Martiodako erlikiak
Martiodako erlikiak | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | XVII. mendea |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | hezurra eta oihala |
Kokapena | |
Lekua | Martioda |
Bilduma | Arabako Arte Ederretako Museoa |
Martiodako erlikiak Arabako Martioda herrixkako erlikia multzoa dira. Martiodako San Joan Ebanjelariaren elizan gordeta egon ziren. Erlikia multzoaren jabeak Hurtado de Mendozatarrak zirela uste da. Leinu hau Austriatarren gortean nazioarteko diplomazian aritu zen, eta familiako batzuk Bruselan bizi izan ziren eta han zerbitzuak eman zituzten XVII. mendearen erdialdean, eta Martiodara itzultzean ekarri zituztela uste da. Hezurrak Alemaniatik etorri zirela uste da, baina dekoratutako piezak Flandrian egin ziren.
Hezur horiek Santa Urtsularen segizioko birjinenak eta Tebasko Legioko soldaduei esleitu zaizkie[1]. Bi hezurren datazioa egin ostean ondorioztatu da ikertutako bi horiek, bederen, III. mendekoak direla[2].
Erlikiak izateaz gain erlikia-ontziak dira. Erlikia batzuk XVII. mendearen lehenengo erdian egindako ehunekin apaindurik daude. Lore irudiak eta letrak itxuratzen dituzten metal preziatuzko hariekin brodaturiko oihal joriak dira. Beste batzuk, landare gaiekin apaindutako marko bitxietan txertatzen dira. Ikertzaileen arabera Martiodako bilduma munduko ugarienetako eta interesgarrienetako bat da[3]. 2021 urtean, zaharberritze lanak egin ondoren, Arabako Arte Ederretako museoan jarri ziren ikusgai.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlikiak edukitzearen garrantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristautasunak hasieratik izan du erlikiekin harreman gorabeheratsua. Erdi Aroan Bizantzioko eztabaida ikonoklastak erlikiak idolo gisa hartu zituen, Ir 20:4 bortxatzen zuena: «Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik». Botere karolingioaren pean ikonoak eta erlikiak erabiltzea askoz ohikoagoa zen, eta aldare bat sagaratzeko beharrezkoa zen santuren baten erlikia bat izatea[4], maiz erlikia batekin kontaktuan egon zen objektua izan zitekeena[5].
Erlikiak mirariekin lotuta zeudenez, edo santuen bizitzak goraipatzearekin, berauek edukitzea garrantzi handikoa zen tenplu batentzat, horrek erromesak erakartzen zituelako, eta tenpluak garrantzia irabazi. Donejakue bidea erlikiak gurtzeko erromesaldien adibidea da[6]. Horregatik, erlikiak lortzea gai garrantzitsua zen, eta negozio handia sortu zen erlikien salerosketa, opari edo lapurretekin. 1204ko Konstantinoplako setioa Laugarren Gurutzadan, adibidez, erlikia ugariren iturri izan zen, Europa osoan zehar hedatu zena[7][8][9]. 1215ean ospatutako Laterango IV. Kontzilioak erlikien salerosketen eta erakustaldien gehiegikeria salatu zuen (62. kanona), nahiz eta, ondoren, Konstantinoplan lapurtutako Lignum Crucis bat erakutsi zen[10]. Laterango IV. Kontzilioak "erlikia aurkitu berriak" txarretsi zituen, eta horrek aurretik jada santifikatutako erlikien eta santu ezagunei lotutako objektuen balioa igo zuen, hauek autentifikatuak baitzeuden.
