Edukira joan

Estepa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zaldiak Eurasiar estepan, Kazakhstan

Estepa (errusieraz: степь, step, "lurralde lau eta lehorra") belartza hedatsua da, landare xerofiloak dituena eta orokorrean zuhaitzik gabekoa.[1] Eskualde horiek ozeanotik urrun egoten dira, prezipitazio txikiak jasotzen dituzte, eta tenperatura alde handia izaten dute udatik negura, eta baita egunetik gauera ere. Eurasiar estepa, Ordoki Handiak eta Panpa dira munduko esteparik zabalenak.

Estepen banaketa: horiz estepa epelak eta laranjaz estepa subtropikalak.

Estepak latitude ertainetan, klima kontinentala duten lekuetan, hedatzen dira, hots, ozeanoen eraginetik urruti geratzen diren eskualdeetan, kontinente handien erdialdean, edo mendilerro handien euri-itzaletan. Munduko estepa handien eta jarraiena Eurasiakoa da, Hungariako Ordoki Handitik Txinaraino iristen baita, iparraldean Siberiako taiga, eta hegoaldean Asiako basamortu handiak dituela. Neurriz hurrengoa Ipar Amerikako Arro Handian dago, Ordoki Handiak, Mexikotik Kanadara, eta hirugarrena Argentinako Panpa da. Horiez gain, estepa txikiagoak ere daude, Hegoafrikan edo Australian, esate baterako.[2]

Klima mediterraneoko zenbait eskualdetan estepa subtropikalak agertzen dira, antzeko landaredi-egitura dutenak. Era horretako estepak ditugu, esate baterako, Europan (Siziliako erdialdea, Portugalgo hegoaldea, Espainiako erdi-ekialdea), Asian (Thar basamortua, Siriako basamortua), Australian (Musgrave mendiak), Ipar Amerikan (Nevada, Kaliforniako barnealdea, Texasko mendebaldea), Hego Amerikan (Txileko Norte Chico, Argentinako erdialdea),[3] eta iparraldeko Afrikan.[4]

Ingurune fisikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Altaiko esteparen ikuspegia, Errusia

Ozeanoetako epeltasunetik urrun, estepekoa da munduko klima muturrenekoa: neguak oso hotzak eta udak oso beroak izaten dira, eta egunetik gauera ere aldea handia izan daiteke. Esate baterako, Mongoliako estepan neguan maiz samar iristen dira -40 °C-ra (-58 °C-ko minimoa izan zuten 1976an), eta udan aise igarotzen da 40 graduz goiti: 80 graduko aldea. Horren negu hotz eta luzeekin, landareek 5-7 hilabete besterik ez dute garatzeko, eta horrek eragin handia du floran.[2]

Muturreko tenperatura gutxi balitz, euri gutxi egin ohi du estepetan, 200 eta 700 litro artean, basoak garatzeko gutxiegi. Hori bai, gehiena udan botatzen du, landareek behar duten garaian, gainerakoan basamortua nagusituko bailitzateke. Dena den, aldizka lehorte gogorrak gertatzen dira, urtetik urtera prezipitazioak nabarmen aldatzen baitira; lehorte horien ondorioz, are zailagoa da estepetan bizirik irautea.[2]

Estepetako lurzoruak sakonak eta materia organiko askokoak izan ohi dira, nekazaritzarako aproposak. Askotan loess metakinak dira lur hauen jatorri. Ingurunea zenbat eta idorragoa izan, lurzoruan orduan eta materia organiko gutxiago eta kare gehiago izan ohi da, eta pH basikoagoa. Lur azpiko uren maila gertu den lekuetan, berriz, lurzoru gaziak izaten dira, ura lurruntzean lur azalean geratzen baita disolbaturik zegoen gatza. Hortaz, mota askotako lurrak aurkitzen ahal dira zabaldiotan.[2]

Egitura eta dinamika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Elkoko estepa subtropikala, Nevada

Estepetan landare belarkarak dira nagusi, eta zuhaitzik apenas ageri da, ez bada ibai-ertzeetan. Belarren artean gramineoak dira ugarienak, baina konposatuak, lekadunak eta beste talde askotakoak ere ugariak dira, eta udaberrian 60 espeziez goiti lora daitezke zenbait estepatan. Belar gehienek sustrai sakonak dituzte ura ahalik eta hobekien aprobetxatzeko. Basoen eta basamortuen artean kokatzen dira, eta beren egiturak gradazio hori ere islatzen du: zenbat eta klima hezeagoa izan, larredi trinkoagoak eta garaiagoak dira. Horrela, baso epelen mugetan bi metroko altuera duten belardi sarriak hazten dira, eta beste muturrean, berriz, zentimetro gutxiko belarrak eta sastraka bakanak besterik ez.[2]

