Bilboko itsasadarra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bilboko itsasadarra espaziotik ikusia

Bilboko itsasadarra Ibaizabalen urak eta Kantauri itsasoarenak batzen dituen itsasadarra da. Bilboko Abusu auzotik pasatuz eta Abrako golkorainoko tartea hartzen du ibai horretan, eta guztira 16 bat kilometroko luzera dauka. Itsasadarraren eskuinaldean, Erandio, Leioa eta Getxo udalerriak daude; ezkerraldean, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena. Itsasadarra Abrarekin elkartzen den tokian, ezkerraldean Muskizko haitzak daude, eta eskuinaldean Getxoko itsaslabarrak.

Hidrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboren eta Bilboko itsasadarraren ikuspegi orokorra.

Ibaizabalek Abusutik itsasoraino egiten duen ibilbidean, hainbat errekaren emaria jasotzen du. Erreka horietako batzuek, gainera, bokaletik gertu daudenez, itsasadar itxura dute era berean.

Erreka hauek dira:

  • Buiako erreka
  • Kadagua ibaia. Azpiadar hauek ditu:
    • Otxarango erreka
    • Artxola erreka
    • Gabekogorta erreka
  • Asua ibaia. Azpiadar hauek ditu:
    • Derioko erreka
    • Loiuko erreka
  • Galindo ibaia. Azpiadar hauek ditu:
    • Errekatxu erreka
    • Nozedal erreka
    • La Cuadra erreka
  • Gobela ibaia. Azpiadar hauek ditu:
    • Eguzkitza erreka
    • Udondo erreka

Uholdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko foru aldundiak, Bilboko itsasadarren ertzetako lurren uholde maila neurtu zuen. Honen arabera, itsasadarraren ertzetan uholde bat gertatzeko aukerak aztertu ziren, hauek gertatzen ziren gutxi gora beherako denbora tartea zehaztuz.

Azterketa honetan, uholdeak gertatzeko probabilitate gehien duten guneak, honakoak dira: Zazpikaleetako Bilboko auzoa, Uribitarte, Abandoibarrako tarte bat, Deustuko San Pedroren itsasadar ondoko gunea (Botika Zaharra), Zorrotzaurreren ekialdea, Kadagua ibaia Ibaizabal ibaiarekin batzen den gunea, eta Barakaldoko Burtzeña auzoa.

Itsasadarraren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Anton eta Alde Zaharra

Bilboko itsasadarraren historia, Bilbon bertan hasi zen hiria sortu eta berehala, Ibaizabal ibaiaren alboetan kaiak eraiki ziren, hiriaren merkataritza nahiak asetzeko. Hiria garatuz joan zen bitartean merkataritza ere garatu zen, Gaztelako koroako gaiak Bilbotik irtetzen ziren Europako hainbat puntuetara. Garai hartan Erriberako gunean baino ez zeuden kaiak.

Bilbok bezala, inguruko herri eta elizate batzuek ere merkataritza garatzeko nahi hori ere izan zuten, Abandoko Elizatea eta Portugaletek esaterako. XVIII. mendearen amaieran Abandoko Elizatea Bilbo aurkari izan ziren, eta Frantziaren inbasioaren aurretik Abando, "Pakearen Portua" izenekoa lortzeko zorian egon zen. Portu hau arerio latza izango litzateke Bilboren asmoetarako. Itsasadarraren kanpoaldean, Portugaleten eta Santurtzin, portu bana eraiki ziren.

Bilbok Abando anexionatu aurretik ere, Uribitarteko gune guztian zehar industria ezberdinak garatuak ziren, ontziolak esaterako. Dena dela, Bilbok Abandoko Elizatea anexionatzean azkartu egin zen portu jarduerak garatzeko prozesu hura. Industrializazioa azkarra gertatu zen XIX. mendearen erdi eta amaieratik aurrera. Itsasadar guztitik zehar fabrika eta industriak ezarri ziren, Barakaldo, Sestao eta Erandion, Bilbo udalerriaren mugez gaindi.

Espainiako Gerra Zibilaren aurretik, Deustuko Kanala eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zen, gerrak ordea proiektua eten egin zuen. Dena dela, 1950eko hamarkadatik aurrera kanal artifiziala eraiki zen, ordura arte Deustuko orturik emankorrenak izan zirenetan. Bitartean itsasadarraren kanpoaldean, kai berriak eraiki ziren, eta 1960ko hamarkadan Santurtzin kanpoaldeko portu berria, Punta Luceroko kai berriarekin batera.