XVI. mendean, Protestantismok gehiegikeria hauek berriro ere salatu zituen, eta batez ere kalbinisten artean erlikien gurtza eten zen[11]. Kalbinok erlikia gehienak faltsuak zirela salatu zuen, eta horretarako zerrendak egin zituen, demostratuz ezinezkoa zela hainbeste objektu egotea edo batzuen existentzia bera ere (Jesusen pixoihala, Kanako ezteian erabilitako pitxarra...[12]). Horren aurrean Trentoko kontzilioa deitu zuen Eliza Katolikoak (1545-1563), irudi eta erlikien erabilera berriro ere arautzeko, batez ere abusuak eta sineskeriak kentzeko. Kontzilioak Kalbinoren mezua kondenatu zuen, eta santuen gurtza egokia zela adierazi zuen. Horrek berriro ere erlikiak lortzeko gogo bizia piztu zuen, Kontrarreformaren adierazle gisa. Flandriako Armadak Brusela, Kolonia eta Augsburgo kontrolpean hartu zituen Laurogei Urteko Gerran, eta bertan zeuden ehunka erlikia hartu zituzten, Espainiara eramateko asmoarekin[13]. Filipe II.a Espainiakoa erlikien bildumagile izugarria izan zen, El Escorial monasterioan 7.500 arte metatuz[14]. Filipe II.arekin kontaktuan zeuden noble eta aberatsek, ohitura kopiatu eta euren parrokiatan edo etxeetako oratorioetan erlikiak izatea ere garrantzitsu ikusi zuten. Testuinguru horretan iritsi ziren Renaniatik Euskal Herrira Martiodako erlikiak.
Tebasko Legioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tebasko Legioa, hagiografia kristauak dioenez[15], ekialdeko erromatar armadako legio bat izan zen, 6.666 kidez osatua, Egiptoko Tebastik zetorrena; eta haren ofizialak (besteak beste, Maurizio Tebastarra) kristautasunera bihurtu ziren. Maximiano eta Diokleziano enperadoreek bagauda errebeldeen aurka borrokatzera deitu zuten legioa, baina ez zuten paganoak ziren beste soldaduekin leku berean egon nahi, eta beste kanpamendu bat sortu zuten Agaunen (egungo San Maurizio), Valaisen (Suitza). Enperadoreak eskatu zuen, zigor gisa, hamarretik bat hiltzea, baina Tebasko Legioak ez zuen izuz hartu, baizik eta pozik euren martirioagatik. Haserre, beste hamarren bat hiltzea eskatu zuen, eta berdin jarraitzen zuenez, legio osoa hil zuen[16]. Kondairaren arabera, kopuru bat ez zuten hil, eta beste hiri batzuetara joan ziren, gertatutakoa kontatzera eta Kristoren mezua zabaltzera. Horrela, beste hiri batzuek ere Tebasko Legioaren erlikiak zituztela esan ahal zuten askoz beranduago, horien artean Treveris. 1000. urterako bazegoen kontakizun berri bat, Passio sanctorum Gereonis, Victoris, Casii eta Florentii Thebaeorum martyrum izenekoa, non esaten zen Kolonian tenplu izugarria zegoela Tebasko Legioko 318 gorpu gurtzeko[17][18]. Kolonian aurkitutako erromatar garaiko hainbat hezur arazorik gabe esleitzen ziren Tebasko legioaren kopurura, eta horrek aukera handia eman zuen hezurrak Europa osotik hedatzeko beranduago.
Santa Urtsula eta 11.000 birjinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Santa Urtsularen kondaira ere Jacopo da Varazzek azaldu zuen, Tebasko Legioarena bezala. Kondaira horren arabera, Bretainian Noto edo Mauro izeneko errege bat izan zen, oso kristaua zena, eta Urtsula izeneko alaba eder bat zuena. Ingalaterrako erregeak nahi zuen berarekin ezkondu, baina Urtsulak esan zion onartzeko kristautasunera aldatu beharko zela, hamar dontzeila berari eman lagun gisa eta beste 11.000 dontzeila zerbitzurako[15]. Urtsulak uste zuen printzeak ez zuela onartuko, baina, kondairaren arabera, onartu zuen. Horrela, 11.000 birjinez osatutako segizio batekin Erromara joan ziren, hiriko agintarien haserrea sortuz. Euren aurkako jazarpena agindu zuten, eta Koloniatik pasatzerakoan hunoek setia zitzaten lortu zuten. Koloniara iristerakoan Urtsula, 11.000 birjinak eta euren jarraitzaileak martirizatu zituzten. Kondairen arabera 434-453 artean izan zen, Atilaren garaian; beranduago Maximino enperadoaren garaira (235-238) mugitu zuten gertakaria[19]. Denborarekin ere, hasierako 11 birjinen kontakizuna handitu zen, 11.000ra arte.
