Gante

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Gante

 Flandria
Ganteko erdigunea.
Ganteko erdigunea.
bandera

armarria

Izen ofiziala Gent
Estatua
Eskualdea
Probintzia
 Belgika
 Flandria
 Ekialdeko Flandria
Koordenatuak 51° 03′ 00″ N, 03° 44′ 00″ E / 51.05000°N,3.73333°E / 51.05000; 3.73333Koordenatuak: 51° 03′ 00″ N, 03° 44′ 00″ E / 51.05000°N,3.73333°E / 51.05000; 3.73333
Gante hemen kokatua: Belgika
Gante
Gante
Eremua 156,18 km2
Biztanleria 256.262 bizt. (2016-01-01[1])
Dentsitatea 1.640,81 bizt./km²
http://www.gent.be

Gante[2] (nederlanderaz: Gent, ɣ̟ɛn̪t̪ ahoskatua; frantsesez: Gand, ɡɑ̃ ahoskatua) Belgikako iparraldeko hiria, Flandrian kokatua, Ekialdeko Flandriako hiriburua. 156,18 kilometro koadroko eremua hartzen du eta 2016ko urtarrilaren 1ean 256.262 lagun bizi ziren bertan[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aztarnak arkeologikoek adierazi dute eskualde honetan, Lys eta Eskalda ibaien artean, Harri Arotik Burdin Arora gizakia bizi izan zela[3]. Zenbait historialariren arabera, Ganteren antzinako izena Ganda izen zeltatik dator; haren esanahia elkargunea da[3]. Beste iturri batzuen ustez, Gontia izeneko jainkosari loturik dago[4].

Nahiz eta erromatar erregistrorik ez egon, indusketa arkeologikoek erakusten dute Gante eskualdeak lehenagotik populaturik zegoela. Frankoek lurraldea inbaditu zutenean, IV. mendetik V. mendera, haien hizkuntza, antzinako nederlandera, ekarri zuten, zeltera eta latina ordezkatuz.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

650. urtearen inguruan, San Amandok bi abadia fundatu zituen Ganten: San Petri eta San Bavo. Hiria handitzen hasi zen, abadiaren, merkataritza-gunearen eta zenbait herriguneren inguruan. 800. urtearen inguruan, Luis Errukitsuak, Karlomagnoren semeak, Einhard, Karlomagnoren biografoa, jarri zuen bi abadien arduradun. Bikingoek birritan arpilatu zuten hiria, 851n eta 879an.

X. mendetik aurrera, Flandriako hiriburua izan zen, oihalen merkataritzan aberastu ziren burgesen harrokeria zapaltzeko Kondeen jauregia eraiki zenetik. XIII. mendean Gante Europako bigarren hiririk handiena zen, Parisen ondoan, Kolonia edo Mosku baino handiagoa[5]. Hiriko harresien barruan 65.000 lagun baino gehiago bizi ziren. Belfrya, San Bavo katedrala eta San Nikolas eliza, garai hartako eraikinen adibideak dira.

Eskualde honetako ibaiek erregularki gainezka egiten zuten. Larreetan artaldeak bazkatzen ziren, zeinen artilea erabiltzen baitzen jantziak egiteko. Erdi Aroan, Ganteko jantziak Europako famatuenak ziren. Artilegintza, hasieran Brujasen kokatua, Goi Erdi Aroan Gantera lekualdatu eta laster Europako hiririk industrializatuena bilakatu zen. Artilearen eskaera hain handia zen, ezen Europako hainbat tokitatik ekarri behar baitzen. Ehun Urteetako Gerraren garaian, ordea, Ingalaterrarekiko merkataritza asko murriztu zen

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendean hiria errekuperatu zen, Flandria eta ondoko probintziak Borgoinako dukeek beretu zituztenean. Zerga handiak zirela-eta, Gante matxinatu zen, baina Gavereko batailan Filipe Onberak, Borgoinako dukeak, menperatu zuen. Garai honetan, Herbeheretako erdigune sozio-politikoa Flandriatik (Brujas, Gante) Brabantera (Anberes, Brusela) aldatu zen, Ganteren betekizuna garrantzitsua bazen ere. Geroago, Brujasekin batera, bi aldiz matxinatu zen Maximiliano Austriakoaren aurka, Flandria gobernatu zuen Habsburgo etxearen lehen erregea.

Hiri honetan jaio zen, 1500. urtean, Karlos Habsburgokoa, Joana Gaztelakoaren semea, Erromatar Inperio Santuko enperadorea eta Espainiako erregea izan zena. Nahiz eta Ganten sortua izan, hiria zigortu zuen 1539ko matxinadaren ondoren. Nobleak derrigortu zituen enperadorearen aurrean oinutsik ibiltzera eta lepoan korapilatutako soka bana eramatera. San Bavo abadia suntsitua izan zen, eta haren tokian gotorleku bat eraiki zuten espainiar tropentzat. 1567an, Fernando Álvarez de Toledo Albako dukea izendatu zuten Espainiar Herbehereetako gobernadore. XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendean, Laurogei Urteko Gerrak hondamen itzela ekarri zuen. Gerra honen bukaeran, Gantek utzi zion lehen mailako merkataritza-gunea izateari.

