Anton Abadia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Anton Abadia
Anton Abadia
Datu pertsonalak
Izen osoa Antoine Thompson d'Abbadie d'Arrast
Jaio 1810eko ekainaren 3a
Dublin (Irlanda)
Hil 1897ko martxoaren 19a
Paris (Frantzia)


Anton Abadia Urrustoi[1][2]Anton Abbadia izen-abizenez ere ezaguna; frantsesez, Antoine Thompson d'Abbadie d'Arrast— (Dublin, 1810eko urtarrilaren 3a - Paris, 1897ko martxoaren 19a) geografoa, astronomoa eta euskal kulturaren eragilea izan zen. Arnaud-Michel Abadia geografoaren anaia zaharra izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberotar nobleziako familia batekoa zen. Bere aitona Jean-Pierre, abade laiko eta notarioa izan zen Zuberoan. Aita, Ürrüstoin jaio zen. Ama, berriz, irlandarra zuen.

Gazterik atxiki zuten haren gogoa geografiak, astronomiak eta ekialdeko kulturek; jakintsu eta esploratzailearen bizimodu higitua izan zuen. Frantziako Zientzia Akademiaren esanetara, egonaldi luzeak egin zituen Brasilen, Egipton eta, batez ere, bere anaia zaharra zen Arnaud-Michel Abadiarekin batera Etiopian. Egipton ibili zen 1848 arte. Bidaiotatik jakintza zabala jaso zuen hizkuntzez, etnologiaz edo geografiaz, eta eskuizkribu nahiz objektu bilduma handia ekarri zuen. 1851n Norvegiarako espedizio batera batu zen eguzki eklipse bat aztertzeko, eta 1882an asmo berarekin joan zen Santo Domingora.

Virginie Vincent de Saint Bonnet

Virginie Vincent de Saint Bonnet andrearekin ezkondu zen 1859an.

Euskal Herriaren maitale sutsua izan zen, eta euskal hizkuntza, kultura eta izatea babesteko lan handia egin zuen.

Etiopiatik itzuli zenean, 1864an, 350 hektareako lur saila erosi zuen Hendaia eta Donibane Lohizune bitartean, Abadia izendatu zuena. Bertan bizi izateko Abadia jauregia eraikiarazi zuen. Politikan ere sartu zen, Hendaiako alkate izan baitzen 1871-1875 bitartean.

Zientzialari eta esploratzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasle gazte zelarik, Anton Abadiak jakingura handia erakutsi zuen hizkuntza zahar nahiz berriez; etxean hiru hizkuntza ikasiak zituen (euskara, frantsesa eta ingelesa). Bere bizitzan zehar 14 bat hizkuntza hitz egiteko moduan menperatu zituen.

Zientzia izan zen, alabaina, bere ikasbide nagusia: mineralogia, biologia, fisika eta, batez ere, astronomia ikasi zituen Parisko Sorbona unibertsitatean. Esploratzaile senak laster eramango du Afrika hobeki ezagutzeko bidaia prestatzera; Etiopiara jo nahi zuen, baina lehenago Brasilera joan behar izan zuen, 1835an, Zientzia Akademiak eskatuta, lurraren magnetismoa aztertzera.

1837an, Anton eta bere anaia Arnaud Etiopia aldera abiatzen dira. Bidean era guztietako zailtasun eta oztopoak aurkituko dituzte, lurraldea mendean zuten jauntxoek elkarren arteko borrokaldietan frantsesen edo ingelesen laguntza inguratzen baitzuten; Abadiak estatu etiopiarraren batasunean laguntza funtsezkoa eman zuen[3]. Urte luzetan, 1848 arte, Anton Abadiak jakintza handia bildu zuen Etiopiako hizkuntzez, etnologiaz eta, batik bat, geografiaz: kartografia egiteko metodo berri bat sortu zuen eta aurkikuntza ugari egin zituen.

Eskuizkribu kopuru handi bat bildu zuen, Etiopiako hizkuntza askoren alfabetoa eta hiztegia finkatzeko balio handikoak; hizkuntza horien guztien artean, amhariko hizkuntza ikertu zuen bereziki. Abadiak argitaratutako amhariko-frantses hiztegia geroagoko bidaiari anitzek erabiliko zuten.

Orobat, Abadiak ongi beteak ikusi zituen Etiopiara eraman zuten lau helburuak:

  • Nilo ibaiaren iturburua aurkitzea.
  • Afrikako populazio beltzaren jatorrien inguruko datu berriak aurkitzea.
  • Etiopiarrak Eliza Katolikora hurbiltzea.
  • Frantziaren eragina handitzea eskualde horretan.

Bere lan zientifikoen aitorpen ugari jaso zituen Abadiak, besteak beste Geografia Elkartearen urrezko domina eta Frantziako Ohorezko Legioko intsignia. Horrez gain, Frantziako Zientzia Akademiako kide izendatu zuten 1862an, eta lehendakari 1892an.

