Edukira joan

Francisco Etxenike

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francisco Etxenike
Bizitza
JaiotzaElizondo1880ko ekainaren 28a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaElizondo1948ko ekainaren 19a (67 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: minbizia
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, argazkilaria eta marrazkilaria

Francisco Etxenike Antxorena (Elizondo, 1880ko ekainaren 28a - Elizondo, 1948ko ekainaren 19a), ezizenez Patxiko, nafar argazkilari, marrazkilari eta margolaria izan zen, Bidasoko Eskolako kidea.[1][2]

Francisco Etxenike Antxorena Elizondoko Teilagorrian jaio zen, 1880ko ekainaren 28an;[1] Julian, Elizondokoa, eta Francisca, Zigakoa, izan zituen gurasoak. Sei urte zituelarik, aita hil zitzaion. Hamabi urte bete arte herriko eskolan ibili ondoren, Baztango udaletxean hasi zen lanean, diruzainaren laguntzaile lehenik, eta idazkaritzako ofizial urte batzuk geroago. 1905ean, Francisca Urrutzola Arratxerekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Alfonso, María Luisa eta María Carmen.[2]

Familian aurrekaririk ez izan arren, arte plastikoetarako joera handia zeukan. Lehenik argazkigintza artistikora bideratu zuen bere grina, eta baita sari batzuk lortu ere: 1907an, lehenbiziko saria eta domina Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketan, "Nafarroako paisaiak eta naturako edertasunak" sailean; eta 1908an, bigarren sari berezia eta domina Buenos Airesko La Baskonia aldizkariak antolatutakoan. Horretaz gain, zenbait urtez argazki-estudio profesionala eduki zuen Elizondon.[2][1]

1915etik aitzina, marrazketa eta pintura lantzen hasi zen, era autodidaktan. Astialdietan margotzen zuen, igandeetan batez ere, beti aire zabalean, presarik gabe. Ibilgailurik ez zuenez, Baztango paisaiak eta txokoak izan zituen gai nagusi. Opor garaian Donostian margotzen zuen, eta, askoz bakanago, Donezteben, Bortzirietan edota Ultzaman.[1] 1920-1926 bitartean, Baztango Udalak eta Nafarroako Foru Diputazioak diru-laguntza bana eman zioten.[2]

Sei erakusketa egin zituen Donostian, bost El Pueblo Vasco aretoan (1920-1924 bitartean) eta beste bat 1928ko Euskal Aste Handian, hiru Iruñeko Nafarroako jauregian, eta bana Bilbon eta Baionako Euskal Museoan. Kritika onak jaso zituen, eta margolan ugari saldu; hori dela eta, haren lanak Nafarroan, Gipuzkoan eta Mexikon sakabanatu ziren.[1]

1939an, "Baztango euskal zirriborroak" ("Apuntes vascos del Baztan") izeneko marrazki saila ondu zuen. Baztango herriak eta arkitektura irudikatzen dituzten lumazko 30 marrazki dira,[oh 1] hurrengo urtean posta txartel moduan argitaratu zirenak, arrakasta handiz. Horretaz gain, zenbait argitalpen irudiztatzeko ere erabili ziren, hala nola, Jose Maria Iribarrenen “Valle Inclán y el paisaje baztanés de la guerra carlista” (Pregón aldizkaria, 1954).[2]

Elizondon hil zen, 1948ko ekainaren 19an. Hurrengo urtean, erakusketa-omenaldi bat eskaini zitzaion sorterrian, eta bi antologiko 1980an, Elizondon eta Burlatan, jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatzeko.[oh 2][3]

Baztango paisaia da Patxiko Etxenikeren gai nagusia. Baserriak, bordak, mendiak, malkorrak, oihanak, errekak, ur-jauziak eta belaiak pintatu zituen gehienbat, giza irudiak gutxitan agertzen dira, eta animaliak ia inoiz ez. [3][2] Francisco Javier Zubiaurrek hiru aldi bereizi zituen haren ibilbidean:[1]

  • Aldi iluna, 1920 arte. Toki ilun eta itxiak (basoak), argi-ilunak eta zeru astunak gailentzen dira. Kolore gogorrak erabiltzen ditu: berde garratzak, okre hitsak, zuri horixkak eta beltza. Adibideak: “Iruritako paisaia”, “Eguzkia eta itzala” eta “Bihurgunea”.
  • Tarteko aldia, 1932 eta 1939 bitartean. Argiak eta ingurumenaren egoerak garrantzi handia hartzen dute. Hala ere, marrazkiak eta enpasteak trinkoak izaten segitzen dute. Garai horren amaieran egin zituen "Baztango euskal zirriborroak", hurrengo aldiko estiloa iragartzen dutenak.
  • Azken aldian, 1940ko hamarkadan, sormenaren heldutasunera iritsi zen. Paleta aberastu egiten da, gorri, berde, urdin eta moreekin, eta efektu berriak saiatzen ditu. Marrazkiaren zehaztasuna garrantzitsua bada ere, pintzelkada labur eta solteak erabiltzen ditu, paisaiari egiantza ematen diotenak. Azken lanetan (“Lekarozera begira”, “Andalorreko haritzak”) zerua eta lurra batzen dira, eta argiak bazter guztiak betetzen ditu.
  1. 28 marrazkitan herriak eta eraikinak ageri dira; artzaingo irudi bat eta agure baten erretratoa dira beste biak.
  2. Baztango Udalak eta Eusko Ikaskuntzak antolatu zituzten 1980ko erakusketa antologikoak. Patxiko Etxenikeren lanekin batera, Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin, Kepa Arizmendi eta Jesus Montes Iribarrenen margoak agertu ziren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Zubiaur Carreño, Francisco Javier. Evocación del pintor Echenique Anchorena en su centenario. zubiaurcarreno.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  2. a b c d e f Fernandez Oyaregui, Pello. Los Apuntes Vascos de Baztan, una obra singular de Patxiko Echenique Anchorena. Pregón siglo XXI, ISSN 1696-1161, Nº. 58, 2021, págs. 33-38, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  3. a b Ezker Calvo, Alicia. Etxenike Antsorena, Francisco. Auñamendi Entziklopedia [on line], aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]