Errioxako ardoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Errioxako Ardoa» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Errioxako ardo marka baten botila.

Errioxako ardoa sor-marka duen ardo bat da, Errioxako Autonomia Erkidegoko, Nafarroa Garaiko eta Arabako hainbat upeltegitan egiten dena. Iberiar penintsulako hoberenetarikoen artean dugu, eta mundu osoan ere aspaldi honetan ospetsu bilakatu da.

Errioxako eskualde osoak 57.000 hektarea mahasti ditu, eta urtero 250 milioi bat litro ardo ekoizten ditu, % 85 beltza.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mahastiak zaintzeko gordelekua, Guardian
Santurniako dolarearen aztarnak, Bastida.

Antzinako Erroma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errioxara heldu zen eta mahastiak hazten zituzten lehen herria feniziarrak izan ziren, Ebro ibaian gora joanda Alfaro inguruan kokaleku batzuen aztarnak utzi baitzituzten. Erromatarrek Errioxa K.a. II. mende hasieran konkistatu zuten. Erromatarrek mahastiak gaur egungo Logroño eta Calahorra herrien inguruan jarri zituzten eta erromatar legioentzako ardoa egiten hasi. Indusketa arkeologikoek garai horretako zisterna bat aurkitu zuten, 75.000 litroko edukierarekin eta ardoa gordetzeko erabiltzen zena.[1] Roger Dion historialariaren arabera, erromatarrak Bordelen kokatu zirenean, Errioxako mahastietako mahatsondo-enborrak eraman zituzten eurekin eta beraz hori izan daiteke Cabernet familiako hainbat aldaeren jatorria.[2]

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errioxako ardoaren lehen erreferentzia idatzia 873. urtekoa da, Donemiliaga Kukulan jasotakoa. Geroago, Nafarroa eta Aragoiko erregeak Errioxako ardoaren lehen lege aitortzea egin zuen 1102an. Halaber, XIII. mendean Gonzalo de Berceok ere ardoa aipatzen du bere idatzietan. Goi Erdi Aroan (X-XIII. mendeen tartean), mahastiek garai horretan ohikoa zen zatia zuten Errioxako paisaiean.[3] XIII. mende aldera, Errioxatik ardoa esportatzen zenaren frogak daude eta beraz, produkzio komertzial baten hasiera modura kontsideratu daiteke hau.[4] XV. mendetik aurrera Errioxa Garaia ardogintzan espezializatu zen[5]. Donejakue Bideak ere milaka erromesek Errioxa eta bertako ardoak ezagutzea ekarri zuen. Errekonkista eta gero, Errioxako ardogileak kanpoko merkatuetara hasi ziren begira, euren ardoa saltzeko. Santander eta Bilboko portuetan zehar, Errioxako ardoa Herbehereetara eta Ingalaterrara esportatzen hasi ziren[6] Esportazioak eta lurraldeko ardogintzaren sona haziaz batera, agintariak ardoaren kalitatea babesteko neurriak hartzen hasi ziren. 1560an Errioxako ardoa egiteko kanpoko mahatsen erabilera debekatu zen, eta kanpora esportatutako ardoa zahato berezietan eramatera behartu zuten, zeintzuek edukieraren kalitatea ziurtatzen zuten zigilua zeramaten.[7]

XVIII eta XIX mendeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1780ko hamarkadan, Manuel Quintano burgostarra Bordelera joan zen bidaian, bertako ardogintza teknikak ikasteko asmoarekin. Bere itzuleran, Errioxako upategietan ardoa ontzeko haritzez eginiko upelak erabiltzea proposatu zuen, Errioxako ardoen bizitza-luzera asko luzatuz. Honek esportaziorako aukerak asko handitu zituen, eta Kuba eta Mexikora ere hedatu zen Errioxako ardoa. Arrakastatsua izanik ere, garaiko agintariek hala erabakita, Errioxako ardo guztiak prezio berean saldu behar ziren, bai bertan edateko edota esportaziorako izanik ere. Prezio finko honek ez zuen ardoa ontzearen gainkostua kontuan hartzen eta desabantaila ekonomiko honen ondorioz, ardoa ontzeari utzi zioten ardogileek.[8]

1790ean Real Sociedad Económica de Cosecheros de Rioja elkartea sortu zuten.

