Danielle Mitterrand

Wikipedia, Entziklopedia askea
Danielle Mitterrand

Frantziako Lehen Dama

1981eko maiatzaren 21a - 1995eko maiatzaren 17a
Anne-Aymone Giscard d'Estaing (en) Itzuli - Bernadette Chirac
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDanielle Émilienne Isabelle Gouze
JaiotzaVerdun1924ko urriaren 29a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis2011ko azaroaren 22a (87 urte)
Hobiratze lekuaQ82572028 Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)François Mitterrand  (1944ko urriaren 28a -  1996ko urtarrilaren 8a)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, politikaria eta Frantziako Erresistentziako kidea
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Frantziako Alderdi Sozialista

IMDB: nm2009231 Find a Grave: 80825247 Edit the value on Wikidata

Danielle Mitterrand —jaiotzako deituraz, Gouze— (Verdun, Frantzia, 1924ko urriaren 29aParis, Frantzia, 2011ko azaroaren 22a) faxismoaren aurkako erresistentziako kidea eta gizarte ekintzailea izan zen; France Libertés - Fondation Danielle-Mitterrand fundazioa sortu zuen 1986an, eta haren buru izan zen hil arte. François Mitterrand Frantziako Errepublikako presidentearen emaztea izan zen, 1981etik 1995era.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Émilienne Isabelle Gouze 1924ko urriaren 29an jaio zen Verdunen, Mosako departamenduan, Frantziako ipar-ekialdean. Aita, Antoine Gouze (1885-1958), eskolako zuzendaria zen; ama, Renée Flachot (1890-1971), irakasle. Gurasoak laikoak, errepublikanoak eta SFIO-Langile Internazionalaren Frantziar Sekzioko militanteak ziren. 1940an, Antoine Gouzek uko egin zionez eskolako ikasle eta irakasle juduak identifikatzeari, Vichyko gobernuak kaleratu egin zuen. Gero, Clunyn instalatu ziren, eta bizia irabazi zuen eskola partikularrak ematen.[1]

1940-1942 bitartean, Danielleren familiak Erresistentziako Combat sareko kideak gorde izan zituen isilpean; besteak beste, Henri Frenay buruzagia eta haren bikote Bertie Albrecht.[1]

Danielle jaio zenean, aita Verdungo Buvignier mutilen institutu publikoko zuzendaria zen. Gurasoak eskolako laikotasunaren militanteak zirenez, eskola pribatuaren printzipioen aurka zeuden. Jurako eskola batean lan egitera joan ziren. Hasieran, Danielle Lyongo barnetegi batean sartu zuten, eta, gero, Dinango Broussais ikastetxean eskolatu zuten (neskentzako eskola bat); azkenik, aitak zuzentzen zuen mutilentzako institutuko neska ikasle bakarra izan zen (Dinango Roger-Vercel institutua).[2]

Erresistentziarekiko konpromisoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Gouze hamazazpi urterekin sartu zen erresistentzian, Clunyko makiekiko lotura gisa, gurasoek erresistentziako kideak gordetzen zituzten bitartean.[3] Christine Gouze ahizpa nagusia ere erresistentzian zegoen, Gerrako Presoen eta Deportatuen Mugimendu Nazionalerako «postontzi» gisa. Berty Albrecht erresistentziako buruzagiaren lagun egin zen, hura atxilotu baino lehen.[4]

Ezkontza eta familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Mitterrand, Tolosan, senarrarekin batera, 1965eko hauteskundeetan.

Haren ahizpa nagusi Christine Gouzek François Morland (François Mitterranden ezizena) aurkeztu zuen, erresistentzia sarearen barruan, 1944ko apirilean; hura Parisen erresistentzia sare bat indartzeko ahaleginetan ari zelarik, Borgoinara ihes egin behar izan zuen. Danielle Gouzek lagundu zion, trenean batez ere, maitemindu lotsatiaren papera jokatuz, Gestaporen zaintza tronpatzeko. Helmugara iritsita, ezkontzea erabaki zuten. Askapenaren ondoren ezkondu ziren, 1944ko urriaren 28an, lehenbizi udaletxean eta, gero, Parisko Saint-Séverin elizan.[5]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle eta François Mitterrandek hiru seme izan zituzten:

  • Pascal, 1945eko uztailaren 10ean jaioa eta bi hilabete eta hogei egunera hila, 1945eko irailaren 30ean.
  • Jean-Christophe Mitterrand, 1946ko abenduaren 19an jaioa.
  • Gilbert Mitterrand, 1949ko otsailaren 4an jaioa.