Urtetik urtera asko alda daiteke eguraldia eta, ondorioz, leku bateko landaredia ere nabarmen aldatzen ahal da. Lurrean makina bat hazi eta erraboil egoten dira sorraldian, eta unean uneko baldintzen arabera batzuk edo besteak hozitzen dira; ondorioz, paisaia etengabe aldatzen da. Prezipitazioekin batera, estepen emankortasuna ere aldatu egiten da leku batetik bestera, baina, batez beste, urteko eta metro karratuko 500 gramo materia organiko inguru ekoitzi ohi dira. Ekoizpen horren erdia baino gehiago sustraietara bideratzen da, hor biomasa handia behar baita negua igarotzeko eta udan ura eskuratzeko. Aipatu dugun ekoizpena baso epeletakoaren erdia baino gutxiagokoa den arren, gehiena belarra da, eta basoetan, berriz, gehiena zura izaten da. Hortaz, herbiboroek askoz bazka gehiago izaten dute, eta ugariagoak dira estepetan basoetan baino.[2]

Mota guztietako herbiboroak aurkitzen dira, matxinsaltoa bezalako intsektuetatik bisonteen gisako herbiboro handietara. Horietako batzuek udan bakarrik jarduten dute, eta negua lozorroan edo arrautzetan igarotzen dute; beste batzuek neguan latitude egokiagoetara migratzen dute; eta beste batzuk, berriz, urte osoa estepan emateko gai dira. Eta, nola ez, harrapakinak dauden tokian harrapariak ere ugariak dira, intsektu, narrasti, hegazti eta ugaztunak.[2]

Sutea Buriatiako estepan

Herbiboroek eta suteek sekulako eragina dute estepen dinamikan. Uda-amaieran belar gehienak ihartu egiten direnez, tximistek su asko pizten dituzte. Suteok azalera handiak erre ditzakete, baina belar gehienei kalte gutxi egiten diete, horien kimuak lurpean babesten baitira. Aitzitik, zuhaitzen adamuskak kiskali egiten direnez, suak basoaren hedapena eragozten du. Antzeko eragina dute herbiboro handiek, kimuak janez eta hankapetuz baso-mugak atzeratzen baitituzte. Horrenbestez, ehiztarien erruz herbiboroak desagertu diren toki askotan basoak lekua kendu die larreei, eta artzaintza gailendu denetan, berriz, basoak atzera egin du.[2]

Landareak ez ezik, estepetako animalia gehienak ere suteei aurre egiteko moldatuta daude: asko lurpean ezkutatzen dira, beste batzuek suaren aurrean ihes egiten dute eta, azkenik, ornogabe askok sua jasan dezaketen arrautzak edo erresistentzia-faseak dituzte. Kaltegarriagoa izan daiteke neguan elur-lapasta zopatzen duen giro epelaren ondoren hotzaldi luze bat etortzea, orduan elur hezea izoztu egiten baita, eta goseak herbiboro handi asko hiltzen baitu, hormapeko belarra ahoratu ezinik.[2]

Estepako bizidunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tulipa suaveolens, Estepa Pontikoko landarea

Ekosistema gehienetan bezala, landareak dira ekoizle garrantzitsuenak. Zuhaitzik ezean, landare belarkarak eta sastraka txikiak dira nagusi. Belarren artean gramineoak dira ugarien, herbiboroen presioari aurre egiteko ezin hobeki moldatu baitira. Beste landare askok ez bezala, gramineoek kimuak eta hazkunderako ehunak lurpean babesten dituzte eta, hostoak jaten badizkiete ere, laster batean hosto berriak garatzeko gai dira, sustraietan metatutako erreserbei esker. Beste zenbait gramineo (espartzua, adibidez) jateko oso eskasak dira, hostoetan silizezko kristalak baitituzte. Kristal horiek ezin dira digeritu eta, gainera, herbiboroen hortzak gastatzen dituzte. Gramineoez gain, landare konposatu eta lekadun asko dago estepetan. Gainera, larredi hezeenetan urteroko espezie ugari dago, baina, leku gogorrenetan udaberria hotza eta idorra denez, ez dute aukerarik izaten, eta sastrakak gailentzen dira.[2]