Baldomero Espartero militar espainiarrak upategi bat zuen Logroñon eta, Londresen erbestean zegoela (1843 eta 1845 urteen artean), Luciano Murrieta bere lagunarekin aztertu zuen nola eguneratu Errioxako ardogintza, batez ere Britainia Handiko merkatuan leihatu ahal izateko. Hala, Murrieta Bordelera joan zen, Bordeleko ardogintzatik ikasteko, aurretik Quintanok egin bezala. Bordeletik ekarritako berrikuntzen artean, Murrietak mahatsa zanpatu eta fermentatzeko ontzi handien erabilera sustatu zuen, ordura arte kanpoko harrietan eginiko zuloetan mahatsa bota eta oinekin zanpatzeko ohitura baztertuz. Gainera, Murrietak berriz ere sartu zuen haritz-egurrez eginiko upelen erabilera ardoa ontzeko.[9]

1850eko hamarkadan, zurinak Galiziako mahastiak kaltetu zituen, Errioxako upategiei merkatu berriak irekiz, Errioxan eragin askoz txikiagoa izan baitzuen. Castejón-Bilbo burdinbidea amaituaz batera, Logroño Bilbo, Madril eta Irunekin lotuz, filoxera izurritea hedatu zen Europan. Frantziako ardogintza bereziki kaltetua izan zen mahats-zorri honen eraginagatik eta beraz, Errioxan sor zitekeen ardo osoarentzat eskaera berehalako eta ase ezina sortu zen.[9] Frantziako ardogintzaren suntsipena ikusita, dozenaka ardogile frantses eta okzitaniar joan ziren Errioxara upategiak zabaltzera, bereziki Bordeletik. Era honetan, ardogileek ardoa egiten jarrai zezaketen Errioxan, eta honekin batera, jakituria, teknika eta esperientzia berria ekarri zuten Errioxara. Honek Errioxako ardogintzan inoiz ikusi gabeko hazkuntza eta oparotasuna sortu zuen.[10]

Oparotasun aldi honek jarraitu zuen filoxera lurraldera heldu zen arte, 1890 urte inguruan. Ordurako, mentuaren bidezko sendaketa jada emaitza onekin erabiltzen zen Frantzian izurriteari aurka egiteko, eta denbora kontua zen bakarrik Errioxan mahastiak birlandatzen hasteko, mentutako landareekin. Bitartean, agintariek ardoen inportazio oro eten zuten, ardo lokalari lehentasuna emateko asmoarekin. Gainera, lege bidez galarazi zitzaien urtean 750.000 litro ardo baino gutxiago ekoizten zuten upategiei ardoa esportatzea.[11]

XX mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende hasieran, Errioxako ardoa jada Espainiatik kanpora zegoen ardo espainiarraren marka nagusia zen. Dena den, Lehen Mundu Gerra, Bigarren Mundu Gerra eta Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, zailtasunak sortu ziren Errioxako ardogintzan. Gerra osteko goseteen ondorioz, gobernuak mahastiak kendu eta bertan garia ereitera behartu zuen, herritarrak elikatzeko. 1960ko hamarkadara arte ezin izan ziren lur hauek berriz mahastiekin landatu. 1970ko urtaldia inflexio-puntua izan zen Errioxako ardogintzarako, "mendeko urtaldia" izena jarri baitzitzaion eta ardo kritikarien ustez, mundu osoko urtaldi onenetariko modura kontsideratuta baitago. Arrakasta honen ondorioz, kontsumitzaileei interes handiagoa piztu zitzaien ardo honetan, eta horrekin batera, atzerriko inbertsioak ere handitu ziren mahasti eta upategietan.[12]

