George Lacy Evans
Sir George de Lacy Evans (Moig, 1787 – Londres, 1870eko urtarrilaren 9a) militar eta politikari britainiarra izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moigen jaio zen 1787an. 1806an boluntario sartu zen armadan, eta Indiara bidali zuten. Espainiako Independentziako Gerran parte hartu zuen, eta Gasteizko guduan ibili zen, Wellingtonen tropek napoleondar tropak menderatu zituztenean. Frantziako Tolosako guduan parte hartu ondoren, Ross jeneralaren Estatu Nagusian sartu zen, eta 1814an britainiar tropek Washington eta Baltimore konkistatu zituztenean protagonista izan zen Evans. Europara itzuli zen Waterlooko guduan parte hartzera, eta aurre aurrean ibili zen borrokan: bi zaldi hil zizkioten. Napoleonen aurkako azken gudu horren ondoren kapitain maila eman zioten.
Bere kezka politikoen ondorioz, Parlamenturako aukeratu zuten 1830ean, eta hantxe ibili zen 1865ean politika betiko utzi zuen arte. Militarra izanik harrigarria bada ere, jarrera liberalen alde egin zuen, eta horrek ez zion bere karreran aurrera egitea galarazi.
Elisabet II.ak Lehen Karlistadan zituen interesak defendatzeko Espainiara bidalitako Britainiar Legio Laguntzailea gidatzeko ardura onartu zuen 1835ean. Armadako gorputz hura boluntarioz osatuta zegoenez, soldaduak trebatu egin behar izan zituzten, gehienek ez zutelako eta batere esperientzia militarrik. Evansek gerra hartako guda nagusietan gidatu zuen Legioa: Donostiako defentsan, 1835eko uztailean hona iritsi zenean; Arlabango guduan, 1836ko urtarrilean; Oriamendiko porrotean, 1837an eta Pasaiatik Irunerako itsasertzeko lerroa menderatzean, urte bereko maiatzean. Garai honetan eraiki zuten britainiarrek Pasai Donibane gaineko Lord John Hay gotorlekua, Britainiar Itsas-Armadak Kantaurian zuen buruzagiaren izena jaso zuena.
Handik gutxira, zerbitzuan bi urte zeramatzanean, Britainia Handira itzuli zen, espainiar agintariek Legioa gidatzen jarraitzea nahi zuten arren. Londresa iristean Sir titulua eman zioten eta karrera militarren mailaz igo zuten, gerrako zerbitzuen esker onez.
Lehen Karlistadan parte hartu ondoren, jarduera politikora itzuli zen, armada utzi gabe. 1854an Ekialdeko Armadako 2. dibisioko komandante izendatu zuten Krimeako gerran. Almako guduko garaipenean funtsezkoa izan zen Evansen lana, eta zauritu egin zuten. 1855eko otsailean Ingalaterrara itzultzean Komunen Ganberaren zorionak jaso zituen gerra hartan izandako parte hartze bikainarengatik. 1861ean jeneral izendatu zuten. Londresen hil zen 1870eko urtarrilaren 9an.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. SIR GEORGE DE LACY EVANS. Gipuzkoakultura. Zumalakarregi Museoa. CC-BY-SA lizentziapean eginiko lana.