Ornogabeak ere oso ugariak izaten dira. Tximeleta, erle eta liztor batzuk landareentzako ezinbesteko polinizatzaileak dira. Beste asko herbiboroak dira, eta horien artean matxinsaltoak ikusten dira gehien. Azkenik, harrapari ugari izan ohi da, armiarma, kakalardo edo sorgin-orratz. Baina ikusten diren ornogabe horiez gain, beste askoz gehiago, herbiboro, karniboro eta detritiboroak, lurpean bizi dira, bertan baitago landareen biomasa eta ekoizpenik handiena. Detritiboro ezagunenak zizareak izan daitezke, baina nematodoak, intsektu kolenboloak edo akaro oribatidoak, ikusten zailagoak izan arren, ikaragarri dentsitate altuetan ageri dira. Dena den, larreetako bereizgarria den ornogabe-taldea aukeratzekotan, koprofago edo gorotz-jaleak hartu beharko genituzke. Izan ere, ungulatu handiak hain ugariak direnez, estepa osoa kakaztuta geratzen da. Koprofago-espezie ugari dira, baina horien artean kakalardoak eta euliak dira nagusi, eta gorotzetan dauden mantenugaiak birziklatzeko garrantzi handia dute.[2]

Ñanduak Valdés penintsulan, Argentina

Bestalde, estepako hegazti ugari dago. Alde batetik, txori graniboro txikiak ditugu, gehienak kolore arrekoak, eta bereizten nahiko zailak: hegatxabalak, kutturlioak, pirripioak eta abar. Zuhaitzik ez denez, habia lurrean egin ohi dute, eta lurraldea markatzeko kantua sastraka baten puntatik edo, maizago, hegan ari direla egiten dute. Horrela, hegatxabalak minutuak pasa ditzake kantuan, biraka hegan ari den bitartean. Espezie handixeagoak dira galeperrak, eperrak, gangak, eta hainbat usapal. Hegazti handien artean kurriloak, basoiloak edo, Hego Amerikan, ñanduak ditugu. Estepako harrapari tipikoenak, berriz, mirotzak dira. Horiek hegakera azkarra dute, belarra ia ukituan, eta izututa hegatzen diren txoriak harrapatzen zeharo iaioak dira. Harrapari handiagoak ere badira, noski, hala nola zapelatzak edo estepa-arranoak, ugaztun txikiak harrapatzen dituztenak, eta saiak, batez ere herbiboro handien gorpuak baliatzen dituztenak.[2]

Estepetan ohikoak diren hegazti horiez gain, beste espezie ugari ere badago. Alde batetik, erroia eta )mika ditugu, nonahi moldatzen diren oportunistak; bestetik, tundrako espezie ugari (elur-hontza, esate baterako) estepetan ere bizi dira, ziur aski bi ekosistema horien egitura antzekoa delako; eta nola ez, klima idorra izan arren, zabaldi handi horietan badira ibaiak eta putzuak ere, eta horien inguruan makina bat antzara, ahate eta zangoluze bizi da.[2]

Larre-txakurrak (Cynomys leucurus) Wyomingen, AEB

Ugaztunei dagokienez, herbiboroen dentsitatea eta dibertsitatea oso handiak dira estepetan. Bi talde dira ugarienak: lurpean ezkutatzen diren karraskariak eta hausnartzaile handiak. Lehen taldean hainbat sagu espezie, pikak (Ochotona), lur-urtxintxak (Spermophilus), larre-txakurrak (Cynomys) eta marmotak ditugu. Bigarren taldean, Eurasiako saiga antilopea eta Mongoliako gazela, Ipar Amerikako bisontea eta Antilocapra americana, edo Hego Amerikako guanakoa daude.[2]

Horiek guztiak garai batean kopuru ikaragarrietan biltzen ziren, eta euriekin batera migratzen zuten. Milaka kilometroko ibilaldiak egiten zituzten urtean zehar. Egun, ordea, beren habitat gehiena nekazaritzarako eraldatu da, geratzen diren larreak hesiz beteta daude eta ehiztarien presioa handia da. Horren eraginez, herbiboroen dentsitateak asko egin du behera. Izan ere, apenas geratzen dira estepa onak munduan. Mongoliako ekialdea da salbuespenetako bat, eta han oraindik gazelak 50.000 burutik gorako taldetan biltzen dira migrazio-garaian. Nola ez, ungulatu-talde horien atzetik harrapariak ere ibiltzen dira, bereziki otsoak eta koioteak.[2]