1980ko hamarkadan, urtaldi kaskar batzuen ondoren eta prezio altuegien ondorioz, Errioxako ardo salmentak jaitsi egin ziren, Espainiako beste sor-marka batzuk, tartean Ribera del Duero, hazten hasi ziren bitartean, nazioarteko interes eta salmenta handiagoak lortuz. Honi erantzunez, Errioxako ardogileak ardo berriagoak egiten hasi ziren, nazioartekoagoak, gazteagoak, indar handiagokoak eta kolore gehiago zutenak, Errioxako ardo tradizionalarekin alderatuz gero. Ardoa ontzeko haritzaren erabilera mugatu egin zen, ardoak arinago merkaturatzeko helburuarekin.[13] Salmentak berriz hobetzen hasi ziren eta 1991 Errioxako ardoak Denominacion de Origen Calificada status-a lortu zuen, hala Espainiako ardo sor-marka nagusiena zela aitortuz.[14]

Mahats motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpieskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabako Errioxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

12.050 hektareako azalera. Klima atlantikoak eta mediterraneoak eragiten diote.

Mahasti gehien dituzten herriak hauek dira:

Errioxa Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

24.457 hektareako azalera. Klima atlantikoa du.

Herri ekoizle garrantzitsuenak:

Errioxa Beherea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

20.907 hektareako azalera. Klima mediterraneoa du. Nafarroako eskualde bat hartzen du barne (*).

Upelategi nagusiak:

Errioxako ardoa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errioxako ardoaren sor-markaren hedapena Euskal Herrian.

Euskal Herrian ekoizten den ardo gehiena, Errioxako sor-markaren pean merkaturatzen da, eta Arabako Errioxako kuadrillan eta Nafarroako zenbait herritan du ekoizpen gunea:

Nafarroan 6.774 hektarea mahasti daude sor-markaren barnean, sor-markaren %10,6-a.[15]

Baina, bereziki, Euskal Herri mailan, Arabako Errioxan du garrantzia handia Errioxako ardoaren ekoizpenak. 2016an argitaratutako datuen arabera, 12.149 hektarea mahasti daude bertan (sor marka osoaren %20,6a), urtean 80 milioi litro ardo ekoizten dituzte (sor marka osoaren %32a, mahatsa Errioxako beste gune batzuetatik erosiz batzuetan) eta 264 upategi daude bertan (sor marka osoaren %44,8a), 4581 pertsonak lan egiten duten sektorea osatuz.[15] Zuzenean, Errioxako ardoaren ekoizpenak Araban, ekonomiaren pisuaren %2,7a du.[15] Kalkulu horretatik kanpo geratzen da ardoaren ekoizpenak zeharka sortutako beste negozio eta lanpostuak, bereziki turismo eta ostalaritzarekin zerikusia dutenak.

Errioxa Garaia eta Beherearekin alderatuz, Arabako Errioxako ekoizpenak badu zenbait berezitasun, bereziki eskala txikiko ekoizle eta lursail txikien kopuruari dagokionez.[15][16] Hori dela-eta, Arabako Errioxako zenbait ekoizle, Errioxako markatik desberdindu nahiean, saiatu ziren "Arabako Errioxa" marka Errioxa markaren pare jartzen, etiketan berau nabarmenduz, baina sor-markak debekatu egin zuen.[16] Gehienez, "Arabako Errioxa" dioen testua "Errioxa" dioenarena baino heren bat txikiagoa izan behar zuen eta ekoizleei zenbait traba sortzen zitzaizkien berau erabiltzeko[16] Hala, 2014 Arabako Errioxan ekoitzitako ardo-botilen %6ak bakarrik zeraman "Arabako Errioxa" testua etiketan.[16]

Gauzak honela, 2015ean Artadi upategiko jabeak, Arabako Errioxan ekoitzitako ardoa Errioxako marka barnean ezin bereizi zitekeela iritzita eta Errioxa markak bere ardoei kalte egiten ziela argudiatuz,[17] bere upategia Errioxako sor-markatik atera zuen.[18]