Etiopiari buruzko mapak, katalogoak eta gainerako materialak argitaratu ondoren, beste bidaia asko egin zituen munduan barrena, eguzki eklipseak aztertzeko: Jerusalem, Norvegia, Espainia, Aljeria... Ezkontzak ez zion eragotzi bidaiak egitea, bere emazte Virginie Vincent de Saint-Bonnetek beti laguntzen baitzion ateraldi luzeetan.

Azken espedizioa 1882an egin zuen Antilletara, Venus planetaren ibilbidea behatzeko.

Euskaltzalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Londresen Louis Lucien Bonaparte ezagutu zuelarik, Anton Abadia euskarari buruzko ikerketak eta lanak egiten hasi zen (1852).

Politikaz hego Euskal Herriko karlisten alde aritu zen. Euskal letrak bultzatzeko asmoarekin lore jokoak antolatu eta diruz lagundu zituen 1851tik hil zen urtera arte, 1897an. Lore joko horiek hamar urtez Urruñan (Lapurdi) antolatu ziren, gero 1864-1876 bitartean Saran (Lapurdi), eta handik aurrera urtero lekuz aldatu ziren. Jaietan, poesia lehiaketez gainera, herritar soilentzako kirol eta ikuskizunak izaten ziren.

Agosti Xahorekin batera euskal gramatika bat atera zuen. Beste lan asko ere argitaratu zituen euskararen gainean. Euskaraz idatziriko lan bakarra, berriz, Zuberoatikaco gutun bat (1864) izan zen.

Euskaldunez irudi mitikoa zuen Abadiak; hala idatzi zuen: «Nous autres, Basques, nous sommes un secret, nous ne ressemblons pas aux autres peuples, fiers de leurs origines et pleins de traditions nationales. Si nous avons un fondateur, un premier aïeul, c'est Adam.»

Abadiak sortu zuen, euskaldunen irudi mitikoari jarraiki, Zazpi Uskal herriak bat edo Zazpiak bat esamoldea.

Gaztelua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abadia gaztelua Hendaiako (Lapurdi) Santa Ana muturraren eta Ondarraitz hondartzaren ondoan dago 350 hektareako lur sail batez inguratuta. 1860 eta 1870 artean eraikia izan zen, Eugène Viollet-le-Duc eta haren jarraitzaile Edmond Duthoit arkitektoen zuzendaritzapean, estilo neo-gotikoan.

Hiru atal ditu:

Barneko dekorazioan Abadiak munduan barrena egindako ibilaldietatik ekarritako objektu asko gordetzen da.

Gazteluaren gela guztietako hormetan edo tximinia buruetan esaldiak idatzirik ageri dira 14 hizkuntzatan. Kaperan dira ehortziak Anton Abadia eta bere emazte Virginie Vincent de Saint Bonnet.

Baigorriko Etxauzko jauna ere izan zen eta harreman estua izan zuen herri horrekin; horregatik bertan ere "Eskualdun Phestak" antolatu zituen 1905ean[4]. Hil aurretik, Abadiak Frantziako Zientzia Akademiari utzi zion gaztelua, baita gainerako bere ondasun guztiak ere. Egun museoa da.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberoatikaco gutun bat. 1864

Euskarari buruzkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Etudes grammaticales sur la langue euskarienne. 1836
  • Le Dictionnaire de Chaho. 1854
  • Lettres sur l'orthographe basque. 1854
  • Travaux récents sur la langue basque. 1859
  • Sur la carte de la langue basque. 1868
  • Le basque et le berbère. 1873
  • Lettre sur la préservation de la langue basque. 1895

Historia eta esplorazio gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Instructions pour les voyages d'exploration. 1867
  • L'Abyssinie et le roi Théodoros. 1868
  • Monnaie d'Ethiopie. 1868
  • Credo d'un vieux voyageur. 1884

Zientzia gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abadia lehen Zientzietako Akademiako kide eta gero presidentea izan zen eta arlo horretan ere ekarpen inprotanteak egin zituen:

  • Catalogue raisonné de manuscrits èthiopiens. Paris, 1859
  • Résumé Géodésique des positions déterminées en Ethiopie. Paris, 1859
  • Géodésie d'Ethiopie ou Triangulation d'une patrie de la haute Ethiopie. 4 vol. Gauthier-Villars. Paris, 1860-1873
  • Notice sur les langues de Kamw. 1872
  • Observations relatives à la physique du globe, faites au Brésil et en Ethiopie. Gauthier-Villars. Paris, 1873
  • Recherches sur la verticale. 1881
  • Dictionnaire de la langue Amariñña. 1881
  • Reconnaissances magnetiques. Paris, 1890
  • Géographie de l'Ethiopie, ce que j'ai entendu, faisant suite à ce que j'ai vu. 1890

Kultura eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. «Egungo euskal grafia akademikoaren arabera Abadia izan behar luke. Izan ere, Abadia Ürrüstoi da haren oinetxearen izena, eta euskaraz horrela idazten da.»
    Pruden GARTZIA: «Euskal deituren sarrera nagusiez», Euskera, XLV, 2000, 1.
  3. Txomin Laxalt: Brèves de Pays basque, 2008.
  4. Mixel Oronoz: Oilandoiko ermita, 2001, Elkarlanean.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]