Askimotz
Askimotz | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Poales |
Familia | Poaceae |
Generoa | Cynodon |
Espeziea | Cynodon dactylon |
Basionimoa | Panicum dactylon |
Askimotza (Cynodon dactylon) Poaceae familiako landare belarkara da. Gariaren familiakoa, zuztar etzan korapilatsua eta hosto luze eta zorrotzak dituena; hiru edo bost buruxka ematen ditu lasto motz baten muturrean.
Azalpen botanikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare honen familia Poaceae da, lehen graminea deitzen zena. Cynodon generokoa da. Belar iraunkor bat da, esku bete bat garaiera hartzen duena, eta errizoma duena. Hosto lantzakarak ditu eta 3-5 buruxkako infloreszentzia, eskuko hatzen tankerara antolatuak. Buruxka bakoitzak lore txiki bakarra du.
Hostoak berde griskarak dira, baina estres hidrikorik gabe kolore berde sakon bat hartzen dute. Hosto laburrak dira, 4-15 cm luze, ertz indartsuez; lekak 1,5-7 cm luze izan ohi dira, bilotsuak erpinean, ligula menbranotsu ziliodunez, 0,2-0,3 mm luze, batzuetan bilotsuak ifrentzuan. Neguan klorofila galtzen dute, zurixkak izateraino.
Zurtoinak zut irteten dira, baina lurrera makurtzen dira; 1-30 cm bitartekoak. Zertxobait zapalduak dira, batzuetan pikor gorrindolez hornituak.
Sustrai sistema oso sakona izatera iritsi daiteke; gehienetan, sustrai masa lur azalaren 60 cm-ra dagoen arren, lehorte garaian, eta lurra ez bada oso gogorra, 2 m sakoneko sustraiak sor ditzake. Zurtoin edo lastoak lur azalean herrestatzen direnez, noduluetatik sustrai berriak sortzen dira, sare guztiz trinko bat eratu arte.
Hazien, estoloien eta errizomen bitartez ugaltzen da. Hazkundea 15 °C-tik gora hasten da, baina tenperatura egokiena du 24-37 °C bitarte; neguan, landarearen aireko zatia guztiz lehortzen da, lozorroan egoteko, eta kolore arrea hartzen du.
Fisiologiaren aldetik begiratuta, karbonoa finkatzeko eraginkortasun handiko sistema dauka, C4 bidea; artoak, azukre-kanaberak, basartoak edo amarantoak bezala.
Hazkundea eta erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hazkundea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare hau asko lantzen da klima bero eta epeletan, mundu guztian, 30° hego eta 30° iparreko latitudetan, eta urtean 500-2800 mm-ko euria den lekuetan. Itsaso mailatik 2200 m garaiera bitartean hazi daiteke arazorik gabe.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lastertasun handiko hazkundea duenez eta zaurietatik azkar bizkortzen denez, oso erabilia da kirol zelaietan. Lehorte handiko lurraldeetan aurrera egiten du, beste belardi batzuek ez bezala, beroa eta lehorra ongi pairatzen baititu.[1]
Kontrola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso oldarkorra da beste espezieekin, eta inbaditzaile izatera aise iritsi daiteke, lantzen diren lurretan batez ere, aski baita lur puska txiki bat landarea hedatzeko. Kalteak sor ditzake garrazkiak lantzeko lurretan. Guztiz kentzeko, herbizidak erabili behar dira, sua edo etengabeko mozketa ez baitira aski deuseztatzeko.
Sendabelarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cynodon dactylon landarean potasio gatzak, tritizina eta inositol dauzka.[2]
Sendabelar gisa erabilzten da diuretiko gisa, gibelaren babesle eta hanturen aurka. Ez da erabili behar diuretiko gisa hipertentsioa edo kardiopatiak direnean, eta erabiltzekotan, medikuaren zaintzapean. Haurdun diren emakumeek ez dute hartu behar, abortua sortzeko gaitasuna izan baitezake.[2]
Errizoma erabiltzen da, 200 cc uretan egosita 20 g; ura kendu, errizoma txikitu eta berriro egosi 5 minutuz, 1,25 l urtean. Garratz samarra denez, menda belarrez edo makilgoxoarekin batera egosi ohi da.[2]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Christiaan Hendrik Persoon botanikoak deskribatu zuen Cynodon dactylon eta Synopsis Plantarum (1805) liburuan argitaratu zuen.[3]
Zitologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kromosoma kopuru hau dute askimotzak eta taxon zehaztugabeek: 2n=40.[4]
Landarearen izenaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cynodon dactylon izenak zakur hortz esan nahi du, frantsesez chiendent, hain zuzen. Egutegi errepublikanoaren Eurikor hilabeteko 23. egunari ematen zitzaion izena. Dena dela, ez da ziurtzat jotzen frantsesezko chiendent zehazki askimotza ote den edo morfologiaz antzeko den beste belarren bat.
Cynodon grezieratik hartutako kuon (zakur) eta odous, odontos (hortz) zatiez osaturik dago, ziurrenik errizomak dituen kimu koniko gogor eta zorrotzengatik; dactylon latinezko izen bat da (hatz).
Euskal izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare belarkaretan ohikoa denez, askimotzak beste izen asko hartzen ditu Euskal Herrian, euskalkien eta, askotan, bailara edo herrien arabera. Euskararen Herri Hizkeren Atlasak izen hauek erregistratzen ditu Cynodon dactylon landarearen fitxan: muitabelar, mugita, xendena, sapabelar, khundeabelhar, khondera, errosariobedar, errosariobelhar, arrosariopikor, ildopiltzar, askibedar, gramabelar, gramenabelhar, arrestelübelhar, soamuri, aienbedar, alga, alkabelar, antoniobedar, atsoerio, basazalka, erpñabedar, hüxtübelhar, iaka, ilarbasa, landabelar, mandobedar, oytabedar, perejilbedar, siarbedar, traukekami, txominbedar, urdemutur, xaatxondo.[5]
Hiztegi batzuek jasotzen duten otsatz forma, ordea, ez du erregistratzen Euskararen Herri Hizkeren Atlasak.[6]
Dena dela, Euskaltzaindiaren Hiztegiak askimotz forma jasotzen du, arrosario-belar definizioarekin.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Zicha, Ondrej. «BioLib: Biological library» www.biolib.cz (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).
- ↑ a b c «Cynodon dactylon» web.archive.org 2009-12-01 (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).
- ↑ «Tropicos | Name - !Cynodon dactylon (L.) Pers.» legacy.tropicos.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).
- ↑ Ikus A. Fernandes, M. Queirós (1969) Contribution à la connaissance cytotaxinomique des spermatophyta du Portugal. I. Gramineae Bol. Soc. Brot. ser. 2 43: 20-140.
- ↑ Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, 590. Mapa: grama / chiendent / grama (Cynodon dactylon)[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Elhuyar hiztegiak eta Labayru hiztegiak, besteak beste, jasotzen dute otsatz forma, askimotz formaren sinonimotzat.
- ↑ Euskaltzaindiaren Hiztegia, askimotz sarrera.