Fernando I.a enperadorearen eta Ana Jagellon Hungariakoaren semea zen. Espainiako gortean hezi zen. Karlos V.aren aginduetara ibili zen hark frantsesen (1544) eta Esmalkaldako Ligaren (1547) aurka izan zituen gatazketan. Haren alaba Mariarekin ezkondu zen 1548an. Hala ere, Erreforma Protestantearen aldera agertu zuen zaletasunagatik ez zuten errege egin. Azkenean katoliko bihurtu behar izan zuen Bohemiako eta Hungariako errege izateko (1562). 1564an enperadore bihurtu zen. Protestanteen eta katolikoen artean bakea egiten saiatu zen, baina hartu zituen neurriak gehiago izan ziren protestanteen mesederako. Fernando I.a hiltzean turkiarrek baliogabeko deklaratu zuten 1562ko su-etena. 1566anSuleiman Bikainak Vienari erasoa jo zion. Hura hil zenean haren seme Selim II.ak hartu zuen aginpidea, eta 1568an zortzi urterako bakea sinatu zuen Maximilianorekin, baina guztiarekin ere ez zion hark bakerik eman.