Koloniak, beraz, bi santu eta martiri talde handi zituen, Tebasko Legioa eta Urtsularen birjinak, eta bien hezurren bilaketa sistematikoa izan zen XIII. mendetik aurrera, ager ursulanus deitutako lekuan[20]. Europa osoan zehar kultua hedatu zen, erlikien esportazioarekin. Fama handiko kultua zen, Kolonek euren izena jarri baitzien Birjina uharteei.
Euskal Herrira iristea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekolalde eta Hurtado de Mendoza bikotea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martiodako erlikiak Euskal Herrira nola iritsi ziren jakiteko, Juan Nekolalderen eta Antonia Hurtado de Mendozaren arteko bikote boteretsuari begiratu behar zaio[21]. Juan Nekolalde Urretxuko Nekolalde familia aberatseko kidea zen. 1588an jaioa, Flandriako Armadako veedor (ikuskaria) izan zen, eta horren ondorioz Done Jakueren Ordenako kide izendatua[22]. Antonia Hurtado de Mendoza Juan Hurtado de Mendoza (1580-1640) eta María de Salvatierra (1594-1651) nobleen alaba zen. Aita Martioda, Urrialdo, Berganzo eta Otoko jauna zen, Arabako Ahaldun Nagusia eta Gasteizko alkatea[23]. Ama Gaunako Anderea izan zen. Antonia Hurtado de Mendoza Balmasedako Pedro Urrutiarekin ezkondu zen 1637an, baina lau egunera senarra hil zitzaion[24]. 1641ean amak berriro antolatu zion ezkontza, kasu honetan Juan Nekolalde Urretxuko diplomazialariarekin, bera baino nabarmen nagusiagoa zena[24].
Juan Nekolalde Urretxuko merkatarien familia bateko kidea zen. Bere aita-bitxia Kristobal Ipeñarrieta izan zen, Filipe III.a Espainiakoaren Ogasuneko Kontadorea eta haren emaztea, Antonia de Galdós bere ama-bitxia, eta hauen babespen sartu zen Madrilgo Gorteko inguru politikoan. Hogeita Hamar Urteko Gerran hainbat misio politiko eta diplomatiko izan zituen, eta Filipe IV.a Espainiakoako 1627an Estatu Kontseiluko idazkari izendatu zuen eta Flandesera joan behar izan zuen misio bat zela eta. 1631 eta 1637 artean Londresen izan zen, Espainiako Enbaxadan, idazkari lanetan Cristóbal de Benavente enbaxadorearekin. Handik, Urretxura itzuli zen, herriko alkate karguarekin. 1641ean, Antonia Hurtado de Mendozarekin ezkondu zen urtean, Flandriako Armadako veedor izendatu zuten, eta 1657an Errege Ogasuneko Kontseilari. Filipe IV.ak Ogasun Kontseilari izendatu zuen, bere bizitzako kargurik garrantzitsuena[25].
