Arnedo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arnedo
Espainiako udalerria
Arnedo-general-view.jpg
Bandera arnedo.png ESCUDO DE ARNEDO.png
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Errioxa
AlkateaJuan Antonio Abad Pérez (en) Itzuli
Izen ofizialaArnedo
Posta kodea26580
INEk ezarritako kodea26018
Geografia
Koordenatuak42°13′40″N 2°6′0″W
Azalera85.4 km²
Altuera550 m
MugakideakMuro de Aguas, Préjano, Herce, Bergasillas Bajera, Bergasa, Tudelilla, El Villar de Arnedo, Pradejón, Quel eta Villarroya
Demografia
Biztanleria15.015 (2020)
Green Arrow Up.svg140 (2019)
alt_left 7.460 (%49.7)7.415 (%49.4) alt_right
Dentsitatea175,82 bizt/km²
Informazio gehigarria
SorreraIX. mendea
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakParthenay, Elda eta Andosilla
MatrikulaLO
arnedo.com

Arnedo Errioxako udalerria da. 2020. urtean 15.015 biztanle zituen eta 85,4 km²-ko azalera du. Cidacos ibaiak zeharkatua, nekazaritza merkatu garrantzitsua du.[1]

XX. mendean Arnedon zapaten industria garrantzitsua zegoen. Bertan gertatu ziren Arnedoko gertaerak, 1932ko urtarrilaren 5ean. Guardia Zibilak egindako tiroketa baten ondorioz hamaika hildako eta hogeita hamar zauritu suertatu ziren, eta eragin garrantzitsua izan zuten orduko Espainiako historian.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latinezko arenetum izenetik etor litekela proposatu izan da, "hareatza" esan nahi du[2]. Erromatarren garaiko agiririk ordea ez da aurkitu. Arabiarren kodeetan Arnit (842, 913 eta 920 urteetan), Arneto (928an) eta Arneyt (976) izenak ematen zaizkio[3].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arnedo hiria Cidacos haranaren erdialdean kokaturik dago, Errioxa Beherea eskualdean, Logroño hiriburutik 48 kilometro ekialdera.

Hiria ibaiaren ezkerraldean badago ere udalerriak ibaiaren alde biak hartzen ditu. Udalerriaren barnean, Arnedoko erdigunetik 9 kilometrotara Turruncún herri hustua aurkitzen da[4].

Arnedoren batazbesteko altuera 523 metrotakoa da itsasmailaren gainetik. Herriaren erdigunea bera 550 metrotan dago. Ibaiaren eskumaldea askoz menditsuagoa da ezkerraldea baino eta bertan aurkitzen da mendirik altuena den Isasa mendia (1.474m)[5]. Ezkerraldea buztin gorriz eraturik dago eta gizakiak zulaturiko leizeak aurkitzen dira bertan, bai eta herrigunea bera ere. Plataforma buztin-hareatsu honek emango lioke izena hiriari.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indusketa arkeologikoek erakutsi dute Neolito garaitik populatua izan dela ingurua. Historiagile batzuen ustetan erromatar aurreko Sadacia edo Sidacia izan liteke, horren bilakaera izan daiteke Cidacos ibaiaren izena[3]. Ibaiertzean San Pedro Mártir eta Valpineda eremuetako asentamenduak daude. Eskuz egindako keramika zatiak eta sukarriaren inguruko materialak aurkitu dira.

K.a. III-II mendeetan zeltiberiarrak egon ziren San Miguel eta El Raposal muinoetan, agian beroiak edo bestela pelendoiak. Baskoiak ere izan zitezkeen, Calahorran bai baitzeuden[3]. San Miguel muinoan herria bera, labea eta keramika zatiak aurkitu dira.

Erromatarren garaian ez da Arnedoren aipamenik baina aurkikuntza arkeologikoak izan dira. Badirudi populazioa Gazteluaren muinora aldatu zela. Izen gorren jatorrian legoke erromatarrek altxaturiko gotorlekua, izan ere toki estrategikoa baitzen bi galtzada erromatarren arteko bidegurutzea zelako; Calahorra eta Numantzia elkartzen zituena eta Contrebia Leucade Vareiarekin lotzen zuena.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisigodoek eremua okupatu zuten eta ordutik VI. mendeko eliza bat gordetzen da. Musulmanek konkistatu zutenean haien menpeko Iberiar penintsulako 26 probintziatako baten hiriburu bihurtu zuten eta erromatarren gaztelu zaharraren tokian gaztelu indartsu bat eraiki zuten. Banukasitarrak izan ziren gazteluaren aurreneko jabeak[6].

