gorrixka bihurtu zuen. 1892an okre marroiak ordezkatu zuen. 1899an bost tonutan bereizi zen behealdeko hori laranjakaratik goialdeko laru argira. 1907an hori-marroiz margotu zen eta 1957an gorri marroikaraz, 1968an brontze koloreko azken aldaketa egin zen arte.[23] «Eiffel-dorre-marroi» koloreak kolore gorri, beltz eta horiko pigmentuak ditu. Horiek Lanxess produktu kimiko berezien Alemaniako konpainiak egiten ditu, eta Jotun Norvegiako pintura ekoizleak nahasten ditu, bereziki Eiffel dorrerako. Egile eskubideek babestutako pintura bereziak iraunkortasun eta malgutasun maila handia du ezaugarri, haizearen eta tenperatura gorabeheren pean ahalik eta hobekien mantentzeko.

Dorrearen mantentze-lanen barruan sartzen da zazpi urtean behin 60 tona pintura aplikatzea, herdoildu ez dadin. 2016 arte, eraiki zutenetik gutxienez 19 aldiz margotu dute. Berunezko pinturak 2001ean erabiltzen ziren oraindik, ingurumen-arrazoiengatik erabilera eten arte.[24]

Datuak:

  • Maiztasuna: orain arte dorrea 7 urtero guztiz margotzen zen, orain 5 urtero gailurrean eta lehen solairuan eta 10 urtero guztia
  • Iraupena: 15 hil
  • Margolariak: 25
  • Margotzeko gainazala: 200.000 m²
  • Erabili margoa: 60 tona
  • Higadura: 15 tona margo bi margoaldien artean (7 urtero)

72 jakitunen izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

72 izenetatik 3.

Gustave Eiffelek dorrean 72 zientzialari, ingeniari eta matematikari nabarmenen (ia guztiak frantziarrak) izenak grabarazi zituen, egin zituzten aurkikuntzen esker ona adierazteko, Gustave Eiffel beraren irizpidearen arabera, dorrean inskribatuta egotea merezi zutenak. Eiffelek "zientziari dei" hori aukeratu zuen, artisten protestagatik zuen kezka dela eta.

Izen hauek, bakoitza, 60 cm garaiko hizki urrekara erliebedunetan biltzen dira, lehen pisuaren inguruan. XX. mendearen hasieran, grabatuak dorrea babesteko erabilitako pintura berarekin estali ziren, 1986 eta 1987 artean Eiffel Dorrea operatzen duen konpainiak (SETE) zaharberritu baino lehen.[25]

Eragina eta erreplikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Blackpool dorrea, Erresuma Batua (157 m; 1894)
Erreplika Paris Las Vegas hotelean, Las Vegas, AEB (165 m; 1997)
Tokio dorrea, Japonia (332,6 m; 1957)

Munduko monumentu enblematikoenetako bat denez, Eiffel dorrea inspirazio iturri izan da erreplika asko eta antzeko dorreak sortzeko. Lehen adibideetako bat Ingalaterrako Blackpool dorrea da. Blackpool herriko auzapeza, Sir John Bickerstaffe, hain txundituta geratu zen 1889ko Erakusketan Eiffel dorrea ikustean, ezen 158 m garai zen antzeko dorre baten eraikuntza enkargatu baitzuen, 1894an inauguratu zena.[26] Japoniako Tokio dorrea, 1958an komunikazio dorre bezala eraikia, Eiffelen diseinuan ere inspiratu zen.

Estatu Batuetan, dorrearen hainbat erreplika txikiago daude, horien artean erdi-tamainako bertsio bat Paris Las Vegas hotelean (Las Vegas, Nevada) eta beste bat Paris (Texas) herrian 1993an eraikia, eta Kings Islanden (Ohio) eta Kings Dominion (Virginia) 1:3 eskalan, hurrenez hurren 1972an eta 1975ean inauguratutako atrakzio parke banatan. 1:3 eskalan dauden beste bi erreplika Txinan aurki daitezke.

Informazio praktikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Helbidea: Champ de Mars, 5 Avenue Anatole France, 75007
  • Ordutegia:
    • 9:00 - 00:45 udan (ekaina erdialdetik iraila hasierara)
    • 9:30 - 23:45 gainontzeko urtaroetan
  • Geltokiak:

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) Loyrette, Henri. Gustave Eiffel. Office du Livre S.A. 1986.
  2. a b c Otaolaurretxi, Jon. (1989/05/01). Eiffel dorrea, Pariseko ikur. Elhuyar aldizkaria.
  3. (Frantsesez) «Tour Eiffel et souvenirs de Paris» Le Monde.[Betiko hautsitako esteka]
  4. (Frantsesez) «Paris : la tour Eiffel fête ses 300 millions de visiteurs» Franceinfo 2017-09-28.
  5. (Frantsesez) «Structurae : Eiffel et Cie» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  6. (Frantsesez) «Fichier:Arrêté 1er mai 1886.GIF — Wikipédia» commons.wikimedia.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  7. (Ingelesez) «The Eiffel tower's inauguration and first visitors» Google Arts & Culture (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  8. (Frantsesez) «Planetoscope - Statistiques : Visiteurs de la Tour Eiffel» web.archive.org 2023-01-21 (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  9. (Frantsesez) «La tour Eiffel vue par ses salariés - La tour Eiffel» web.archive.org 2022-10-06 (Noiz kontsultatua: 2023-03-24).
  10. (Frantsesez) «Tour Eiffel» www.pop.culture.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2023-03-24).
  11. Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. PA00088801. ..
  12. (Gaztelaniaz) SETE. Nacimiento y construcción de la Torre Eiffel. .
  13. (Frantsesez) pour une disposition nouvelle permettant de construire des piles et des pylônes métalliques d’une hauteur pouvant dépasser 300 mètres
  14. (Frantsesez) Michel Lyonnet du Moutier. (2009). L'aventure de la tour Eiffel: réalisation et financement. Publications de la Sorbonne, 221 or. ISBN 9782859446284.. (48 or.)
  15. (Frantsesez) «Personnel du chantier de la tour Eiffel» Tour Eiffel de Paris.com.[Betiko hautsitako esteka]
  16. (Frantsesez) [www.merveilles-du-monde.com Coût de la tour Eiffel. ] 2019-11-12.
  17. (Frantsesez) «Chronologie des evenements de la tour Eiffel» Tour Eiffel de Paris.com.[Betiko hautsitako esteka]
  18. Seitz, 18-11 or.
  19. (Ingelesez) SETE. (2016). The Eiffel Tower during the 1889 Exposition Universelle. .
  20. (Frantsesez)La Tour de 300 mètres (Gustave Eiffel. Paris: Lemercier, 1900)
  21. (Frantsesez) «Description de la tour Eiffel» Tour Eiffel de Paris.com.[Betiko hautsitako esteka]
  22. (Ingelesez) David A. Hanser. Architecture of France. Greenwood Publishing Group, 66 or. ISBN 978-0-313-31902-0..
  23. a b SETE. Painting the Eiffel Tower. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-19-26) (Noiz kontsultatua: 2015-11-8).
  24. SETE. All you need to know about the Eiffel Tower. (Noiz kontsultatua: 2016-04-15).
  25. SETE. (Noiz kontsultatua: 2016-10-9).
  26. (Ingelesez) The Blackpool Tower. History Extra.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]