Danielleren anaia, Roger Gouze idazlea, 1912an jaio eta 2005ean hil zen.

Bere ahizpa nagusia, Madeleine Gouze, Christine Gouze-Rénal goitizenez ezaguna, 1914an jaio eta 2002an hil zen, eta zinemagile izan zen; 1959tik hil zen arte, Roger Hanin aktorearekin ezkonduta egon zen.

Ezizenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Mitterrandek ezizen batzuk jaso zituen, herriaren ahotan. Tatie Danielle esan izan zioten, Étienne Chatiliez filmeko[6] pertsonaia gogoratuz, eta François Mitterrandi egotzitako tonton goitizenari jarraituz.[7][8][9]

Baita ere, «Castroren groupie» ere deitu zioten, kubatar buruzagiari etengabe eman zion babes ukaezina zela eta.[10][11]

Nièvretik Bièvre kalera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1946an, Danielle Mitterrand Nièvren bizi izan zen, François senarra diputatu bihurtu zenean, haren ondoan egin baitzuen kanpaina; gero, kontseilari nagusi izendatu zutelarik, Parisera joan ziren bizi izatera, François borrokalari ohien ministro izendatu baitzuten. Danielle arduratu zen umezurtzei dirulaguntzak banatzeko batzordeaz.[12]

Parisera joan zirenean, lehenbizi Maréchal Lyautey etorbideko 25ean, Auteuil auzoan, bizi izan ziren, gero Guynemer kalean, 1972 arte; eta, gero, Bièvre kaleko 22an.[13] François senarraren ondoan egon zen 1965eko Frantziako hauteskunde presidentzialetan. Geroago, 1981eko Frantziako hauteskunde presidentzialetarako hauteskundeen kanpainan, Paris Match aldizkarian agertu zen, emakume soil baten gisara, orduko presidentearen Anne-Aymone Giscard d'Estaing emaztearen itxura burgesagoko ereduaren guztiz bestela. Koadernaketa eta scrabble aitortu zituen bere zaletasuntzat.[14]

Errepublikako presidentearen emaztea (1981-1995)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Mitterrand, 1991n.

1981ean, senarra Errepublikako presidentetzarako hautatua izan ondoren, Danielle Mitterrandek protokoloa bete zuen, goi gonbidatuentzat anfitrioi gisa zituen betebeharretan murgilduta; hala ere, bere estiloa inposatzeko asmoa zuela adierazi zuen: «ez naiz loreontzi bat».[5] «Frantziako lehen dama» baino «Errepublikako presidentearen emaztea» deitzea nahiago zuelarik, bulego pertsonala Eliseoko jauregian izan bazuen ere, bizitokia Bièvre kaleko 22an izan zuen beti, Parisko 5. barrutian. Bikoteak oporrak Soustons herrian egiten zituzten, eta Mikhail Gorbatxov sobietar buruzagia bera hara gonbidatzen zuten.[15]

Mitterrand presidentearen emazteak, Michelle Auriolen antzera, jauregia berrapaintzeko lanei ekin zien, batez ere Michel Wilmotte, Philippe Starck eta Gérard Garoustek dekoratzaileen laguntzaz. Bere eskuz arduratzen zen lorategiez. Baita ere, bere lantaldean zeuzkan hiru laguntzaileren zerbitzua informatizatu zuen.[16]

Nazioarteko politikarekiko jarrerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Mitterrandek hirugarren munduaren aldeko konpromiso politiko sakon bat izan zuen, oso ikuspegi ezkertiar batez.

