Aralar (alderdi politikoa)

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Aralar Euskal Herriko alderdi politiko abertzale, independentista eta ezkertiarra da. Euskal Herritarroken (EH) banantze baten ondorioz sortu zen.

Eduki-taula

[aldatu] Historia

90ko hamarkadan sortu zen Batasuneko korronte kritiko moduan, Patxi Zabaleta buru zelarik.

2000. urtean ETAren su etena amaitzean, Euskal Herritarrokeko sektore nagusiak Batasuna alderdian birsortzea erabaki zuen. Aralar korrontearen inguruan bildutakoek,berriz, ezker abertzale ofizialari borroka armatuaren inguruan hausnarketarik ez egitea leporatu eta alderdiaren barne antolakuntza kritikatu zuten. Batasunaren ildo nagusiekin ados ez egonik, Aralarrek alderdi politiko independente gisa antolatzea erabaki zuen.

Espainiako Kongresurako aurkeztu zen 2004ko martxoan eta Zutikekin koalizioan Euskal Autonomia Erkidegoan, baina eserleku bakar bat ere ez zuen lortu. Nafarroan Nafarroa Bai (NaBai) koalizioa bultzatu zuen, EA, Batzarre, EAJ eta independenteekin elkartuta. Nafarroa Baik Madrileko legebiltzarrean eserleku bat lortu eta Uxue Barkos independenteak hartu zuen.

Europako hauteskundeetara aurkeztu zen 2004. urtean, baina ez zuen eserlekurik lortu.

2004ko azaroan Donostian II. Kongresua egin zen, eta Patxi Zabaleta berretsi zen alderdiko koordinatzaile nagusia izateko. Alderdiaren gazteria eratu zen Iratzarri izenarekin. Militanteek alderdi independente moduan jarraitzea erabaki zuten eta ezkerreko hainbat jende, lehen Batasunan ez zegoena, alderdira erakarri zuten.

2005eko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Gipuzkoatik parlamentari bat lortu zuen.

2006ko azaroaren 18 eta 19an Bilboko Euskalduna jauregian III. Kongresua egin zuen "Ezkerraberri" lemapean, han lehenengo kongresuko ildo nagusiei eutsi eta exekutiba berritu zen. Patxi Zabaleta aukeratu zuten berriz alderdiko koordinatzaile nagusi bozen %93,03rekin.

2007tik aurrera Jon Abrilek hartu ditu alderdiaren koordinatzaile funtzioak, nahiz eta Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusi izaten jarraitu, azken honek Nafarroa Bai hautes koalizioko Nafarroako parlamentari bezala duen kargua egoki landu dezan.

[aldatu] Ideologia

Abertzalea eta ezkertiar moduan definitzen dira, eta bere egiten dituzte ezker abertzalearen aldarrikapen historikoak:

  • Demokrazia.
  • Sozialismoa.
  • Independentismoa. Euskal Herriaren independentzia nahi dute errepublika independente moduan, autodeterminazio eskubidearen eta herri gisa aitortuak izatearen bitartez.
  • Estatuaren biolentziaren aurka (polizia eta militarrak) eta ETArenaren aurka, bide politikoak defendatzen ditu eta desobedientzia zibilaren alde dago.
  • Ingurumena eta antiglobalizazioa.

[aldatu] Kritikak

Jatorrizko alderdiak eta haren inguru sozialak luze eta gogor kritikatu du. Militantziaren barrutik ere instituzioetan hartutako lan ildoagatik eta aukeratu dituen aliantzengatik kontrako iritziak izan ditu eta horren ondorioz hasierako jarraitzaile esanguratsu batzuk atzean gelditu dira (Txillardegi, besteak beste).

Hasieran, erradikalismoaren "makillajea" izatea egozten zitzaien EAJ eta EAren aldetik, baita PP eta PSE-EEren aldetik ere. Ezker abertzalean jatorria duen alderdia izaki, sektore maioritarioaren eta Aralarren arteko harremanak zailak izan dira, eta eraso batzuk izan ditu bere egoitzetan.

[aldatu] Emaitzak

2003ko hauteskunde foraletan 24.068 bozka lortu zituen Nafarroan, %8,02, eta lau eserleku Nafarroako Parlamentuan. Lurralde honetan bertan, %4,76a lortu zuen udal hauteskundeetan eta hiru alkate, Leitza, Alsasua eta Luzaidekoak alegia. EAEn bozken %1,51a lortu zuen, 30 zinegotzi, Gipuzkoako zinegotzi bat eta Zaldibiako udaletxea.

2004ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan, EAEn Zutik alderdiarekin batera aurkeztu eta bozkaren %3,09 lortu zuen. Nafarroan Nafarroa Bai koalizioaren barne aurkeztu zen, %18,04 eta Espainiar Kongresurako eserleku bat lortuz. Nafarroan hirugarren aldiz lortutako ordezkaritza abertzale hau Uxue Barkosek hartu zuen.

2005ean Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeetara aurkeztu eta %2,33a lortu zuen erkidegoan, Gipuzkoatik (%3,96) legebiltzarkide bat lortuz, Aintzane Ezenarro alegia. Alderdia bakarrik aurkeztutako azkenengo aldia izan da orain arte, 2007ko udal eta foral hauteskundeetan Ezker Batuarekin batera aurkeztu bait zen.

[aldatu] Aralar erakundeetan

2007ko maiatzaren udal hauteskunde, foru parlamentu eta batzar nagusietarako, Ezker Batua Berdeakekin koalizioan aurkeztu zen Euskal Autonomia Erkidegoko 112 udalerritan, Nafarroan, Nafarroa Bai hautes-koalizioaren barruan 42tan eta beste 26tan bakarrik edo plataformen bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Aralarrek, ilegalizazioak emandako karguak alde batera utzita, 56 zinegotzi propio eskuratu zituen, eta EB-Aralar koalizioak lortutako 12 batzarkideetatik 4. Gainera 4 herrik aralarreko alkatea daukate; Asparrenak, Aretxabaletak, Elgetak eta Zaldibiak

Nafarroan, Foru Parlamentuan Nafarroa Bairen zerrendak eskuratutako 12 eserlekuetatik, 5 ordezkari aralarkideei dagozkie eta Iruñeko 8 zinegotzietatik 3. Guztira Aralarrek nafarroan 4 alkate dauzka (Berriozar, Irurtzun, Zizur), eta 30 zinegotzi.

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak


Tresna pertsonalak