Absenta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Absenta
flavored liquor (en) Itzuli eta edari anisatu
Absinthe-glass.jpg
Osagaiak Asentsioa
Historia
Jatorria Suitza

Absenta (frantsesez: absinthe; latinez: absinthĭum; grezieraz: ἀψίνθιονapsinthion), fée verte (euskaraz: «maitagarri orlegia») ere deitua, edari destilatua da, alkohol eduki handikoa, 65º eta 89,9° bitartekoa, anis zapore arina duena. Asentsio-belarra eta beste zenbait belar sendagarri alkoholean beratuz egiten da. Nahiz eta sarritan likoretzat hartua izan, ez du azukre gehigarririk.[1] Ur hotza gehitu ezkero, louche delako likido esnekara bilakatzen da.

Suitzan sortu arren, Frantzia hartu zuen ospea, XIX. mende amaierako Parisko artista eta idazleen edaria izan baitzen, 1915ean debekatu zuten arte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendean Pierre Ordinaire frantziar medikua Suitzako monasterio batera iritsi zen eta bertan sendatzeko hainbat edabe egin zituen. Horien artean, asentsio-belarrean oinarritutako elixir de absinthe. Diotenez, Ordinaire hil zenean, neskameari utzi zion errezeta. Honek Henriod ahizpei utzi zien gero formula, eta bi ahizpek, azkenik, Dubied izeneko gizon bati saldu omen zioten 1797an. Dubiedek, bere suhi Henri-Louis Pernodekin batera, lehen absenta fabrika sortu zuen: Pernod Fils likore-destilategia jaio zen.[2]

Pernodek merkaturatu eta urte gutxira absenta bohemiaren sinbolo bihurtu zen. XIX. mende amaierako Parisko abangoardia artistikoaren edari kuttuna zen; Degasek bere koadroetan pintatu zuen eta Toulouse-Lautrecek cognacarekin nahastu zuen Lurrikara asmatzeko. "Fée verte" esaten zioten, maitagarri berdea, maitagarriek bezala sendatu eta, gainera, inspirazioa erakartzen zuelako. Eta soldaduei adorea ematen zien, infekzioak sendatzeaz gain; horregatik zabaldu zen hain azkar absentaren kontsumoa Frantziako armadan. Aljeriako gerran (1844-1847) eta Prusiaren aurkakoan (1870-1871) soldaduei absenta edatea gomendatzen zieten, eta gatazka amaituta, etxera itzuli eta likore berdea edaten jarraitu zuten.[2]

Absentaren kontrako afixa, 1910

Lehen Mundu Gerran, ordea, absenta debekatu egin zuten, soldaduak koldartzen omen zituen eta hari egotzi zizkioten Frantziako armadaren hainbat porrot. Absenta aberriaren aurkakoa zen. Lehen zaurituak sendatzen zituen edabe horrek, soldaduak pozoitzen zituen orain.[2] Azkenik, 1915ean haren ekoizpena debekatu zen.

Egia da asentsio-belarrak, dosi handietan hartuta, haluzinazioak sortzen dituela eta garunean kalteak eragin ditzakeela. Eta egia da, halaber, fin de siècleko artista asko osasun egoera tamalgarrian hil zirela. Baina kontuan hartu behar da beste edari bizi eta substantzia –haxixa, laudanoa, opioa...– batzuk ere kontsumitzen zituztela, eta sifilia eta beste gaixotasun batzuk ohikoak zirela euren artean. Absenta ez zuten debekatu osasunarentzako mehatxua zelako, batzuen negozioa arriskuan jartzen zuelako baizik. 1910ean Frantzian 36 milioi litro absenta edan zituzten. Ardogileek, konpetentziaren beldur, maitagarri berdea deabru bihurtu zuten.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Traité de la Fabrication de Liqueurs et de la Distillation des Alcools, Duplais (1882 3. Arg., 249.orr)
  2. a b c d Irazustabarrena Uranga, Nagore. Non dago maitagarri berdea?. Argia aldizkaria, 2007ko apirilak 8, CC BY-SA 3.0, aldizkaria.elhuyar.eus Noiz kontsultatua: 2021-2-4.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]