Hizkuntza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hizkuntzak munduan nola banatzen diren, familien arabera kolorea aldatuz.

Hizkuntza bat da giza komunitate baten berezko komunikazio sistema bat (hitzezkoa edo zeinu bidezkoa). Ez da berdina hizkuntza eta mintzaira, azken hori kontzeptu askoz orokorragoa baita, hizkuntzak eta beste adierazpen eta komunikazio bide batzuk barne hartzen dituena.[1]

Hizkuntza oro saiatzen da mundua irudikatzen hitzen bidez, esaldietan konbinatuz. Konbinazio arauak, hitz berrien eraketa eta esanahiarena dira hizkuntzalaritzaren aztergai. Hizkuntza naturalek anbiguotasunak izaten dituzte maiz, artifizialek edo hizkuntza formalek ez bezala, hiztun talde baten mundu ikuskera bat islatzen baitute

Guztira, sei bat mila hizkuntza daude, baina kalkulatzen da erdiak, gutxi gorabehera, desagertu egingo direla XXI. mendean, ama hizkuntzaren belaunaldien arteko transmisio ezagatik eta beste hizkuntza batzuen presio sozial, ekonomiko edo politikoagatik.[2] Hizkuntza guztiak ahozko hizkuntzak dira; batzuk, hizketaz gain, idatziak izan daitezke.

Hizkuntzaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako idazkun bat, tamileraz, Brihadeeswarako tenpluan (Thanjavur, Tamil Nadu, India).

Eboluzioaren teoriarekin gizakien eta beste espezie batzuen arbaso komunei buruzko eztabaida hasi baino lehen ere, ohikoa izan zen historian zehar hizkuntzaren erabilera zalantzan jartzen duen espekulazio filosofiko eta zientifikoa. Mendebaldeko filosofia modernoan, Thomas Hobbesen eta, geroago, Jean-Jacques Rousseauren espekulazioek agerian utzi zuten Frantses Akademiak gaia lantzeko zuen gaitasuna.

Hizkuntzaren jatorria interes handikoa da filosofoentzat, hizkuntza baita giza bizitzaren funtsezko ezaugarria. Antzinako greziar filosofian, gauzen izatasunaren ezaugarri bat balitz bezala aztertu zuten hizkuntza. Aristotelesek, adibidez, gizakiak beren berezko izaeratik abiatuta arrazoitzeko eta hitz egiteko gaitasuna zuten izaki gisa tratatzen zituen, hau da, «izaki politiko» izateko joera naturalari dagokiona, hiri estatuko biztanle gisa.[3]

Hobbesek, eta haren jarraitzaile John Lockek eta bestek, uste zuen hizkuntza gizakiek beren baitan duten «diskurtsoaren» luzapen bat dela; ideia klasiko batean oinarritzen zen: arrazoia giza naturaren ezaugarri nagusietako bat da. Beste batzuek kontrakoa argudiatu zuten: arrazoia komunikazio mota konplexuagoen beharretik abiatuta garatu zen. Rousseauk ere iritzi bera ukan zuen, Charles Robert Darwinen eboluzioaren teoria argitaratu baino lehen idatzi arren.[4]

Darwinek eboluzioaren teoriak zabaldu zituenetik, gaia maizago jorratu izan dute zientzialariek filosofoek baino. Neurologo batzuek argudiatu izan dute arrazoia eta hizkuntza batera eboluzionatu direla, modu paraleloan.[5] Beste batzuek, aldiz, geroko garapen bat bezala ikusten dute hizkuntza, kultura mimetikoari dagokion horretan oinarrituta, eta azpimarratzen dute eboluzio paralelo hori gizaki askoren elkarrekintzaren mende zegoela.[6]

Hizkuntzak, aldaerak eta dialektoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago hizkuntza bat (eta aldaera edo dialekto bat) zer den eta zer ez den erabakitzeko unibertsalki onartutako definiziorik. Horregatik da maiz gatazkatsua eta polemikoa hizkuntzen taxonomia. Taxonomia zalantzatsuen adibide izan daitezke hizkuntza desberdintzat hartzea daniera eta norvegiera, galiziera eta portugesa, edo katalana eta valentziera.[7]

Euskarari dagokionez, hizkuntzalarien artean onartuta dago euskalkiak hizkuntza bakar baten dialektoak direla.[8]