Fidel Castrori eta haren erregimenari emandako laguntza polemikoa izan zen bereziki. Horri zegokionez, honela mintzatu zen: «Estatu Batuetako konpainien desjabetzeak ez ninduen gogaitu. Bai, txalotu egin nuen CIA buru zuen Miamiko antikastrista kubatarrek egindako desegonkortze saiakeraren porrota». Hala, senarra bultzatu zuen kubatar buruzagia Frantziara gonbida zezan; haren bidaian, 1995eko martxoan, beroki besarkatu eta harekin gosaldu zuen, nahiz horrek Castroren oposiziogileen kritikak eragin zizkion.[17][18] Eskuineko egunkari batek azaldu zuenez, Castro betidanik miretsi zuen ezkerrak, eta Danielle Mitterranden kasuan, Frantziako presidentea baino askoz ere bihozberagoa omen zen «diktadura castristaren krimenen aurrean».[19] Daniellen arabera, Castrok ez du «diktadore baten ezer», iritzi orokortuak bestelakorik dioen arren.[20][21]

Danielle MItterand hurbil egon zen El Salvadorko gerrillariekin eta Mexikoko zapatistekin. 1996ko udan, Chiapaseko nazioarteko konferentzian egon zen, Chiapasko matxinadaren esparruan.[22][23] Konpromiso berezi bat hartu zuen, baita ere, kurduen alde, errefuxiatuen harrera antolatuz eta eskolak zabalduz. 1992ko uztailean, Iraken, bere konboiaren aurkako atentatu batetik ihes egin zuen; zazpi hildako eragin zituen.[24] Palestinaren aldeko babesa eman zuen arren, Israelgo iparraldean dagoen Kfar HaNassi kibbutzarekin loturak zituen, bere semeak hilabete batzuk eman baitzituen bertan, 1970ean.[25] borrokatu zen, baita ere, Hegoafrikako apartheidaren eta kolonialismoaren aurka, Bangladeshen alfabetatze kanpainen alde edo baita amerindiar, tibetar eta sahararren alde ere.[25]

Danielle Mitterrandek erakutsitako jarrera horiek egoera diplomatiko zailean jarri izan zuten François Mitterrand presidentetzan, adibidez Txinaren aurrean, Daniellek Dalai Lama hartu zuenean; baina independentzia horri esker, Daniellek preso politiko askoren askapena negoziatu ahal izan zuen.[26] 1986an, besteak beste, France-Libertés Fundazioa sortu zuen, onura publikokoa, gobernuz kanpoko erakunde humanitarioa. Halaber, atsekabeturik agertu zen diplomazia frantsesak Estatu Batuekiko duen mendekotasunaz, bereziki 1989an Giza Eskubideen Aldarrikapenaren bigarren mendeurrenaren ospakizunen karietara, beraren ustez Estatu Batuen interesen aldeko herrialdeetako ordezkariak soilik gonbidatu baitzituzten.[27]

Barne politikarekiko jarrerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehena izan zen, Frantziako presidente baten emazteen artean, jarrera argia hartzen barne politikako zenbait auzitan: Journal du dimanche astekariari 1986ko abenduan emandako elkarrizketa batean, gogor kritikatu zuen Jacques Chiracen eskuineko gobernua, haren ustez «denetarik eta axolarik gabe egiten» baitzuen.[28]

1989an, Creilgo islamiar fularren auziaren karietara, Danielle Mitterrandek adierazpen hauek egin zituen, urriaren 20an:

« Iraultza gertatu eta berrehun urtera, laikotasunak ezingo balitu erlijio guztiak, Frantziako adierazpen guztiak, barne hartu, atzerakada bat izango litzateke. Fularra erlijio baten adierazpena bada, tradizioak onartu behar ditugu, edozein dela ere.[29] »

Marie-Claire Mendès France kazetariak xaria musulmanari bidea erraztea leporatu zion.[26]

2016ko apirilean, Le Monde egunkarian argitaratutako artikulu batean, Élisabeth Badinter filosofo feministak honela gogorarazten zituen Danielle Mitterranden jarrerak:

« 1980ko hamarkadaren hasieran, gogorki kritikatu nuen Danielle Mitterrandek aldeztea ablazioa eta poligamia eskubideak Frantziako lurzoruan. Presidentearen emaztearentzat, eskubide horiek aintzat hartzea tolerantzia gehigarriaren edo demokraziaren aurrerapenaren adierazle zen: beste kultura batzuetako sineste eta tradizioak errespetatzeko gai izatea.[30] »
Danielle Mitterrand, France Libertés Fundazioaren 25. urteurrenean (2011).