Kutsadura eta 1983ko uholdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: 1983ko uholdeak

Jarduera industrial masibo hark, eragin latza izan zuen ingurugiroan. Ur zikin guztiak itsasadarrera botatzearekin batera, bertan bizi ziren arrain eta animalia guztiak hil egin ziren. 1950eko hamarkadan egoera okertuz joan zen eta itsasadarrak ondorengo hamarkadetan ageria izango zen kolore horia hartu zuen. Ur zikinez gain, mota askotako gai kimiko eta metal astunak ere jaurti ziren Ibaizabalera. Gai kutsagarri hauek ibaiaren hondoan eta itsasadarraren kanpoaldeko hondoan daude.

1970eko hamarkadaren amaieran argi zegoen neurriak hartzea beharrezkoa zela. Horrela, Bilbo Handiko Uren Partzuergoaren bitartez, inbertsio handiak egin ziren osasunbide sarea berriztu eta araztegiak eraikitzeko. Araztegirik garrantzitsuena, Galindon dago, Sestaoko udalerrian. 1983an uholdeek eragin latza izan zuten itsasadarreko bi aldeetan. Bilboko alde zaharrean kalte ekonomiko handiak izan zirelarik.

Itsasadarra gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uribitarteko gune berriztua

1990eko hamarkadatik aurrera kanpoaldeko portua handitzeko proiektua garatzen joan da. Portu berri horren eraikitzeak, itsasadar barruko gune asko berreskuratzea posible egin du, Abandoibarra, Uribitarte eta etorkizunean Zorrotzaurre. Baina horrez gain, Bilboz kanpoko udalerriek ere onura atera diote portuko jarduerak kanpora ateratze horri, Barakaldo esaterako.

Etorkizunari begira, hainbat gauza geratzen da egiteko. Oraindik, Sestao eta Erandioko abandonaturiko gune asko berreskuratu beharra dago. Horrez gain, Lamiakon Leioan, araztegi berri bat eraikiko da. Gaur egun itsasadarraren inguruan bizi ziren biztanleen ur zikinen %100 jasotzen da.

Museoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasadarretik ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalete eta Getxo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko Zubia

Bilboko itsasadarrak badu sarrera ikusgarri bat, Bizkaiko Zubia. Portugalete eta Getxoko udalerriak batzen dituen zubi esekiak itsasadarrean barrena abiatzen diren itsasontziak agurtu izan ditu XIX. mendearen amaieratik. Itsasadarraren egitura klasista argi eta garbi ikus daiteke puntu honetan. Alde batetik, Getxoko etxebizitza baxu eta burgesak, eta bestetik Portugaleteko nahaste urbanistikoa. Langileria eta Espainiatik zetozen etorkinak egokitzeko ez zen behar besteko denborarik izan, eta horrela garapenkeriako gehiegikeriekin batera, inolako plangintzarik gabe eraiki ziren langileriaren auzoak.

Langileri izaera hori dena den, ez da Portugalete osoan ageri. Bizkaiko Zubiaren ondoko gunean, itsasaldearen eskuinaldeko etxebizitza eta jauregi burgesak ageri dira. Eraikin garrantzitsuenen artean, Puente Colgante hotel berria, eta La Canillako antzinako trenbidearen geltoki berriztua daude. Horrez gain, Benediktako kaian, Rialia museoa dago, itsasadarra, industria eta Portugaleteko historiari buruzko topagunea.

Sestao[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugaleteko udalerria

Itsasadarrean barrena eginez, Sestaoko udalerria dago, bertan oraindik antzinako industria astunaren oinordeko diren ACB eta La Naval enpresek diraute, itsasadarraren ondoan. Industria hauen gainean, muino batean kokaturik, Sestaoko udalerria, urbanistikoki Portugaleteren antz handia dauka Sestaok. Bien bitartean, aurrez aurre, Lamiako dago, ustiatu gabeko padura gune hau, Leioako udalerrian dago.

Lamiakon etxebizitza berriak ageri dira gaur egun, eta Bilboko metroaren geltokia. Leioako etorkizun urbanistikoan garrantzia handiko gunea izango da hau. Horrez gain, Galindoko araztegiaren lana errazteko Bilbo Handiko Uren Partzuergoak araztegi berria eraikiko du bertan.