908-909 artean Antso I.a Gartzeitz Iruñeko erregeak konkistatu zuen eta hiri forua eman zitzaion. 1264an Gaztelak eskuratu zuen[7] eta Bi Petrien Gerra izan ondoren (1356-1369) Bertrand du Guesclin noble frantsesari eman zion Gerran emandako laguntzagatik[8]. Guesclinek 1370an Pedro Fernández de Velasco Haroko kondeari saldu zion[9]. 1385ean Asturiasko Printze titulua sortzeko bilerak Arnedon izan ziren[7] eta 1388an Frantzia eta Gaztelak elkar babesteko ituna sinatu zuten. Gertaera hauek hiri garrantzitsu bihurtu zuten. XV. mendean munduko aurrezki kutxa zaharrenetakoa sortu zen Arnedon, bai eta Vicoko monasterioa ere (1456)[10].

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipe IV.ak hiri titulua eman zion 1654. urtean[11] eta Karlos III.ak merkatua astelehenero eta bederatzi eguneko feria antolatzeko baimena eman zion. XVIII. mendearen amaieran, Real Sociedad Económica de La Rioja elkartean sartu zen. Ilustrazioaren ideien inguruan eraturiko elkartea zen.

XX. mendearen hasieran industria garatu zen. Garrantzitsuena zapatagintza izan zen. 1932ko urtarrilaren 5ean Arnedoko gertaerak izan ziren[12]. Kaleratze batzuen aurkako protestetan Guardia Zibilak tiro egin eta hamaika langile hil zituen. Nekazariek erantzun gogorra eman zioten eta Arnedo anarkisten eta ezkerreko errepublikazaleen sinbolo bihurtu zen.

XX. mende erdialdera Arnedon baziren oraindik 200 leize-bizileku hainbat auzotan antolatuak, baina herriak garapen ekonomikoa izatearekin batera leize horiek bertan behera utzi ziren. Gaur egun Interpretazio zentru batean erakusten da leize hauen historia.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapatagintzak jarraitzen du Arnedoko ekonomia jarduera nagusia izaten. Hiriaren leloa Arnedo, ciudad del calzado da ("Arnedo, zapataren hiria")[13] eta Zapatagintzaren Museoa ere badago.

Bodega Cooperativa Nuestra Señora de Vico upategia, kartoigintza, kautxoaren transformazioa eta oliogintza (trujala) ere badaude.

Energiari dagokionez Arnedon Espainiar Estatu osoko eguzki-plaka parke handienetakoa dago.

Biztanleriaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arnedoko gaztelua: 714. urtean arabiarrek eraiki zuten.
  • Vicoko Gure Amaren monasterioa: Herritik 3 kilometrotara kokaturik dago, Cidacos ibaiaren ertzean.
  • Ehun zutabeen leizea (gaztelaniaz: Cuevas de los Cien Pilares): San Miguel muinoan zulaturiko leize multzoa da. 1063ko agiri batean aipatzen den San Miguel monasterioaren aztarnak izan litezke.
  • San Cosme eta San Damian eliza
  • San Tomas eliza
  • Argaiz apezpikuaren jauregia: 1658an José Argaiz Pérez Granadako apezpikuak eraikitako etxe barrokoa da.
  • Zapatagintzaren Museoa
  • Turruncún herri hustua

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Cosme eta San Damianen omenezko jaiak irailaren 26aren eta urriaren 2aren artean ospatzen dira. Egun handia irailaren 27a da eta el Robo de los Santos da ekintza nagusia[14].

Urteberri egunean pertsonai berezia etortzen da Arnedora, El Hombre con tantas narices como días tiene el año ("Urteak dituen beste sudur dituen gizona"). Goxokiak oparitzen dizkie haurrei[15].

Arnedotar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. «Arnedo, La Rioja» www.arteguias.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  3. a b c (Ingelesez) naty. «Arnedo Hoy - Origen del nombre 'Arnedo'» www.arnedohoy.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  4. (Gaztelaniaz) Turruncún – La Rioja – Pueblos del Olvido. (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  5. (Gaztelaniaz) Urrutia, Javier. «Mendikat → Peña Isasa (1474 m)» www.mendikat.net (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  6. (Gaztelaniaz) «Castillo de Arnedo - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  7. a b «La Rioja - Arnedo» www.hernandezrabal.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  8. «Bertrand du Guesclin - Duque de Molina y Señor de Soria          » soria-goig.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  9. «Ayuntamiento de Arnedo - Castillo de Arnedo» www.arnedo.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).
  10. (Gaztelaniaz) «Monasterio Nuestra Señora de Vico - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  11. (Gaztelaniaz) «Cuando Arnedo se nombró con título de ciudad» La Rioja 2010-01-02 (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  12. «Sucesos de Arnedo: 1932 - bermemar» www.bermemar.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  13. (Gaztelaniaz) Campos, Andrés. (2020-09-11). «Arnedo, la ciudad del calzado» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  14. (Gaztelaniaz) Tercero, Sonia. (2021-07-29). «Arnedo cumple con el tradicional 'Robo de los Santos'» La Rioja (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).
  15. (Gaztelaniaz) noticiasdearnedo.es. (2020-01-01). «El hombre con tantas narices como días tiene el año, de nuevo en Arnedo» Noticias de Arnedo (Noiz kontsultatua: 2021-07-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arnedoren ikuspegi panoramikoa, gaztelutik ikusita