1993an, Charles Pasqua barne ministroaren immigrazio politika kritikatu zuen jendaurrean. Presidentea bekaiztu zen apur bat, baina eskuineko diputatuek agiri batean erantzun zioten, «Nork isilarazi nahi du Danielle?».[31] Danielle Mitterrand ez zen, baina,jarreraz aldatu, eta 1995eko maiatzean klase politikoa aztorarazi zuen Fidel Castro besarkatuta.[5]

Eliseoaren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Mitterrandek ekintza betean jarraitu zuen 1995ean senarraren agintaldia amaitu eta 1996an hura hil bitartean.

Europaren konstituzio testuko proiektuari buruzko erreferendumean, 2005ean, familiaren zati baten aurka agertu zen, «ezezkoaren» aldeko jarrera ofiziala hartu baitzuen, eta, hala, garai bateko senarraren ospea auzitan jarri zuen. Hala ere, ez zuen aitortu nahi izan noren aldeko bozka eman zuen 2007ko Frantziako Hauteskunde Presidentzialetan.[32]

Danielle Mitterrandek Le Livre de ma mémoire (Nire oroimenaren liburua) izeneko autobiografia argitaratu zuen, 2007ko azaroan.[33][34]

2011n, Raoni Metuktire kayapoen buruzagiaren alde agertu zen, Belo Monteko presa proiektuaren aurkako borrokan.[35]

Bizitzaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bizitzako azken urteetan, zenbait aldiz ospitaleratu behar izan zuten: 2010eko urrian, Madrilen eroriko bat izan ondoren[36] eta 2011ko irailean, arnas gutxiegitasunagatik. Bihotzeko ebakuntza egina zioten 1994ko uztailean.[13]

2011ko azaroaren 18an, anemia larri batez berriro ospitaleratu behar izan zuten, eta koma artifizial batean murgildu zen.[37]

Danielle Mitterrand egun batzuk geroago hil zen, 2011ko azaroaren 22an,[38] Parisko Georges Pompidou erietxean, 87 urte zituela. Clunyko hilerrian izan zen lurperatua, 2011ko azaroaren 26an, Christine Gouze-Rénal ahizparen hilobi berean.[39]

France Libertés - Fondation Danielle Mitterrand[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1986an, France Libertés - Fondation Danielle Mitterrand fundazioa sortu zuen, 1981az geroztik sortutako hiru elkarteren bateratzearen bidez. Emakume eta gizon pobre nahiz zapalduen laguntza beharrei erantzuteko xedea du, sentiberatze ekintzak eginez eta biztanleek berek egindako ekintzak finantzatuz.[40]

Hasiera-hasieratik, fundazioak laguntza eman izan dio Tibeteko herriari eta apartheidaren aurkako borrokari Hegoafrikan. Aitzindari izan zen, besteak beste, Afrikan HIESaren birusak hartu zuen eragin zabalaz eta antirretrobiralak hobeto zabaltzeko beharraz.[41]

Danielle Mitterrandek iritzi sendoak plazaratu izan zituen Saharako independentisten,[42] kurduen[43] eta Hego Amerikako herri indigenen alde;[44] Leonard Peltierren alde ere egin zuen, Écrits de Prison liburuari hitzaurrea idatzita.[45]