Munduan hitz egiten diren hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, 6.000 hizkuntza inguru daudela onartzen da hizkuntzalarien artean, nahiz eta gaur egun hitz egiten diren hizkuntzen kopurua zehaztea zaila den zenbait faktoreren ondorioz:[9]

  • Lehenik, ez dago irizpide unibertsalik erabakitzeko ea elkarren artean ulergarritasun maila jakin bat duten bi hizketa hizkuntza historiko bereko edo bi hizkuntza desberdineko dialektotzat hartu behar ote diren.
  • Bigarrenik, planetako zenbait eremu ez dira behar adina aztertu, bertan dauden giza taldeek beste giza talde ezagunagoen hizkuntza berak erabiltzen dituzten jakiteko. Hori bereziki Ginea Berrian gertatzen da; kontaktaturik gabeko berrogei tribu baino gehiago dauden Amazonasko eremu batzuetan; Tibeteko hego-ekialdean, Nepaleko mendebaldean eta Myanmarreko iparraldean; eta Andaman eta Nikobar uharteetako batean.
  • Hirugarrenik, noizean behin, ustez desagertutzat jotzen zen hizkuntzaren bat gogoratzen duten hiztunak agertzen dira, beren eguneroko bizitzan erabiltzeko gai direnak.

Hizkuntza familiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza gehienak familia linguistiko bati atxikitzen zaizkio. Zerrenda horretan sartzen dira akademikoen artean gehien onartzen diren taldeak.

Hizkuntza familia ez osatu arren, helburu praktikoetarako multzokatzen diren hizkuntzen taldeak:

Hizkuntzen tipologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalaritzari erreparatuz gero, eta ez hizkuntzaren jatorriari, hau da, begiratzen bazaio haren egiturari, munduko hizkuntzak sailka daitezke jatorri familien irizpideaz beste. Adibidez, munduko hizkuntzak bi multzo handitan bana daitezke perpaus bakunen elementuen ohiko ordenaren arabera: alde batetik, SVO (ingelesez: Subject Verb Object, subjektua aditza objektua); bestetik, OVS (objektua, aditza subjektua). Era berean, kontuan har daiteke lerrokatze morfosintaktikoa, aditzen osagarriak diren segundoak. Euskarari dagokionez. oro har, esan daiteke SOV hurrenkerako hizkuntza dela.[10]

Morfologiaren ikuspuntutik begiratuta, hitzak nola eratzen diren erreparatuz gero, beste bi multzotan banatzen ahal dira hizkuntzak; alde batetik, hizkuntza analitikoak (morfemak bata bestearen atzetik gehitzen dira, eta pisu handiagoa du sintaxiak) edo hizkuntza sintetikoak (horien artean, flexio hizkuntzak, euskara bezala).[11]

Fonetika hartzen bada kontuan, orduan hizkuntzak multzo ugaritan bana daitezke, besteak beste, hizkuntza tonalak edo txistu hizkuntzak.

Ahozkoa eta idatzizkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahozko hizketa dago, noski, hizkuntza guztien jatorrian, testu idatziak baino lehenago; izan ere, idazketa errealitate sozial baten irudikapen grafiko mota bat den heinean. Hiztun guztiek dute ahozko hizketaren gaitasuna, baina ez nahitaez idazketa menderatzeko gaitasuna. Beste era batera esanda, badira hitz egiten diren eta idazten ez diren hizkuntzak, baina idatzizko hizkuntza oro hitz egiten da.[12] Soziologikoki, analfabetismo handia dago munduko biztanlerian, eta idazketa ia erabiltzen ez dutenen proportzioa handia. UNESCOk 2024an zabaldutako datuen arabera, munduan 763 milioi heldu analfabeto daudela kalkulatzen da; horietatik bi heren inguru emakumeak dira.[13]

Ahozko hizketaren nagusitasuna begien bistakoa bada ere, bada «bizitzaren irudi grafozentriko» bat:[14] irakurtzen eta idazten jakitea goi mailako «kultura» gisa interpretatzen da; idazten jakitea, historikoki, hiztunen erudizioaren isla izan da.