1705ean, Espainiako Ondorengotza Gerran, Marlboroughek hartu zuen. 1714an, Utrecht eta Rastatteko itunen ondorioz, Austriaren mende gelditu zen. 1745ean, frantziar armada hiriaz jabetu zen Austriako Ondorengotza Gerran. 1748ko Aix-la-Chapelleko itunarekin, Gante itzuli zen Austriako Etxearen eskuetara. Harrezkero, Flandriako eskualde honek Austriar Herbehereak izena hartu zuen 1815 arte (Napoleondar Gerren amaiera arte).

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1814ko abenduaren 24an Ganteko Ituna sinatu zen, 1812ko angloamerikar gerrari amaiera eman ziona. Waterlooko batailaren ondoren (1815), Gante eta Flandria, ordura arte Austriar Herbehereen zati, 15 urtez Herbehereetako Erresuma Batuaren parte bilakatu ziren. Urte horietan Ganteko unibertsitatea sortu zuten, 1817an, eta itsasoarekin lotzen zuen Gante–Terneuzen ubidea eraiki zen (1824-1827).

XVIII. eta XIX. mendeetan, ehun-industria berriro suspertu zen Ganten. 1800. urtean Lieven Bauwensek, industrializazio planak eta ehuntzeko lehenengo makina ekarri zituen Ingalaterratik hirira eta kontinentera; gaur egun makina Arkeologia Industrialaren Museoan dago ikusgai[6].

1830ean, Belgikako Iraultzaren ondoren, hegoaldeko probintziak Herbeheretatik aldendu ziren eta behin behineko gobernu eta Biltzar Nazional bat antolatu zuten eskualde katoliko horretan. 1831ean, Leopoldo I.a Belgikako errege izendatzean, lurraldea monarkia parlamentario bihurtu zen. Iraultzaren ostean, Gantek hamarkada batez itsasorako sarrera galdu zuen. Ondorioz, tokiko ekonomiak porrot egin zuen. Belgikako lehenengo sindikatuak Ganten sortu ziren.

1913an, munduko erakustaldi bat antolatu zen hirian. Azpiegitura moduan, Sint-Pieters tren geltokia eraiki zen aurreko urtean. Bi mundu gerretan, alemaniarrek Gante okupatu zuten, baina hiriak ez zuen kalte handirik jasan.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leie eta Eskalda ibaiak elkartzen diren tokian dago.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu klimatikoak (Gante)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 6 6 10 13 17 19 22 22 18 14 9 8 13.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2 1 4 6 10 13 15 14 12 9 6 4 8
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 21 15 20 18 20 19 16 17 18 19 19 19 221
Iturria: Weatherbase [7]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrutiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzoak
# Izena Azalera
(km²)
Biztanleria
(2007)
Dentsitatea
I Gante   112.831
II Mariakerke 5,20 11.883 2285
III Drongen 27,43 12.218 445
IV Wondelgem 5,82 12.407 2130
V Sint-Amandsberg 5,99 23.143 3860
VI Oostakker 10,47 12.793 1220
VII Desteldonk 5,71 897 157
VIII Mendonk 6,29 243 39
IX Sint-Kruis-Winkel   1.169
X Ledeberg 1,09 8.454 7755
XI Gentbrugge 7,86 20.317 2585
XII Afsnee 3,95 1.445 365
XIII Sint-Denijs-Westrem 6,24 5.134 825
XIV Zwijnaarde 12,04 6.822 565

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilakera demografikoa (1806 – 2011)
1806 1830 1866 1900 1930 1961 1980 1990 2000 2011
58.199 83.783 115.354 160.133 170.358 157.811 241.695 230.543 224.180 247.486
Sint-Baafs edo Saint Bavo katedrala.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Janari-industria du (garagardoa, edariak). Oso ezagunak dira bertan egiten diren oihalak. Portuak garrantzi handia izan du Ganteko ekonomian; portuari esker hartu dute indarra papergintzak, industria kimikoak eta metalgintzak.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ospetsuak dira bost urtez behin bertan egiten diren lore-erakusketak (Gentse Floraliën).

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri zaharrean garrantzi handiko eraikuntzak daude: udaletxea (gotikoa, 1600-1622), oihal-azoka (1426-1441), dorrea (1313-1321), Saint-Bavo katedral gotikoa (1228an eraikitzen hasia), Andre Mariaren serora-etxea (1234an eraikia eta 1600 inguruan eraberritua).

Museo asko dira: Arkeologiakoa (XIII. mendeko Elisabet santuaren abadetxean), Folklore museoa (XIV. mendeko etxe batean), Arte Ederretako museoa.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Belgikako biztanleria 2016ko urtarrilaren 1ean, ibz.rrn.fgov.be, http://www.ibz.rrn.fgov.be/fileadmin/user_upload/fr/pop/statistiques/population-bevolking-20160101.pdf. Noiz kontsultatua: 2016-04-01 .
  2. Euskaltzaindia - 157. araua
  3. a b History of Gent, gent.be
  4. Room, Adrian, Placenames of the World: Origins and Meanings of the Names for 6,600 Countries, Cities, Territories, Natural Features, and Historic Sites, McFarland, 2006, p. 144.
  5. Nicholas, David, The Domestic Life of a Medieval City: Women, Children and the Family in Fourteenth Century Ghent. p. 1.
  6. Musée sur l’industrie, le travail et textile, miat.gent.be
  7.   Weatherbase (2013), Ganteko klima, http://www.weatherbase.com/weather/weather.php3?s=13460&cityname=Gent- .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gante Aldatu lotura Wikidatan