Erlikiak Urretxun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1641ean, biak ezkonduta, Flandriara joan ziren bizitzera. Bruselan sei urte izan ziren, eta bertan jaio ziren euren lehenengo bi umeak; hurrengo bostak 1647tik aurrera jaio ziren, jada Urretxun zirela[27]. Nobleziako kide ez zirenez, Juan Nekolaldek eta bere anaia Miguelek leinua osatzeko lan nabarmena egin zuten. Anaiak karguak izan zituen ere Gipuzkoan, eta Maria Zabaleta urretxuar aberatsarekin ezkonduta, hainbat etxe eraiki ahal izan zituzten. Lehenengo, Zumarragako Nekolalde oinetxea erosi zuten[28], eta ondoren hainbat etxe Urretxun, tartean plazan zegoen Etxezuria, Nekolalde jauregia izena hartuko zuena. 1655an Juanek egindako ondasunen inbentarioan lehen aldiz aipatzen ditu erlikiak: "santuen hamabi buru, tebastarren sei eta hamaika mila birjinen beste sei"[29]. Erlikia hauek berriro aipatu zituen bere testamentuan, 1660an ireki zena: "[bereziki harro nago] ditudan buru santuen eta oratorioko nire erlikiaz"[oh 1]. Emazteari eskatu zion, hil ostean, erlikiak Urretxuko elizari emateko[29], baina ez zen horrelakorik gertatu.
Miguel eta Juan Nekolalde anaiek bakoitzak etxe nagusi bat zeukaten Urretxun eta bestelako ondasun ugari, eta bakoitzak maiorazko bat sortu zuen ondasunak ez banatzeko. Horrela, María Zabaleta Galdosek, Miguel Nekolalderen alargunak, Nekolalde-Zabaleta maiorazkoa sortu zuen 1659an, eta Antonia Hurtado de Mendozak ere gauza bera egin zuen alargundu zenean, 1669an Nekolalde-Hurtado de Mendoza maiorazkoa sortu zuenean. Urte batzuen ostean, ordea, pertsona bakar batek jaso zituen oinordetzan bi maiorazkoak: Antonia Nekolalde Hurtado de Mendoza, Juan eta Antoniaren alaba, bere lehengusu Bernardo Hurtado de Mendozarekin ezkonduta zegoena, Mendoza eta Martiodako jauna[30]. Hortik aurrera, beraz, bi erlikia multzoak elkartu ziren. Hala ere, ez dakigu noiz iritsi ziren erlikiak Urretxutik Martiodara, ez baita dokumentazioan datu garbirik agertzen[31].
Iritsiera eta jatorria datatzeko saiakerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martiodako erlikien inguruan dagoen dokumentazio eskasaren aurrean, beste bide batzuk erabili dituzte ikerlariek jatorria eta iritsiera datatzen saiatzeko[32]. Dokumentaziorik ezean, antzeko piezak bilatu dira, horietako batzuk ondo dokumentatuta. Martiodako piezek dituzten lakrezko zigiluak ere aztertu dira, baina ezin izan dira parekatu beste batzuekin, ez dagoelako horrelako informaziorik sistematikoki bilduta[33]. Zigilu txiki hauek irudi eta hizkiak dituzte, eta agintari erlijiosoen zigiluak dira, erlikien benetakotasuna egiaztatzeko jarrita daudenak.
Pistetako bat Lantaronen parte den Bergondako erliki bikiak aztertzea da. Herri horretako San Joanen elizako alboko erretaulako erlikiek hainbat antzekotasun dituzte Martiodakoekin[34]. Kasu horretan Flandrian ere zerbitzatu zuen Sebastián Hurtado de Corcuerak ekarri zituen, Hurtado de Corcuera familiako kiderik ezagunena[35], Filipinetako Kapitain Jeneral izan zelako[36]. Ez ziren bakarrak izan: beste erlikia sorta bat Pedro Hurtado de Corcuerak ekarri zuen, aurrekoaren anaiak, Duisburg, Brüggen eta Hürtheko monasterioetatik, guztiak Koloniako elizbarrutian. Pedrok beste erlikia batzuk ere jaso zituen, haien artean, Gebhard Truchess von Waldburg Koloniako artzapezpiku gatazkatsuaren kapera pribatuko erlikiak daude[37]. Bergondan dauden erlikietatik beste batzuk Luis Velasco goi mailako militarraren bitartez etorri ziren, haren alarguna zen Ana de Boussuk Pedro Hurtado de Gabiria Mendoza[38], Erregearen kontseiluko kidea eta Kanarietako Inkisidore nagusia zenari bidali zizkion[37], eta honen eskutik Dunkerken itsasoratu ziren 1620an Pasaiako porturantz[39][40]. 1626an Gabiriak Bergondako Hurtado de Corcuera familiak zuen kapera pribatuari utzi zizkion erlikiak.