Sakontzeko, irakurri: «Analfabetismo»

Era berean, nahiz eta idazketa ahozko hizketaren errepresentazio bat izan, sistema desberdinak dira. Douglas Biber hizkuntzalariaren hitzetan, «hizketa eta idazketa ia edozein komunikazio beharretarako erabil daitezkeen arren, berez, ez ditugu modu trukagarrian erabiltzen».[15]

Idazketara jo ohi da aldentze fisikoa edo denborazkoa dagoenean solaskideen artean, informazioa jasota edo gordeta geratu behar denean, jarraibide edo informazio konplexuak eman behar direnean, eta abar. Idazketari dagokionez, ideia zabaldu bat dago, zeinaren arabera egitate zehatzak ez baitira ondo gogoan hartzen ahoz bakarrik aurkezten badira, bereziki, egitate horiek epe luze baten ondoren gogoratu behar badira.[16] Beste batzuetan, izaera juridikoak edo ofizialak hala eskatzen du, idatzita jasotzea, alegia. Tresna teknologikoek erabateko eragin bat izan dute hiztunen arteko harremanetan, bereziki idazketaren hazkuntza eragin baitu.[17]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizketaren ezaugarriak

  • Osagai prosodikoak daude (intonazioa, azentua, pausa edo geldiuneak...).
  • Osagai paralinguistikoak daude (ahotsaren kalitatea, erritmoa, doinua, intentsitatea...).
  • Hizkuntzaz kanpoko elementuak daude (keinuak, jarrera, hurbiltasuna edo urruntasuna...).
  • Elementu fatikoak ageri dira, informaziorik eman gabe komunikazioa bera bideratzeko balio dutenak.
  • Hizketaren zehaztatzaileak erabiltzen dira (besteak beste, izenordainak, leku eta denbora adberbioak), batzuetan keinuen bidez ordezten ahal direnak.
  • Diskurtsoaren bat-batekotasunaren adierazleak daude, solaskidearen erreakzioaren araberako egokitzapenak, adibidez.

Idazketaren ezaugarriak

Hizkuntzaren biologia: burmuina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzaren prozesamenduarekin lotutako burmuinaren area batzuk: Brocaren area (urdina), Wernickeren area (berdea), supramarginal gyrus (horia), angeluar gyrus (laranja), Primary Auditory Cortex (arrosa).

Neurolinguistikak ikuspuntu biologiko eta psikikotik aztertzen du hizkuntzaren eta burmuinaren arteko erlazioa; hizkuntzaren filosofia, berriz, adimenaren eta hizkuntzaren arteko harremanaz arduratzen da, kontzeptu gisa edo pentsamendurako bitartekaritza gisa. Burmuinaren ezker hemisferioak hizkuntzaz arduratzen diren areak kontzentratzen ditu, nahiz eta zenbait funtzio lekuz aldatuak egon daitezkeen ezkertien kasuan.

Brocaren area ulermenaz arduratzen da, baina, batez ere, hizkuntza bakoitzaren arauen arabera esaldiak eratzen ditu; esan liteke, beraz, soinuak eta letrak hitz bihurtzeko eta gramatikaren arauak erabiltzeko gai den eremua dela. Era berean, hitzezkoa ez den komunikazioaren zentzua indartu edo ñabartu dezaketen keinuei zentzua emateaz arduratzen da.[18]

Beste eremu garrantzitsu bat Wernickeren area da, entzumen sistemarekin loturik dagoena, deskodetu ahal izateko hotsak, esaldien intonazioa eta diskurtsoaren esanahia ezartzen laguntzen duten ereduak. Ikasitako hitzak oroimenean finkatzeko ere parte hartzen du, hitz bakoitzaren adierazia eta adierazlea elkar loturik egon daitezen.[19]

Burmuin eleaniztuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza oroimenak hizkuntza bakoitzaren unitateak biltzen ditu, hau da, hizkuntza artikulatu edo zehazteko nahitaezko diren zeinuak. Eleaniztasun egoeretan, hizkuntzen sarrerak batu egin daitezke, kontzeptu berari zenbait forma egokitzeko, hizkuntza bakoitzean bat. Forma horien hurbiltasuna, eta ez sarrera lexiko desberdinen kodeketa adierazia bakarra denean, esperimentutan frogatu izan da, lapsus linguae edo hizketa akatsak landuta.[20]

