Edukira joan

Montserrat Roig

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gotzon (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 17:23, 2 abuztua 2023
Montserrat Roig

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMontserrat Roig i Fransitorra
JaiotzaBartzelona1946ko ekainaren 13a
Herrialdea Katalunia
HeriotzaBartzelona1991ko azaroaren 10a (45 urte)
Hobiratze lekuaMontjuïceko hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: bularreko minbizia
Familia
AitaTomàs Roig i Llop
AmaAlbina Fransitorra Aleñà
Ezkontidea(k)Joaquim Sempere (en) Itzuli
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaBartzelonako Unibertsitatea
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, idazlea eta Programa Zuzendaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaAteneu Barcelonès

IMDB: nm0737654 Find a Grave: 10864287 Edit the value on Wikidata

Montserrat Roig i Fransitorra (Bartzelona, 1946ko ekainaren 13a - Bartzelona, 1991ko azaroaren 10a) idazle katalan bat izan zen. Eleberriak, ipuinak, entseguak eta kazetaritza arloko lan asko idatzi zituen. Telebista saioen aurkezle eta zuzendari izan zen, non nabarmendu baitzen belaunaldi zaharreko idazleen elkarrizketagile gisa.

Biografia

Bartzelonan jaio zen, 1946ko ekainaren 13an, Eixample auzoko familia burges liberal batean; zazpi senidetan seigarrena zen bera. Aita, Tomàs Roig i Llop, abokatua eta idazlea izan zen; ama, Albina Fransitorra i Alenyà, hizkuntzalari eta idazlea. Lehen ikasketak auzoko kristau eskola batean egin ondoren, batxilergoa Sarrià-Sant Gervasi auzoko institutu batean egin zuen. Hamabost urte besterik ez zituela, 1961ean, Adrià Gual Antzerki Eskolan sartu zen eta han ezagutu zuen Maria Aurèlia Capmany; bizitza osorako adiskidetasun estu batek lotu zituen biak. Filosofia eta Letren lizentzia eskuratu zuen 1968an eta doktoretza 1970ean Bartzelonako Unibertsitatean. Hogei urte zituela, ikasle mugimenduaren lider izandako Albert Puigdomènech arkitektoarekin ezkondu zen, eta berarekin izan zuen Roger semea. Bi urteren buruan banandu ziren, eta 1972an maitasun harreman bat hasi zuen Joaquim Sempere i Carreras PSUC alderdiko Treball aldizkariko zuzendariarekin; berarekin izan zuen bere bigarren seme Jordi.

Engaiamendu politiko eta soziala

Gaztetandik parte hartu zuen ikasleen protesta ekintzetan, Bartzelonan ikasle mugimenduak indar handia izan baitzuen frankismoaren azken urteetako borrokan. Unibertsitate ikasketak egin zituen garaian Força Socialista Federal talde politikoko kide izan zen, baina alderdia desegin zenean, PSUCen sartu zen, karrera amaitu orduko. Francoren diktaduraren aurkako garrantzizko bi ekintzatan, besteak beste, parte hartu zuen. Lehena, Caputxinada izenaz ezagutu zen –Sarrià auzoko Kaputxinoen komentuan gertatu baitzen– Bartzelonako Unibertsitateko Ikasleen Sindikatu Demokratikoa (SDEUB) eratzeko biltzarra, 1966ko martxoan; poliziak inguratuta izan zuen komentua hiru egunez[1]. Bigarrena, 250 bat intelektual katalanek Montserrateko monasterioan egindako itxialdia, 1970eko abenduan, ETAko 16 militanteren aurka egiten ari zen Burgosko prozesuaren kontrako protesta gisa[2]. Itxialdiak arrakasta eta oihartzun zabala izan zuen, bai Katalunian bai kanpoan, eta haren ondorioz sortuko zen Intelektual Katalanen Biltzar Iraunkorra (Assemblea Permanent d'Intel·lectuals Catalans), zeinetan partaidetza aktiboa izan baitzuen Montserrak Roigek berak. Urte berean, 1970ean, senarrarengandik banandu zen, literaturgintzan sartu zen buru-belarri eta PSUC alderdia utzi zuen. Alabaina, ostera afiliatu zen alderdian terrorismoaren aurkako legeria[3] onartu zenean, 1975ean, intelektualen bilkura eta hitzaldi ugaritan parte hartu zuen, eta PSUCeko hautagai izan zen Espainiako Gorteetarako 1977ko hauteskundeetan, Bartzelonak hautesbarrutian.