Baina ez zen izan familiako bakarra tebastarren eta Urtsularen jarraitzaileen erlikiak jasotzen: Iñigo Hurtado de Corcuera Mendoza, Hurtado de Gabiriaren iloba eta Pedroren anaia ere Wissel, Büderich eta Weselen izan zen hamabi urteko tregoan erlikia bilketa[37]. Pista hauetatik tiraka, Aintzane Erkiziak defendatu du litekeena dela Martiodako erlikiak ere Renaniako hainbat monastegietatik atera izana (Treveris, Kolonia eta bestelako toki askotatik, alegia), horrela kasu dokumentatu asko aurkitu direlako ikerketa prozesuan[41]. Izan ere, ohikoa izan zen Laurogei Urteko Gerraren testuinguruan Espainiar armadako hainbat militar eta nobleek Renaniako monastegietan erlikiak biltzea, protestanteen profanazioak ekiditeko aitzakiarekin, eta haien etxeetako oratorioetara ekartzea. Hipotesi hori indartzen duen beste faktore bat da Juan de Nekolalderen aitabitxiaren anaiak, Domingo Ipeñarrieta urretxuarrak, Flandriako Erregearen Auzitegiko kide zenean, erlikiak ekarri zituela Urretxura, eta harek bezala, inguruan zebiltzan noble guztiek ere bai.
Brodatu antzekoak dituzten beste elementu batzuk aztertuta, eta erlikia-lorategien estetika ikusita, Erkiziak proposatu du buruen multzoa XVII. mendeko bigarren laurdenekoa izango litzatekeela[42], Flandrian egina, erlikia-lorategiak agian pixka bat beranduago, baina XVII. mendearen lehen erdikoak, beti ere[43].
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burezurren multzoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martiodako erlikiak izenarekin ezagutzen dugun multzoa elementu ezberdinez osatua dago. Alde batetik, hamabi burezurrez osatutako multzoa dago, brodatu finez apainduak, lehen esan bezala Tebasko legioarekin eta Santa Urtsularen segizioko santuekin identifikatzen direnak. Haiekin batera beste hezur luze batzuk daude, apaindura berberekin. Burezur hauek balio sinbolikoa duten kolore biziko oihalekin apainduak daude[44]: gorriak martiriek isuritako odola ekartzen du gogora; berdeak, santu hauen gaztetasuna eta paradisua; eta zuriak, haien birjintasuna eta garbitasuna. Oihalak metalezko hariekin brodatuak daude, eta loreontziak, lore kiribilak, lis loreak eta bestelako landaredia marrazten dute. Horretaz gain, ezkata distiratsuak, beirazko pastaz osatutako loretxo gorriak, putz egindako beirazko bolatxoak, metalezko xafla txikiak eta parpaila finak dituzte, guztiak oso trebeki josiak. Gainera, barruan usain oneko landareak dituzte (astaizpilikua, erromeroa, frantziar arrosa eta txikori belarra[45]) , eta horrek ere sinbolismo argi bat dauka: santutasunari eta zeruari usain ona dario, literatura erlijioan behin eta berriz agertzen den moduan.
Beraz, erlikia hauek kolore sakoneko pieza distiratsu eta usaintsuak dira, funtzio sinboliko bat betetzeko sortuak: zeru argitsuan dauden santuen irudia fededunen begien aurrean erakustea. Horrelako erlikiak jauregietako oratorioetan edukitzeak etxean zeru puska bat izatea bezalakoa zen garai hartan.
Erlikia eszenografikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren multzo bat sei erlikia eszenografikoek osatzen dute, goiko beira-arasan daudenak. Hauek paradisua eta zerua irudikatzen duten “eszenatoki” txikiak dira. Horregatik, santuen hezurrak miniaturazko lorategietan daude kokatuak. Hango landare, zuhaitz eta loreak alanbretan lotutako kolore anitzetako hariz eginak daude, tartean metalezko hari distiratsuak sartuz. Flandriako moja eta beginek lantzen zituzten lorategi itxien (besloten hofje) artelangintzarekin lotu daitezke[44].
