Jorge María Ribero-Meneses
Jorge María Ribero-Meneses | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Valladolid, 1945eko maiatzaren 17a (79 urte) |
Herrialdea | Espainia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Jorge María Rivero San Jose, ezagunagoa Jorge María Ribero-Meneses izen-abizenez[1] (Valladolid, 1945eko maiatzaren 17a) idazlea da. Filologotzat eta historiaurrean aditutzat aurkezten du bere burua, baina komunitate zientifikoan haren teoriek ez dute inolako onarpenik, eta teoria horiek ez ditu hizkuntzalaritzan, historian eta gainerako zientzietan onartuta dauden metodoak erabiliz taxutzen (hau da, zientziaren aldetik, inolako oinarririk gabeko teoriak dira).[2][3][4]
Ribero-Menesesen esanetan, baina, bere teoriek arrakastarik ez badute botere publikoen eta mundu akademikoaren jazarpena nozitzen duelako da, eta «[Espainiako] Estatuak erakunde terrorismoa» egiten du bere aurka.[5] Ribero-Menesesen teoria ezagunenetako batzuk: euskara munduko hizkuntza guztien sorburu dela; gizakiok kastoreengandik gatozela, eta ez tximinoengandik; gaztelania euskaratik datorrela, eta ez latinetik; Atlantida Kantauri itsasoan izan zela; hasierako gizakiak anfibioak zirela; hebrear gentilizioa Ebro ibaiaren izenetik datorrela, eta Ebro ibaiaren ingurua dela juduen sorburua; Europa izena ere Ebro izenetik datorrela; eta abar.
Ribero Meneses bereziki harro ageri da bere hiru «aurkikuntza» hauengatik: gizakiaren sorburuarena, hizkuntzaren sorburuarena eta idazketaren sorburuarena. Berak egin omen dituen hiru aurkikuntza horiek «egile ezaguneko zientzia aurkikuntza handienen» artekoak direla argitaratu du, historian izan diren beste 36 aurkikuntza (inprenta, Amerika, heliozentrismoa, telebista...) biltzen dituen zerrenda batean.[6]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bruselako Université Libre unibertsitateko gaztelania irakaslea izan zen.[7]
Pío Cabanillas Gallas espainiar politikari eskuindarraren aholkulari izan zen, hura Espainiako Kultura ministro izan zenean (1977-1979).[7]
1984an, bere etxean ixtea erabaki zuen, lanean buru-belarri aritzearren eta «beste guztiek baino mila aldiz gehiago jakitearren», eta orduz geroztik itxita bizi da, lanean.[8] Orduz geroztik, hizkuntzalaritzan eta historian nagusi diren teoriei eta egin diren aurkikuntzei kontra egiten dieten hainbat teoria sortu ditu, zientzietako metodoei kasurik egin gabe. Ribero-Menesesen ustez, politikariek eta gaur egungo teoria nagusiak eratu dituzten historialari nahiz hizkuntzalariek (politikarien mende baitaude, Ribero-Menesesen esanetan) bere teoria horien frogak ezkutatzen eta suntsitzen dituzte.[9][10]
2002ko urrian UNESCOren aurrean salatu zuen Jose Maria Aznarren gobernua sustatzen ari zen Camino de la Lengua Castellana delakoa, gaztelania XI. mendean Errioxan jaio ez zela frogatuz. Salaketok helburua lortu zuen, bidearen izendapena bertan behera geratu baitzen.
2004an, Fundación de Occidente fundazioa sortu zuen, fundazioari bere ondasun guztiak emanda,[11] «Europako eta, ondorioz, mundu osoko kultura eta turismo ibilbide handiena eta aberatsena» sortu, gizarteratu eta sustatzeko asmoz. Ibilbide horren erdigunea Iberiar penintsulako Kantauri itsasoaren kostaldea da, baina inguruko lurrak ere hartzen ditu.[12]
2006ko abenduaren 29an Kantabriako Justizia Epaitegi Gorenean salaketa jarri zuen Kantabriako presidente eta presidenteordearen aurka, hala nola Santanderreko alkatearen aurka, Santanderko La Remonta delako orubean aurrera eraman nahi duten txikizio kulturala dela eta.
Bihotzeko bi operazio larri egin dizkiote, azkena 2008ko maiatzaren 13an.
Teoriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jorge Maríaren teoriek ez dute inolako oinarri zientifikorik, baina oihartzun handia izan dute.