2016an, Arabako Errioxako zenbait upategi batzen dituen ABRA elkarteko 40 kidek (120 batzen zituen orduan elkarteak), sor-marka berriaren sorrera bultzatu zuten Arabako mahastiak izenarekin, Errioxan eskala handian eginiko ardoetatik bereizteko asmoarekin.[16] Dena den, 2017an, Errioxako sor-markak atzera egin eta onartu zuen Errioxa markarekin batera ardoak Arabako Errioxako jatorria zuela adierazten zuen Arabako Errioxa edo herriaren izena tamaina berarekin agertzea etiketan. Ardoaren jatorriaren ikusgarritasuna bermatuta zegoela iritzita eta beraz, euren aldarrikapen nagusia beteta, aipatutako ABRAko kideek eten egin zuten sor-marka bereiztuaren sorrera eta momentuz, Errioxako sor-markaren barnean jarraitzen dute.[19] 2017ko uztarako, Arabar Errioxako 176 upategik egin zuten eremu berezituko ardoa ekoizteko eskaera, Arabako Errioxa edo herriaren marka erabiliz botiletan.[20]

Urtaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira jarraian Errioxako sor-markak bere sorreratik uzta desberdinei emandako balorazioa:[21]

  • 1925 Oso ona
  • 1926 Kaskarra
  • 1927 Kaskarra
  • 1928 Oso ona
  • 1929 Normala
  • 1930 Kaskarra
  • 1931 Oso ona
  • 1932 Normala
  • 1933 Normala
  • 1934 Bikaina
  • 1935 Oso ona
  • 1936 Normala
  • 1937 Normala
  • 1938 Kaskarra
  • 1939 Normala
  • 1940 Normala
  • 1941 Ona
  • 1942 Oso ona
  • 1943 Ona
  • 1944 Ona
  • 1945 Ona
  • 1946 Normala
  • 1947 Oso ona
  • 1948 Bikaina
  • 1949 Oso ona
  • 1950 Normala
  • 1951 Normala
  • 1952 Bikaina
  • 1953 Kaskarra
  • 1954 Ona
  • 1955 Bikaina
  • 1956 Ona
  • 1957 Normala
  • 1958 Bikaina
  • 1959 Oso ona
  • 1960 Ona
  • 1961 Ona
  • 1962 Oso ona
  • 1963 Normala
  • 1964 Bikaina
  • 1965 Kaskarra
  • 1966 Normala
  • 1967 Normala
  • 1968 Oso ona
  • 1969 Normala
  • 1970 Oso ona
  • 1971 Kaskarra
  • 1972 Kaskarra
  • 1973 Ona
  • 1974 Ona
  • 1975 Oso ona
  • 1976 Ona
  • 1977 Normala
  • 1978 Oso ona
  • 1979 Normala
  • 1980 Ona
  • 1981 Oso ona
  • 1982 Bikaina
  • 1983 Ona
  • 1984 Normala
  • 1985 Ona
  • 1986 Ona
  • 1987 Oso ona
  • 1988 Ona
  • 1989 Ona
  • 1990 Ona
  • 1991 Oso ona
  • 1992 Ona
  • 1993 Ona
  • 1994 Bikaina
  • 1995 Bikaina
  • 1996 Oso ona
  • 1997 Ona
  • 1998 Oso ona
  • 1999 Ona
  • 2000 Ona
  • 2001 Bikaina
  • 2002 Ona
  • 2003 Ona
  • 2004 Bikaina
  • 2005 Bikaina
  • 2006 Oso ona
  • 2007 Oso ona
  • 2008 Oso ona
  • 2009 Oso ona
  • 2010 Bikaina
  • 2011 Bikaina
  • 2012 Oso ona
  • 2013 Ona
  • 2014 Ona
  • 2015 Oso ona
  • 2016 Oso ona