1976an, Bartzelonako Ateneoko zuzendaritza batzordean sartzea lortu zuen; garai hartan, erakunde itxi bat zen, frankistek kontrolatua[4], hauteskunderik eta demokraziarik onartzen ez zuena. Roigek eta bere adiskide Josep Maria Prim Serentillek eta Joan Alegret Llorensek lortu zuten egoera aldatzea eta batzordeko kide izatea.

Ibilbide literarioa

Gaztelaniako irakurle izan zen ikasturte batez, 1972-1973an, Bristoleko Unibertsitatean. Ordurako, 1971n, lehen aitorpena jasoa zuen, Victor Català saria[5], Molta roba i poc sabó... i tan neta que la volen narrazio bildumarekin. Ordutik aurrera, literatura hartu nahi izan zuen lanbide eta ogibidetzat; eleberri sail bati ekiten dio, besteak beste Ramona, adéu (1972), edo El temps de les cireres[6][7][8][9] (1977) lanak sortu zituena, emakumeen hiru belaunaldi dituena protagonista. Bereziki bigarren obra horrek harrera ezin hobea izan zuen irakurleen nahiz kritikarien artean; hain zuzen, Sant Jordi saria[10] jaso zuen 1976an. Frankismoa atzean utzi eta Katalunian gizarte berri bat eraikitzeko desioaz eta itxaropenaz mintzo da Roig.[11]

Nabarmentzekoa da kazetari gisa egin zuen lana, alderdi eta hedabide askotarikoak landu baitzituen. Gogor lan egin zuen kazetaritza landu eta jantzi bat sortzeko, azalkerietatik ihes. Esparru horretara ekarri zituen, baita ere, borroka feministaren aldeko deiadarra, batez ere El Feminisme (1984) lanarekin, eta oroimen historikoa berreskuratzeko grina, Digues que m'estimes encara que sigui mentida (1991) lanarekin. Hedabidetan argitaratutako elkarrizketa sail luzeak argitaratu zituen zenbait aldizkaritan, (Serra d'Or, Oriflama, Jano eta Destino), irakurleen artean arrakasta handikoak, gerora bilduma batean elkartu zituenak, Retrats paral·lels (1975-1976) izenburuaz.

Oihartzun handiko lan bat argitaratu zuen 1977an, Els catalans als camps nazis izenburuaz, katalanen bizi izandako lekukotza lazgarrien ikerketa bilduma; 1978an gaztelaniazko bertsio bat argitaratu zen, Noche y niebla. Los catalanes en los campos nazis izenburuaz. Liburua idazteko ideia eta proposamena Josep Benet historialari eta abokatuak eman zion 1973an Josep Benet, Parisen argitaratzeko asmoz Edicions Catalanes[12] argitaletxean. Haren laguntza ekonomikoa izan zuen, bildu beharreko lekukotzak jasotzeko Europako leku askotan barrena ibili behar izan baitzuen lau urtez.

Espainiako Telebistaren bigarren katearen katalanezko adarrean hasi zen lanean 1977an, Personatges izeneko elkarrizketa saio baten. Ikusleen artean arrakasta ikaragarria izan zuen saioak, Mundo sari bat ere jaso zuen 1978an, eta egindako elkarrizketak bi liburukitan argitaratu zituen. baina TVErekiko beran behera gelditu zen, etengabe jarri zizkioten eragozpen, debeku eta zentsuren ondorioz.

