Gordailu natural
Biologian eta epidemiologian, gordailu naturala gaixotasun infekzioso bat eragiten duen eragile patogenoaren ostalaria (animalia edo gizakia) da, eragile patogeno hori eramaten duena. Ostalari horretan eragile patogenoa (eskuarki, mikrobio bat edo bizkarroi bat) hazi eta bere bizi-zikloa osatzen du. Gordailu naturaletik, eragile patogenoa pertsona bat infektatu dezake. Gordailu naturala animalia bat denean, eta gizakia infektatzen duenean, sortzen den gaixotasun infekziosoari zoonosi deritzo.
Zentzu zabalean, gordailu naturala animalia edo gizakia ez ezik, ura, lurzorua edo beste eragile bizigabe batzuk izan daitezke, patogenoaren hazkuntza errazten dutenak [1] . Esaterako, lurzorua Clostridium botulinum eta Clostridium tetanien gordailu naturala da, botulismo edo tetanosa eragiten dituzten mikrobioen gordailua; ura Vibrio cholerae edo Salmonella typhiren gordailua da, bertan kolera edo sukar tifoidearen mikrobioak bizi daitezkeelako, etab. [2].
Gaixotasun infekziosoen gordailua ezagutzea garrantzia handikoa da, gordailua ezagututa hobeto ekidin daitekeelako gaitzaren transmisioa.
Bizidun patogenoa daraman gordailu naturala (animalia ala gizakia) osasuntsua izan daiteke (hots, ez du sufritzen patogeno horrek eragiten duen gaixotasuna). Beste kasu batzuetan, aldiz, patogenoak ostalaria ere gaixotzen du.
Gordailu natural motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Patogeno askok organismo biziak behar dituzte gordailu gisa (animaliak ala gizakia), ezin baitute aske bizi.
Animaliak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat giza-patogenok animaliengan garatzen dituzte haien bizi-zikloaren fase batzuk. Etxeko animaliak (abereak) zein animalia basatiak izan daitezke gordailu horiek. Esaterako, amorruaren birusa hainbat animaliarengan egon daiteke: otsoengan, azeriengan, katuengan, zakurrengan, saguzarrengan....Animaliak amorruaren birusa gizakiari pasatzen dio haginkada baten bidez.
Gogoratu animaliengandik gizakiarengana kutsatzen den gaixotasun infekziosoari zoonosi deritzola. Giza-gaixotasun infekzioso ugari, horietako batzuk larriak, animaliengandik datoz, eta azken urteotan haien kopurua asko hazi da. Patogeno berri eta goranzko intzidentzia dutenen %70 animaliengandik datoz [3] (COVID-19, Ebola, SARS, Zika birusa, etab.)
Ondoko taulan zoonosi batzuk eta haien gordailu naturalak ikus daitezke [4]. [5]:
Gaixotasuna | Mikrobio patogenoa | Gordailua | Gaitzaren transmisioa gizakiei |
---|---|---|---|
Izurri bubonikoa | Yersinia pestis | Karraskariak | Arkakusoen ziztada |
Amorrua | Birusa | Otsoak, azeriak, zakurrak.... | Animalien haginkada |
Karbunkoa | Bacillus anthracis | Animalia belarjaleak | Inhalazioa |
Bruzelosia | Brucella | Behiak, ardiak, txerriak... | Animalien esnea |
Leptospirosia | Leptospira | Animalia ugaztunak | Animalien gernuaren bidez |
Tularemia | Francisella tularensis | Untxiak eta erbiak | Intsektuen ziztada |
Psitakosia | Chlamydia psittaci | Txori asko | Inhalazioa |
Lyme gaitza | Borrelia burgdorferi | Ugaztunak | Akainen ziztada |
Hidatidosia | Echinococcus granulosus (zestodoa) | Zakurrak | Zakurren gorozkien bidez |
Q sukarra | Coxiella burnetii | Animalia belarjaleak | Esnea hartzean |
Toxoplasmosia | Toxoplasma gondii (protozooa) | Katuak | Katuen gorozkien bidez |
Sukar horia | Birusa | Tximinoak | Etxoen ziztada |
Trikinosia | Trichinella spiralis | Txerriak | Txerrien haragia jatean |
Mendi Harritsuetako sukarra | Rickettsia rickettsii | Untxiak, saguak... | Akainen ziztada |
Ebola sukar hemorragikoa | Ebola birusa | Saguzarrak eta tximinoak | ????? |
Arnas sindrome akutu larria | SARS-CoV | Saguzarrak | ????? |
HIESa | GIB | Tximinoak ??? | ????? |
COVID-19 | SARS-CoV-2 | Saguzarrak ??? | ????? |
Gizakia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Patogeno batzuen gordailu esklusiboa gizakia da. Ezin dute aske edo animaliengan bizi, eta gizakiarengan burutzen dute haien bizi-ziklo osoa. Poliobirusa (poliomielitisaren eragilea), barizela-zoster birusa (barizelaren eragilea), baztangarena, Neisseria gonorrhoeae (gonorrearen bakterioa), elgorriaren birusa edo Salmonella typhi (sukar tifoidearen eragilea), esaterako, gizakiengan besterik ez dauden mikrobio batzuk dira. Patogeno horiek sortzen dituzten gaixotasunak hobeto kontrolatzen dira txertaketaren bidez, gizakia izanik gordailu bakarra pertsona guztien immunizazioak gordailurik gabe uzten baitu patogenoa (animaliak gordailu gisa duten patogenoekin zailagoa da hori lortzea).
Aipatzekoa da patogenoak dituzten gizaki batzuek ez dituztela gaixotasun infekziosoaren sintomak, mikrobio kaltegarria barruan eraman arren: gizaki horiek eramaile osasuntsu deritzonak dira. Gaixotasun infekziosoen hedapenean eginkizun garrantzitsua dute, pertsona asko kutsa ditzakeetelako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Haydon, D. T.; Cleaveland, S.; Taylor, L. H.; Laurenson, M. K. (2002ko abendua) Identifying Reservoirs of Infection: A Conceptual and Practical Challenge Emerging Infectious Diseases. 8 (12): 1468–1473
- ↑ Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. II, Ed. Reverté (1998), 353 orr. ISBN: 84-291-1871-3
- ↑ Cómo trabaja la OMS para detectar el reservorio animal del virus SARS-CoV-2
- ↑ Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. II, Ed. Reverté (1998), 354 orr. ISBN: 84-291-1871-3
- ↑ Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:896-897 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1.