Erandio eta Barakaldo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erandio eta Barakaldo lotzen dituen barkua

Erandio, itsasadarreko klasismotik at dagoen udalerri bakarra da. Eskuinaldean kokaturik egon arren, bertako bizilagunak beti egon izan dira beste aldeko enpresetara lotuago. Pertsona horiek, barku txiki edo gasolinoek garraiatzen zituzten itsasadarraren alde batetik bestera. Garraiobide hau nahiko arrakastatsua izan zen XX. mende osoan zehar. Hala ere, industriaren gainbeherarekin batera, barku hauen gainbehera ere suposatu zuen, horrela, gaur egun zerbitzu hori eskaintzen duten bi barku baino ez daude, bata Portugaletetik Getxorako zerbitzua egiten duena, eta bestea Erandiotik Barakaldora.

Arrontegi Zubia, itsasadarreko bi aldeak errepidez batzen dituen azken puntua da, itsasoaren aurretik. 1970eko hamarkada hasieran eraiki zen azpiegitura hau, itsasadarretik 50 metrora altxatzen da. Barakaldon abandonaturiko gune industrialak dira nagusi itsasadarraren alboan, Lutxana, eta Burtzeñan. Gune hauek pixkanaka berriztuz doaz, etxebizitza berriak eta parkeak eraikitzen ari baitira. Lehen industria nagusi zen tokietan, gaur egun zerbitzuek dute garrantzia guztia.

Bilbo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zisneak Bilboko Itsasadarrean

Ondoren, itsasadarrari izena ematen dion Bilbon sartzen gara. Iparraldean, Zorrotzaurre eta Zorrotza daude. Orain dela gutxi arte Bilboko industria apurra biltzen zituzten hiriko bi auzoak. Dena den, Zorrotzaurren jadanik ez da inolako portu jarduerarik, eta Zaha Hadid arkitektuak auzoa berrizteko plan bat aurkeztu zuen 2004ean. Plangitza horren barnean, sei zubi berri eraikiko dira itsasadarreko bi aldeak batzeko.

Itsasadarrean barrena joanez, Deustura ailegatzen gara, eta ondoren Abandoibarrara. Abandoibarraren aurrean Campo Volantina dago, antzina burgesiaren jauregiez betea zegoen alderdi hau, Bilbotarren aisialdirako gune garrantzitsua izan da XIX. mendearen amaieratik. Itsasadarraren ondoko guneen berriztapenarekin batera, zubi berriak eraiki dira, Pedro Arrupe pasabidea eta Zubizuri. Horrez gain, eraikin moderno berriak eraiki dira, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskalduna Jauregia.

Guggenheim Bilbao Museoaren inguruak

Uribitarten, hiriaren zilueta aldatu duten eraikin berriak daude, Isozaki Ateko dorreak. Hiriko eraikinik altuenetakoak dira. Hiriaren gune historikora ailegatzen gara orduan, Bilboko udaletxea, eta Areatzako parkera. Areatzako parkea, hiriko parke bakarra izan zen XVIII. mendean eraiki zen arte. Hartara gune hura "Bilboko hondartza" izan zen. Hortik datorkio Areatza izena.

Zazpikaleen alboan hiria sortzetik egondako portu jarduerez ezer gutxi geratzen da gaur egun. Horren ordez, pasealekuak eta bilbotarren gozamenerako oinezkoen alderdi berriak nagusi dira. San Antongo zubia gaindituta, itsasadarraren azkenengo zatia topatuko dugu. Abusuko auzoa Bilboko hegoaldean dago kokatua. Marea bizienek ere ez dute inoiz lortzen, auzo bereko Pontoiaren zubia gainditzea. Bertan itsasadarra, ibai bihurtzen delarik.

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotako biziberritzeari esker, gero eta animalia gehiago topa ditzakegu inguru honetan.

Arrainei dagokienez, lupiak, mihi-arrainak, txitxarroak, muxarrak, barbarinak, aingirak, soldadutxoak, oilar eskuinak, korrokoiak eta hareatako zarboak bizi dira itsasadarrean.

Krustazeo artean, karramarroak, nekorak eta izkirak ditugu.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]