Beira-arasaren erdian erlikitegi-erretaula txiki bat dago. Diseinu dotorea duen mikroarkitektura bat da, arreta handiz polikromatua dago, eta erlikia txiki asko biltzen ditu, hauek ere dir-dir egiten duten koloretako hariekin osatuak. Ezaugarri estilistikoei erreparatuta, esan daiteke Euskal Herrian edo Espainian egina dagoela 1630-1640 inguruan, eta Nekolalde familiako kideren batek maiorazkoari gehitu ziola pentsatu dezakegu, akaso Luis Nekolaldek.
Bukatzeko, bi erakusleiho daude, eta jatorrizko egitura galdu duten arren, erlikiak mantentzen dituzte barruan, sapaitik zintzilika. Erakusleihoak erlikiak eta argizarizko iruditxoak erakusten dituzten kaxatxoak dira, eta aro berriko nobleen etxeetan egoten ziren luxuzko objektu artistikoak dira[46].
Barruko espazioan paperez eta argizariz egindako landare eta arroka batzuk dituzte, paisai bat irudikatuz, eta analisi zientifikoek erakutsi dute jatorrian metalezko limadura batzuei esker islada argitsuak zituztela.
Erlikia-ontziak egiteko erabilitako egurra haritz kanduduna da, eta beste material batzuk simulatzeko margotuta daude[47]. Bitxia bada ere, zortzi burezur gordetzen zituen kutxak zazpi leiho baino ez zituen[oh 2]. Brodatuetako batzuek letrak dituzte, MRA (Maria) edo IHS (Jesus), azken hau Jesusen Lagundian ohiko akronimoa.
Hezurren azterketa zientifikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burezurren adina eta sexua identifikatzea ez da beti zehatza, baina grosso modo erabilgarria da. Burezur gehienak gizonezkoenak helduenak dira (21 urte baino gehiago), baina CD3 signatura duena 30 bat urteko emakumezko batena da[48]. CD2 burezurra 50 urte baino gehiago dituen gizon batena da[49]. Erlikia eszenografiko batean burezur bat beharrean aldaka-hezur bat dago, sexua identifikatzeko erraztasuna dena: hau ere gizonezko heldu batena da. Hezur luzeak dituzten elementuetan ezin da jakin sexua zein den, baina bai pertsona helduak zirela[50]. VL6 pieza hiru pertsona ezberdinen hezurrekin (gutxienez) osatuta dago[49]. Bi laginen karbono-14 ikerketa egin zen (CD3 eta VL3) eta hezurrak III. mendekoak zirela aurkitu da[51].