Dalai Lamarekin elkartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1988an ezagutu zuen lehen aldiz Dalai Lama, Frantzian iraganbidean zegoen, Europako Parlamentura joan zenean, han hitzaldi bat ematera gonbidatu baitzuten. France Libertés Fundazioaren bitartez, bere elkartean geldialdi bat egitea proposatu zion, bere omenez antolatutako afari batean. Afarira Tibeteko auziaren aldekoak agertu ziren, baina baita François Mitterrand presidentea ere, bide batez Dalai Lamarekin bildu zena. Danielle Mitterrandek eta France Libertés Fundazioak Dharamsalan ―tibetar asko erbesteratuta bizi diren Indiako herria― ekimen ugari bultzatu izan dituzte: eskolak, errefuxiatuentzako mugako kontsultategiak, Arte Eszenikoen Tibeteko Institutua, Oroimenaren Saria...[46] Danielle Mitterrand berriro elkartu zen Dalai Lamarekin, 1989ko apirilean, eta Txinari eskatu zion Tibetera misio bat bidaltzeko; Beijingek baztertu egin zuen eskaera.[47] 1991ko apirilaren 27an Dalai Lamak Dharamsalanen hartu zuen Danielle Mitterrand.[48]

Oroimenaren Sariko epaimahaiburu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1988az geroztik, Danielle Mitterrand izan zen Oroimenaren Sariaren epaimahaiko burua, eta eginkizun horretan bere eskuz ezarri zion saria hartzaile askori.[49]

Lehentasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Mitterrand eta Antônio Anastasia Minas Geraiseko gobernadorea, 2010ean.

Danielle Mitterrandek ura eskuratzeko eskubidea jarri izan zuen giza eskubideen buruan, eta hezkuntza, demokrazia parte hartzailea eta ekonomia arduratsuarekin batera lehentasun bihurtzea erabaki zuen. Aberastasunaren kontzeptua birdefinitzea ere proposatu zuen, aberastasuna neurtzeko beste adierazle batzuk definituta, diruaz bestelakoak, hala nola aberastasun naturalak, hezkuntza edo jakintza transmititzea.

Sariak eta oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996an, Ipar-Hegoa saria Danielle Mitterrand France Liberté fundazioko presidenteari eman zioten, «giza eskubideak babestearen aldeko jarrera hartzeagatik», eta, sinbolikoki, Aljeriako emakumeei, askatasunaren aldeko eguneroko borrokagatik.[50]

1999an, International Campaign for Tibet erakundeak emandako Light of Truth Award (Egiaren Argia Saria) ezarri zion Dalai Lamak.[51]

2010ean, Save the Children GKEak sari bat eman zion munduan ura izateko eskubidearen alde egindako ekintzagatik.[52]

2013ko martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Danielle Mitterrand urte askoan bizi izandako Bièvre kaleko lorategiak square Danielle Mitterrand izena hartu zuen.[53][54]

2013ko irailaren 7an inauguratu zen Danielle Gouze-Mitterrand eskola taldea Clunyn.[55] Baita ere, Danielle Mitterrand frantses eskola bana dago Sulaimaniyan eta Arbilen, Iraken.

2013an, Saint-Paul-Lès-Dax herriko ikastetxe departamental berriak Danielle Mitterrand izena hartu zuen.[56]