1980an Moskuko Aurrerabide argitaletxeak proposatu zion lekukotza liburu bat idaztea, Bigarren Mundu Gerran Leningradeko hiriak jasan zuen setioaz. Roigek berehala onartu zuen lana; bi urteko ikerketa lanaren ondorio izan zen Mi viaje al bloqueo lana, gaztelaniaz argitaratua 1982an. Hiru urte geroago,1985ean, Roigek katalanez kaleratu zuen L'agulla daurada, setioaren narrazio pertsonal bat, hurrengo urtean, 1986an, Kataluniako Literatura Sari Nazionala irabazi zuena.

Bere pentsamendu eta jokabide feministaren funtsa L'hora violeta (1980) eleberrian bildu zuen. Handik aurrera, bere liburuek beste norabide bat hartzen dute: L'òpera quotidiana (1982), La veu melodiosa (1987) eta El cant de la joventut (1989) ipuin bilduma. Argitaratutako azken lana, Digues que m'estimes encara que sigui mentida (1991), bere testamentu literariotzat jotzen da[13]. Montserrat Roig Katalanezko Idazleen Elkarteko kide izan zen, eta zuzendaritzako kide 1989-1990 bitarte. Bartzelonan hil zen, 1991ko azaroaren 10ean, bularreko minbiziaz.

Argitaratutako lanak

Entsegua eta kazetaritza

  • Retrats paral·lels [elkarrizketa bilduma] (Erretratu paraleloak), 1975-1978, 3 liburuki
  • Rafael Vidiella, l'aventura de la revolució (Rafael Vidiellla, iraultzaren abentura), 1976
  • Els catalans als camps nazis (Katalanak nazien esparruetan), 1977, Serra d'Or kritika saria
  • L'agulla daurada (Urrezko orratza), 1985, Kataluniako Literatura Sari Nazionala 1986an
  • Barcelona a vol d’ocell (Bartzelona txori-bistaz), 1987
  • Pau Vila: he viscut! Biografia oral (Paul Vila: bizi izan naiz!), 1989
  • Xavier Carbonell, 1990.
  • Retrats i personatges (Potretak eta pertsonaiak), 1991
  • L’autèntica història de Catalunya (Kataluniako benetako historia), 1991
  • ¿Tiempo de mujer? (Emakumeen aroa?), 1980
  • Mujeres en busca de un nuevo humanismo (Emakumeak humanismo berri baten bila), 1981
  • Mujeres hacia un nuevo humanismo (Emakumeak humanismo berri baterantz), 1982
  • El feminismo (Feminismoa), 1984.
  • Digues que m'estimes encara que sigui mentida. Sobre el plaer solitari d'escriure i el vici compartit de llegir (Esadazu maite nauzula gezurra izan arren. Idazteko gozamen bakartiaz eta irakurtzeko bizio partekatuaz), 1991
  • Un pensament de sal, un pessic de pebre. Dietari obert 1990-1991 [hil osteko artikuluen bilduma, jatorriz Avui egunkarian] (Gatz izpi bat, piper zimiko bat. Eguneroko irekia 1990-1991), 1992
  • Montserrat Roig, la lluita contra l'oblit. Escrits sobre la deportació, [idatzien bilduma, hil osteko edizioa] (Montserrat Roig, ahanzturaren aurkako borroka), 2001

Eleberria

  • Ramona, adéu (Agur, Ramona),1972
  • El temps de les cireres (Gerezi denbora), 1977, Sant Jordi saria
  • L'hora violeta (Ordu morea), 1980
  • L'Òpera quotidiana (Eguneroko opera), 1982
  • La veu melodiosa (Ahots eztia), 1987

Narrazioa

  • Molta roba i poc sabó... i tan neta que la volen (Arropa asko eta xaboi gutxi... baina garbia nahi dute), 1970, Víctor Català saria
  • El cant de la joventut (Gazteriaren kantua), 1989