Eleaniztasunak gaitasun orokorrari eragiten dio, izan ere, burmuina moldatzen du, hizkuntzarekin zerikusia duten eragin berrietara iragazkorrago bihurtuz: hizkuntza gehiago jakinda, beste batzuk azkarrago ikasten dira, ez soilik hizkuntzen arteko konparazioengatik, baita burmuinaren plastikotasun horrengatik ere.[21]

Hizkuntzaren psikologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspegi psikologikotik, funtzionamendu intelektuala egituratzeko eta garatzeko tresna potentziala da hizkuntza. Hizkuntzaren psikologiak kontzeptu linguistikoen irudikapen mentala aztertzen du, bai eta hizkuntza erabiltzeko beharrezkoak diren mekanismo kognitiboak ere, galdera sortetatik edo kontrolatutako hizkuntza estimuluetatik abiatuta.

Esate baterako, aztertzen ditu lexikoaren eta perpausak eratzeko arauen egitura mentala, hizkuntzaren ikaskuntza, hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanak, edo hizkuntzei buruzko ikusmolde sozial eta indibidualak.[22]

Hizkuntzaren filosofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zer ote da hizkuntza, pentsamenduaren mendeko gisa sortzen da ala, alderantziz, haren sortzaile da? Hizkuntzaren eta adimenaren arteko binomio hori da, hain zuzen, hizkuntzaren filosofiaren aztergai nagusietako bat. Horrez gain, zer lotura du hizkuntza eskuratze horrek gizakiaren gainerako funtzio kognitiboekin eta burmuinak duen zereginarekin?

Ahozko hizkuntzari buruzko galdera irekiak edo ebatzi gabeko arazoak daude, eta horiek dira hizkuntzaren filosofiaren ikerketa eta eztabaida eremu nagusiak. Galderen artean daude hizkuntzaren jatorriari buruzkoak, jakiteko ea hizkuntza bakar bat sortu ote zen eta hortik gainerako guztiak edo, aitzitik, poligenesi bat izan ote zen, hau da, hizkuntzak aldi berean hainbat lekutan agertu ote ziren, espeziearen ezaugarri ebolutibo gisa. Gai horri dagokionez, galdera sortzen da zein den lehen hizkuntza edo hizkuntzak eta nola sailkatzen diren hizkuntza jakin batzuk (hizkuntza bakartuak). Era berean, oraindik deszifratu gabeko antzinako idazketa sistema batzuk ere konpondu gabeko arazo gisa jarraitzen dute.[23][24]