Ribero-Menesesen funtsezko teoria da gizakia Kantauri itsasoan sortu zela, eta ugaztun guztiak itsastarrak garela jatorriz. Gizakien arbasoak anfibioak omen ziren; eta kastoreetatik omen gatoz, eta ez tximinoetatik. 2010ean egin zituen adierazpenen arabera, Zumaia da funtsezko tokia, jatorri anfibio horretan, eta han induskatutakoan aurkituko omen da gizakion jatorri anfibioaren froga.[14] Urte batzuk lehenago (2008an), gizakiaren sorlekua Santanderko badia (Kantabria) zela adierazi zuen;[15] eta are lehenago (1987an) gizakiaren jatorria eta mundu osoko toponimo guztien bilgunea Peña Sagra mendilerroa zela ziurtatu zuen.[7]
Gizakia jatorriz anfibioa izatearen erakusgarri omen da (eta Riberoren filologo lan bitxiaren erakusgarri da) gaztelaniaz laguna hitzak «aintzira» esan nahi duela, eta euskaraz hitz horrek berak «gizarte» esan nahi duela [sic]; izan ere, Ribero-Menesesen teoriari jarraituz, itsas aintziretan sortu ziren gizakion gizarteak.[14] Lehenengo gizaki haien hizkuntza euskara omen zen, «euskara da hizkuntza guztien ama». Gainera, «Asturias, Kantabria, Euskal Herria, Errioxa eta Gaztela Zaharra, prehistoriaz geroztik, herrialde bat bera izan dira, Kantauri itsasoaren eta Ebro ibaiaren arteko geografiak eratua».[5]
Eremu horretan kokatzen du, hizkuntzaren jaiotza ez ezik, medikuntzarena, musikarena eta arkitekturarena ere. Are gehiago, Ribero-Menesesek Santanderren kokatu du gizakiak eraikitako lehen tenplua, La Remonta edo Campo Giron delako partzelan, hain zuzen ere.
Atlantida mitikoaren kokagunea —gizaki guztion arbasoen egoitza, alegia— Asturiesko Llanes aurrean omen zeuden uharte batzuetan kokatzen du (duela urte batzuk, ordea, Santanderko badian ezartzen zuen), gaur egun Bizkaiko golkoaren urpean dagoela ziurtatuz. Uharte horiek Estrabonek eta Ptolomeok aipatutako Cassiterides uharte mitikoak izango lirateke. Zona horretan, Ribeseya parean, El Cachucho izeneko itsas-mendia dago, espainiar estatuko lehen natura itsas-parkea izango dena.[16]
1984. urtetik ari da aipatutako tesiok ikuspuntu guztietatik garatzen eta azaltzen. Euskal Herrian bere ideiak plazaratzeko hitzaldi ugari eman ditu —gehienak Agiñalde Kultur Elkarteak antolatuta—, besteak beste Villabonan, Donostian, Durangon, Bilbon eta Lazkaon. Era berean, Mikoleta, Euzko Izaera dala ta, Bizi-Hitza eta ENA elkarteek antolaturiko Euskararen Jatorriaren II. Biltzarrean parte hartu zuen, 2006an, «El carácter autóctono y origen Prehistórico del Ezkara o Euskera» izenburuko hitzaldiarekin,[17][18] gaur egungo zientzietako teoria nagusien erabat kontrako hipotesiak darabiltzaten beste zenbait hizlari lagun zituela: besteak beste, Vahan Sarkisian (armenierak eta euskarak jatorri bera dutela zioen), Jose Luis Aleman Marti (biltzarrean aurkeztutako lanean adierazi zuenez,[19] duela 8000 urteko euskal hizkuntza —berak elengoa edo zeruetako hizkuntza esaten dio— berreraikitzen ari da, XX. mendearen erdialdeko euskara deskribatzen duten euskara-gaztelania hiztegiak erabiliz) eta Antonio Arnaiz Villena (iberoa, guantxea, bereberea, antzinako egiptoera, armeniera, georgiera, hitita, etruskoa, minoikoa eta beste hizkuntza batzuk euskararen familiakoak direla esan zuen biltzarrean[20]). Ricardo Gómezen esanetan, Iraide Ibarretxeren lan aipagarria izan ezik, biltzar hartako lan guztiak «zinez inongo oinarri linguistikorik gabeko lanak dira. Dibertigarriak, aukeran».[3]
Ribero-Menesesek bere babesa eman dio Agiñalde kultura elkarteari, UNESCOk euskara gizateriaren ondare ezmaterialtzat izenda dezan elkarte horrek 2007an abiarazitako sinadura bilketan. Izan ere, Riberok eta Agiñalde elkarteak adierazi dutenez, «Euskaldunak Europako biztanlerik autoktonoenak dira. Cromagnonen ondorengo zuzenak dira eta, hortaz, Europako lehenbiziko biztanle modernoak», eta «europar guztiak kantauriarrekin lotuta daude». Beraz, «onartezina da euskara zaintzeko eta ikertzeko ezer ez egitea, gizateriaren kultur ondare preziatuena dela gauza jakina denean. Euskararen eta mundu osoan hitz egiten diren hizkuntzen arteko loturatik eta ikerketetatik aurkikuntzak eratorriko dira; hori gizateriarentzat aberasgarria izango da».[21][22]
Julio Cejador zaragozar filologo hispanikoaren eta Imanol Agirre bilbotar idazlearen teorien eragina onartu du sarritan Riberok.[5]
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ribero-Menesesek ehundik gora liburu idatzi ditu, ezagunenak eta azken urteotan idatzi dituenak hurrengoak izanik:
- Zumaia, madre del Cantábrico & (X), Easo y Gernika: el descubrimiento más importante de la historia de Euskal Herria
- El euskera, madre del Castellano... y de todas las lenguas Romances
- La primera diáspora, basko-kántabra, de la Humanidad
- El origen cantábrico del Homo Sapiens
- El verdadero origen de los Baskos: la primera Humanidad
- El mayor descubrimiento arqueológico de la Historia
- La Atlántida descubierta..., a la luz del testimonio de los historiadores antiguos
- Tarragona, cuna del Mediterráneo
- Los primeros Sacerdotes, de verdugos a Cirujanos: la génesis kantábrica de la "Cirurgía"
- El origen hibérico de la Arquitectura
- El descubrimiento del origen inédito de la Medicina
- Sant'Ander es Bizkaya: la Fuente de la Vida
- Las Fuentes Tamáricas
- Tartesos versus Ebro
- Cristo es Adán
- El euskera, madre del castellano (2007): gaur egungo hizkuntzalaritzako oinarriei kontra eginez, eta metodo zientifikoaren bideak erabili gabe,[4] Ribero-Menesesek dio hizkuntza erromantzeak ez datozela latinetik, euskaratik baizik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Bere idazlanak Jorge María Ribero-Meneses izenaz sinatzen ditu, aita- eta amaorde-abizenak elkartzen dituela, Ribero euskal grafia erabiliz.