Antzerkia

  • Reivindicació de la senyora Clito Mestres (Clito Mestres anderea gogoan), 1990

Funts pertsonala

Montserrat Roigen funtsa Kataluniako Artxibo Nazionalean gordetzen da[14]. Funtsak agiri pertsonal eta familiarrak biltzen ditu, beraren literatura nahiz kazetaritza langintzari lotutako era guztietako agiriak, bereziki eleberriei dagokienez (lanen zirriborroak, eskuizkribuak eta lanerako oharrak) eta posta harremanei buruz. Kazetaritzaren arloan, erredaktore gisa egindako lanak (hedabideetarako nahiz argitaletxeetarako idatzitako kolaborazioak) biltzen ditu, orobat kulturaren eta politikaren munduko pertsonai askorekin telebistan nahiz irratian egindako elkarrizketen gaineko agiriak (dosierretan sailkatuta). Baita ere, beraren gutun pertsonalen bilduma labur bat eta jarduera politiko nahiz sozialaren gaineko agiriak jasorik daude funts honetan.

Oroimena eta aitorpenak

Bartzelonako Udalak kazetaritzaren eta komunikazio sozialaren arloan ematen dituen sariek, 25. edizioa iritsi zirenean 2017an, Montserrat Roig izena hartu zuten.

Idazlea hil osteko urteetan, Kataluniako hiri eta herri askotan izendatu dituzte kaleak, plazak edo leku publikoak beraren izenaz: Lleida, L'Hospitalet de Llobregat, La Garriga, Porqueres, Salt, Artés, Granollers, Castelldefels, Reus, Gavà, Argentona, Torrelles de Llobregat, Cornellà, Sant Fost, Sant Quirze, Sant Celoni, Santa Coloma de Gramenet, Sabadell, Blanes, Rubí, Mataró, Sant Joan Despí, Sant Boi edo Bartzelona; Espainiako San Fernando de Henares herrian ere bai. Beste batzuetan, udal liburutegiari (Sant Feliu de Llobregat) edo ikastetxe bati (Institut Montserrat Roig, Terrassa, Sant Andreu de la Barca edo Bartzelonako Gràcia auzoan).

Erreferentziak

  1. (Katalanez) «La Caputxinada» Arxiu Nacional de Catalunya (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  2. (Katalanez) Serra Puig, Eva. «La gran tancada de Montserrat (desembre del 1970) i els ostatges del 2018» ElNacional.cat (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  3. (Gaztelaniaz) Bandres, José Manuel. (1985-04-21). «La ley antiterrorista, un estado de excepción encubierto» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  4. «Ateneu Barcelonès | enciclopèdia.cat» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  5. «Pòrtic Víctor Català Caterina Albert | Associació d'Escriptors en Llengua Catalana» www.escriptors.cat (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  6. Liburuaren izenburua, eleberriaren hirugarren atalean argitzen den bezala, Le Temps des cerises frantses kanta batetik hartua da. Jean Baptiste Clémentek 1866an idatzitako abesti bat da; musika Antoine Renardek konposatu zuen 1868an. Abestiaren euskarazko bertsio bat egin zuen Pier Paul Berzaizek 2015ean.
  7. Euskal literaturan izenburu bera erabili zuen Inazio Mujika Iraola idazleak, Gerezi denbora 1999ko eleberrian.
  8. Parisko Komuna garaiko gertakariei aipamena eginez, Gerezien denbora izenburuarekin pastoral bat estrainatu zen 2014an, Itxaro Bordaren testuaz eta Beñat Axiariren zuzendaritzaz.
  9. Mikel Santos 'Belatz' ilustratzaile eta komikilariak Gerezi garaia (Lucio Urtubiaren bizitzari buruzko eleberi grafiko bat) izenburuaz komiki liburu bat argitaratu zuen 2018an, Txalaparta argitaletxean, Lucio Urtubia militante anarkistaren bizitzaz.
  10. (Katalanez) «Palmarès (Premi Sant Jordi)» Òmnium Cultural (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  11. Sarasola, Beñat. «30 urteko bidaia» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  12. «Edicions Catalanes de París | enciclopèdia.cat» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  13. «Digues que m'estimes encara que sigui mentida. Sobre el plaer solitari d'escriure i el vici compartit de llegir» www.ub.edu (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  14. «Montserrat Roig» Arxiu Nacional de Catalunya (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).

Kanpo estekak