Beste eztabaida gune bat da hizkuntzaren unibertsaltasuna, kode bakartzat hartuta, egitura edo kontzeptu generikorik ez dagoela, hau da, egitura eta kontzeptuak hizkuntza bakoitzaren arauen mende daudela uste dutenen aurka. Beraz, esparru honetan planteatzen diren galderak dira ea unibertsal gramatikalik (kategoriak edo kontzeptuak) eta lexikorik ote dagoen, hala nola hitzaren definizio bakarra ote dagoen edo hitz jakin batzuk hizkuntza guztietan ote dauden.[25]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) «Langage, langue, parole» La Boîte à Saussure (web.archive.org) 2016 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  2. (Ingelesez) «How many languages are endangered?» Ethnologue Languages of the World (web.archive.org) 2023-12-25 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  3. Table des matières de la Politique d'Aristote. Philippe Remacle (1944 - 2011); itzulpena: Jules Barthélemy-Saint-Hilaire: web.archive.org 2024-03-31 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  4. (Frantsesez) Rousseau, Jean-Jacques. (1754). Discours sur l'origine et les fondements de l'inégalité parmi les hommes.  doi:10.1522/cla.roj.dis3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  5. (Ingelesez) Deacon, Terrence William. (1998). The symbolic species: the co-evolution of language and the human brain. Ringwood: Penguin ISBN 978-0140264050. OCLC .40499347.
  6. (Ingelesez) Donald, Merlin. (1998). Origins of the modern mind: three stages in the evolution of culture and cognition. Cambridge: Harvard University Press ISBN 978-0674644847. OCLC .27952506.
  7. Baugh, John. (2011). Mesthrie, Rajend ed. «Power, social diversity, and language» The Cambridge Handbook of Sociolinguistics (Cambridge University Press): 17–27.  doi:10.1017/cbo9780511997068.005. ISBN 978-0-521-89707-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  8. (Gaztelaniaz) Mitxelena, Koldo. (1981). «Lengua común y dialectos vascos» ASJU (web.archive.org) XV. zk.: 291-313. or.. (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  9. (Ingelesez) «How many languages are there in the world?» Ethnologue Languages of the World (web.archive.org) 2023-06-15 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  10. Euskaltzaindia. (2021). «Euskara SOV hurrenkerako hizkuntza da» Euskararen Gramatika (Bilbo: Euskaltzaindia) ISBN 978-8412188998. OCLC .1343655834.
  11. Euskaltzaindia. (2021). «Euskara hizkuntza eranskaria da» Euskararen Gramatika (Bilbo: Euskaltzaindia) ISBN 978-8412188998. OCLC .1343655834.
  12. (Ingelesez) Gregory, Michael; Carroll, Susanne. (1978). Language and Situation: Language Varieties and their Social Contexts. London: Routledge, 74. or.  doi:10.4324/9780429436185. ISBN 978-0429436185. OCLC .1061556284 (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  13. (Frantsesez) UNESCO. (2024). Ce qu’il faut savoir sur l’alphabétisation. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  14. (Katalanez) Tusón, Amparo. (1995). Anàlisi de la conversa. Barcelona: Empúries ISBN 978-8475964553. OCLC .802530239.
  15. (Ingelesez) Biber, Douglas. (1988). Variation across Speech and Writing. Cambridge University Press, 8. or.  doi:10.1017/cbo9780511621024. ISBN 978-0521425568. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  16. (Ingelesez) Brown, Gillian; Yule, George. (1983). Discourse Analysis. Cambridge University Press, 13-14. or.  doi:10.1017/cbo9780511805226. ISBN 978-0521284752. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  17. (Ingelesez) Blake, T. J.. (2016). How has technology affected the relation between speech and writing?. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  18. (Ingelesez) Gentilucci, Maurizio; Bernardis, Paolo; Crisi, Girolamo; Volta, Riccardo Dalla. (2006-07-01). «Repetitive Transcranial Magnetic Stimulation of Broca's Area Affects Verbal Responses to Gesture Observation» Journal of Cognitive Neuroscience 18 (7): 1059–1074.  doi:10.1162/jocn.2006.18.7.1059. ISSN 0898-929X. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  19. (Ingelesez) Binder, Jeffrey R.. (2015-12-15). «The Wernicke area: Modern evidence and a reinterpretation» Neurology 85 (24): 2170–2175.  doi:10.1212/WNL.0000000000002219. ISSN 0028-3878. PMID 26567270. PMC PMC4691684. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  20. (Ingelesez) Dell, Gary S.; Reich, Peter A.. (1981-12). «Stages in sentence production: An analysis of speech error data» Journal of Verbal Learning and Verbal Behavior 20 (6): 611–629.  doi:10.1016/s0022-5371(81)90202-4. ISSN 0022-5371. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  21. (Ingelesez) Hayakawa, Sayuri; Marian, Viorica. (2019-12). «Consequences of multilingualism for neural architecture» Behavioral and Brain Functions 15 (1)  doi:10.1186/s12993-019-0157-z. ISSN 1744-9081. PMID 30909931. PMC PMC6432751. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  22. (Frantsesez) Moscato, Michel. (1983). «Où en est la psychologie du langage ?» Repères. Recherches en didactique du français langue maternelle 60 (1): 57-61..  doi:10.3406/reper.1983.1735. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  23. (Frantsesez) Marion, Mathieu. (2004). «Les enjeux : de l'analyse logique du langage aux « problèmes de la vie »» Ludwig Wittgenstein (Presses Universitaires de France): 8–20. ISBN 978-2-13-053334-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  24. (Frantsesez) Lecercle, Jean-Jacques. (2004). «Critique de la philosophie du langage» Une philosophie marxiste du langage (Presses Universitaires de France): 47–71. ISBN 978-2-13-054388-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  25. (Frantsesez) Auroux, Sylvain. (2013). Langage et universalité. Presses Universitaires de France, 31-52 or. ISBN 978-2130620266. (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • William F. Mackey (2006) Langage. L'Encyclopédie canadienne.