Erlikiaren atalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira Martiodako erlikiaren atalak, Arabako Foru Aldundiak egindako katalogoaren arabera[52]:
Wikidata | Izena | Inbentario zenbakia | Irudia |
---|---|---|---|
Q125947300 | CD1 erlikia eszenografikoa | Arabako Arte Ederretako Museoa — CD1 | |
Q125947301 | CD2 erlikia eszenografikoa | Arabako Arte Ederretako Museoa — CD2 | |
Q125947302 | CD3 erlikia eszenografikoa | Arabako Arte Ederretako Museoa — CD3 | |
Q125947289 | CH1 izterrezur eta tibia | Arabako Arte Ederretako Museoa — CH1 | |
Q125947290 | CH2 tibia dekoratuak | Arabako Arte Ederretako Museoa — CH2 | |
Q125947297 | CI1 erlikia eszenografikoa | Arabako Arte Ederretako Museoa — CI1 | |
Q125947298 | CI2 erlikia eszenografikoa | Arabako Arte Ederretako Museoa — CI2 | |
Q125947299 | CI3 erlikia eszenografikoa | Arabako Arte Ederretako Museoa — CI3 | |
Q125947288 | CJD Erakusleihoa | Arabako Arte Ederretako Museoa — CJD | |
Q125947287 | CJI Erakusleihoa | Arabako Arte Ederretako Museoa — CJI | |
Q125947294 | EDC girlanda | Arabako Arte Ederretako Museoa — EDC | |
Q125947296 | EDD lore-sorta | Arabako Arte Ederretako Museoa — EDD | |
Q125947295 | EDI lore-sorta | Arabako Arte Ederretako Museoa — EDI | |
Q125947305 | Erretaula errelikarioa | ||
Q125947291 | Eszenografien beira-arasa eta errelikarioa | ||
Q125947272 | Tebasko Legioaren eta Hamaika Mila Birjinen beira-arasa eta errelikarioa | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL, VSI eta VSD | |
Q125947273 | VL1 Tebasko Legioko santu martiriaren burezur-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL1 | |
Q125947275 | VL2 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL3 | |
Q125947274 | VL3 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL2 | |
Q125947276 | VL4 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL4 | |
Q125947277 | VL5 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL5 | |
Q125947278 | VL6 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL6 | |
Q125947279 | VL7 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL7 | |
Q125947280 | VL8 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VL8 | |
Q125947285 | VSD1 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VSD1 | |
Q125947286 | VSD2 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VSD2 | |
Q125947283 | VSI1 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VSI1 | |
Q125947284 | VSI2 Martiriaren buru-erlikia | Arabako Arte Ederretako Museoa — VSI2 |
Erakusketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabako Foru Aldundiak Martiodako elizatik atera eta gero zaharberritze lan nabarmena egin zen, bost urteko lana[53]. Zaharberritze lanaren ostean Arabako Arte Ederren Museoan erakutsi zen lehen aldiz 2021ean[54].
Gaur egun Arabako Arte Ederren Museoan ikusgai daude, berariaz prestatutako kaperan.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Testuinguru historikoa» web.araba.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
- ↑ Kortabarria, Amaia Ramirez de Okariz. «Martiodako erlikiak ikusgai» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
- ↑ «Data jarri diete tebastarrei - Gasteiz» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
- ↑ López de Munain 2023, 34 orr. .
- ↑ López de Munain 2023, 35 orr. .
- ↑ Fandiño Fuentes, Rafael. (2019). Reliquias y relicarios medievales en la catedral de Santiago de Compostela. Origen y evolución. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ López de Munain 2023, 38 orr. .
- ↑ Freeman, Charles. (2011). Holy Bones, Holy Dust: How Relics Shaped the History of Medieval Europe. Yale University Press ISBN 978-0-300-12571-9. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ Tausiet, María. (2013). El dedo robado: reliquias imaginarias en la España moderna. Abada ISBN 978-84-15289-82-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ López de Munain 2023, 39 orr. .
- ↑ (Frantsesez) Boiron, Stéphane. (1989-01-01). La controverse née de la querelle des Reliques à l'époque du concile de Trente, 1500-1640. (Presses universitaires de France) réédition numérique FeniXX ISBN 978-2-7059-1327-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ López de Munain 2023, 43 orr. .
- ↑ López de Munain 2023, 43-44 orr. .
- ↑ «Colección de Auténticas · Real Biblioteca del Monasterio de San Lorenzo de El Escorial · Real Biblioteca Digital» rbme.patrimonionacional.es (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) de la Voragine, Santiago. (2008-09). La leyenda dorada. Alianza Editorial ISBN 978-84-206-5845-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ López de Munain 2023, 48 orr. .
- ↑ López de Munain 2023, 49 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Haverkamp, Eva. (2009-12). «Martyrs in rivalry: the 1096 Jewish martyrs and the Thebean legion» Jewish History 23 (4): 319–342. doi: . ISSN 0334-701X. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ López de Munain & 2023 50.
- ↑ (Ingelesez) Cartwright, Jane. (2016-06-15). The Cult of St Ursula and the 11,000 Virgins. University of Wales Press ISBN 978-1-78316-868-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 52-53 orr. .