Ohorezko bereizgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • NED Kroonorde A1 BAR Koroaren Ordenako Gurutze Handia (Kroonorde, Herbehereak; 1991).[57]
  • Gabriela Silang Ordena (Filipinak, 1989-07-11).[58]
  • Italiako Errepublikako Merezimenduaren Gurutze Handiaren Zalduna (Italia, 1990-01-26).[59]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Frantsesez) Gurrey, Béatrice. (2011-11-22). «Danielle Mitterrand, les combats d'une militante» Le Monde (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  2. (Frantsesez) «Mitterrand, Danielle (1924-2011)» FranceArchives (web.archive.org) 2023-12-19 (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  3. (Frantsesez) «Du Sahara au Tibet, les combats de Danielle Mitterrand» L'Obs (web.archive.org) 2022-12-07 (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  4. (Frantsesez) Gurrey, Béatrice. (2011-11-22). «Danielle Mitterrand, les combats d'une militante» Le Monde (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  5. a b c (Frantsesez) Rivière, Virginie. (2012-05-07). «Danielle Mitterrand, la militante» lintern@ute (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  6. (Frantsesez) Chatiliez, Étienne. (1991-05-17). Tatie Danielle. Téléma, FR3 Films Production, Les Productions du Champ Poirier (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  7. (Frantsesez) «Disparition de Danielle Mitterrand» fr3 Nouvelle Aquitaine (web.archive.org) 2011-11-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  8. (Frantsesez) «Mort de Danielle Mitterrand, ancienne Première dame et toujours militante» L'Express (web.archive.org) 2011-11-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  9. (Frantsesez) Duchemin, Rémi. (2011-11-22). «Une première dame pas comme les autres» Europe1 (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  10. (Frantsesez) Pacaud, Florence. (2011-11-22). «Danielle Mitterrand s'est éteinte» France Culture (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  11. (Frantsesez) Champenois, Sabrina. (2007-11-14). «Dame de faire» Libération (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  12. (Frantsesez) «Danielle Mitterrand, une vie de militantisme» France 24 (web.archive.org) 2011-11-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  13. a b (Frantsesez) Mitterrand, Danielle. (1996). En toutes libertés. Paris: Editions Ramsay, 161. or. ISBN 9782841141562. OCLC .35137189.
  14. (Frantsesez) «Danielle Mitterrand» Paris Match (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  15. (Frantsesez) «Latché : Mitterrand Gorbatchev | INA» Institut national de l'audiovisuel (web.archive.org) 1991-10-30 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  16. (Frantsesez) Lesieur, Pierre; Trouvat, Eloïse. «Déco à l’Elysée : découvrez la grande et petite histoire du célèbre palais» Marie Claire (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
  17. (Frantsesez) Slimani, Leïla. (2011-11-30). «Danielle Mitterrand, l’éternelle indignée» Jeune Afrique (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  18. (Frantsesez) Pottier, Jean-Marie. (2016-11-26). «Fidel Castro n'avait été reçu qu'une fois en France: en 1995, par François Mitterrand» Slate.fr (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  19. (Frantsesez) Revault D’allonnes, David; François, Clemenceau. (2023-11-10). «De Mitterrand à Hollande, Fidel Castro a fasciné la gauche» Journal du dimanche (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2016-11-27).
  20. (Frantsesez) «DANS LE RETRO. Le 13 mars 1995, Fidel Castro était reçu à l'Elysée - Le Parisien» Le Parisien (web.archive.org) 2016-02-01 (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  21. (Frantsesez) «François Mitterrand - Le verbe en images - La visite de Fidel Castro à Paris» Institut national de l'audiovisuel (web.archive.org) 1995-03-13 (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  22. (Ingelesez) «Supporters of Chiapas rebels gather for guerrilla Woodstock» Tampa Bay Times (web.archive.org) 1996-08-02 (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  23. (Frantsesez) «Muerte de Danielle Mitterrand - Francia hoy» Radio France Internationale (web.archive.org) 2011-11-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  24. (Frantsesez) Champenois, Sabrina. (2011-11-23). «Danielle Mitterrand, la cause des peuples» Libération (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  25. a b (Frantsesez) Gosset-Bernheim, Hadrien. (2012-01-27). «“Danielle Mitterrand est venue dans mon kibboutz”» Paris Match (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  26. a b (Frantsesez) Bouilhaguet, Alix; Jakubyszyn, Christophe. (2012-10-11). La frondeuse. Editions du moment, 135. or. ISBN 978-2-35417-187-2. OCLC .813528355 (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  27. (Frantsesez) «Danielle Mitterrand : des propos toujours d'actualité» Fondation Danielle Mitterrand (web.archive.org) 2013-12-20 (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  28. (Frantsesez) Zappi, Sylvia. (2012-06-13). «Danielle Mitterrand, l'épouse militante d'un président» Le Monde (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  