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. H. Johnson Vintage: The Story of Wine 86. orr. Simon & Schuster 1989 (ISBN: 0-671-68702-6)
  2. H. Johnson Vintage: The Story of Wine 89. orr. Simon & Schuster 1989 (ISBN: 0-671-68702-6)
  3. Ghislain BAURY, "Les origines d'un grand vignoble actuel. La vigne dans le paysage agricole de la Haute-Rioja au Moyen Âge central", Bernard BODINIER, Stéphanie LACHAUD et Corinne MARACHE (dir.), L’Univers du vin. Hommes, paysages et territoires. Actes du colloque de Bordeaux (4-5 octobre 2012), Caen, Association d'Histoire des Sociétés Rurales, 2014, p. 311-323 [1].
  4. Francisco Javier GOICOLEA JULIÁN, « El vino en el mundo urbano riojano a finales de la Edad Media », 'En la España Medieval', 30 zenbakia, 2007, 217-244. orr.
  5. Alain HUETZ DE LEMPS, 'Vignobles et vins du nord-ouest de l'Espagne', Bordeaux, Féret, 1967.
  6. H. Johnson Vintage: The Story of Wine 165. or. Simon & Schuster 1989 (ISBN: 0671687026)
  7. T. Stevenson "The Sotheby's Wine Encyclopedia" pg 312-314 Dorling Kindersley 2005 (ISBN: 0756613248)
  8. H. Johnson Vintage: The Story of Wine 426. or. Simon & Schuster 1989 (ISBN: 0671687026)
  9. a b H. Johnson Vintage: The Story of Wine 427-428 orr. Simon & Schuster 1989 (ISBN: 0-671-68702-6)
  10. K. MacNeil The Wine Bible 415. or. Workman Publishing 2001 (ISBN: 1-56305-434-5)
  11. H. Johnson Vintage: The Story of Wine pg 432 Simon & Schuster 1989 (ISBN: 0-671-68702-6)
  12. K. MacNeil The Wine Bible 416. or. Workman Publishing 2001 (ISBN: 1-56305-434-5)
  13. J. Robinson Jancis Robinson's Wine Course Hirugarren argitalpena 240-241. orr. Abbeville Press 2003 (ISBN: 0-7892-0883-0)
  14. J. Robinson (ed) "The Oxford Companion to Wine" Hirugarren argitalpena 580. or. Oxford University Press 2006 (ISBN: 0-19-860990-6)
  15. a b c d   Santamaria, Ivan (2016-07-22), «Arabako Errioxan ardo sor-marka berri bati bidea ireki diote upategiek», Berria, https://www.berria.eus/albistea_papera.php?id=1909&orrialdea=023&kont=001&fetxa=2015-05-17&testua=izenaren_borroka_arabako_errioxan .
  16. a b c d e   Fernandez, Jon (2015-05-17), «Izenaren borroka Arabako Errioxan», Berria, https://www.berria.eus/albistea_papera.php?id=1909&orrialdea=023&kont=001&fetxa=2015-05-17&testua=izenaren_borroka_arabako_errioxan .
  17.   Fernandez, Jon (2015-05-17), ««Ni banoa Errioxa sor-markatik, beranduenez abenduaren 31n»», Berria, https://www.berria.eus/albistea_papera.php?id=2325&orrialdea=025&kont=001&fetxa=2015-05-17&testua=ni_banoa_errioxa_sor_markatik_beranduenez_abenduaren_31n .
  18.   Fernandez, Jon (2015-12-30), «Hitza bete, eta Errioxa sor-markatik joan da Guardiako Artadi upategia», Berria, https://www.berria.eus/albistea.php?id=118133&testua=artadi_upategia_errioxa_sor_markatik_atera_da .
  19.   «Berezko sor-marka izateko prozesua eten dute Arabako Errioxako upategiek», Berria, 2017-08-11, https://www.berria.eus/albistea.php?id=137663&testua=berezko_sor_marka_izateko_prozesua_eten_dute_arabako_errioxako_upategiek .
  20.   Martin, Xabier (2017-11-14), «ABRAk ohartarazi du berriro abiaraz dezakeela Arabako Mahastiak zigilua», Berria, https://www.berria.eus/paperekoa/1736/015/001/2017-11-14/abrak_ohartarazi_du_berriro_abiaraz_dezakeela_arabako_mahastiak_zigilua.htm .
  21. (Gaztelaniaz) Rioja Denominación de Origen Calificada: Añadas

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errioxako ardoa Aldatu lotura Wikidatan