Esan bezala, ugaztun txiki gehienak lurpean ezkutatzen dira. Batzuk (sagu gehienak eta pikak) urte osoan esna egoten dira, eta negu gogorrari aurre egiteko udan bazka pilatu behar izaten dute. Hala ere, espezie haien populazioek gorabehera handiak izaten dituzte, negu eta jasa gogorrek animalia asko hiltzen baitituzte. Beste ugaztun txiki askok, lur-urtxintxak eta marmotak bereziki, negua lozorroan igarotzen dute. Horiek belar motzeko estepan soilik bizi dira, harrapariak urrutitik bistatu ahal izateko, normalean ahaidez osatutako kolonia txikietan. Larre-txakurrek, berriz, kolonia erraldoiak era ditzakete: Texasen 40 milioi larre-txakurreko kolonia bat izan omen zen, 60.000 kilometro koadroko azalera hartzen zuena. Galeria-sistema oso konplexuak eratzen dituzte, ikusten diren sarrerez gain, ezkutuko zenbait irteerarekin. Sarreren inguruan pezoi bat eratzen dute, zuloa putzu bihur ez dadin.[2]

Gizakiaren eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mongoliako estepa

Gizakiak betidanik izan du eragina estepetan. Pleistozenoko glaziazioetan, klima idorragoa izaki, estepek lehorraldearen ia erdia estali zuten, eta garai hartako jende gehiena estepetako fauna handia ehizatzetik bizi izan zen. Horrela, hainbat zaldi eta bisonte espezie suntsitu ziren azken glaziazioaren ondorengo aldaketa klimatikoekin, baina ziurrenik ehiztarien erruz, neurri batean bederen. Neolitoan, berriz, nekazaritza eta abeltzantza munduko zenbait lekutan bateratsu sortu ziren, eta ia beti estepen inguruan. Klimak, nonbait, eragin zuen janariak bermatzeko sistema horien sorreran.[2]

Eurasiako estepan beste aldaketa oso garrantzitsu bat zaldia heztea izan zen, horrek ehizarako gaitasuna izugarri emendatu baitzuen. Hain zuzen, Asiako estepetako biztanleek, nahiz eta teknologikoki oso aurreratuta ez egon, Mundu Zaharreko zibilizazio handiak kolokan jarri zituzten milaka urtetan. Gogoratu, bestela, hunoek erromatarrei pasarazitakoak, edo magyarrek ekialdeko Europan lortu zuten indarra. Munduan inoiz existitu den inperiorik zabalena ez zen erromatarrena edo txinatarrena izan, Gengis Khanen ondorengo mongolena baizik. Horrek agerian uzten du hain xumeak diruditen aurrerakuntzak (zaldia eta uztaia) zeinen garrantzitsuak izan ziren.[2]

Alor landuak Argentinako Panpan

Dena den, estepentzat Atila baino kaltegarriagoak izan ziren nekazariak. Izan ere, estepa hezeetan bederen, lurra nekazaritzarako bikaina izaten da, eta egun gehienak galsoro edo artasoro bilakatu dira. Eskualde idorragoetan, berriz, abeltzaintza izan da jarduera nagusia, eta horrek maiz arazo handiak ekarri ditu, larreak gehiegi ustiatu baitira. Kontuan har dezagun estepetako hausnartzaile gehienak migratzaileak direla, eta aziendak beti leku berean edukiz gero, lurra galtzeko arrisku handia izaten dela. Asiako hainbat estepa, Estatu Batuetako mendebaldeko asko eta Hegoafrikako gehienak gehiegi ustiatuta daude, Bardeako lur elkorren antzera. Kalte larriak gertatzen dira, halaber, hesien erruz, basafaunaren mugikortasuna asko murrizten baitute; izan ere, une latzetan babesgune egokiak aurkitzea ezinezkoa baita ugaztun handientzat.[2]

Bestalde, zenbait lekutan larre berriak sortu dira, basoak mozteari eta su edo aziendei esker. Horietako asko ditugu, esate baterako, Euskal Herrian, eta batzuetan mendeak daramatzate egoera bertsuan. Izan ere, suari, aziendari eta segari esker estepa naturaletako dinamika isla daitek, eta, gorotza zabalduz, emankortasun handia lor daiteke. Larre artifizial horiek estepekin duten antzaren seinalerik argiena da horietan estepetako bizidun ugari aurkitzen ahal direla. Noski, ugaztun basati handirik ez da bertan bizi, eskala handiko migrazioak ezinezkoak baitira. Baina soroetako hegazti, karraskari eta ornogabe asko estepetan oso ohikoak dira.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Estepa. Euskalterm Terminologia Banku Publikoa, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-3-19).
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t Elosegi, Arturo. Bizitza belar-itsasoan. Elhuyar, 184. zenbakia, 2003/02/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-3-19).
  3. Zonas ecológicas de América del Sur. fao.org (Noiz kontsultatua: 2021-3-20).
  4. Zonas ecológicas de Africa. fao.org (Noiz kontsultatua: 2021-3-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]