29. (Frantsesez) Boutouba, Nadia. (2015-12-18). La liberté de religion : Perspectives comparées France-Canada. Université Montpellier (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  30. (Frantsesez) Truong, Nicolas. (2016-04-01). «Elisabeth Badinter appelle au boycott des marques qui se lancent dans la mode islamique» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  31. (Frantsesez) Arsenault, Claire. (2011-11-22). «France: l'ex-première dame, Danielle Mitterrand, est morte à l'âge de 87 ans» Radio France Internationale (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  32. (Frantsesez) Ruquier, Laurent. (2007-11-27). «Danielle Mitterrand» Vidéo Dailymotion (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  33. (Frantsesez) Fulda, Anne. (2007-11-08). «Danielle Mitterrand, toujours fidèle» Le Figaro (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  34. (Frantsesez) «Danielle Mitterrand, L'intransigeante» L'Obs (web.archive.org) 2011-11-21 (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  35. (Frantsesez) Bruch, Gert-Peter. (2011-11-22). «Danielle Mitterrand 1924-2011 : résistante, femme de combats... et soutien du chef Raoni.» Raoni.com (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  36. (Frantsesez) «Danielle Mitterrand hospitalisée à Paris» 20minutes.fr (web.archive.org) 2010-08-29 (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  37. (Frantsesez) «Danielle Mitterrand placée en coma artificiel» France Info (web.archive.org) 2011-11-19 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  38. (Frantsesez) «Danielle Émilienne Isabelle Gouze» deces.matchid (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  39. (Frantsesez) «Cluny (71) : cimetière» Cimetières de France et d'ailleurs (web.archive.org) 2008-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  40. «Notre mission : Donnons vie aux utopies» Fondation Danielle Mitterand (web.archive.org) 2022-11-29 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  41. (Frantsesez) «Danielle Mitterrand est morte» Le Point (web.archive.org) 2023-12-28 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  42. (Frantsesez) «Le peuple sahraoui» Fondation Danielle Mitterand (web.archive.org) 2023-03-31 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  43. (Ingelesez) «Death of Danielle Mitterrand, "Mother of the Kurds"» Fondation Institut Kurde de Paris (web.archive.org) 2011-11-23 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  44. (Frantsesez) «De la Colombie au Brésil, des peuples amérindiens menacés» Fondation Danielle Mitterand (web.archive.org) 2022-10-03 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  45. (Ingelesez) «Free Leonard Peltier fight heats up» The Nation Archives (web.archive.org) 1999-06-18 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  46. (Frantsesez) «Le peuple tibétain» Fondation Danielle Mitterand (web.archive.org) 2023-09-30 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  47. (Ingelesez) Goodman, Michael Harris. (1986). The Last Dalai Lama. Shambhala ISBN 978-0-87773-355-3. OCLC .14187223 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  48. (Frantsesez) «Danielle Mitterrand : une vie de militante» Le Dauphiné Libéré (web.archive.org) 2011-11-25 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  49. (Frantsesez) «Prix Danielle Mitterrand» Fondation Danielle Mitterand (web.archive.org) 2023-06-04 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  50. (Frantsesez) «Listes des précédents lauréats du Prix Nord-Sud - Centre Nord-Sud» Conseil de l'Europe (web.archive.org) 2023-06-26 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  51. (Ingelesez) «Light of Truth Awards» International Campaign for Tibet (web.archive.org) 2023-04-05 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  52. (Gaztelaniaz) «Vidas, profesiones y la defensa de los derechos humanos» Save the Children (web.archive.org) 2023-12-28 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  53. (Frantsesez) «Square Danielle Mitterrand - Ville de Paris» web.archive.org 2023-12-28 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  54. (Frantsesez) «Des femmes d'exception à l'assaut des rues de la capitale» Le Monde (web.archive.org) 2013-03-08 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  55. (Frantsesez) «Cluny : le groupe scolaire Danielle Gouze Mitterrand inauguré par Gilbert Mitterrand et Michel Gouze» Le Journal de Saône et Loire (web.archive.org) 2013-09-07 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  56. (Frantsesez) «Collège Danielle Mitterrand» Ministère de l'Education Nationale et de la Jeunesse (web.archive.org) 2022-07-06 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  57. «Hebehereen estatu bisita Frantzian, 1991» Volks krant (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-29).
  58. (Ingelesez) Malacañang Protocol Office. Roster of Recipients of Presidential Awards. (Noiz kontsultatua: 2023-12-29).
  59. «Le onorificenze della Repubblica Italiana» web.archive.org 2023-01-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-29).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]