- ↑ (Gaztelaniaz) Luis Alfonso Gámez (El Correo egunkariko zientzia kazetaria): «ETB califica de "hipótesis científica" que procedemos de anfibios y estamos emparentados con las sirenas», Magonia bloga, 2010-07-28.
- ↑ a b Ricardo Gómez (Euskal Filologian doktorea, EHUko Unibertsitate Eskolako irakasle titularra, Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kidea): «Quosque tandem... (II): Ribero-Meneses»[Betiko hautsitako esteka], FiloBlogia bloga, 2006-10-11.
«Xelebreak» atalean sailkatuak ditu Ribero-Menesesen teoriak. - ↑ a b Urtzi Reguero: «Euskara gazteleraren ama?»[Betiko hautsitako esteka], Iritzi-muinetik, 2009-02-04.
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Felix Ibargutxi: «Ribero-Meneses: "Quieren arruinar a los filólogos españoles que investigan los orígenes del euskera". Ribero-Meneses cree que "el euskera es la raíz de las lenguas de Europa"», Diario Vasco, 2007-10-09.
- ↑ (Gaztelaniaz) Jorge María Ribero-Meneses: «Los mayores descubrimientos científicos de autor conocido», Iberia cuna de la humanidad (Investigaciones Jorge María Ribero-Meneses San José). Eskuratze data: 2011-02-15.
- ↑ a b c d Inmaculada de la Fuente: «Jorge María Rivero San José: La llave del origen del hombre, en clave filológica», El País, 1987-09-25.
- ↑ (Gaztelaniaz) Patricia Lledó eta Natalia Regàs: «Els secrets de l’Atlàntida», 2. partea. Televisió de Catalunya telebista konpainiaren El 33 kateak 2008ko otsailean emandako dokumentala.
- ↑ (Gaztelaniaz) Patricia Lledó eta Natalia Regàs: «Els secrets de l’Atlàntida», 3. partea. Televisió de Catalunya telebista konpainiaren El 33 kateak 2008ko otsailean emandako dokumentala.
- ↑ Jorge María Ribero-Meneses (2006): «El reconocimiento del Euskera, obstaculizado por intereses ajenos al ámbito científico», in El carácter autóctono y origen prehistórico del Ezkara o Euskera.
- ↑ Fundación de Occidente fundazioaren erregistroa, Espainiako Aldizkari Ofizialean.
- ↑ «Fundación de Occidente», fundazio horren webgunean.
- ↑ El "euro" y el Ebro izeneko artikulua
- ↑ a b Kresala telebista saioan Ribero-Menesesi eginiko elkarrizketa, 2010eko uztailaren 25ean ETB-2 telebista katean emana.
- ↑ (Gaztelaniaz) Patricia Lledó eta Natalia Regàs: «Els secrets de l’Atlàntida», 1. partea. Televisió de Catalunya telebista konpainiaren El 33 kateak 2008ko otsailean emandako dokumentala.
- ↑ (Gaztelaniaz) El Cachucho itsas-mendia www.consumer.es webgunean
- ↑ Euskararen Jatorriaren II. Biltzarreko egitaraua.
- ↑ (Gaztelaniaz) Ribero-Menesesen hitzaldia Euskararen Jatorria biltzarrean[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Jose Luis Aleman Marti: «Elengoa, el lenguaje de los Cielos».
- ↑ Antonio Arnaiz Villena: «Lectura de la lengua ibérica».
- ↑ Jorge María Ribero-Meneses: «Euskera, Patrimonio de la Humanidad».
- ↑ «Unescok euskara gizadiaren ondare izenda dezan sinadurak biltzen ari dira.[Betiko hautsitako esteka]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Iberia cuna de la humanidad webgunea
- (Gaztelaniaz) Fundación de occidente webgunea
- (Gaztelaniaz) Ribero-Menesesen bloga
- (Gaztelaniaz) Ribero-Menesesi buruzko dokumentala tv3.cat webgunean