- ↑ «Juan de Necolalde y Martínez de Barrenechea | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ Portilla Vitoria, Micaela. (1958). «La torre de los Hurtado de Mendoza en Mártioda (Álava)» Boletín de la Institución Sancho el Sabio IIII.
- ↑ a b Erkizia Martikorena 2023, 57 orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lacabe Amorena, María Dolores. (2013). Juan de Necolalde: un secretario de Felipe IV en la Guerra de los Treinta Años. Universidad de Deusto (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 60 orr. .
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 58 orr. .
- ↑ Lacabe Amorena, María Dolores. (2008). La casa de Necolalde en Zumarraga: Transformación de una casa solariega medieval y creación del Mayorazgo de Necolalde. Zumarragako Udala.
- ↑ a b Erkizia Martikorena 2023, 61 orr. .
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 63 orr. .
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 64-65 orr. .
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 66-71 orr. .
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 71-74 orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) «Las diez cabezas de las "11.000 vírgenes" de la iglesia del concejo de Berguenda» EITB 2021-12-20 (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ Villar-Aragón Berzosa, Víctor; Sanjuán Monforte, José Carlos. (2020). «Sebastián Hurtado de Corcuera. El inicio de una noble Baronía.» Anales de la Real Academia Matritense de Heráldica y Genealogía (23): 193–256. ISSN 1133-1240. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ «Hurtado de Corcuera, Sebastián - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ a b c Erkizia Martikorena 2023, 67 orr. .
- ↑ Canarias, Genealogías. (domingo, 16 de octubre de 2016). «GENEALOGIAS CANARIAS: AGÜIMES, 1606. TESTIFICACIONES ANTE EL SEÑOR INQUISIDOR» GENEALOGIAS CANARIAS (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 68 orr. .
- ↑ Alexandre Ramírez, Lázaro. (1975). Historia de la Noble Villa de Bergüenda. Bilbo.
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 69 orr. .
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 75-88 orr. .
- ↑ Erkizia Martikorena 2023, 89-94 orr. .
- ↑ a b Erkizia Martikorena 2023, 94-95 orr. .
- ↑ López Sebastián 2023, 126-130 orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Villuendas, Amaya Morera. (2009-01-01). «El escaparate : un mueble para una dinastía» Espacio Tiempo y Forma. Serie IV, Historia Moderna (22) doi: . ISSN 1131-768X. (Noiz kontsultatua: 2024-08-01).
- ↑ Rojo 2003.
- ↑ López Sebastián 2023, 132-133 orr. .
- ↑ a b López Sebastián 2023, 136 orr. .
- ↑ López Sebastián 2023, 133 orr. .
- ↑ López Sebastián 2023, 137 orr. .
- ↑ Arabako Foru Aldundia. (2023). «Colección» Las reliquias de Martioda (Arabako Foru Aldundia): 20-51 or. ISBN 978841263284..
- ↑ «Erlikiez harago doan altxorra - Araba» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ «Martiodako erlikiak ikusgai» Berria 2021-07-28 (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erkizia Martikorena, Aintzane. (2023). «Bordar la santidad. Estudio histórico-artístico de los relicarios de Martioda» (PDF) Las reliquias de Martioda (Arabako Foru Aldundia): 52-105 or. ISBN 978841263284..
- López de Munain, Gorka. (2023). «Los fragmentos sagrados del poder. Breve historia de las reliquias desde sus orígenes hasta la Contrarreforma» Las reliquias de Martioda (Arabako Foru Aldundia): 20-51 or. ISBN 978841263284..
- López Sebastián, Paloma. (2023). «Estudios y análisis realizados» Las reliquias de Martioda (Arabako Foru Aldundia): 106-137 or. ISBN 978841263284..
- Rojo Rojo, Soledad. (2023). «Madera» Las reliquias de Martioda (Arabako Foru Aldundia): 140-156 or. ISBN 978841263284..